kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Kondairaren ihauterian / Jose Anjel Irigaray / GAK, 1981

Kondairaren Ihauterian Jon Kortazar / Jakin, 1981-12

0. Liburu hau, zer?

Poema-liburu bat dugu begi-aurrean. Hiru-lau bider irakurria jadanik. Pausaz, soseguz, batzuetan, eta arin (bere luzera laburrean, 44 or.) besteetan. Eta oraindik, liburuaren aberastasunean murgildurik hasten naiz idazten.

Liburu hau zer den? Poema-liburu bat dela esan behar. Hau da, ez dela poema soltez egindako liburua. Batasun bat duela aitortu behar. Liburu bat dela, zentzu osoan liburu. Ez da poemen pilaketa bat. Agian, poema bakarra da liburu osoa.

Ez dut estruktura zehatzik aurkitu. Baina liburuak badu zentzu musikal bat, bere osotasunean eta batasunean. Behin eta berriro sortzen, azaltzen ditu idazleak elementu berak, aire nagusi bat gogorazi nahi balu bezala.

Gogorapen hauetan garrantzi berezia dute bi elementuk:

1) Liburua zehar agertzen diren kantoreak (narratzaileak): idazlea bera (“dut egun egiten olerki”, 9. or.), Miel Oxin (12. or.), Koblakari zaharra (18 or.), Gizona eta gauzak (24. or.).

2) Eta herria aurrera doan “bitartean” jendea, behin eta berriz, (agian, Detxepareren oihartzunez) kantatzera irteten da piazara, toberara, ihauterira.

Azterketa oraindik estrukturazioaren arloan atxekiz, badirudi liburua ziklotan banatua dagoela. Poema batzu bata bestearen jarraian daude, gai berari lotuak, ziklo bat osatuz. Hurrengook behintzat argiak dira:

1) “NI” nor naizen, non nagoen: 9-16 or.

2) “NIGANDIK HERRIRA PAUSOA”: (16. or.) ametsetik oroitzapenera” 17-26.

3) IPUINEN ZIKLOA: 27-29 or.

4) KANTEN ZIKLOA: 30-39 or. 5) IHAUTERIA: 40-44 or.

Ez dakit zatiketa honek baliorik izango duenentz liburuaren estrukturazioa (gainetik bada ere) ikusteko. Baina bereizketa horrek liburuaren teknika bat (progresioa, aurrera egitea) ulertzen lagunduko digunez, bego berton.

1. Tentsioa

Bere batasunean, tentsio bat agertzen du liburuak. Poema osoari dario indar biren arteko borrokaren tentsioa. Titulutik hasi, eta bukatu arte. Nire ustez, liburua ez da tentsio horren adierazlea baino, eta horretan datza liburuaren fruiturik helduenetariko bat.

Hiru mailatan agertzen zaigu tentsioa: a) maila existentzial, pertsonalean; b) maila kontzeptualean; c) maila teknikoan.

1.1. Maila existenziala

a) Poetaren existentzi mailan gaude liburua hasten dugunean. Nolabait, eta xinplekeriaz esateko, “poetaren problema munduan” daukagu aurrean.

Nik…
bizitza… ezin bizituz
dut egun egiten olerki (9. or.).

“Bere problema” azaltzen du, lehenbizi. Eta ondo-ondoan tentsioa: enik bizitza ezin bizittuz”; “eriotza bidean” doala diosku liburuaren lehen poeman. Ez da zoriontsu. Irigarayren tentsioak (eta hau presaka azpimarkatu behar dugun ezaugarria dugu), eta pozik ezak zerikusi handia du Herri honekin eta herriaren egoerarekin. Laster batean, gorago aipatu dugunez, poema ez da “Ni” baten expresabide izango, “Gu” batena baino.

Ihauteri miauteri
gaude arras eri…
arri aroan hemen ginabiltzan eta hemen gaude, ote egonen? (10. or.).

Esan beharrik ez badago ere, lehen olerkitik bigarrenera, aldatu egin digu aditz-pertsona, eta poemaren protagonista ere bai.

b) Maila existentzialean jarraituz, kontutan hartzekoa dugu ni/gu binomioak sortzen duen kontrastea:

negarra
kolkoratzen zaizkit, zaizkigu (22 or.).

Sufrimendua herritik dator eta herrira doa. Herriaren sufrimenduarekin bat egina dagoen mina adierazten du Irigarayk.

c) Baina Irigarayren etsipena ez da teorikoa. Experientzia politikoak izan ostean, ez du sinesten politikaren jainkoetan. Ekintzaren osteko, krisialdiaren fruitu ote dugu poema hau? Ziur ez dakit, baina baiezkoan nago.

Matizazioaren matizazioz, beste puntu bat ere ezin dugu ahaztu. Kontzeptualizazioaren bitartez (eta aditza pluraleko lehen pertsonan erabiliz), orokortu egin du tentsioa; irakurleak ere parse har dezan, tentsioa irakurleaganatu. Tentsioak eskatzen duen kontraste-teknikaz hurbildu zaio problematikari, eta gainera experientziak duen berotasunez. Oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit afektibitatearen arlo semantikoaren barnean sar ditzakegun hitzak.

1.2. Maila kontzeptuala

Irigarayk kosmos bat eraiki du bere liburuan; hobe, munduari buruzko bere ikuspegia komunikatu du. Ikuspegi horretan oso bereziak dira euskal mitoak, Euskal Herriko kanta, dantza, ipuin eta jolasak; eta beste elementu tekniko harrigarri bat: Herriaten his toriaren estilizazioa: “Eta kondairazko ihauteriaren asierun sue dantzari zen / eta ura kantari” (41. or.).

Kosmos horren funtzioa argi dago: irakurlea bere problematikatik atera, eta tentsiozko beste problema paralelo batetan situatu: irakurlearen Herriko problematikan.

a) Maila kontzeptual honetan, oso garrantzizkoa iruditzen zait liburuaren izenburua bera: Kondairazko ihauterian. Kontzeptua oso filosofikoa adierazten da hor: kondaira izana da, iragana, egia; ihauteria, berriz, “Izan ez naiteena” da (15. or.). Oso hurbil gaude, beraz, ametsaren eta egiaren artean sortzen den tentsiotik. Calderon-en La vida es sueño eta El gran teatro del mundo-ren kontzepziotik ez dabil urrun Irigaray. Eta horrela agertzen da, agertu ere:

bizitzaren antzerkian kondairazko ihauterian (9. or.).

b) Ez da gorago deskribatu dugun kontzeptu hori liburuan agertzen den bakarra. Oso garrantzizkoa iruditzen zait 14. orrialdean agertzen den poema: honetan izana/izan zitekeena-ren artekoa da tentsioa. Ohar binomioak duen ekilibrioa: izan arlo existentzialari lotzen zaio; eta izan zitekeena amets eta kontzeptu-munduari.

c) Liburuak agertzen duen tentsioaren irudia ondo ulertzeko, beharrezkoa dugu hurrengo zita:

oroitzapen eta amets uztartu beharrez
horren itxaropenez, errotik bizi nahiez
noa
goaz hiltzen (17 or.).

Lehena eta Geroa uztartu beharko ditu gure Herriak, bizi nahi hadu. Baina (eta hau liburua zehar askotan aipatua da), “goaz hiltzen”. “Itxaropenez” eta “bizi nahiez” dabil Irigaray. Baina tentsiozko baieztapen batekin bukatzen du poema: egoat hiltzen”. (Irakurlea ohartuko denez, joskera aldetik egin duen transgresioak ere tentsioa sentitzen laguntzen du). Eta hor berriro garraisi itoa. Idazlea ezinetik ezinerako bidean dagoela ematen du textu horrek, bizitzaren eta heriotzaren arteko kinka larrian.

1.3. Maila teknikoa

Estiloaren alorra ere badugu pasarte hau, baina interesgarria deritzogu orain teknikari buruz zerbait aztertzeari. Tentsioa sortzeko darabiltza ondorengo teknikok:

— Batez ere, paralelismo eta kontrasteak:

Nik,
eriotza bidean
doan sortu berri honek bizitza
goizeko ihintza

negar eta kanta
jauzi eta dantza
oskarbi eta lainoa

ezin bizituz
dut egun egiten olerki
bizitzaren antzerkian
kondairazko ihauterian (9, or.).

— Poemaren lerroen deslokalizazioa: Irigarayk ez ditu lerro guztiak leku beretik hasten. Poema espazializatu egiten duela esan genezake. Mezu berezi batzu toki berezia emanaz, mezuen garrantzia markatzen du. Leku berezi horiek paralelismoentzat daude batez ere. Goiko poema hori dugu adibide bat.

2. Progresioa

Irigaray ez da kontrasteetan geratzen. Lehenago aipatu dugunez, progresio bat ematen da haren lanean. Hau da, tentsioa ugaritu egiten da, orriak zehar gehitu biolentzia.

Gorago progresio bat aipatu dugu: poema “Ni” bati begira hasi arren, “gu” batetara iragaten da berehala.

Poetak, ezin bizituz, “olerki” egiten du (“dut egun egiten olerki”); lehen orrialdean, azpimarka dezagun. Baina liburua bukatzen denean:

Ai, ei madarikazionea!
Ez dautzuegu sekulan barkatuko
ahuntz zarpail hori
oillar arroputza! (43. or.).

Ezinak tonua aldatu egiten du oraingo honetan.

Beste alde batetik liburuaren gaia bidaia bat dela esango nuke ezinetik ezinera. Narrazio bage kontaturiko bidaia. Eta ez du lirika-tonurik galduko horregatik. Lirika-prozesu honetan aipagarrienak ditugu beste teknika bi: estilizazioa, eta hainbatetan aipatu den tentsioa.

Progresioaz ari garela, berriro itzuli behar dugu estrukturari buruz esandakora. Zikloen bitartez, Euskal Herriko mitoak zehar bidaia bat egiten dugu.

Bidaiak berak ere progresioa eskaintzen du, ihauterira heldu arte. Horretan, Euskal Herriaren egoera, adierazten du, estilizaturik baina garratz: Gure Herria kinka larrian aurkitzen dugu orain. Eta poetak, lehenago itxaropen bage zegoen poetak, hauxe diosku:

dugun denok parte ar kondairazko ihauterian
ditzagun kanta eta dantza
dezagun guk ere izan auta
kosmozko artazuriketan
kondairaren ihauterian (44. or.).

Beraz, irtenbide-antzeko bat eskaintzen du poetak azkenean. Baina ez dut uste irtenbidea ere denik hori. Idazleak ez du bere burua baikortzat ematen. Baina ez sinestuz ere, ihauteri antzu horretan parte hartzen du. Sekulako tentsioa, angustia, nabari da bertso horietan.

3. Denbora eta Tokia

Poetaren larria gaur eta hemen lekuratzen da. Baina larria ezz da gaurkoa, eta ez da hemen bakarrik geratzen. Horregatik, poetaren samina ez da maila existentzialean bakarrik geratu. Herriarekin bat eginik, herriarena bihurtzen du samina, eta mendez mende aurrera egin duen Herri honen geroak sortzen du, gai legez, liburuaren tentsioa.

Denbora ez da bat ere neurtua. Askotan hartzen du kontutan Euskal Herriaren iragana, oraingoaren erreflexio moduan, ordea:

Mendoza eta Gebara
beaumontesak eta agramontesak
oñaztar etan ganboar,
oi gure herriaren
elkar artu ezina (20. or.).

Eta orainak, gaurkoak, ez du bat ere baliorik, geroaren erantzun gai bihurtzen ez bada. Den-dena dugu liburuan geroari begira.

Denborarekin gertatzen den bezalaxe, liburua ez da leku argi batetan mugitzen. Liburuaren espazioa batez ere Euskal Herria da:

arri aroan hemen ginabiltzan
eta hemen gaude,
ote egonen? (10. or.).

Laster aldatu egingo du idazleak bere ikuspuntua. Euskal Herri hori, alde askoz ere kosmikoago batetik begiratuko du: “Lurra” deituko du.

Lurra
ama jainkosa (23. or.).

Baina ez da hor bukatzen idazleak egiten duen unibertsalizazioa. Euskal Herria ludi guztiaren barnean agertuko du:

Eta mundua ba doa utsan barrena
bere ardatzaren bueltaren billa,
behin eta berriz irauliko da ludia
oro izanik lekutua, desegina,
euskal arnasak artuko ote lurra? (44. or.).

Irigarayren estiloaren marka legez har dezakegu konkretuaren eta unibertsalaren arteko oreka. Eta, beste aldetik, teknika honek badu bere funtzionaltasuna. Hain zuzen, tentsioak agertu egiten dira konkretutasunaren aipamenetan, eta unibertsalizazio prozesuan, sakontasunez irabazi egiten dute.

4. Tentsioaren irtenbidea (?)

Gorago aipatua dago: Tentsioak sortutako larritasunaren erdian agertzen zaigu Irigaray. Eta larritasun horretan sartu gaitu gu, irakurleok. Baina ba ote dago larritasun, angustia horretatik irteterik? Nik neuk ez dut uste Irigarayk bide argirik ematen duenik.

Oso telurikoa eta askotan panteista agertzen da idazlea. Lurraren eta izadiaren erraberritze amaibakoan sartua ikusten du bere burua. Askotan iruditu zait Irigarayk proposatzen duena, euskal mitoen mundu liluragarrira itzultzea dela:

goazen Aizpekolandako neskatxarengana (44. or.).

Ezin ukatuzkoa dugu idazleak euskal mitoak eta euskal heterodoxia erabiltzen dituena. Baina iraganean galdu egin zuen Euskal Herriak:

ihauterian parte hartu gabe
lanbrotarteko xinaurri saldo gisa…
ezin erdietsiz askatasunaren osasuna (43. or.).

Bere ardatza, lema, beste bidetatik eraman beharko du:

dezagun guk ere izan auta
kosmozko artazuriketan
kondairaren ihauterian (44. or.).

Horretarako bai, Euskal Herri zaharrean oinarriturik eta erroturik aurrera egin.

Dena dela, ez dut uste itxaropen larregirik duenik dei horretan. “Mundua ba doa utsan barrena” baieztatu ostean, ez dakit biderik eskain ote dezakeen inork. Ez ote du Irigarayk hutsean gaiduko den dei bezala ikusten saiatze hori?

5. Estiloaz oharrak

Orain arte, gaia edo Irigarayren kontzeptua eta teknikak aipatzen saiatu gara, eta pentsamolde bakoitzaren azalpenerako zein teknikaz baliatu den adierazi nahi izan dugu. Jadanik markatuak ditugu: kontraste-teknikek, progresio kontzeptualak, zenbait estilizazio. Baina estiloari buruzko ohar batzu azaldu bage geratu dira.

Estiloaren kontzepzioaren aldetik, oso nabarmena dugu Irigarayrengan euskal ahozko literatura. Kanta, ipuin, ohitura, joko, errefrau eta kontu zaharren oihartzunak aurki ditzakegu lihurua zehar. Elementuok Euskal Herriaren iragana girotzeko balio izan dezakete; baina bada elementu zaharron erabilera berri, pertsonal bat:

Gure amatxik
gau oro bezala lotarakoan
erran zuen

Jaun done Bladi
nik sua estali…

Eta zazpi aldiz zazpi mende iragan dira
sua gorderik
estalirik (30. or.).

Berresanez, gaurkotu egin du elementu zaharra.

Errepikapena da Irigarayk erabiltzen duen beste baliapide estilistiko bat: expresabide honek bed du oihartzunaren durundia, eta narrazio arrunt bat tentsiozko textu bihurtu digu. Ez dira ahaztekoak beste expresabideok: polisindetona, “eta” juntagailuaren erabilera obsesiboa eta esaldi paraleloak.

Hizkerari buruz, duen nafar kutsua markatu behar da. Baina, nik ez dakit hori estiloari buruzko datua den, ala estilistikatik dialektologiara iragan garen.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak