kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Zortziko hautsiak - Barren ibarrak / L.M. Mujika / Ediciones Vascas, 1978

Zortziko hautsiak Erramun Etxezarreta / Jakin, 1978-09

Ijitoek ez omen dute inoiz ere txapapera botatzen. Eta orduan ijito atsoa umea egin eta umea egin, ditietatik bat kendu baino lehen bestea ipurpean. Ijitoak Mujikaren antzera? ala Mujika ijitoen antzera? Aurrekoak dauden tokian daudela, eta atzokoaz (Hitzak ebakitzean) ahanzteko betarik gabe, hara non datorkigun beste bi edo lau haurrekin euskal poesiako ijito atsoa; oraingoan, gainera, launa kiloko bikiez horniturik, eta berriro haurdun dagoela anuntziatuz. Ez da makala izanen horiei gobernua emango dien aita.

Ez dut oso lan atsegina; baina oraingoan neri tokatu zait ijitoaren egurtzaile eta borrero izatea, eta Mujikari egurra eman behar, oilo harrapatzen baitabil.

Egun, ez zaigu zilegi edonor egurtzea; literaturara datorren edozein gazte edo idazle berri, adibidez; baina Mujikak baditu urteak, heldutasuna, eta euskal kulturan toki bat eta izen bat; eta orduan konturatu behar du, ez duela edozein gauza kaleratzeko baimenik, eta konprenituko du bera bezalako gizonei gehixeago esijituko diegula, eta, bestela gertatuko balitz, noiznahi hartuko dugula egurtzeko baimena.

Gehiegikerian dabilenak gainezka egin ohi du; eta oraingoan, benetan, Mujikak gainezka egin duela uste dugu.

Ez dugu uste, ez, zorionez euskal poesiak bere gailurra jo duenik poema hauetan, nahiz eta Edertzalek hala esan. Batetik, poesiak inoiz gailurrik joko ez duelako eta, bestetik, euskal poesiak oraindik beste tontor altuxeagorik baduelako.

Eskuetan ditugun lan hauek ez dute unitate bat osatzen, ez dira poema bat, obra poetiko bat, poema bilduma bat baizik. Gauero landutako poemak, baina poema sueltoak; gai bati dagokio bakoitza. Lotura handirik ez duten borbol lirikoak direla esan dezakegu.

Batzuk zailtasuntzat edo bertutetzat jotzen dutena, poema hauetan konkretuki, errazkeria dela iruditzen zaigu. Mujikak berak baztertu nahi duena, baina hala ere oso beregan daramana. Neurriaz eta rimaz ari naiz.

Neurriak aski mugatzen du espresabidea, eta Mujikarengan are eta gehiago. Rimak bezalaxe. Neurria ongi gordetzeko, espresioa landu beharrean, neurri horren esijentziak nolabait osatzera doa zuzenki. Eta hori betetzeko erabiltzen dituen errekurtsuak aspergarri bihurtzen dira hainbeste errepikatzez. Esklamazioak dira hauk. Adibidez, apenas dagoen orrialderik, “ah!” esklamazioa azaltzen ez denik, eta, gainera, “aih!” eta beste batzu erantsi behar dizkiogu honi. Aldi berean, funtzio liriko bat ere izan nahi dute hauek, lirismo kontzeptu faltsu bat, elaboratu gabea behintzat gorpuzteko, eta lanak dituen doinu rekriminatzaileaa eta ebokazioak nolabait adierazteko. Poema asko ez dira autoreak aurkitu duen esaldi “afortunatu” baten testuinguru eta justifikazio besterik. Eta esaldi afortunatu horik, konstanteak eta aldagaitzak dira; horregatik aurkitzen ditu hainbat prolema neurriarekin eta esklamazioen sartu beharra ere.

Mujika bera komentzitua dago egin dituen lorpen estetiko eta poetikoetaz; eta, azkenean, bere lanak horien inbentario izatea nahi du. Batxiler garaian egiten genituen lanen antzera. Ez du aurretik poema bat egin, eta gero hango fenomenoak aztertu, alderantziz baizik. Aurrera fenomeno batzuren esistentziaz enteratu eta gero horien neurrira idatzi. Azkenean, fenomenoak bai ugariak, baina horien kalitatea ere bai urria. Eta beldur da jendeak ez ote dizkion bere habildadeak jasoko; bestela, zergatik hainbeste bastardilla eta kurtsiba? Ikasle atzeratuek zer den metonimia ikas dezaten? Literatura ez da ikasleentzat egin behar, idazleentzat baizik. Bertsolari kontutan Euskal Herri osoa izan da entenditua, fenomeno horien berri izpirik eduki gabe; eta bertsoak herriarentzat egin izan dira, eta ez Manuel Lekuonarentzat.

Poemen estruktura ere berdintsua da denetan, erabat adoleszentea. Egoera konkretu bati zuzendu nahiak —harreman afektiboz gehiago harreman artistikoz baino—, ebokazio bide beretara eramaten du. Eta betiko angustietatik at ez du ezer gehiago adierazten, geure bakardadeak, ezinak, maiteminak, filosofia esistentzialaz zuzenki deskribatuz. Lehen pertsonan hasi, forma ebentual eta irrealetan bukatzeko.

Adoleszentea baita sexu arloan darabilen jokoa ere, eta Euskal Herriko gaitza. Frailekondo eta jesuitakume izan garenon “bertute” ahaltsua, “destete precoz” jasan dugunon “habildade luzea”. Ditietan alto. “Ixo! ene! isil naitean!”. “No, no, no tengo prejuicios, pero no me apetece”. Koño! Jexux Mari Kuleroak erantsi bakarrik bada ere egin, satorraldea (ixo!) nolakoa den ikus dezagun. Ukitu gabe noski.

Berriro lehengora itzuliz. Poema hauek azken hamar urteotako egoera azaldu nahi omen digute. Bai beharbada, baina obraren unitate faltak zerbait adierazten dut. Eta lotura hori zalantzan jar daiteke. Egia esan, ez zaizkit aproposenak iruditzen lan honetarako, Lorca, Machado, Hernández eta Neruda. Askotan hauen itzulpen baita Mujika. Beste hizkuntzetan ere, itzuliak noski, baditugu poetak, azken urteotako borrokatik horik baino hurbilago egongo liratekeenak eta, dirudienez, Mujikak irakurri ez dituenak; Yeats, Chaucer, Milton, Celan, Dylan Thomas, Breton, Apollinaire, Eluard, Rene Char, Maiakovski, Prevert etab. Hauengan ere badago populismoa eta Euskal Herritik “Romancero gitano” baino hurbilago dagoena.

Orain, baldin gure borrokaren adierazgarri izatea, Txabi, Txikia, eta Gardokiri poemak egitea bada, oportunismo apur bat ahantziz, bale. Baina niretzat ez.

Egia esan, ezer gutxi aportatzen dute lan hauek euskal literaturara. Ez nioke hau edonori esango; baina, lehen esan dudan bezala, Mujika eta izen honetako gizonei esan egin behar zaie.

Eta… Zergatik hain hitzaurregile tenebrosoen eskutik kaleratu? Eta ez naiz Lekuonagatik ari. Hau ere ijitokeria ote?

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak