kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Balizko erroten erresuma / Koldo Izagirre / Susa, 1989

Begirada zelataria Amaia Iturbide / Plazara, 1991-07

Koldo Izagirrek “Balizko erroten erresuma”-ren (2) barne eta atzekaldean, bere poesiari buruz oro har eta azken liburuaz idazten dituen ohar juxtuei, ez dut uste askoz gehiago gaineratu diezaiekedanik, baina tira, saiatu egingo naiz.

Hasteko bere idazkera barrokoa dela esan behar da eta baliteke, nire ustez, zehar-meharka adierazi behar horrek, hizkuntzaren barne-ibilbideak menperatzen dituela erakusteaz gain, bere ideia politikoekin zerikusirik izatea. Beste idazle abertzale batzuengan ere joera bera nabaria da. Izan ere, pentsamoldea idazmoldearekin bat egiten duenean, hitzaren artearen barruan hitzen arteko tarteak ere antzematen dira. Inguru-minguru ibiltze horrek idazkera zaildu eta, bidenabar, edertu egiten du.

Poemok duten eduki politikoa markatua da (“Ez diogu elkarri aurpegira behatzen / Hemen urkoa ezagutzea arriskutsua da beti / Mozorroturik maite behar izaten dugu / Eta isilean eragin errotarriari / Zigor zelda mugarik gabeko honetan / Ez dugu jakiten hurrengo pausoak / Oinarri hartuko duen”, 55. orr.). Euskal Herria bere ikuspegi politikotik mugatu egiten du eta horrela tunelak zubiak baino ugariago dituen geografia erakusten digu, itsaso mutua, ibaia ez den ibai bat eta itsasora ez doana, hiri lumatuak, atlas galgarria, atzekaldeko kaleak… eta sintesi gisa honelako esaldia: “Erresuma honen izena ez da Utopia”, 47. orr. Traizio usaineko giro hau irudi gogorrez, obsesiboez gatzatuta dago (“zerrien negarra”, “zakur-haginezko ahoa zabalik”, “bele samaldak”, “arratoi lumadunak”…) eta hauetako batzuk leit-motiv bilakatzen dira, bele lumatuarena, kasurako. “Bele” eta “lumatu” hitzak beren posibilitate anitzetan errepikatzean, han hemenka dituen kopla zaharrekin batera, dramatismoa gehitzen du, ate itxi baten bestaldetik bezala datorren “mea culpa” dioen egilearen murmurioa ahaztu gabe. Guzti honen azpian egilearen aldetik Euskal Herriarenganako maitasun eta mina badaude ere, liburu hau min egiten duenetako bat dela esango nuke; niri behintzat, min egin dit.

Poesibideak urtetan errekorritzen ibili denak badaki eszenatokiz aldatu beharra dagoela; horregatik, bere hasierako poema surrealistekin apurtuz, “Balizko erroten erresuma” ironia eta parodiatik abiatzen da, bera izan zen poetari zuzendutako poema-gutunetan eta hiru euskal olerkariri (Lauaxeta, Lizardi eta Aresti) eskainitakoetan ikus daitekeen bezala.

Amaitzeko, hasierakoari berriro helduz, “Balizko erroten erresuma”-ri sua eta garra ematen diona, artelan bilakatzen duena, ideologia abertzale jakin batekin lotura tinkoa duen barrokismoa dela azpimarratu nahi dut. Honetaz gain, liburuak badu beste ezaugarririk ere: begirada mesfidatiaren ostean egia gordinak botatzera ausartzen da; aspaldiko esamolde jatorrak gaurkotzen ditu eta gaurkoak aintzinatasun-kutsuz estaltzen daki; maitasun-gorroto bikotea baliabide aparta zaio…

Alderantzizkoaren eta mendeku txikien jokoaren maisu da Koldo Izagirre.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak