kritiken hemeroteka

8.541 kritika

« | »

Teatro zaharra / Askoren artean / Auspoa, 1965

Labaien jaunaren azken liburua Gabriel Aresti / Zeruko Argia, 1965-12-12

Esku artean dut Labaien jaunaren azken liburua. Ez dut Labaien jauna mindu nahi, baina nire deseo honek ez du esan nahi nire ahotik bakarrik laudoriozko hitzak aterako direnik. Honekin injustizia eginen nioke Labaien jaunari, eta trahizioa nire baruari. Nigan sinesten dutenek ez lukete nigandik holako portaera itsusi eta dorpe bat esperatuko.

Nire kritika hau honela hasirik, norbaitek errezki pentsatuko du oso gaizki iruditu zaidala, eta hau ez da egia. Labaien jaunaren liburua oso ongi iruditu zait. Gaurko kritika honetan haren akats batzuk markatzen baldin baditut, pentsa dezala Labaien jaunak nigan gaitzerzikoarik ez dagoela, ez inola ere!; ongia berez mintzatzen da, eta ez du defentsarik behar. Gaizkiak berriz merezimentuak mantxa dezake, eta Labaien jaunarenganako nire estimazioak bultzaturik argitara ateratzen dut, datorren edizioan (laster etorriko da, seguru asko), ez dadin horrelakorik ager, euskal opinio sanoa ez dezaten deskuido aise konpongarri batzuek desorienta, eta Labaien jaunaren izen argia orain arteko durundio hozenetan dirdira dadin.

1.º) Izena. “Teatro Euskaro”. K horrek gaztelaniaz barregarri egiten du.

2.º) Euskal Teatro Zaharra. Lau obra ezagutzen dira: (bat ez da aipamenez baizik ezagutzen): Barrutiaren “Gabontako Ikuskizuna”, Muniberen “Hordi Enganatua”, Luisa Miserikordiaren “Gabon-Sariak”, eta autore ez-ezagunaren “Hiru Alaba” komedia erdi-ez-ezaguna.

Labaienek diosku “Hordi Enganatua”-ren euskal idazlea Aita Meagher euskaldun berria izan zela (Julio Urkijoren iritziz), Eta “Gabon-Sariak” idatzi zituena (ez dio noren iritziz), Munibe izan zela. Hau kontradizio bat da. Munibe bat eskiribatzeko kapable izan bazen, zergatik ez ote zen izan kapable bestea eskiribatzeko? Hau bazterrak astintzeko gogo hutsa da. Gainera “Gabon-Sariak” melodramaren aurrean jarritako aintzin-solasean naiko zehaztasun ematen da iritzi ero hori alde batera uzteko. Bestela pentsatzea eta aintzin-solas hori ez irakurria bat da. Faborez irakur beza eta bestela iritziko du. Hitza ematen diot.

Labaienek diosku ez duela berak notiziarik “Gabonetako Ikuskizuna” eta “Hiru Alaba” hoek inoiz presentatu zirenik jentaurrera. Azkuek “Ibaiazabal” aldizkarian argitaratu zuen Barrutiaren lana. Nik hirurogei urte geroago “Euskera” aldizkarian argitaratu dut. Eta hala ere Labaien jaunak ez dirudi irakurri duenik. “Auspoa” liburutegian argitaratu dut berriz ere oraintsu. Espero dut orain irakurri duela Labaienek. Berak dio, nire komentario batzuk zirela medio, Barrutiaren lana bir-baloratu dela. Komentario haietan probatu nuen antzestu izan zela. Baina Labaien jaunak ez dio teatro zahar horri inportantziarik eman nahi. Lauetatik apurrenagatik dio ez duela baliorik. Hala ere nire iritzi pobre eta askoren iritzian bihurrian Soroaren eta Altzagarenek beste balio du.

Azkenik galdetu egiten du hea zein den nire proposamentua “Hiru Alaba” komedia galdu hori nola aurki litekeen. Begira, hemen, “ZERUKO ARGIA” honetan bertan, honi buruz ateratako artikulu batean nire iritzia eman nuen jesuitek dutela hitza, eta oraingoa da hemengo jesuita euskaltzaleek ezin aurki badezakete, Aita Arrupe jeneralagana jo beharko duela Euskal Akademiak laguntza eske. Hea nun demonio aurkitzen diren Aita Aspiazuren paperak, Valladoliden, Madrilen, Portugaleten, Loiolan edo infernuan erreta.

Teatro zahar honekin bukatzeagatik, esan behar dut segurantza dudala beste bostgarren obra bat dagoela hortik, gure inorantziaren bazter ilunetan galdua, Jesus Kristo gure Jaunaren Pasioa dela gaia, aldi horretakoa. Bakarrik aipatuko dut gauza bat: “Jaungoiko poterosoa, Jaungoiko inmortala, gaitz guztietatik libra gaitzazu, Jauna”, bertso ezagunak, obra horretakoak direla, Baina euskal idazle iaio bat ez mintzeagatik, alde batera utziko dut asunto hau zenbait urtetan.

3.° Azkeni: Teatro-juradoen kontra arremetitzen du, balore-hierarkia bat muntatu ez delako, nunbait galardoatu eta saritu dela teatro-lan ezin-antzesturen bat. Gainera alferrak edo direlako, ez dutela obra presentatuen iritzi kritikorik ematen. Azken Altzaga sarian harekin hartu nuen parte juradoan hiru ginen epai-maian, eta ez lau, zuk, ZERUKO ARGIA, esan zenuen bezala, kontuz zer diozun!), eta bertan eduki du parada eta egokituera kritikazko iritzi hori emateko, baina hala ere berak salatutako bekatuan bertan erori da Labaien, bera eta Zubikarai eta ni alfer-xamarrak izan baikera.

Dena den bezala, lau obra izan dira azken urteetan sariztatuak (Karraskedo jaunarena alde batera utzita, hau liburua argitaratua izan ondoren sariztatu baitzen —miragarria da Karraskedo jaunaren gizalegea, Leteri eskerrak ematean—), Erkiagarena, Garmendiarena, Zubikarairena eta nirea (nik dakidanez). Hoietatik bat edo beste, Labaien iritziz ezin-antzestua da, eta salbu nirea beste guztiak antzestuak izan dira. Eta nik horrekin min hartzen dut. Benetan pentsatzen du Labaien jaunak nire tobera antzes-ezina, tremendista eta modernoegia dela?

Eta hauk dira Labaien jaunaren liburuan aurkitu ditudan akatsak. Ongiak berez mintzatu dira.

Hurrengo arte, Labaien jaun bihotzekoa.

Azken kritikak

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pleibak
Miren Amuriza

Mikel Asurmendi

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

Hedabideak