kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Grand Placen aurkituko gara / Mario Onaindia / Erein, 1983

Nobelak, elaberriak, kontakizunak direla eta Koro E. / Argia, 1983-07-17

Inork ez dezan bestelakorik uste, abisatu egiten dut: hemengo hau ez da ez kritikarik, are gutxiago azterketarik; komentario soil batzu besterik ez dira: hiru liburu horiek ia batera irakurri eta sorturiko burutazioak. Nere (irakurle) gustoak agintzen du. Uste dut halere badirela halako irizpide objektiboak obrak “txarrak” ala “onak” diren esateko, alegia, zer edo zer aportatzen dioten (ala ezer ez) (euskal) nobelagintzari. Bainan arazo horiek larriak direnez, ez naiz gauza horietan, ahal badut, sartuko.

“Gran Placen aurkituko gara” sorpresa gertatu zait: politikoak, batzuk behintzat, politiko ez ezik, bizitza, pentsamendu eta sentimentuak dituzten pertsonak direla konturatu bait naiz. (Ez dut ezer politikoen aurka, bainan…).

Beno. Lasagabaster jaunak behin eta berriz aldarrikatu duena, eta arrazoi osoz nere iritziz, hau da, Barojaren bidetik joan beharra, edo bestela esanda, euskal nobela errealista eta “normal” batena Grand Placen mamitzen da (Abangoardiak oso ondo daude, bainan zerbaiten abangoardia direnean). Izan ere, guztiz errealista dugu nobela hau, baina ez noski modu merke batean: errealista errealitateak izan lezakeen konplexutasun eta ñabardura guztiekin. Uste dut hori dela hain zuzen neskaren pertsonaiak duen funzioa, gaztetango eskema xinpleetatik bizitzaren ikusmolde zabalago batetara daraman eboluzio pertsonala adieraztea. Eta epistola teknika —beste bati mintzatzeko aitzakiaz norbere kontzientzia argitu— guztiz egoki deritzat eboluzio horren adierazpena lortzeko.

Uste dut ba dela beste gauza bat ere azpimarratu beharra: Euskal Herriak eskaintzen duen materiale guztiz nobeleskoa aprobetxatzea. Batetik, idazleek bai bait dute hemen zer ikusi-entzun-irakurririk beren lanetarako, ezer asmatu gaberik; bestetik, gure historia guzti horrek merezi du, ez dakit, “inmortalizatzea” gehiegi da, bainan bai ez galtzea behintzat. Eta azkenik, ez al diogu bada etekinik atera behar bizi dugun zalaparta honi? “Segoviako ihesa” ekarri dit buruta Grand Placek: azken urteetako euskal abentura-desbenturak jaso, moldatu eta halehop! Gauza ondo bukatua eskaini ikus-irakurri nahi duenari.

Baditu Grand Placek bere akatsak; badakizue, ETAko mutil baten eta bere emaztearen burutazioak txandakatzen dira nobelan. Emakumearenak, esan dut lehen oso ondo daude (txalo bat Mariori, emakumeon garaia badator-eta agian, froga moduan, bidebatez kontura zaitezte hiru nobela hauetan protagonistak emakumezko direla). Gizonarenak kontrapuntu gisa funtzionatzen dute, ideia ona da; bainan aipaturiko akatsak gizonarenak dira (nolabait esateagatik). Noizean behin sekulako roiloak sartzen dizkigu, tekniko-artistiko-arkitektonikoak batetik eta politiko-ideologiko-iraultzaileak bestetik. (Esan behar dut halere liburua hasten duen deskrizioa oso polita dela). Dena dela, eta neskak berehalaxe mozten baitio, oso gustora —eta jakinminez, hau oso inportantea da— irakurtzen da.

Eta gero “Jolasean” irakurri nuen. Ze pena. Larunbat arratsaldea pasatzeko hori, eta azken Susa supererotikoa hartu, terrazan eseri, tabakoa eta ardo goxoa aldamenean… Eta gaizki, nahiko gaizki. Eskerrak Susako xantuei. Susako desmadrea bazterturik, Jolasean ez zitzaidan gustatu. Alde batetik, ez nuen ezer espero, irakurria bait nuen autoreari egindako elkarrizketa batetan euskal-elkarrizketa ariketa batetik sortua zela, eta ez zuen beraz pretensio handirik. Bestetik ordea, halako esa-mesak sortuak zituen liburuxkak, oso ondo zegoela eta… Zergatik ez zitzaidan gustatu? Inkoherentziak: giro guztiz errealista batetan —ez, agian ez errealista, “real” baizik—. Ernesto eta Joneren ixtorioa bezalako bitxikeriak azaltzen dira; elkarrizketa galde-erantzun labur-xinple-superfizial baten barruan, “egiazko iraultza nolakoa den” diskurtso luze-mamitsu-traszendentea botatzen dio mutilak Unamuno Laurari. Estilo soil horrekin kontraste izugarria sortzen duelarik ere. Soleren ixtorioak sortzen duen erreakzioa. (“Esan behar zuenak eztarria urratzen dio, negarra borborka eta daldarrak hartzen du (…) airea negar zotin eta intziriek betetzen dute…”) arraro xamar gertatzen da. Jolasean kontakizun osoan zehar eta bukaera berriz (ia) trajikoa.

Ez nuke suntzitzaile izan nahi. Aipaturiko elkarrizketa xinpleak nahiko politak dira. Ongi eraikiak daude, bainan euskara + elkarrizketa + erotismoa formulak ez du, besterik gabe, literaturarik egiten.

Idazleak zer eta nola esan jakin behar du; horiek, beste gauza guztiak bezalaxe, ez dira hutsetik sortzen. Eta honekin, tranparik gabe, lotzen natzaio hirugarren liburuari, Lertxundiren azkenari: ongi asko ikusten baitira hor idazle lanaren fruituak. Obra borobila eta “brillantea” da nere ustez. Euskal “Crónica de una muerte anunciada” dela esango nuke. Alabantza zentzuan diot, kontuz. Horrelakorik egiten bageneki, a ze txoiloa! “Ene Jesus” Saizarbitoriaren (zoritxarrez) azken nobelan Becketten erreferentziak ezin argiago ziren bezala. hemen ere kronikaren oihartzunak liburu osoan zehar nabarmentzen dira, maila askotan: historian, egituran, estiloan (konpara adibidez, bi liburutako lehen esaldia —errepikatua bietan—. “Ez zuen leihorik ireki behar izan gertatuko zitzaidana ezagutzeko” “El día en que lo iban a matar, Santiago Nasar se levantó a las 5.30 de la mañana…”) Bi ixtoriotan dago etorkizuna aurreikusia; zehatzago Crónica-n baina berdintsu halere. Bietan da halabeharra, fatalidadea, ukaezinezko protagonista: inork ez dio heriotzari itzuri egiten. Eta bietan, distantzia hartzen duen pertsona bakarra, fatalidadeak bereganatzen ez duena, beranduago eta kanpotik iristen den kontalaria, “ni” fantasma hori dugu. García Márquez-ek bere historia egiazko gertakizun batetan oinarritu omen zuen. Hori bera egin duela A. Lertxundik iruditzen zait: froga ditzakegun datuez inguraturik dagoelarik gertaera nagusia, heriotza, nahiz eta sineskaitz gertatu (neretzat behintzat) egiazkoaren itxura guztia (eta trajikoa) hartzen bait du. Entzuna nion nik amari apustuak hondamendia besterik ez ziola ekartzen Euskal Herriari… Hego Ameriketan “lo real maravilloso” ba du, ba dela hemen ere “lo real alucinante” edo. Bainan hori kontatzen asmatu egin behar; sortu, nobelak sortzen duen giro errealista-fantastiko-trajikoa. Esan dudanez, erabat lortzen du autoreak. Eta bi gauza azpimarratu nahi nituzke: erabiltzen den prosa-naturala, flexiblea, bortxa gabea, eta suspensea mantentzen duen nobelaren egitura guztiz konplexua eta aberatsa; kronikan bezala, badakigu gertatuko dena, haseratik deabru gaiztoak dantzan dabiltza trajeria prestatuz; eta hala ere, suspentsea areagotuz doa azkeneko klimaxa iritsi arte: perspektibismoa, ikuspuntu ezberdinen jokuak ere badu zer ikusirik tentsio honetan.

Nere ustez, erdal literaturaren mailakoa dugun euskal obra bakanetakoa da 16.an. Eta honelako transzendentziarik nahi ez bada, benetan gustora irakurtzeko obra.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak