kritiken hemeroteka

8.666 kritika

« | »

Sartu, korrontea dabil / Ixiar Rozas / Erein, 2001

Hiria pertsonek osatzen dute Oier Guillan / Gara, 2002-01-05

Hiria mundu bat da. Hiria bizirik dagoela esan daiteke. Hiria istorioen gordeleku erraldoia da. Hiria pertsonek osatzen dute, haren gorputzari baino gehiago barne eta bihotzari forma emanez.

Paris aspalditik izan da istorio ugariren kokalekua, haren historiak dituen konnotazio erromantikoengatik, eta bai egun tamainak bere gain hartzen duen mestizaia eta jende nahasketagatik ere. Bertan kokatu du Ixiar Rozasek azken liburua, postaletik urrun, hiriaren handitasunetik pertsonen anonimotasuna berreskuratuz.

Egiturari dagokionez, nahasketa berezia dakar liburuak, eleberriaren eta ipuinaren mugen artean kokatzen baita etengabe. Ez dago hari narratibo bakar handirik, elkarrekin harilkatzen diren istorioak dira bertakoak, zuzenean ala zeharka gurutzatzen den istorio multzoa. Egitura horren bidez narrazioaren beraren gainetik pertsonak gailentzen dira, pertsonak eta haien unibertso propioak, elkarri eragiten dioten istorioak eta munduak.

Narrazio horien bidez irakurlea behatzailea sentitzen ahal da. Une batez hiriko edozein lekutan gelditu, eseri eta arretaz begiratzen hasiz gero, inguruko pertsona bakoitzarengan liburu oso bat idazteko adina ezaugarri topatzen ahal direla konturatuko litzateke behatzailearen kokaleku ez ohikotik. Sarri esan izan da, gainera, inolako loturarik ez duten bi pertsona hartu eta baten zein bestearen bizitzen haritik tiraka hasiz gero lortuko litzatekeela bestearengana iristea, hiria handia izanik ere.

Liburu honetako pertsonaiak gizatiarrak dira oso, errealitatean bezala beren kezka, beldur, gabezia eta ametsez hirian murgildurik agertzen dira. Agian literatur liburuetako pertsonaiak oro har ez dira hain arrotzak, agian liburuetan kontatzen diren gauzak ez dira hain ez ohikoak. Ixiarren narrazio hauen bidez sentsazio hori areagotu egiten da, irakurleak berak bere ingurua hartu, bere burua agian, eta istorio baterako abiapuntua topatzen ahal luke. Egunerokotasunaren erritmoa une batez gelditu eta ingurua arretaz so egin. Funtsean pertsona guztiak izan daitezke pertsonaiak, bizimodu ustez arrunt guztietan egon daiteke uneren bat zeinean, kasualitate batek, barne zein kanpoko bizimoduaren ezusteko bira batek, aldaketaren bat ekar lezakeen.

Liburu honetan pertsonaia bakoitzak bere unibertso propioko indar eragileen artean nabigatzen du, bere buruarekin lehian edo lagun, norberak markatutako bidea une batez hausteko zorian, edo beharrean. Bestetik, egunerokotasunez mozorrotutako keinu xume batek gauza bera bizitzeko ikuspegi arras ezberdinak gorde litzake, istorio ezberdinen arteko bidegurutzeak izan daitezkeen gertakizun txikiak.

Pertsonen eta haien munduen berreskuratzeak badu ukitu poetiko bat, Ixiar Rozasen idazkeran sarri sumatzen dena. “Edo zu edo ni” liburuan ere pertsonez eta haien txikitasunaren handitasunaz mintzo zen. Bertan, poetikotasun hori pertsonen tratamenduan dago, eta bai xehetasunen helaraztean ere: euriaren deskribapena, koloreen pertsonalizazioa, begiradak, kaosa bizi dutenen amets izpiak…

Pertsonaiek elkarri eragiten diote etengabe, sarri oharkabean; Ixiar Rozasek batetik bestera egiten du salto bakoitzaren ikuspegia eskaini eta barnea arakatuz. Hirian galtzen diren pertsonaia guztiek dute zer edo zer kontatzeko, lehen kontaktuak eman dezakeena baino askoz gehiago. Liburuaren azken ataletan sentsazioa areagotzen da, pertsonaien hariek etxe beraren solairuetara eramaten baikaituzte. Aipatu sentsazioek beren eragin gorena dute hemen, espazio labur batean suertatzen baitira. Etxe bakarrean mundu paraleloak, irudika ezinekoak, gertu izanik ere sekula guztiz elkar ukituko ez dutenak; solairu bakoitzeko atearen ostean eleberri oso baten abiapuntua izan daitekeen istorioa gordetzen da.

Azken kritikak

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak