kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Julia dinotsut / Julen Arriolabengoa / Labayru, 1985

…Julia dinotsut Igone Etxebarria / Idatz & Mintz, 1985-12

Julen Arriolabengoa ez da orain arte idazle famatu bat izan, baina hala ere baditu ipuinen batzuk idatzi eta argitaratuta.

Oraingo honetan holako ipuin sorta bat aurkezten deusku liburu batean bildurik.

Liburua sei narrazio laburrez osatzen da.

Bakoitzean gai desberdina darabil: poliziakoa, maitasunezkoa, herrikoia…

Narrazioak ipuin antza dauke, baina ez dira euskeraz irakurtzen ohituta gagozanen erakoak. Julenek tratamentu berezia emoten deutse: batzutan kutsu abstrakto batez jantzita dagoz, eta amaiera apur bat harrigarria dauke. Bere berezitasunik handiena tratamentu hau litzateke, Adibidez “Etsipenezko jolasak” izeneko ipuina irakurtzean nazka handia sentiarazten deusku gaiaren tratamendu gogor eta gordinagaitik.

Beste batzutan ez da hain bortitza baina indar handikoa beti ere. Irakurlearengan sentimentuak sortzen dabezan ipuinak doguz, irakurlea parte hartzera bultzatzen dabenak. Hau da, irakurleari ez jako dana argi azaltzen, berak aurkitu behar dauz konklusioak, bakoitzak bere irakurketa pertsonala egin daike.

Ipuin guztiak Julenen asmakizun edo imaginazioaren fruitu badira ere, iturri desberdinak ditu: anekdota bat, entzundako ipuinen bat, irakurritako zeozer.

Alde honetatik aipatu geinke liburuak daukazan ohar edo zitak: narrazio bakoitzaren hasieran idazleren baten esaldi edo testozatitxo bat jartzen dau, eta ez bakarrik hori, ipuinen barruan ere badagoz holakoak lantzean behin. Honek idazlearen aldetiko aberastasuna adierazten deusku, hori bera frogatzen daben beste elementu batzuen artean.

Honeetariko bat hizkuntzaren erabilera izango litzake. Juienek, Aramaioarra izanda, oso euskera ona darabil: landua gehien bat, baina herrikoitasuna darien esaera eta egituraz hornitua.

Liburua bizkaieraz idatzita dago, hikako formen erabileran ere maisu agertzen jakularik idazlea.

Lehen esandako moduan gaien aldetik ugaria bada, hizkuntza aldetik oso espresiboa dala esan beharrean gagoz. Irakurgaia oso atsegina egiten daben errekurtso asko darabil. Adibidez naturako fenomenoak motibotzat hartuta egiten dauzan esaldi metaforikoak: “Ezin da kantatu egunaren haurtzaroa, egunsentiaren lehen kanta. Persianen ostean negar malkoak oskorri laino bilakatzen jakoz. Erre eutsiezan bere gaztaroko kantak eta ahopean gordetzen dauz” (75orr.).

Edo egiten dituan soinu eta hitz jokoak: “Bilobaren txirripititxio xirularian “aitaita” aditzea” (78orr.); “Gizoño hau, izan ere, izatearen izanbeharrean izan nahirik ezinak ezindutako utopia zan” (84orr.).

Diminutiboak ere maiz darabilz: gizoño, zoroño.

Guzti honek hizkuntza poetiko baten aurrean jartzen gaitu. Adibidez “Paretazulotik su garden baten kearen bake zapi bat, lotsaturik bezala, munduratzen zan” (86orr.) esaldia, edo horren antzeko bat, irakurtzean, bizitza arruntari beste ikuspegi barri bat emotetik aparte, goi maila batetan jartzen gara, pentsatzera behartzen gaitu.

Hizkuntza poetiko honegaz lotuta, esan ere esaldi batzuk bertso moldez emoten dituela, narrazioari itxura poetikoa gaineratuz.

Aipatutako puntu guztiok: gaien tratamentua, iturriak, hizkuntza espresibo ta aberatsak irakurgai zeharo atsegin eta politak daukez frututzat. Eta honegaitik, hain zuzen ere, liburu hau oso egoki lotzen jako irakurlego gazteari, bere irudimenari hegoak ipintzeko bidean jarri, eta irakurgaiaz gozatzeko aukera emoten deutsala.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak