kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ziutateaz / Bernardo Atxaga / Erein, 1986

Ziutateaz Aitor Etxebarria / Idatz & Mintz, 1987-12

Gaur egun Atxaga gure artean oso ezaguna bada, (nork ez ditu ezagutzen, esate baterako, Etiopia, Bi anai) eta gure literaturako ordezkaririk erakusgarrienetarikoa bihurtu bajaku, liburu hau idatzi ebanean ez zan, ez, oso entzutetsua, bere lehen idazlan aitagarria dogulako, 1976. urtean idatzia, Bernardok oraindik 25 urte besterik ez ebala.

Eta berak idazle legez ia ia estrenoa egin baeban (liburugintzan gitxienez), gure literaturarentzat ere bere liburu honek ia ia beste estreno bat suposatu eban, ordurarte ia inork landu bako alor literario edo idaztankera edo kontatzeko era erabili ebalako. Joxemi Iturraldek liburuaren hitzaurrean dinoanez “lehen aldiz urratzen geroztik beste askorentzat bide errezak izan direnak, orduantxe zabalduak”. Eta zer barri dakarsku Atxagak liburu honen bidez? Ba, literatura abarguandistaren bide barria, basez ere, kontatzeko era berezi bat. Berak, Atxagak dinoanez “idazterakoan, ikuspuntu naturalista edo zinematografikoak ahalik eta gehiena urruntzen saiatu nintzen”; hau da, pelikuletako eta nobela klasikoetako kontaera lineala ohizkoa itxi, eta kontatzeko era pertsonalago eta originalago bat erabili, planoak, pertsonaiak, denbora, …apur bat nahastuz. Honek, jakina, zaildu, gatx bihurtzen dau eleberria ulertzea eta hainbat bide libre ixten deutso irakurleari berak bere intepretazio personal bat egin daian. Baina arazo honi laster helduko deutsogu.

Zailtasun eta konplikazio honen erdian zerbait argi esan daikegu Ziutateaz-en eduki edo esanahi nagusiari buruz. Ziutatearen, huri nagusiaren erakarpena eta bildurgarritasuna; bere botere irenskorra, gizaki banakoa bere barruan azpiratu eta itotzen daualarik…; ziutatearen barruan borrero nagusiaren botere zapaltzailea, ahalguztiduna, zapaltzailea; huritarraren ahulezia, makaltasuna gainera datorkion guztia ikusirik, sentiturik eta jasanik, gizaki apal, xume eta ahula izanik borrerotuten danaren krudeltasuna eta odol egarria…

Scardenalli (borrero bihurturiko pertsona apal hau) eta Theo, zapalduen ordezkaria, ditugu eleberriko protagonista nagusiak. “Heriotzaren oinetakoak jantzi aurretik, izkribatu egingo dizkinagu gure borrokaren arrazoinak”, dino Theok eleberriaren hasieran. Eta Theorekin batera beste zapaldu batzuen izenak; Joe, Gomez, Antonin, Maf… apurka-apurka eleberrian zehar erahilak izango direnak (Atxagak berak sugeritzen deusku Theo, poemagile ausarta, eta Joe, bere etxean enklaustratu dan eroa, pertsonai berberak izan daitekezala; hau da, iraultzailearen etsipena, noraeza, bakartade eta heriotzaren prozesua agertzen jaku).

Ikarotarren lurralde, hau da, galazota egon arren, hegaz egin nahi dabenak, eta sabortegia izango ditugu, sinbologia argi baten, ziutatearen, sistemaren aurka dagozanen txokoa edo habia. Han bizi dira Theo, Gomez… zapaldu guztiak.

Ikusten dogunez, mundu honetan, ziutate honetan, ez dago tokirik itxaropenerako. Halako giro ilun, hotz, itun bat nabari jako eleberri osoari: “Barruak lasaituko ditut / eztarriaren kaltian / ene kantuak iduriko da / zakurren zaunka katian… / ai amaren haragia nitaz / inoiz erditu ez balitza… / gehiago ez du merezi gure / joera lastimosuak…” dio bertsolariak liburuaren hasieran.

Eta hauxe bada liburuaren hari nagusia, hortik aparte eleberri osoa daukagu sugerentziaz beteta; tren zuria, Hyeronimus bateleko gizon itsua, antzerkia, Bilintx, protagonisten izenak eurak… Ez da hau tokia-ta, ez noa guztion interpretazio bat egiten saiatzera.

Argumentua toki eta garai zehaztugabe baten kokatzeak ere emoten deutsoz halako zabaltasun eta askatasun bat interpretazioari. 1976. urtean idatzita egoteak, gure borrero nagusiaren heriotzaren hurrengo urtean, susmo bat sortzen dau gure barruan. Baina Atxagak berak autortzen dau apropos ez dituela zehaztasunok emon: “Iruditzen zitzaidan guk bizi genuena beste askok ere bizi izandakoa zela eta etorkizunerako jendea ere ez zela libratuko, bizi beharko zuela. Horregatik ez nion eman, nire istoriari, espazio edota denbora jakinik…” Eta hau kontutan harturik duda barik esan behar beti daukala, zoritxarrez, gaurkotasuna liburu honek, borreroak beti ditugulako gure gizartean.

Azkenez, amaitzeko esan behar, eleberri erreza izan ez arren eta interpretazio ezbardinak onartzen dituen sugerentziz beteta egonik, idazleak berak emoten deutsola irakurleari, liburuaren amaieran, askatasun osoa eleberria berak nahi dauan haritik jarraitzeko.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak