kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

1545. Bernat Dechepare. Olerkiak / Bernat Etxepare / Txertoa, 1967

1545 Bernat Dechepare J.S. / Zeruko Argia, 1978-09-03

Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil eta hetan izan baita eta baita zientzia guztietan letratu handirik, Bernard Dechepareren heuskarazko kopla batzu irakurtzen aritu naiz XVI. mendeko apaiz honen figura imajinatu ahal izateko.

Bernat Dechepare Eiheralarreko jaun erretora zen eta 1545ean argitaratu zuen Bordelen Linguae Vasconum Primitiae liburua. Bernard Lehete iaun eta iaubeari eskainitako hitzaurrearen ondoren, 16 koplek osotzen dute liburua. Hiru poema erlijiosoak dira, laugarrena Andredone Mariarekiko maitasunaz, ondorengo bederatziak amoros-profanoak, hamalaugarrena autobiografikoa eta azken biak euskara eta inprenta goresten.

Gutxi dakigu Bernat Etxeparekoaren biziari buruz. Bere kopla batzutan dioenez presondegian izan zuten luzaroan Bearnon, Gaztelako erregeren aldekoa omen zelako. Bizi bizi izan dela frogatzen du. Motibo erlijiosoak eta naturalistak eta profanoak elkartzen ditu bere obran… “nihaurk ere ukhen dizit zenbait ere amore” dio eta Andredone Mariaz nahiz amoreaz nahiz fortunaz nahiz Iudizio Jeneralaz mintzo da, errenazimendu garaian baina Erdi Haroaren kutsu berantkorrez. Bernard Dechepare poeta heterodoxo bat da, euskal literaturaren historiarekiko, bere tankeran lehena eta azkena baita. Linguae Vasconum Primitiae 1545ean argitaratu zen, Trentoko Konzilioa hasten zen urte berberean. Harrez gerozko literatura aszetikoaren eta predikariaren zabalkundea eta kesuiten eta beste konpainien hedadurak markatzen du Bernat Dechepareren debekua eta euskal dotrinarismoaren susperraldia. Eta, Bernat Etxeparekoaren ondoren, XVII. mendetik aurrera euskal Herri Ofiziala Jon Mirandek hainbeste arbuiatu zuena izan da.

Aita Onaindiaren goma

Historiak idazten dituenarenak direla esan dut arestian, eta ez baldin badut esan ere esana dago iadanik. Eta Bernard Dechepareren historia ere borratua izan da maiz. Esate baterako, Aita (aitte) Onaindiak bere Mila Euskal Olerki Eder antolojian dakarren Emazteen fabore olerkiaren transkripzioan bertso bi falta dira (“gordintxoenak” berak esango lukeenez). Honako hauk dira, hain zuzen:

Munduyan ezta gauzarik hain eder ez plazentik,

Nola emaztia gizonaren petik buluzkorrik;

Beso biak zabaldurik dago errendaturik,

Gizon orrek dagiela hartzaz nahi duyenik.

Io badeza dardoaz ere gorputzaren erditik, Ainguriak bano oboro ez larreke gaizkirik;
Bana dardoa ematurik, zauri ere sendoturik,
Bere graziaz ezartein’tu elgarreki baketurik.

Pierre Lafitte postkonziliarraren Eskualdunen lorategia antolojian ere, kopla profanoak transkribitu ezik ohartxo bat ere agertzen du, Bernard Dechepareren olerkien kualidadeez: “Zathi ederrak baditu; bainan —egiari egia zor— aphez batek segurik egin behar ez bezalako hetarik ere parzasta bat”. (7.orr.). Badira laudorio diren gaitzesteak.

A. Villasante-ren feminismoa

Akademikoak erratu egiten dira politikaz mintzo diren guztietan, feminismoaz hitzeginez gero ere erratzeko ohitura dute… Honela esplikatu daiteke A. Villasantek bere Historia de la Literatura Vasca liburuan dioena: “Dechepare se nos revela en sus versos como un ferviente feminista, si vale aplicarle el concepto…” (53. orr.). Agian A. Villasantek emazteaz gaizki erraitia bilania handia dela irakurri dio B. Dechepareri, baina bere begiberak itxi egin ditu. A. Onaindiak estali dizkion bi bertsoak irakurri ditueneko. Irakur arestiko bertso biok eta ohartuko zara Bernard Dechepare bizitza bezain feminista dela. Eta, hala ere, beste asko ez bezala, sinpatikoa.

Txertoa eta Oskorri

Mosen Bernat Dechepareren olerkiak berrargitaratu eta grabatu direnez geroztik (1) edozein kaleartetan entzun dezakezu Oskorriren musika xarmangarria eta adaptazio aldendu samarrak baina egokiak edota edozein poeta urbano Barrenkale barrenean aulki batetara igoa eta Iudizio Jenerala apokaliptikoki errezitatzen, bakun poteadore oldeen ondoan.

Nik ere delito hau kometitzea deliberatu dut, eta aulkira igonik 110. orrialdean ireki zait liburua:

Andre eder jentil batek bihotza daut ebatsi; Hartzaz orhit nadinian, deus ere ezin iretsi.
Nik hura nola, nahi nuke hark banentza honetsi.
Ezin benturatuz nago beldur, dakion gaitzi.

Populuaren indiferentziaren aurrez aurre itxi egin dut liburua. Madriles behatzen iraun ditut ondorengo bi minutuak. Ene senera itzuli naizenean (sen izpurrik baldin badut dagoeneko) aulkia garaiagoa zirudien, ene frak beltzeko ximurrak lautzeko eskuineko eskua pasatu dut bizkarretik eta, iadanik ilunabarra da, liburua 114. orrialdean ireki zait hain suertez:

Elas, ene amoria, nola nuzun penatzen, Zurekila ezin bathuz biliotzian erratzen!
Ene gaizki penatzeko segur sorthu zinaden,
Penak oro hon lirate, zu bazina orhitzen.

(1) Diska Oskorri/Mosen Bernat Etxepare 1545 deritza. Liburua Olerkiak / 1545 / Bernat Dechepare, eta K. Mitxelenaren hitzaurre eta L. Akesoloren oharrez, trilinguea, Txertoa editorialeak aurten egindako berrargitalpena da. Hain zuzen, hauxe izan da artikuluxka honetan aurkeztu nahi izan den liburua, desmadratu egin garen arren.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak