kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Orixe-Omenaldi / Askoren artean / Graf. Izarra, 1965

“Orixe”ren poemari buruz, Labayen jaunari karta idikia Juan San Martin / Jakin, 1966

Adiskide eta euskaltzainkide:

“Orixe” omenaldi liburuaren 22-garren orrialdean eskatzen didazun bezela, nere “gaizki esandakoak” zuzentzera natorkizu —ta bide batez zure gaizki ulertuak eta liburu ori eskuratzen dutenek gaizki ulertu ditzazkeanak ere bai—. Izan ere, liburu ori ez zan tokirik egokiena auzi ori sartzeko, bi errazoi gaitik: lehenengo, liburua osotu duten idazleen faltatzea dalako auzi-bide bat jartzea; ta, bigarrengo, or sartzeko eskubiderik izan ez dugun Euskaltzaindikoak astintzea ez dalako ongi. Batez ere Euskaltzaindiaren ardurapea eskatu ondorean. Baldin, gauza guziak zuk eskatzen duzun babesa eta neurria bear badute.

Ira urteren buruan izan duzu denbora edozein euskal aldizkaritan ortaz zerbait esateko.

Beraz, Orixe-ren poema nagusiarekiko iritzietan zurekin bat ez banendorren ere, oraingoz ixiltzea naiagoko nuen ohorezko bilduma orren eta bertan izenpetzen duten adiskideen errespeturako. Orregaitik konprenitu bear zenuke oraingoz auzi ori zergaitik ez dudan nai ikutu. Laffite-k ongi dion bezala: “bertze aldi batez, buru-berokerzak utzirik, norbaitek edo hobeki norbaitzuek odol hotzean berexiko bide dute haren obran, nun den Orixetasuna eta nun Orixekeria”. (Herria, 802 zenbakia —lehen plana— Abenduaren 16-koa. 1965).

Ezer baino lehen, zure nahasketa argi ipini ditzadan: 22-gn. orrialdean zuk aipatzen dituzun nere itz oiek, ez dira zuk diozun tokian jarriak. Zeren billa? humorezko artikulu aretan ez nuan nik ezertarako aipatzen Euskaldunak poema. Nunbait zerorrek, naigabez edo, deiak tokiz aldatu dituzu, batarena bestean jarriz. Gaiñera, komillaz jarriaz, itz oiek beren girotik atera dituzu, zeure beste erabateko esan naira biurtuaz. Ez dakit zelan ez duzun izan ori baino kontu geiago orrelako gauza batean.

Oraindik konprenitu ez dudana da, zerek zirikatu zaituan nere izena bi aldiz agotan artzeko, ta bietariko batean, gaiñera, Euskaldunak poemarekin zer ikusirik gabekoa izanik. Ta, nere izenen aurrekaldean, Orixeti buruz esan diran “Poesirik gabeko poema”; “Euskaldunak s… usai dariola (“olatu berriko” poetatxoa edo); ta “basurde” ez izena eman ziela, aipatzen dituzu baina beren izenak agertu gabe. Zergaitik ordea? Zergaitik ez dut nik izan aiek aiña begiramendu? Ta gaiñera, iru omen barnean guziak sartzera, nere izena bi aldiz aipatuaz, nornaik esango luke beste aiek ere neri erantsiak direla. Ondo dago besteen kontuz ibiltzeko esatea. Baina kontuz norpera ere. Ez baita erreza alkarren ondorean orrenbeste trunpatze egitea.

Nijoan, gainerakoak baztertuz, neri dagokidan partean erantzutera:

21gn. or. diozu: “Yakinzale zeatzegiak ez dute Poesia-begiz ikusten, bere teknikaz baizik; eta, jakina, ezin Olerkirik geiegi maite.”

Ni banaiz jakinzale, eskertzen zaitut iritzi orregaitik, baina ez dut nere burua jakituntzat. Gainerakoan ez nago zurekin. Jakinzale izan diteke olerkari, teknika alde batera utziaz, olerki muinaren sentipenik sakonenean. Zure itzak gezurtatzen dituzte goimaillako olerkarien izen auek: George William Russell, T. S. Eliot, Saint John Perse, A. Machado, Unamuno, P. Salinas eta abar. Jakinzale zeatzik izan bada, oiek izan dira olerkariak izatetik aparte.

Ala ere, orrera arte esaten duzunak ez du orrenbeste garrantzi. Baina ortik oratzen diozu beste esan nai oni: “Gure arri zaar eta ezur-biltzaille batzuek gaitz ortaz kutsutu zaizkigu, ta gai ortan jakintsu dugun…”, diozu ondorean. Berriz ere jakintza ta oierkaritza elkarren kontra baleude bezala, ta orrek eskubidea emango balu bezala nik literaturan sarbiderik ez izateko.

Alde batetik, ni ez nauzu, arestian esan dizudan bezala, jakintsua, nere zoritxarrerako. Orretan jakintsua, gure artean, Barandiaran, Altuna, Basabe, Apellaniz eta abar dituzu. Eta, Teilhard de Chardin ere bai —eta ez da erreza igartzen Teilhard de Chardin-en barnean nor dan gaillen: arkeologoa ala olerkaria—. Beste agiririk bear bazenuke ere, ara beste izen bat arkeologo bezala —eta poeta bezala munduan oso ezaguna dena: William Butler Yeats. Beraz, ez diot zentzu geiegirik arkitzen zure esan naiari.

Eta, gauzak bere neurritik zerbait ateratzea bada ere, zerorren neurrira etortzeko asmurik gabe, geiago esango nizuke: irakurri zazu Oteiza-ren Quousque tandem…!; eta konturatuko zera batzuentzat “gure arri zaar” oiek zer ikusia dutela poesiarekin. Eta olerkari bezala ukatu ezina eta izen aundia duan Gabriel Celaya berak, Baladas y decires vascos, bere azken liburuan, “El silencio vasco” izeneko poesia bat dakar “cromlechs” eta gure izakereri buruz egina. Beraz, ta au, bada ez bada esaten dizut, ez duela ezer txarrik “arri zaar eta ezur-biltzaille” izateak, eta izatekoan ere bai gauzonik.

“Olerkariak gure baserriak loraz beterik ikusten dituztela: eta mendizaleak (ez “mendigoizaleak”) ikusten dugu egia: lora gutxi ta zimaur eta kirats asko”, jartzen duzu. Ori esaten banuan ere, ez Euskaldunak-rengaitik, baizik gure olerkari erromantikuegaitik. Ta, zuk nahastatu nauzu or. Ez da ez dijoa baserritarren kontra ere. Ez! Ez nago baserritarren kontra; baizik alde. Kalean bizi diran abertzale olerkari erromantiku asko dira baserria idealizatuaz eta aientzat zijoan ziria, ta ez baserritarrentzat, ez da gutxiagorik ere. Bestela nere gurasoen aurka joatea izango zan. Neronek ere baserria oso maite dut. Maite ditudalako ikusten ditut zimaur eta kirats artean zokoraturik. Bestela joan zaitez Matxinbentara. Ango gizarajoak alorretan pinua sartu ta kalera peontzara etorri ezin direla ikusiko duzu, lurrak berenak ez direlako. Pinuak sartzen dizkie bai, laboraritzako lurrak gutxiteko, inorentzako pinuekin. Ta, ori ez da Andalucia-n gertatzen dana; ez! Baizik Gipuzkoaren biotzean. Zimaurra, kiratsa ta mixeria gorria ikusi nai baduzu joan zaitez bertara. Edo, bestela, irakurri “Zeruko Argia”, 42-gn. zenbakia, 1963-koa, abenduaren 15-ekoa. An eta beste zenbait tokitan, Euskalerritik atera gabe arkituko duzu gertakari bera. Ta ori salatu bear luteke gure folklore olerkariak, baserriak benetan maite ba dituzte. Gu, bapo! bizi gera baserrieri kanpokaldetik begira. Barrutik dijoa prozezioa. Baina, bada ez bada ere, berriz dizkizut, orrekin ez nuela Euskaldunak ezertan pasatu orrelakorik ori idatzi nuenean.

Baserriaren bizimainak sendotzen eta goratzen kontatu nerekin. Baina ez itzez, baizik laguntzaz: justiziaz. Gutxienez kaletarrak aina eskubide izan daiten.

22-gn. orrialdean diozun “Paketsuak, apalak, motelak eta totelak” agertzen dirala Euskaldunakoak. Ori bai esan nuen Euskaldunak gaitik. Neregandik, zuretzako pekatu bakarra ori izan bear zan; ez bestea.

Aurretiko iru itzak kostatuko zaizu desegitea Euskaldunak oinarri artzen baduzu. Euskadunak irakurri duten guziak oartuko ziren ortaz. “Totelak”, puntua beteaz jarri nuen, poemaren puntu pobreen bezala, eta aitortzen dizut ori ipini bearrik ez nuela. Beraz, puntua joan zitzaidan aruntzago. Baina Euskaldunak irakurri dutenak konturatuko ziran noski, bertako gizonezko eta emakumezkoak naikoa totel direla.

Euskaldunak aspergarria da. Nik ezagutzen ditudan euskeltzaleeri (euskeltzalea ez danik ez bai dut ezagutzen poema ori irakurri duanik), poeman ezarriak dauden erri-kantak gustatu zaizkie. Erri-kantak eta Elizanburu, Arrese Beitia, Lekuona eta orrelakoen poesi atalak (ori bai, “Orixe”k bere zorrorako ongi aukeratuak). Poemaren astuntasunean arnasa lasaitzen dute tarteka dituan kanta oiek. Ezin esan erri-kanta oiek poesiarik ez duenik.

Ukatuko ez dizudana da, ta onetan erdiz zurekin bat natorkizu: “Orain bi milla urte Virjilio’k egindakoa, gure “Orixe” aztu-eziñak, “Euskaldunak” poema nagusian berritu ta osatu du”. Orixe bai, “Orixe” orain bi milla urtekoa genduana. Ori da esatea ausartu ez nintzana. Ori ain zuzen ere bere gurari ta egintza, orain bi milla urtekoa. Baina alde batetik eziñezkoa. Virjilio-ren Bukolikak eta Georgikak beste zantzo bat ekarren munduari; bigarrena Augustori jendea nekazaritzara igortzeko asmuz egina. Lehenenak ere erromatar gerratieri irakasten zien lanak jasotzen duala mundua eta ez gerrak. Orregaitik dira Eneidak baino askozaz gorago jartzen diranak. Baina, oiek ahal ziran “Orixe”ren errazoiak? Ez dut uste. “Orixe”ren errazoi bakarra izan zan euskaldunori poema nagusi bat egitea. Eta ez zan konturatu, bestelako erriak, bestelako errazoiak bultzatuta egin zutela. Ori jakin izan balu, ta bere burua olerkaritzat eduki, Walt Whitman-i jarraituko zion eta ez Virjiliori

Orregaitik, “Orixe”ri ez diot ukatzen euskera asko ekianik, itzultzaille ona ez zanik eta abar. Are geiago, Olerti aldizkarian argitaratu nuen Olerti muinari buruzko solasa lanean (1965, 3/14 or. argiratua. Larrean 1964-gn. urteko olerki-jaian irakurritakoa) jartzen nuena irakurri dutenak jakingo dute “Orixe”-ren poesi-mistikoa aintzat artzeaz gainera, goraltzen nuela. Naiz eta emen ere aspaldi joandako ideeri lotu, adimen kezkatia azaltzen bai du.

“Orixe” ezagutu nuanean, Nemesio Etxaniz-en bidez eta bera lekuko zala, agurtu ta laister, bat-batean esan nion aurrez-aurre, Euskaldunak ez zitzaidala, gogoko, baina bai Barne-muinetan. Bere erantzuna au izan zan: “Askok esan didate on bedori. Baina askoz landuagoa da Euskaldunak”. Orduan, erantzunez esan nion: “Ori ez dizut ukatzen, Euskaldunak landuagoa izango da, baina Barne-muinetan jarri zenituan zure kezka ta barne gogo guziak, ta bertan dituzu zure pentsameneko gudu nagusiak. Ta or dago gizona bere pentsaeraz ta sentieraz”. Ez zuan jakin erantzun ziur bat ematen. Au ondo gogoratzen naiz; nere buruan milla aldiz erabilitako pentsamendua zalako. Baina, “Orixe”k alkarrizketa aretan -era guzietarako literatura, bakoitzak aukeratu zezan, egin duan gizon baten idurira mintzo zan. Are geiago, berak ere segurantzirik gabe, zertan asertatu zuan eta zertan ez.

Ta, nik teknikaz ikusi poesia? Ez jauna. Poesia teknikaz “Orixe” berak ikusten zuan, ez nik. Euskaldunak poema, arkitektu batek etxe jasotzen duan bezela egina da, itzak, lerroak eta bertsuak pillatuz, bertsuz-bertsu bere gorputza muntatuz; silabak eta bertsuak ondo kontatuaz, puntuetan ere bere alegina emanaz. Geroago ta geiago desbaliatzen dijoan Fernando de Herrera-k bezala. Bai aspergarria lan ori. Kalkulatua, otza, biotzik gabea: “Poesia gabeko poema”. Gainera, poema bezala, bere mendearen giroko positibismoa falta zaio. Positibismoa, Salbatore Mitxelena-ren Bizi nai poema bikainak duana (ikusi “Euzko-gogoa”, 1955’go. orrilla-lotazilla, 66-75 orrialdeak).

Nornaik ikusi ditzakeana da an sartu dituan erri-kantak eta inoren olerkiak —esan dudan bezala— dirala onenak, bizigarrienak. Bai moldez eta bai izpirazioz obeto tajutuak dirala. Orregaitik, gaur, zer luke txarrik esango banuke Mikel Lasa-ren poematxo bat naiago dudala “Orixe”ren atalik onena baino?

Ta ori pentsatuarren, “Orixe”ren lanari ez deritxot alperrikakoa, ez eta gutxiagorik ere. Beti izango zaigu jakingarri, bai euskeraren aldetik eta bai etnografiaren aldetik. Ori ezin uka.

“Orixe”k uste zuan (ta “Orixe”k bezala beste askok) derrigorrezkoa genuela poema nagusi bat, gure literaturaren aberastasunerako. Konturatzeke munduan diran poema nagusiak ez dirala asmu orrekin eginak. Eldu ziranak, beren mendeko giroaren eraginez elduak dirala. Baina, gaur, beste denbora batzuek dira, ta rusoak eta amerikanoak literatura aurreratua ta aberatsa dutela inoiz poema nagusirik izan gabe. Aien poema denen artean egina da, geroan betiko balore istoriku bat izango duena, Homero, Virjilio, Dante, Cervantes edo Shakespeare-nak bezelaxe. “Orixe”renak nekez izango duen balorea.

Mende onetako literaturaren tajuratik urruti ibili zan “Orixe”. Gure errian aspaldiko mendeetan loratu zen nekazaritzaren garaikoa. Ta ordurako ere idealizazio faltsuz beterik. Zergaitik, gure errian ere izan bai dira lapurrak, erailleak, gaizkilleak eta gainerako giza-txar mota guziak (gure ustez beste erri batzuetan baino gutxiago izan ba dira ere), baina “Orixe-k bere poeman, bere denborako Euskarriko beste zenbait bizi-bide asko ta garrantzitsuri bezala, ez dizkie tokirik eman. Errealitate gutxiko ames erromantikoak indar asko bai zuen bere gain.

Jakitzekoa izango litzake, beste izkuntza batera itzulita, erbestekoen aburua.

Zure lanean aipatzen dituzun errazoiegandik aparte, bestelako irizpiderik baduzu Euskaldunak-ri buruz, poema epiko bezala, pozik entzungo nuke. Hegel aspaldi pasatu zen mundutik, gure artean lorratz aundirik utzi ez badu ere. Lotu gaitezen dialektikara, argirik bada agirian jartzeko. Zure, nere ta gure argitasunerako.

Bukatzeko, Mitxelena-k atarikoan jartzen dituan itz batzuek artzen ditut neretzat: “Ez naiz, ordea, gaizki esaka ari. Gure aldikoa izan balitz, gure gisako gizona eta idazlea izango gendukean, obea naiz kaxkarragoa, baina antzekoa eta kidea” Orrekin geiena esanda dut.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak