kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Poliedroaren hostoak / Joan Mari Irigoien / Erein, 1982

“Poliedroaren hostoak”: zientziatik iraganiko mitoa Jon Kortazar / Jakin, 1983-06

Aspaldidanik sentitzen zen herri honetan nobela luze eta anbiziotsuaren falta: bietatik nahikoa eta sobera eman digu Juan Mari Irigoien-ek oraingoan. Herri honen azkenaldiko historiaren interpretazio literarioen falta nabari zen: Karlistadatatik hasi eta beraganainoko historia aukeratu du Joan Mari Irigoien-ek oraingoan.

Hona gure eskuetan Cien años de soledad izan nahi duen euskal familien saga. Fantasiaren mundutik, mitotik, abiaturiko nobela mardula, adjektiborik behar badu behintzat.

Nobelagintzaren teorikoek (Lasagabaster eta Azurmendik) aspaldi esana zuten, derrigorrezkoa genuela historia, gaia, anekdoten, kontagaien bidetik abiaraztea; eta inoiz Baroja aipatu da. Probetxatu du Irigoienek Barojaren herentzia, murriztua heldu bazaio ere; eta, bestalde, teknikaren indarrarekin batu nahi izan du.

Hasteko orduan, zelan adieraz dezakegu hitz gutxitan historia hau? Nahi eta ezin: eta ezin, ziur asko, nobelan historia bat, liburu bat baino gehiago dagoelako. Gure ezin hau ez ote da liburuaren batas un-faltaren ispilu? “Poliedroak” ez ote du hori bera adierazten? Mila zatitan hautsia?

Poliedroaren alde desberdinekin jokatu da nobelaren hasieratik. Batasun-arazoak hautsi arte, bere izaera erakutsiko duen ispiluaren antzera, mila zatitan banandua eskaintzen digu nobela Joan Mari Irigoienek.

1. Heteronimoen arazoa

“Segidan ulertu nuen oharron arrazoia, guztia gizon hautsi baten inpresioa ematean bait zetzan. Zalantzarik gabe, puska askotan sakabanatzen zen nortasun apurtu baten funtzioan zegoen guztia” (15 or.).

Guzti hori kontatzeko, heteronimoen jokoa erabili izan da, hau da: pertsona desberdinek kontatua balitz bezala eramaten da aurrera kontaera; pertsonaia desberdinen estilo desberdinez kontatua balego bezala jokatu da.

Heteronimoen teknika Lisboan jaio zen: Pessoa olerkari famatuak eratu zuen lehenengoz. Idazteko era desberdinez egiten zuen poesia; baina, eta honetan dago gakoa, heteronimo bakoitzak estilo zeharo desberdinez osatzen zituen poemak. Pessoaren heteronimoak: Alvaro de Campos, Reis, Caeiro, Pessoa: lau olerkari, lau estilo.

Heteronimoen jokoa jarraitu du, bada, Joan Mari Irigoienek nobela honetan. Baina jokoa pluraltasunaren sinbolo bada, ez dut uste ondo egina dagoenik. Kapituluak eta, nolabait esateko, liburu bakoitzaren taxuketa aldatzen bada ere, aldaketa ez da estiloarena, collage edo genero literarioena. Aldaketa formal edo teknikorik badagoen arren, ez dago oinarrian heteronimia definitzen duen aldaketarik: estiloarena, joskerarena hain zuzen.

Adibidez, II. eta III. kapituluetan, simetriak batasun-tonoa azpimarratzen du, duda gabe, eta ez heteronimiaren jokoa indartzen. Bestalde, nobela zehar bada aldakuntza formalik; hala eta guztiz ere, susmoa dut interesa ez dela neurri berean mantentzen: azken orrialdectan nekeak garaituko du irakurlea.

2. Kontaketaren ahalmena

Kontaketan oinarritua dago textua, lehen aldean batez ere. Anekdotek eta historiek pertsonaien bizitza taxutzen dute. Eta irakurlearen irudi-mundua ekintzez asetzen du idazleak. Era askotako ekintza ugari gertatzen da liburuaren orrialdeetan zehar.

Kontatzeko ahalmenak osatu du liburuaren alderik gustagarriena. Narratiba, liburuaren ardatz legez erabili izan da, eta bere fruitua lortu du: irakurlearen interesa biztea. Zeren, narratibitateak funtzionatzen ez duenean eta liburua tekniketan oinarritzen denean, interesa ahulduz bait doa, gaia eta erritmoa motelduz eta, azkenean, barne-bakarrizketaren ahultasunak erakusten bait ditu nobelak.

Anekdoten erabilera interesaren oinarri izanik, hiru helburu edo erabilpide nagusi eman dizkie idazleak:

1. Lehen partean (II-V kapituluak, batez ere), anekdotekin lotura simetrikoak bilatu ditu idazleak, simetriaren bitartez nobelaren alde sinboliko eta magikoak azpimarratzeko. Denboraren ziklotasunak eta, aldi berean, geroak oraina ere babesten duela sinesteak, jokaera honetan aurkitzen du bere sena.

2. Bigarrenean, enterradorearen kapituluan, anekdotek zentzu eta esanahi ironikoa eta humorezkoa hartzen dute, nobelaren zatirik irakurgarriena lortuz.

3. Hirugarrenean, anekdotaren tokia bakarrizketak hartu du.

3. Batasuna eta “collage” teknika

Poliedroaren alde desberdinok, gure gizartearen murala osatu nahi dute. Eta horretarako, collage teknikaz baliaturik, osotasunaren bila abiatu da idazlea.

Poliedroaren geometriak lerro zuzenak, egitura eskaini dizkio; liburuak, ordea, deformazioaren kutsua hartu du. Arazoa, agian, batasunaren eta collage tekniken arteko oreka-faltan dago.

Batasun geometrikoa, idazleak historiari gainetik ezarritako egitura batetik sortzen da; egituraren eta kontaketaren arteko lotura lortu ezinik aurkitzen dut liburua. Egitura ez da kontaketatik sortu: aurrez historiari ezarritako plana dugu, eta bere simetrian, jokabide semantikoetan, bere ahultasuna agertzen du. Egitura historiari ezarria dago, ez du historiak ezartzen egitura. Kapituluen izenak, razionalismo berezi baten aztarnak ditugu, ez gero historiak kontatuko duena.

Batasuna, horrela, planifikazioaren jarraipenean datza.

Kapituluen izenek adierazten dutenez, semantikazko jokabide antonimiko batetan oinarritua dago egitura. Honela labur dezakegu:

1. lurrezko vs. airezko hostoak: karlista vs. liberala, mitoen mitoa vs, zientziaren mitoa.

2. Hezurrezko vs. odolezko: ironiaren bidetatik abiatua. Banaketaren ezina eta banaketaren batasuna ezkontzen bitartez.

3. Gernikako Arbolaren hostoa vs. hosto eiharra: askatasuna vs. diktadura, prosa poetikoa vs. prosa agorra.

4. Ispiluzkoa vs. eguzkiaren hostoa: errepresioa vs. askatasuna.

Organizazioaren egokitasunak, kanpotik begiratuta, berezia dirudi. Nobelaren meritorik handiena dugu munduaren honelako irudi berezia eskaintzea. Baina egiturak formalki duen osotasuna ez da estilo-mailara aldatzen. Egokitasun hori formala da, kontzepzio-munduan ondo egokitua; ez dakit gero zer gertatzen den, baina nobelak ez du irakurlea osoro betetzen.

Arrazoia, berriro, batasunaren eta collage teknikaren arteko desorekan ager liteke, agian. Organizazioaren koherentziatik aparte, aurki ditzakegu simetrikoak diren ekintzak, errepikapenak, errepikapenean nobelaren borobiltasuna bilatu nahi izango balitz bezala. Ekintzon adibide lirateke kapitulu bakoitzaren hasierako maitasunezko aipamenak, eta emakumeen haurgintza ustelak.

Baina organizazio honek arkitektura-itxura ematen badu ere, gero collage (tresna desberdinen pilaketa) teknika erabili izan da hari bezala. Hau da, berdintasuna adierazteko material desberdinak erabili izan dira. Eta hainbat eta hainbat teknika itxuraz kanpo geratzen dela esango nuke. Agian, hemendik sortzen da poliedroaren irregulartasuna.

Bestalde, kontaketaren fabulazioa handia izan arren, eta organizazio honen sistemak zabaltasunaren antza duen arren, egia esan, oso sistema sinpleak erabiltzen dira itxurak emateko. Adibideen bitartez, hobeto azalduko dugu.

II. kapituluko emakumeak azaltzeko, mitologia eta etnografia erabili izan dira, eta horrek, duda gabe, narrazioaren aberastasunaren alde jokatzen du; nobelaren fantasia eta irudi-munduak taxutzen ditu. Baina ia ez da beste erarik aurkeztu pertsonaien itxuraren berri emateko. Eta teknika hau sistema bezala oso ondo egokitzen badu ere autoreak, dudak ditut ez ote duen behin eta berriro erabili, sistemaren aberastasuna agortu arte. Agian, konponente gutxiko sistema izanki, laister agortu da; eta, hala eta guztiz ere nobelak aurrera jarraitzen duenez, beste gabe luzatuz eginikoaren inpresioa nagusitzen hasten da.

Pertsonaia sistemari egokitzen zaionez, luzaro deskribatua agertzen da, bolumen gabea: pertsonaiaren errealitate-falta hori, bata besteagandik bereizi behar direnean agertzen da argien; horregatik datorkio hain ondo irakurleari hasieran jarritako zuhaitz genealogikoa.

4. Mitotik mitora, irudimenetik iraganaz.

Hiru balio nagusi aurki ditzakegu nobelan:

1. “Errealitate harrigarria” Euskai Herriko mitoetan aurkitzeko egin den ahalegina: urrats berezitzat, salo baliagarritzat jotzekoa. Mitoaren erabilpidean, liluraz, eta ez jakitatez, hornitu ditu kontaketaren tonoak, eta oso gustagarri bilakatu da textua.

Hala eta guztiz ere, noizbehinka —Martzelinaren heriotza, kasurako— sistemaren erabilpena ingeniotsua den arren (Basajaunaren irudia leiho-telebistan ikustean), penagarria baino gehiago penatsua da.

2. Irudimenaren munduaren mugak zabaltzea: nobela honetako irudimena ez da fantasian bukatzen. Azken kapituluko bidaia surrealistek, munduko literaturaren aztarna ezagunak jarraituz, ondo adierazten dute zelako erabilpide posibleak itxaro ditzakeen gaiak.

3. Narrazioaren erraztasuna: harrigarria iruditu zait ekintzen kontaketan erabilitako fabulazko indarra. Ekintzak behin eta berriz sortuz doa nobela.

Nabariegiak dira hemen Hego-Ameriketako iturriak. Lehenik, Márquez: gorago esan dugunez, euskal Cien años… dirudi nobelak. Denboraren ziklotasunak, familiaren historiak, matriarkaren bizitza luzeak kolonbiarraren mundua adierazten badute ere, haren narratibaren osotasuna eta hariaren batasuna falta zaio honi (eta nori ez?). Arguedas-ekiko zorra expreski aipatzen da liburuan. Hilen arteko elkarrizketak, Rulfo-ren Pedro Páramo-tik zuzenean datozela esango nuke; baina mexikarrarengan hilek herri hila sinbolizatzen duten artean, hemen zeren sinbolo diren jakin nahi nuke.

Agian, horixe da nobelaren alderik kezkagarriena: hainbat teknika, pasarte, collage eta orrialderen zentzua ez dela argiegi ikusten.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak