kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Abuztuaren 15eko bazkalondoa / Jose Agustin Arrieta / CECA (GAK), 1979

“Abuztuaren 15-eko bazkalondoa” Fernando Irigoyen / Zeruko Argia, 1979-12-16

Seminarista baten memoriaren joan-etorriak —1965eko abuztuaren 15eko bazkalondo sargoritsuan— dira nobela zertzen dutenak. Mutilak hamasei urte ditu eta bere aita-amekin eta bi arrebekin dago Donostiako “31 de agosto” kaleko bere etxeko sukaldean: familia euskalduna, abertzalea eta, noski, kristaua. Emaztekiek ontziak garbitzen eta erretiratzen dituzten bitartean, aita mila aldiz entzundako gerra denborako istorioak kontatzen hasi zaio semeari. Gero kantuz arituko dira denak batean, eta, azkenean, neskek, godalet dantza ere egingo dute. Dena.

Tartean, apaizgaiaren memoria, kurri. Oroitzapen horiek bere biziaren berri emango digute. Eta, aldi berean, garai hartako —alegia, Franco firme zegoen denboretako— gisa horretako familia, jende, edo mutiko baten bizigiro intimoarena ere. Hala, zenbait oroimen obsesiboak dira eta, horretxegatik, burutik alde egin erazten zaie: arratsalde guztia kostatuko zaie argi (?) manifestatzen. Gogorazio hauen burutaratzeak, joateak, itzultzeak eta elkarren artean trabatzeak harrigarriki emanak daude.

Nobela-estruktura mota hau “Ulises”ean introduzitu zenetik honerako arrunta bihurtu baldin bada ere, ez da inondik ere mekanikoa gertatzen, benetako egiatasunezkoa baizik. Egiatasun hori egilearen maisutasun literarioak lortu du.

Eta badakit orain esango dudana haundia dela baina konbentzitua nago ez dudana esageratzen: ez dut uste halako anbizio eta halako fakultateak erakusten dituen nobelarik idatzi izan denik, euskaraz.

Apuntatu dudan memoriaren funtzionamenduaren estudioa, ebokatzen diren eszenen eta pertsonen detaile-aberastasuna (euskal nobeletan ematen izaten den ez bezalakoa: hemen egileak ez du deskripzioetatik ihes egiten); sinboloen eta irudi konparatiboen erabilpena eta errepikapena: sukaldeko ate zabaldu / itxia, eper presoa, nobiaren jantzi edo arrebaren painelu zuri / zikinduak; Lartaun; Lastur-ko zezena, “Azor” yatearen “karel gora eskuragaitzak”, aliterazioen enpleoa (obsesioak markatzeko: “sargori lekatsu, likits, birrintzaile…”). Askotan irudi du poema bat, nobela bat baino. Prozedimendu literario guztietaz arretaz hitzegiteko uste dut hau ez dela leku. Gure errebista kulturaletan hitzegingo dela espero dut: benetako kritika literario bat merezi duen lana baita nobela hau.

Nobelaren anbizioa aipatu dut. Zertarako? Zein izan da egilearen asmoa? Nire ustez, diktadurapean errepresioa eta manipulazioa (politikoa eta erligiosoa) pertsonen maila intimoenetaraino (bizitza famillarra, sentsualidadea…) nola sartzen ziren, erabat nahasi arte, deformarazi arte mostratzea. Giro hura bizi izan duten guztiak, liburua estimatuko du, emozionatuko da, lagunduko dio.

Hori bai, ongi ulertu baldin badut, bukaerarekin ez nago hain konforme: Franco-ri buruz hainbeste insistitzea… Eta Eliza bera?

Nobela honek, nere ustez —egilearen lanaren seriotasunaz eta kalitateaz— euskal nobelak irakurtzen dituztenen esigentzia-maila altura haundi batean igo araziko duela berrepikatu ondoren (esate baterako, eta Saizarbitoriak berak nonbait enpleatu izan duen espresioa erabiliz, “100 metro” tebeo bat da honen aldean; eta adibidea apropos jartzen dut, beste alde batetik ahaidetasun bat ikusten baita bien artean), liburuaren alde pobreena aipatu behar dut: Arrieta dialektoetara joaten da hitz bila (Miranderen “haur besoetakoa” gogoraraziz, hitz baxenafarrak, suletinoak, lapurtarrak, bizkaitarrak… aurkitzen ditugu) inkoherentzia eta artifizialtasunezko sentsazioa emanez. Badirudi, eta ikastolek eta “Saioka”k oinarri bat jartzen ez duten bitartean, euskal idazle batek hizkuntza koherente eta “natural” bat lortzeko daukan bide bakarra erdaratiko prestamoak hartzea dela. Hitzegiaren asuntoaz landara, bazilazioak ere ikusten zaizkio, zenbait adizki sintetikoren abusoa…

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak