kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Euskal Erromantzeak / Antonio Zavala / Auspoa, 1998

Euskal Erromantzeak Asier Astigarraga / Idatz & Mintz, 1999-05

Udako oporraldiarekin batera, igaz, etorri jakun Antonio Zavalaren eskutik bilduma eder hau. Erdi galduta euki dogu hor nonbaist obra honen ganeko jarduna. Ezinbestekoa da baina liburu honen aipamena Idatz & Mintz honetan, ahozko literatura orokorrean —eta baladen eta erromantzeen mundua zehatzago— beti izan dogulako gure aldian aldiango argitarapeneko konbidadu berezi eta aipamen jarraikoa.

Ez dogu Antonio Zavala, lan arinetan eta azalekoetan jarduteko gizona. Badirudi, ganera, Euskal erromantzeak izeneko bilduma haundi hau bere buruari aspaldian jarritako beharra izan dana. Han-hor-hemen bertsolarien lekukotasunak, lanak eta paperak batzeari ekiten eutsan bitartean, laster konturatu zan euskal kantutegi narratiboak eukan bereizgarriez, pisuaz eta balioaz. Orain hamar bat urte edo Euskaltzaindiak Billabonan eratu zituan jardunaldietan iragarrita eukazan ia liburu honetan ekarri deuskuzan testu eder batzuk.

Hamaika lan eta ardura hartu eta gero hemen daukagu, azkenik, euskal erromantzeen tradizinoaren corpus nagusi hau. Argigarriak dira benetan liburuko sarreran esaten dituan berba honeek:

“Guretzat zer poza dan ez dago esaterik: alde batetik Euskal Erriari genion zorra kitatu egin degu; eta, bestetik, gure lepoa zama astun horretatik libratu egin da”. Ederto agertzen dau hemen bildumagileak era hontako erreferentzia lanek ekarri leikien ardura eta pisu astuna.

Hemengo hau bilketa-lana dan ezkero, arazoetariko bat testuok agertzeko modua izan da. Ahalegin batzuk egin izan dira era honetako erromantzeak tipologia zehatz eta landuen arabera agertzeko. Beste aukera bat hurrenkera alfabetiko hutsa da.

Aukera hataren eta bestearen alde onak eta txarrak ikusita, Antonio Zavalak erdibide bat hartu dau, eta bederatzi gune tematiko nagusitan banandu erromantzeok, irakurlearentzat eta adituarentzat ulerterrezak izango diranak: “istorikoak”, “izen ona”, “itzulera”, “amodioa”, “ipuiak”, ‘beranduko erromantzeak”, “erlijiozkoak” (“Eguberria’, “Jesukristoren Pasioa”, “Kristau fedea”, “Amabirjinaren santutegiak” “Santuak,), “erromantze puskak” eta “Erdi Aroko kantak”. Azkenengo atal biotan izan ezik, ikertzaileak, zelanbait, testuen eta motiboen antxinatasunari begira bere egin deusku aukera. Beste alde batetik, zatiketa honek beste kontzeptu ezagun batzuk bere estaltzen ditu azpian: gai odiseikoa, epika nagusitik eratorritako motiboak, bertso narratibo arrunt modemoak, eta abar.

125 erromantzetik gora dator liburu honen orrialdeetan. Antono Zavalak aukeratu egin behar izan ditu eredurik osoenak edo egokienak testu-moeta bakotxaren sarrera edo lema gisa. Jarri ditu, ganera, moeta bakotxetik ezagutzen diran aldaerarik behinenak. Honezaz aparte, transkripzino musikalak eta aukeraturiko testuaren erdal itzulpenak bere badakarz.

Bilduma honetan, orokorrean ikusita, euskal erromantzeaz edo baladaz egin izan diran antologia nagusien aipamena dator, folklorista zaharren lanetatik hasi (R. M. Azkue, Aita Donostia, J. Jaurgain, J. Riezu, M. Izkuona…) eta azkenengo urteotan ikerketa-taldeek egin dituen antologietan amaitu. Bere ekarrietarik agerikoena, baina, orain arte erdi ezkutuan izan ditugun materialen agerpena izango da, eta azpimarratzekoa da hemen eskuartera jatorkula, azkenik, Jose Ariztimuño “Aitzol”ek baturiko material ugari.

Euskal erromantzeak / Romancero Vasco izeneko liburu honek, bada, mesede handia ekarriko deutso aho-literaturaren zaleari. Batetik benetako katalogoa dalako, hau da, baladaren edo erromantzearen generoaren benetako bilduma osoa eta zabala da. Eta ez da ikertzailea testuen agerpen hutsean gelditu, testu nagusiekin eta aldaerekin batera, testu-moeta bakotxaren ganeko erreferentziak eta aipamen bibliografikoak zehatz jasota dakarz.

Beste alde batetik, Antonio Zavalak berak autortzen dauanez, ezinbestekoak dira era hontako bilketak, erreferentzialanak, ostean egin beharreko ikerketak egin ahal izateko. Hemendik aurrera, bada, ezinbesteko izango da obra hau euskal erromantzearen analisi zientifikoa eta konparatiboa egin ahal izateko.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak