kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Azalaren kodea / Miren Agur Meabe / Susa, 2000

Azalaren kodea Iratxe Gutierrez / Idatz & Mintz, 2001-11

Izenburutik bertatik adierazi bezala, azalaren mintzoak sorturiko zeinuen aldarrikapena da nagusi liburu honetan. Izan ere, azala berbetan jartzea da lan honen xede nagusia, poetak bilatzeko nahia duen (edo beharra duen) kode berri horren zerbitzura. Hartara, “sentiera arrunta esplikatzeko definizio-saioak” (11) emango dio hasiera bildumari, mailakako garapen baten bitartez, azken poeman sentimendu arrunt horiek adierazteko beste kode baten aldarrikapenera iritsiz (77). Kode horren bilaketa atal ezberdinen mailaketa baten bidez testuratzen du: mailaketa honetan bi prozesu kontrajarri marraztu dira. Batetik, gorputzaren gainean jarritako arreta barrutik hasi eta kanporanzkoa den bitartean: bihotzetik azalera, sentimenduetatik grinetara. Bestetik, protagonistaren begiradan kanpotik barrurako prozesua nabarmentzen da. Izan ere, besteekin harremanak hizpide izan ostean, bere barrurako bidaiari ekingo dio (baina kanpoarekiko perspektiba galdu gabe). Bi garapen hauekin dekodetu beharreko sistema baten aldarrikapenaren isla dago. Hortaz, ez bakarrik bi garapen hauetan, beste zenbait arlotan ere poemarioa kontrajarpenez josia dago. Honela, eztitasuna eta gordinkeria; artegatasuna eta lasaitasuna; mina eta poza; argia eta iluna; zuzeneko adierazpideak eta ironia; alde kontrajarriak antzemango dira nonahi.

Kode berri horren bilaketan lau etenaldiko bidaia egingo da: Oharrak, Orbainak, Tatuajeak, eta Kodea. Lehenengo atalean, liburu honen jardun poetikoan aldiro agertuko diren kezkak, desirak, beldurrak eta zalantzak aurkeztuko zaizkigu; hots, bilaketa egitera bultzaturiko indarrak. Orbainak atalean, izenburuak iradoki bezala, iraganeko gertaera edo zaurien eraginaz mintzo da: horretarako, orri horietan besteari begira egingo du bidaia, larruazalean urradurak sortu dizkioten bidaideak gogora ekarriz: haien ausentziari zuzenean kantatuz. Tatuajeak atalean, aldiz, etorriko denaren beldurra islatzen da: beldur hau bakardadearekin hertsiki uztarturik irudikatzen da, horretarako bestearekiko hausturak sorturiko ezinegona giltzarri izanik. Azken atalean, Kontrazeinuak deiturikoan, beste horren hatzaparretatik askatu eta Nia izango du hizpide bakarra. Erotismoa ere alde batean utziz, niaren gorazarrea eginez, norberaren barruan zoriontasuna, kezka, zalantza, beldur eta desirak bilatzeko beharra dakusagu. Azkenik, ni horren autoafirmazioa goratuz.

Poemarioaren taiukera mamitu honek, eta ‘Diagnostikoa’ poeman gorputzeko ehun komunikatiboei egiten zaien erreferentziak, egituraren mailaketa azalaren ehunekin erkatzera eraman gaitu: ehun horien larruketan dabilela baitirudi. Azala bi geruzaz eraturik dago: batetik, gaineko atala den epidermisa. Hori osatzen duten zelulek mintz lehor eta erabat irazkaitza eratzen dute, eta honen funtzioa gorputz barneko isurkariei eustea, eta kanpoko eraginetatik babestea da. Epidermisaren azpian dermisa dago: honek gaineko geruzari eusten dio, eta behar dituen gaiak sortu edo eramaten ditu haraino: hau da, dermisaren bidez igarotzen dira epidermisera azalaren azpian sortzen diren izerdia, ileak eta bestelako gaiak. Hortaz, poema honetan ere bi geruza hauekin egin genezake topo: epidermisa azalarekin parekatuko genuke, gainazalarekin; eta dermisa barruko aldearekin. Hartara, azken ataleko poemak epidermisaren modura lehorrak dira, eta ez dago isurkarien gaineko horrenbesteko aipamenik. Gainerako ataletan, berriz, etengabeak dira isurkarien inguruan eginiko irudiak. Miren Agur Meaberen asmoa iragazkaitza izan ohi den geruza hori gardena eta iragankorra bihurtzea izan da, horretarako, dekodifikazioaren prozesua.

Jada aipatu dugun bezala, poesiaren protagonista lehenengo pertsonan mintzo den emakumezko nia dugu. Protagonista hau hizkuntzaren morrontzatik askatu nahian dabil. Baiki, morrontza honek besteekin izandako harremanak zeharo baldintzatzen baititu, komunikazioaren ezintasunera eramanez. Are gehiago, hizkuntzarekiko morrontzak oroimenera garamatza, oroitzapenen zartadak ezin sahiestuz. Horregatik, beharrezkoa dakusa menpekotasun horretatik askatuko gaituen beste zeinu sistema baten beharra, beste komunikazio sistema baten beharra: azalaren aldeko aukera egingo du. Eta sentimendu eta kezken kanporatze horretan norberaren larrutzea baino, barrukoa kanporatzeko azalaren gardentasunaren, naturaltasunaren alde egingo du: gorputza kode berriz larruztatzeko beharraz jardungo du.

Kontrajarpenen hariari helduz, gizakiok jasan ohi ditugun sentimendu kontrajarriak agertzeko, poetak idaztankeran ere kontrajarpenak landuko dituela dakusagu. Batetik, barrokismorako joerari eutsiko dio, hizkera zientifikoaren terminologia ugari erabiliz; bestetik, ahozkotasunaren eragina nabaria da, musikalitatea eta erritmoa izanik ahapaldi askoren egituraketarako bidea. Hortaz, errepikapen eta onomatopeien erabilpen etengabea egingo du. Izan ere, poemaren hasieran jada musikaltasunaren aldeko jarrera antzematen da: “Aldika, begitatzen zaidanean pentagrama betegarria,/ oharrak zirriborratzen ditut,” (11).

Eskertzekoa benetan idazle honek harturiko bidea. Izan ere, gizonezkoen erotismoa hain zabaldurik dagoen honetan, emakumeon begiradari eustea egoki erdietsi du. Erotismoaren parean, amatasunaren ahotsa iltzatuz.

Liburu honetan oso erotismo iradokitzailea jorratzen da: horretarako, batik bat, bi baliabide aipatu nahiko nituzke: “ttua eta haragia” (36). Lehenik, hezetasunaren eta bustiaren etengabeko erreferentzia dago (lehen hiru ataletan): likidoak liburu honen zirrikitu guztietatik isurtzen dira, irakurlea busti izanaren sentsaziora eramanez: “euria” (14), “ibai epel batek” (16), “zuku urri latza” (24), “umeldu” (27), …

Bestetik, gorputzaren atalak berak ditugu. Gorputzarekiko lotura estu honetan, noski, gainerako gorputz atalekin batera, emakumeen sexuaren erreferentziak dira aipatuenak: “bularrak” (13), “klitori” (14), “baginan” (14), “himena” (40), …

Azkenik, aurreko bien uztarketaren bidetik, fruituen erabilpena dugu. Hauekin hezetasuna eta dastamenari egiten zaie erreferentzia, gorputz atalak eta hezetasun sentsazioak batuz; gose-egarriarekin parekatuz. Hona hemen adibide batzuk: “bular-mahatsak” (19), “bular-sagarrek” (19), “bular-gereziak” (19), … Izan ere, zentzuei begira dagoen poesia dugu: fruitu hauen guztien aipamenak dastamena eta usaimena pizten dituzte; koloreen erabilerak ikusmena; gorputzaren eta azalaren etengabeko aipamenek ukimena; eta arestian aipaturiko musika jokoek entzumena.

Badira ere sexu jokoekin uztar daitezkeen beste irudi batzuk: goranzko eta beheranzko mugimendu etengabe hori, esaterako. Sarritan naturako elementuak erabiltzen ditu horretarako: landareak eta animaliak, batik bat. “Huntzorri”ak (23) esaterako, gorakako mugimendua adierazten du, baita han-hemenka agertzen diren txoriek ere. Honela, gora-beherako mugimendu honen bidez, tristezia eta pozaren arteko jaialdia irudikatzen da. Are gehiago, hainbat egoera eta sentimendu irudikatzeko animalia ezberdinak dakartza testura sentimendu eta animalien arteko identifikazio ezin hobea erdietsiz.

Piztiak, munstroak eta mamuak ere poemotan barreiatu egin ditu, bere beldur, kezka eta arriskuen ordezkari. Baina, inola ere ez da hauen aurrean koldartuko eta elkarrizketari eutsiko dio.

Bada guri arreta bereziki piztu digun animali bat: marmoka. “Marmokak” poemak berehala Hélène Cixous-en lan bat ekarri digu gogora: “Le Rise de la Méduse”. Hélène Cixous Frantziako kritika feministaren ildokoa dugu. Bere lan honetan, emakumeek beren gorputza eta beren idazketa berreskuratzera bultzatzen ditu. Bere aburuz, emakume idazketa berri bat bilatzea beharrezkoa zen. Idazketa berri hori inkontzientearen eta libidoaren adierazle izan behar zuela azpimarratu zuen. Cixous-en planteamenduekin guztiz bat ez badator ere, badira bion lanetan antzeman ditugun berdintasunak: batetik, jada aipaturiko marmoken aipua; bestetik, esneak bion lanetan duen lekua; hirugarrenik, kode berri bat bilatzeko beharra sumatzen da bion lanetan, bilaketa eta emaitza ezberdin ulertu badute ere. Izan ere, lekeitiarraren poesian inkontziente eta libidoaren agerpenez gain, guztiz ondutako egitura eta garapenak ditugu: sarritan samurtasuna baztertu eta krudeltasun osoz mintzatuko zaigu.

Bestalde, Cixous-ek gizaki ororen bisexualitatea aldarrikatzen zuen. Poesia hauetan horrelako mezu esplizitorik ez badago ere, bertan irudikaturiko sexu joko askotan ez da batere garbia beste lagunaren sexua, irudimena eta jokoa irekita utziz: beti ere anbiguotasun horri bidea zabalduz. “zure hatz marroiak nire baginan” (14) dionean, kasu.

Orain artean aipaturiko ezaugarri hauek guztiak egunerokotasunaren hainbat irudirekin kateatu ditu: “bainugela garbitu” (28), “erosketetara joan” (28), “bulegora sartzeko ordua dut,” (31), …

Agerian geratu den bezala, sare aberatsa benetan Mire Agur Meabek bere azken argitarapenean eskaini diguna. Emakume baten oihu bortitz eta samurraren agerpen tentagarria.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak