« Mendea laburbilduz | Amatakeran »
Bai... baina ez / Laura Mintegi / Elkarlanean, 1999
Betikoak… baina gaur Ana Urkiza / Idatz & Mintz, 2000
Euskal Erreseina honi damaiogun titulua ez da, beharbada, oinarritzat hartu dugun liburuarena bezain iradokitzailea, baina bai uzten duela, Laura Mintegik egin bezala, interpretapen zabal baterako aukera irekia. Zertzuk dira “betikoak” delakoa? Zer egileak gaur egunean kokatu nahi digun “Bai.. baina ez” delako hori? Zer da “dirudiena” baina “izatera edo onartzera” heltzen ez dena?
Hauexek izango ditu irakurleak, besteak beste, istorioaren argumentuaz gaindi gordetzen den ezkutuko ideian oinarrituz erantzun beharrekoak.
Bigarren argitalpenaren inguruan
“Bai… baina ez” 1985eko Resurrección María Azkue saria irabazi ondoren argitaratu zen lehenengoz. Eta 1999an, hizkuntzaren erabilerari eta egiturari zenbait orrazketa egin ondoren, bigarrenez argitaratzen da Elkarlanean-en eskutik. Zer dela eta? Istorioak gaurkoa izaten jarraitzen duelako? Bere garaian ustez ulertu ez zirenak, gaur egun, oihartzun edo harrera hobea izan dezaketelako?
Bere garaian, eleberri honek oso kritika zorrotzak jaso zituen: hizkuntzaren erabilera narrasa, egituraketa zurrunegia, gaiaren tratamendu hotza edo agerikoegia, etab. Nahiz eta gaurko ikuspegitik, benetako arrazoiak beharbada, beste batzuk izan zitezkeela pentsatzera makurtzen garen: Laura Mintegik garai hartan aurkezten zuen gaia onartzeko gizartea ez zegoela prest, ageriko gaiaren sakonekoak esan nahi zuena gordinegia zela 80ko hamarkadako egoera sozio-politikoaren aurrean, edo eta Laura Mintegi emakumea zela eta emakume bati ez zitzaiola, garai hartan, literaturaren barnean gai edo tratamendu berri bati oratzen zitzaionik onartu nahi.
Kritikatik gaurko errealitatera
Laura Mintegik aurkezten digun eleberri honetako maitasun istorioak munstrosotzat jo izan dira, Joseba Gabilondok liburuaren hitzaurrean aditzera ematen digun bezala. Baina 80ko hamarkadan kritikagarritzat jo zitekeen maitasunaren tratamendu hau, 90eko hamarkadaren amaieran, maitasunak euskal literaturan izan duen leku baztertua betetzera datorrela esanez laudatu da. Edo munstrokeria horren oinarrian, Euskal Herriak 80ko hamarkadan argitara eman ezin zitzakeen hainbat eta hainbat gai jorratzeko bidea erakusten zuela, eta gaur eguneko munstroak, pertsonaiak ezezik, istorioan zehar tartekatzen zaigun kaleko ahotsa dela.
Hortxe dago gakoa! Laura Mintegik, maisutasun handiz, gai beraren inguruko bi ikuspegi erakusten dizkigula: pertsonaiena batetik eta gizartearena bestetik. Pertsonaien barruan sartzen da lehenengo kasuan, beren ikusmoldea, arrazoitzeko modua eta agitzeko era erakusteko, eta elkarrizketa ia-ia anonimoetan oinarritzen da bigarrenean, identitaterik gabeko gizar tearen kontzientziaren berri eskaintzeko. Egileak irakurlea bi ikuspegi kontrajarriren artean kokatzen du, irakurleak berak egin dezan bere interpretapen propioa. Idazleak irakurketa ezberdinetarako bidea irekiko digu, irakurleongan sortarazi beharreko iritzian eragin gabe. Ikuspegi kontrajarri hauek, bestalde, lehenaren eta orainaren sinbolotzat ere uler daitezke, gizartearen ahotsari esker, egileak, aldaketa onartzea gehiago kostatzen zaion kontzientziaren ahotsa erakusten digularik, eta pertsonaiengan, bizi errealitatea.
Mitoak apurtze bidean
Eleberri honek, maitasuna eta sexu harremanak ulertzeko era ezberdinak agertzen dizkigu. Hasierako kapituluetan, Yolanda eta Franz-en arteko maitasun harremanaren berri ematen zaigu eta delako harreman honen ondorio gisa, Laura Mintegik Yolandaren hitzetan zera esaten digu: “maitasunaren inguruan mito bat dagoela ulertu dut”. Esaldi honekin, irakurleak aurrerantzean aurki edo imajina ditzakeen maitasunaren inguruko mito guztien apurketaz arituko dela jakinarazten digu. Laura Mintegik abisua botako dio irakurlear, kontatuko zaionerako prest jarriz.
Ondotik kontatuko dizkigun maitasun istorioak, mutur-muturrekotzat jo izan direnak, gaur egun gehiegi harritzen ez gaituztenak dira ordea: Franz, gizon itsusi eta adinean sartutako bat eta Rosa neska gaztearen artekoa batetik, Rosa eta bere aita Pacoren arteko maitasun hasieran garbia eta lohituz joango dena bestetik, eta Rosa eta bere mutilaguna den Willy-ren artekoa, azkenik.
Hiru maitasun eta sexu harreman hauetara ohituratua baldin hadago irakurlegoa, gaur eguneko komunikabide ezberdinek eskaintzen dituzten programei esker, zer da gehiagotik eskaintzen diguna Laura Mintegik eleberri honetan? Normaltzat jo daitezkeen istorio ilun hauek aurkezteko modua, haie zuzen ere. Hau da, “betikoak” ditugun harremanen berri… “baina gaur”.
Ideia kontrajarriak aurkezteko ikuspegi berria
Ideia kontrajarri asko agertzen dizkigu egileak, eleberria konposatzen duten 11 kapituluetan harrena: plazerra eta kulpabilitate sentipena, inozentzia eta krudeltasuna, zatartasuna eta edertasuna, maitasuna eta engainua, amodioa eta grina, amodioa eta bekatua…
Egileak pertsonaiak beren barrutik aurkezten dizkigu, hitz egiten daudenak pertsonaiak beraiek balira bezala. Irakurleak, mundua eta gertakariak pertsonaien begiz ikusteko aukera izango du. Hala ere, pertsonaienaz gaindiko beste ahots bat sartuko digo egileak: gizartearena, kritikarena, barkatzen ez duenarena, ongiaren eta gaizkiaren gaineko azken epaia ematen duenarena. Hau da, pertsonaiengandik eta narratzailearengandik kanpo dagoen beste ahots batena, zeinak, gizartea mugiarazten duen iritzia jakitera emango duen, eta zer egin daitekeen eta zer ez agintzera ausartuko den. Ahots honek ez du identitate propioa izatera bideratuko duen izenik, masa anonimoa da: garbitzailea, tabernaria, auzokoak, lankideak,… eleberriko pertsonaiak inguratzen dituzten eta pertsonaiekiko juzguak egitera ausartzen diren ahotsak dira.
Aipatu ikuspegi kontrajarriok, edukiz eta formaz zaindutako dikotomietan banatuta beti, pertsonaia bakoitzak eleberrian barrena hautatu duen bidea aukeratzeko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzera datoz.
Egitura tradizional batean txertatutako estiloa
Eleberriaren kanpo egitura 11 kapitulutan banatzen dela esan dugu arestian. Kapitulu bakoitzean pertsonaien eta argumentuaren inguruko aspektu bat aurkezten da. Baina barne egiturari dagokionean, egitura klasikoa jarraitzen duela esan liteke: hasierako hiru kapituluetan, sarrera gisa, Franz eta Rosa, eta Rosa eta Pacoren arteko harremanen aurkezpena egiten da. Erdiko kapituluetan, eleberriaren korapiloa izango litzatekeena, Rosa erabakiak hartzen hasten deneko garaiaz hitz egingo zaigu: lagunekin ateratzen hasten deneko uneaz, Willy ezagutzen edo aitarekin haserretzen denekoaz… Eta azkenik, irakurlea amaierara bultzatzen duten lau kapituluetan, Willy eta Franz-en jokaerak deskribatzen zaizkigu eta portaera horin aurrean Rosak hartzen duen deliberoaren berri.
Benetako protagonistak
Eleberriaren egiturari begiratuz, benetako protagonistak pertsonaiak barik istorioak direla esan daiteke. Rosaren maitasun istorioa da ardatza eta horren inguruko pertsonaiak (pertsonaia nagusiak izanik ere: Paco, Franz eta Willy) agertuz eta desagertuz joango zaizkigu. Irakurketak aurrera egin ahala, eta tarteka, irakurleak pertsonaia hauekiko erreferentziak galdu egiten dito. Paco eta Rosaren harrmanaz hitzegitean Franz ahaztu egiten du, eta Franz-ekin bueltatzen denetik geroz, Paco gehiago ez da agertzen. Maitasun istorioek ordea, hor jarraituko dute, tinko.
Estilo lasai eta egunerokotasunean oinarritutakoa darabil Laura Mintegik eleberri honetan, eta bere ezaugarririk handiena, egoerak, lekuak eta gertaerak zehazteko duen gaitasuna dela osan daiteke, deskribapen anitzetan oinarritua.
Deskribapen nahi honek, batzuetan ordea, istoriotik kanpo dauden egoerak deskribatzera eramaten du egilea: Paco eta Franz-en lantokiak, greba egoerak, etab. istorioar ezer gutxi erantsiko diotenak.
Jakinmina pizten duen eleberria
Orokorrean, irakurterraza suertatzen da eleberria. Tentsioa kapitulu guztietan barrena mantentzen du eta azkeneraino gonbidatzen du irakurlea, istorioa nola amaituko den jakitera. Arrazoi anitzengatik pizten du jakinmina: idazleak irakurleari pertsonaiak oso ondo ezagutarazten dizkiolake, irakurleak pertsonaiek zertzuk erabaki hartu behar dituzten jakin nahi duelako, irakurleak berak ere, dagoeneko, istorioaren gaineko iritzi eta jarrera jakin bat duelake, eta irakurleari, bere sentiberatasunarekin jokatu duen idazleak berak ere, pertsonaien aldeko apostua egiten duela imditzen zaiolako.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez