kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Etiopia / Bernardo Atxaga / Pott Liburutegia, 1978

Atxagaren “Etiopiaz” zenbait apunte, non adierazten baita literatura ez dela “sentitzen” interpretatzen ez bada Lourdes Otaegi / Lide Arana / Xaguxarra, 1980

Bernardo Atxaga pertsonai ezaguna dugu gure artean, nahiz eta bere idazlanak ezagutu eta irakurtzen dituztenak gehiegi ez izan. Badirudi idazle hau ez dela euskal letren inguruko mundu hertsian sarturik egon; beti ere indibidualki jokatu du, zirkulu horretatik kanpo. Horregatik beharbada, bere idazlanek ez dute izan berez merezi duten aipamena.

“Etiopia” izan da argitaratu duen azken liburua (1978.ean); egia esan harriduraz aurkitu dugu obra hau, benetako poeta baten aurrean gaudenaz konturatu baikara. Idazlan hau, Atxagaren linea pertsonalean kokatzen da erabat; bere prozesu literarioari jarraituz, “Ziutateaz”-etik datorkigu, aurreko obra honek markatzen zituen pausuak gehiago definituz eta sendotuz.

Harriduraz (lehen esandakoagatik) eta atseginez irakurri dugu “Etiopia”, eta esan behar atsegin hori ez datorkigula, irakurtzerakoan bihotzean ukitu eta sentitu dugulako bakarrik, bada beste arrazoirik: liburu hau ulertu edo interpretatu egin behar da konszienteki, eta orduan iritsi daiteke irakurlea poetak benetan esan nahi duena sentitu eta dastatzera (1). Poesiaren atzean unibertso zabal eta esanguratsua aurkitzen baita, eta hori deskubritzea da irakurlearentzat sorpresarik atseginena. Liburua horretarako dago, interpretazio konsziente bat saia dezake horretarako umorez dagoen edonork, obra ireki bat denez gero.

Liburu osoak badu gainera berezko izaera, esan nahi dugu osotasunean hartu beharrekoa dela. Atxagak egin duena ez da poesia eta narrazio bilduma huts bat, eta horregatik egitura bera ez da gratuitoa, ondo pentsatu eta landu ondoren eginiko egituraketa baizik —berak sarreran esaten duenez “artisau moduan” eginiko liburua da—. Poema eta narrazio guztiek berezko esanahirik badute ere, besteekin batera, liburuaren osotasunean hartzen dute adierazkortasunik handiena. Hain zuzen ere egileak bere burua behartuta ikusi du liburuaren giltza egitura hori irekiko duen klabea ematera, modu honetan osotasun hori aditzera ematen digularik. Azken batetan, idazlearen aldetik komunikaziorako gogoa eta beharra nabarmentzen da; ez du nahi bere poesia-munduaren atea itxita gerta dadin.

Giltza edo klabe hau hasierako idazlanetan ematen digu: lehenengoan, “Kain, Abel” izenekoan alegia, Kainen izaera eta bizimodua azalduz gero, bat egiten da berarekin. “…hauxe da hain zuzen ere gure fede artikulu bakarra” esaten digu historiatxo honen bukaeran. Kainen jatorrikoen artean kokatzen da bere burua; Kain “apatrida” bat zen, Abel “eguneroko gizona” —obedientziaren sinboloa— hil ondoren. Kainek bere “errebelamenduaren justizia” konprenitu arren, bere bakardadea sufritu behar izan zuen Etiopian, berea ez zen lurralde batetan, paradisutik kanpo. Harrezkero Kainen jatorrikoak paradoxan murgilduriko gizakiak izango dira, “bere eskuz hildako gorputzaren gainean malkoak ixuriz” biziko direnak.

Hortara, liburuaren giltza zera da, “aitaren mapa eta plangintzetan segurantzizko lurraldea” utzi duten gizon ororen existentziaren problematika, pertsonai inkonformista eta apatridarena alegia.

Bigarren historiatxoan, Piolet deritzan poetaren bizimodua kontatzen digu; poeta anonimoaren historia da. Pioleten biografia dramatikoa da guztiz, baina Atxagak ironikoki ematen digu. Ironia horrek hunkigarriagoa egiten digu poetak “poesiaren hegal dardara” ukatzen duen gizarte batetan bizi duen ridikulu konstantea. Piolet ingenuoa da; poeta apasionatu eta amorratu honek, genio bat dela uste du; harrokeria ingenuo batek darama: “nire estilo nahastezinak galdu nau” esango du amaieran, munduko azken mugetara alde egin beharrean dagoenean.

Baina garbi dago Pioletek, anonimo izanagatik ere, ez duela aski bere poematxoak idazte hutsarekin, ezagutarazi egin behar dizkio jendeari, munduari. Komunikazio eta konprentsioaren beharra sentitzen du, eta hau da bere ezaugarririk nabarmena; edozein gauza egingo du hori lortzeko, nahiz eta anonimoki jokatu behar: bere fama sakrifikatuko du komunikazioa lortzeko.

Piolet, Kainen jatorrikoa bera ere, bakardadean bizi da, paradisutik kanpo, eta nahiz eta bere errebelamendu poetikoa ontzat eman, asko sufritzen du komunikaziorik sortu ezin duenean, alegia, bere poemak, ahalegindu arren, argitaratu ezin dituenean.

Introduzio hauen ondoren, Atxagak bederatzi zirkulu osatzen ditu poesia eta narrazioekin. Hauetako zirkulu bakoitza zita batez hasten da bakoitzaren mamia nolabait adierazi eta mugatu nahian.

Zirkuluen konzeptua tradizionala da, oso zabala eta aberatsa esanahiari dagokionez. Hasiera batetan kontzeptu astronomikoa zen, unibertsoa bederatzi zirkulutan banatzen zutelarik. Geroago, gizonaren izate mailak ere zirkulutan kokatuak izan ziren: maitasuna, erlijioa, intelektoa, izate fisikoa… Atxagaren bederatzi zirkuluek kontzeptu horien haria daramate. Guk zirkulu horiek nola irakurri eta interpretatu ditugun adieraziko dugu, nahiz eta pentsatzen dugun interpretazioak infinitoak izan daitezkeela.

Lehen bost zirkuluetan eta seigarreneraino mistiko joera batetan jarduten da poeta, gizonaren izate maileei jarraituaz, paradisuaren bila abiatzen dela dirudi.

Lehen zirkuluan negarra azaltzen digu; bizitzaren aurrean negar egiten dutenen jarrera.

Bigarrenean berriz, negar egitearen alferrikotasuna eta erretrasoa azpimarratzen ditu. Negarrari kontrajarriaz, Chasman-en harrizko aurpegia, gogortasuna.

Hirugarren zirkuluan berriz, gizakiaren ingenuitate maila, umearena bereziki, Ainhoak pertsonalizaten duelarik.

Laugarrenean amodioaz hitz egiten du, amodioa orokorki kontsideratuz.

Bosgarren zirkuluan, maila filosofikoan murgiltzen da: denbora, “inuteis mudanças”, iraganaz kezkatzen da. Orain arte eraman duen prozesua nolabait hautsita gelditzen da.

“Ixiltasunaren palazioari hautsi zaio
beiradura…”

Zirkulu honetan sufrimendua nagusitzen da; baina denbora pasatzea, amargura, frakasua, ezin dira ebitatu, hortxe daude, eta onartu egin behar dira.

“eguzkirako izan behar omen zuen bidaia zubi nekatuen azpitan amaitu delako”

Eraman duen mistiko prozesu horren frakasua nagusitzen zaio, baina horregatik ez du etsi, inork ez dezake etsi,

“ez zaitez farregarria izan
ez dezazula nigar egin adoleszente ordiaren gisa”

Ez du etsi beraz, nahiz eta ametsak amets izaten jarraitu, anonimotasuna ere positibo izango zaigu azken finean; nahiz eta denborak gauza guztiak eramaten dituen,

“gurekin ere izkribatuko dira
ixiltasunaren izenak”

Zazpigarren zirkuluan berriz, “Etiopia lehenengoz dibisatzean”, poetaren ikuspegia erabat aldatuko delakoan egon gaitezke, zera esaten baitigu:

“behar bada
Argi krudel baten pean nengoen
Gauzen begirada Kupidagabearen pean”

Eta aitormen honen ondotik dator Etiopia lehenengoz dibisatzea, desparadisuaren naturaz jabetzen hastea: Lurra planetaren aldea hareazkoa, sateliteak eta Urano hareazkoak, Venus harearena.

Honetan aurkitu uste dugu Atxagak egiten dituen erreferentzi literarioen artean garrantzitsuenetako bat, Danteren “Divina Comedia” delakoarena. Ezin esan dugu —eta zer abantaila lekarkiguke bestalde— ezin esan ordea, bederatzi zirkulu hauen egitura Danteren “Divina Comedia”n agertzen zaigunarekin erlazio estuetan dagoela, inolaz ere poetaren iturburu denik, zergatik ez esan, hortara, Aristotelesen munduaren eta zeruaren egituratzea duela iturburu: lehenengoan Ilargia, bigarrenean Mercurio, hirugarrenean Venus, laugarrenean Eguzkia, bosgarrenean Marte, seigarrenean Jupiter, zazpigarrenean Saturno, zortzigarrenean izarrak eta hauezaz gain, bederatzigarrenean “Cristalino” deitzen dena, Danteren idazlanetan agertzen den bezala.

Baina gutxienez ere pentsatu beharko dugu Atxagak Etiopia inguratzen duten hareazko eskualde horiek “Harea ezberdinetako bederatzi zirkuluetan” banatzearekin, nolabait ezagunak diren kultural erreferentzi hauetatik oihartzunik atera nahi izan duela: paradisua aipatu beharrean “desparadisua” aipatzen baitu, planetak eta aidea ere hareazkoak direla esaten baitigu; eta gure ez-jakintasunaren arabera ezin askatu ditugun hamaika korapilo-erreferentzialak aurki baitaitezke.

Dante, perfekzioaren bidez, paradisura omen zihoan, salbazioaren bila; “Etiopian” protagonista dugun “apatrida” honek, Kainen leinukoa denez gero, Etiopia besterik ez lezakeela topatu ikusten du; eta horregatik desertuz gaindi, sufrimendua ere badarama

“baina ez harea bakarrik
Harearekin batera malko esentziala
Eta odol bete ontzi bat”

Zeren denboraz ardura erraldoia ageri duen gizaki honek, “ixiltasunaren palazioari beiradura hautsi zaio”nez gero, badaki:

“Gauero ez da harea baino geratzen
Hilargi krudelaren azpian, harea”

Hemendik aurrera basamortuaren “Bigarren maskaraz” mintzo zaigu, itsasoaz, non suntsitzen baitira giza ahalegin guztiak (hitzak, irriak, ziutate idealaren planoak, teori iraultzaileak, izerdiak, horrenbeste min mota); ez dago eta ihesbiderik,

“(gaztelua handiegia da, sakonegiak ziegak
printzeak ezin du ihes egin)”

Zortzigarren zirkuluan, baina, Ziutatea agertzen zaigu eguneroko destrukzioarekin batera; hemen ikusi ahal izango dugu, aurrekoan, alferrikako ahaleginaz ari zeneko jarrera ez-dramatikoak, zer segida duen “eguneroko bizitza ikatza bezalako labe-zomorroak ixurtzen hasi zenean eten gabe”.

Eguneroko honetan tankera guzietako destrukzioa dago: politikoa (Vietnam, plusbalia, talde politikoak), soziala (marikoiak), literarioa (ixiltasuna adjetibo kalifikatiboen aurka), sinbolikoa (leopardoak malkoak galdu, Orainaren suizidioa…).

Baina udazkenean, ziutateko elbarrituenak “errebelatzen” hasten dira: sekretaria lotsatiak, eskaleak, idazleak, katagorriak atrakoak egiten…

Neguarekin berriz, betikoak, izurritearen ikaragarria usmatuz, “errebelamendua” irentsi nahian dabiltza (dispentsariak, aingeruak, borrero profesionalaren esposa ttipia, eliza, bankoak eta praileak); baina, nonbait, dagoeneko “gu libro gabiltza”… “hiltzaile ttipien gisa”. Ahalegin guztiak alferrik diren arren, errebelamenduak (ma-o-meno) libro egiten gaitu.

Horregatik, gauza guzien hutsala nabarmenduagatik, “gezur ttipiak asma ditzakegun bitartean” ez dezagula antsiarik egin; zeren zibilizazioa suntsituko duen, ez tximinorik, ez King-Kong-nik etorriko ez diren arren, begiak itxi eta amets egin baitliteke: maitasunean sinestu, ihesi egiterik badagoela uste izan, edo herri honetako proiektoan murgildu…; nolabait itxaropena akatuezina delako edo

“Eta izar zaharrenaren indar profetikoa profeituz
koskortuko dira oraindik itxaropena
eta balkoiko geranioa”.
(esan zuen Humphrey Bogartek sonbreilua okertuz)”

Eta honenbestez ailegatzen gara bederatzigarren zirkulura, etorkizunari buruz zenbait gauza esatera ausartu ondoren, Etxahunek errepresentatzen duen salbamenduari begira.

Etxahunek uda ekarriko du, jondone sagarrak, argia, gorostia, ihia, ekia eta dinamita. Berarekin xamurtasuna ekarriko du, baina baita ere zorroztasuna eta agresibitate jakintsua, sufritutakoa.

Poetak ez du nahi Etxahun iraganaz aritzeko etor dadin, joandakoaz negar egiteko edo “( Hildakoen) gorpuak zitroi urez ihurtzitzeko”, (behar hada ezta igarokortasunaz aritzeko ere); orainaz iharduteko baizik.

Etxahunek, bere bizitzaz jarritako bertso batzuetan, honela zion:

“Desertuko ihiziak jendeen beldurrez
abisatzen dirade egoitera gordez
nik ere hurak bezala, gaxua nigarrez
ene bizi tristia kuntserbi beharrez”

Ihiziki izateko beldurrez gorderik daudenak etor arazi nahi ditu poetak ziutaterantz. Jon Kortazarrek etorrera hori ziutatearen destrukzioaren anuntziotzat hartu du; gu, egia esan, ez gaude hortaino seguru. Etxahunen iragarleak mitxeletak dira, bere ekarria, gozotasuna, argia eta agresibitate sofritutakoa; Etxahunek eraginda etorriko direnak, ziutatea suntsitzera ote datoz? Guk, gure aldetik, gauzaren erlatibotasuna ikusita ere, zera esango genuke, aurreko zirkuluetan oinkatu duen basamortuaz, hareaz, sufrimenduaz, iraganaz, igarokortasunaz, hutsalaz ari direnak ziutatera erakarri nahi lituzkeela, “iraganaren abenidak” utzita, Orainaz aurreratu daitezen, Lirian lagundu diezaguten, gure oraina ziutatea denez gero.

Honela itxi dira bederatzi zirkuluak, orain Etiopiarako itzulbidean, epilogo edo gaztigu antzera, azken erreflexioa eskaintzen digu: poetak eta gizonak zerbait egiterakoan jakin behar baitu.

“Gauza guztiak esanak zeuden jadanik agian”

Klitxeak ageri baitira beti ere, edonondik, edonola; baina, berresan ditzakeen gauzen artean, berak “bide berri eta sekretuen bila ipurdia galtzen zuen gizonaren kasoa” sinatzen du.

Honek justifikazio bat dirudi, egia esan, justifikazio bat “hutsala” eta “alferrik” guztien gainetik, orainaz eta ziutateaz iharduteko aitzakiarik aurkitu duelako, Etxahun etortzen denean, oraindik

“teilatu ustel horietan aurkituko gaitu(elako)
disparatzen apika
geure oinazea papurtu
eta usoei eskaintzen”

Bukatzeko

“Etiopia” liburu zaila dela denek esaten dute, eta gu ere hortan gaude.

Zailtasun hori poesiatan agertuko zaigu batik bat, prosalanetan berriz, hizkera herrikoi eta erabat adierazkorra erabiltzen du, narrazio lineala, arina, trukorik gabea, eta gure ustez, oso landutako errez itxuraz jantzia; benetan gustagarria.

Poesiak besterik dira, tankeraz esan nahi dugu, zeren poesi hizketari dagokion zailtasunari, abstraktotasuna eta surrealismoa gehitzen baitzaio.

Bestalde Atxagaren bereiztasun bat dela deritzagu, oraingo euskal poetikan hainbat eta hainbat darabilzkigun terminoak baztertzea, eta beste zenbait aukeratu izatea, hiztegi pertsonal bat osatzeraino. Hau dena, bere berezko duen poesi hizkeraren zati bat besterik ez da noski (2). Ez baikaude poeta afizionatu baten aurrean. Zenbaitek perfekzionistatzat ere jo dute, guri ez zaigu hala iruditu. Atxagak bere idazlan hau asko zaindu du, galbahe askotatik pasarazitakoa iruditzen zaigu eta horregatik ez dugu ulertzen zer dela eta esan dezakeen Koldo Izagirrek, “Eguneroko bizitza…” deritzan poesia beste nonbait hobeto legokeela, zeharo harian baitago, gure ustez. Dena dela, ebidentetzat jo genezake Atxagak ez duela inspirazio hutsean sinesten batere, hau ez da, ordea, perfekzionismoa, ez aszetismoa, poetaren gaitasunaren isladatze beharra baizik.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak