kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Jolasean / Joxean Sagastizabal / Hordago, 1983

Jolasean Xabier E. / Argia, 1983-05-22

Aurtengo “Cafe Iruña” saria irabazi zuen Joxean Sagastizabalek nobela labur honen bidez, eta epaimahaikoek ziotenez oso ongi zegoen bai gai bai euskararen maila aldetik. Orain eta kaleratu denez gero, guk geuk geure eritzia izan dezakegu eta ni behintzat erabat ados nago epaimahaikoekin; nobela ona dela alegia.

Baina ondorioak bukaerarako laga ta ikus dezagun zergatik edo nola iritsi naizen eritzi horretara.

Nobelatxo honek —nobelatxo diot 50 orrialde baititu—, lau kapitulu dauzka, horietatik hasierako biak eta azkena oso motzak direlarik. Gakoa berez, erdian legoke, baina besteak beharrezkoak izanik ere. Denbora berriz, astebete batean jazotzen da dena (bi arratsalde beren gau ta guztiz hain zuzen).

Nik uste, nobela osoa helburu bati begira dago eginda; harreman sexualak berez jolas bat direla. Liburuan eboluzio bat daukagu; ezagutu, gustatu, oheratu —lau egun pasa—, “ehundoko esperientzi sikologikoa”, harremanak, oheratu ta bat batean haserraldia ta harremanen haustura. Kolpe bat da, guztiz moztuak uzten gaitu bukaerak; liburuan zehar gertatutako oro lau lerrotan deuseztatzen da, haserraldi bat dute eta bapatean akabo.

Oso bukaera erdietsia, korte ederra.

Hiru esperientzia

Nobela honetako pertsonaiak hiru dira, Karmelo, Jone eta Laura, eta hauen arteko harremanak sortzen duen esperientzia litzateke liburuaren oinarria; baina gero, ta beraien arteko elakarrizketa ta solasetan Joneren eta baita Karmeloren esperientzia ere ezagutzeko aukera izango dugu. Hiru esperientzia, hiru egoera erabat ezberdinak; nahigabe ta indarkeriaz bata, gazteen amodiozkoa bestea ta elkarren nahian oinarriturik hirugarrena; baina hirurek dute amaiera, ongi, gaizki edo auskalozko bukaera.

Hiru esperientzia hauen berri era ezberdinetan jasotzen dugu ere; bata tabernan etsaia —aspaldi maitalea— ikusten gorrotozko hitzen bidez, bestea une egoki batzutan antzinako oroimen tristeak gogoratzeko une horietan, eta hirugarrena liburua bera dena, orrialdeetan zehar egilearen eskutik.

Jolasa

Ez da lerro asko liburuaren helburuaz idaztean harreman seksualak, pertsonaien arteko harremanak oinarritzat hartzen genituela. Oinarritzat bai, baina bai eta jolas hutstzat ere. Izan ere izenburua hortik badoa ere, liburuan beste bi bider ageri zaigu jolas hitza zentru horretan, “Joku leuna” (19. orri.) eta “itsasondoan hasitako jokua” (20. orri.). Halere 45. orrialdean “jostailuak gara”, dionean, bizitzaren jostailu, panpina, batzu garelaren zentzuan hartu beharko genuke.

Baina hitza alde batetara utzitza, goazen deskrizpzioetara eta honekin estiloan sartu.

Estiloa

Liburua nahi duzun orrialdean ireki ta elkarrizketaren bat ikusi ahal izango duzu, izan ere deskripzioa ta narratorearen papera bigarren mailan edo deusezean gelditzen da sarri. Lehenengo kapituluan esate batetarako, 4 orri dauzkagu eta horietan 19 lerro bakarrik deskripzioa, beste guztia elkarrizketa; bigarrenean beste hainbeste 9 orri eta 58 lerro soilik; eta nik uste portzentaia hau gutxigorabehera liburuan zehar mantentzen da. Elkarrizketa da nagusi.

Baina elkarrizketa horretan (eta liburuan oro har ikusirik) aditz laguntzaile franko ez dira agertzen; “zer iruditzen?”, “zerbait hartzen?”, “heltzea gustatzen?”, “erdian joaten utziko?”… ikus daitekeenez galderetan gertatzen sarriago; dena den eta hau egilearen estiloa finkatzeko habe bat bezala hartzen badugu, badaude egon, beste batzu ere; alegia, egoerak mozteko ohitura, deskripzio erotikoetan gertatzen dena adibidez, hasi bai, hasiera ongi kontatzen digu egileak baina momentu batetara iritsiz gero puntu suspensiboak eta beste gauza batetara! (21. orria; 32. orria; 39. orrialdean).

Gero ere elkarrizketa nagusi izate horretan deskripzioa desagertzen da maiz, 22. orrialdea oso da nabarmena. Ondo lo egin. Nora zoaz? Ze hotza… Egun on. Gau bat iragan da; guk asmatu behar noski. Edo ta deskripzio oso, laburrak, zehatzak: “Musuak ezpainetan, elkarri bizkarra eman” (41. orri.), “Oinetakoak, galtzerdiak pilatzen dituzte” (52. orrialdea).

Liburu hasierak “Neska hori laguna da” horrekin, lehen mailakoa badirudi, ez da horrela arestian ikusi dugun bezalaxe. Dena dela badaude aipatzeko beste zenbait ohartxo ere; “Ekin eta Jarrai” hori dagoen tokian, edo “bola gorria” eguzkia, eta “Yanki inperioarenak” coca-colak… hainbat hitz-joku, metafora.

Orain arteko guztia oso ondo badago ere, edo erdietsia bederen, bada aski arraro edo astuna egiten den unetxoa, Karmelo ta Lauraren arteko solasa alegia; “euskararen aldeko militante” hori esplikatzen orri osoa dugu (elkarrizketa), bizimoduaz beste hainbat, eta maitasunaz gehiago oraindik. Guzti honen esplikazioa biren etorreran datza, halere ez doa liburuko beste guztiarekin batera, beste orri guztietan deskripzioa ta elkarrizketa motzek arintasuna ematen badiote liburuari, hemen zazpi orrialdetan (27-34) hiru gai sakon eta desarroilatuak ditugu.

Honekin agian loturik joango litzateke noiz behinka agertzen diren egilearen pentsamenduak “…afari bat berez ez da ezer, baina gauaren atea da eta gauez…” (20. orri), nire ustez liburuaren kalterako direnak.

Ez nuke komentario hau bukatu nahi niri izugarri gustatu zaidan idazkera honen beste puntutxo bat ikutzeke, hots, arestian ikusi bezala akzioa azkarragoa egite hori: “Ordu erdia igaro da; dutxatu dira, txokolate eta antzekoak jan dituzte…” (32. orri); “Gelditzen dira bapatean, besoak lepora eta aho irekiak juntatzen dituzte, buruak alde batera eta bestera, biziki” (42. orrialdean), etabar.

Nire eritziz oso nobela ona da hau, handinahi samarra apika, baina efektu, toke ta egoera ongi lortuak dauzkana. Gaiaz, bestalde, herri honetan orain batik bat desarroilatzen ari den gaia (hor dago “Zu zara”, edo “Zergatik panpox”en hainbat zati,…), erotismoa, harreman seksualak,…; bukatzeko eta liburuaren egilearekin ez, baina argitaletxearekin zerikusi daukan oharra: 50 orrialde dauzkan nobelatxo bateagatik 300 pezeta kobratzea, gehiegi txo! Nahiz eta azken boladan honelako beste bi argitaratu (“Bidean izan zen, Rosapen” eta “Gauaren atzekaldean”), beste hauek itxura aldetik hobeak ziren!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak