kritiken hemeroteka

7.500 kritika

Azken kritikak

« | »

Ahotsik behartu gabe / Bitoriano Gandiaga / Erein, 1997

Ahotsik behartu gabe Iñaki Sarriugarte / Idatz & Mintz, 1998-07

“ELORRI Poematxuak. / Elorri edertankeraz / eder-naiezko poematxuak. / Ahots, / ahots apal, ahots bakun. / Arantzazu’k nigan sortu dituan / dar-dar eta barru-ikaren ots”. Era honetara zehazten eban Bitoriano Gandiagak bere ahots poetikoa Elorri bere lehenengo liburuaren sarrera-olerkitxuan. Bere seigarren liburuan be, Ahotsak beharlu gabe jatorku, baina kasuon “ahots eta guzti”, Erein argitaletxeak liburuagaz batera CD bat argitaratu dau-eta. CD honetan Gandiagak berak aukeratu eta errezitatutako 50 olerki entzun daitekez, aukeraketan idazlearen sei liburuetako aletxuak agertzen direla. Izango ahal dau jarraipen, auzo-literaturetan tradizio luzeagoa dauen esperientzia interesgarri honek!

Liburuari bagagokioz, ez dogu bilduma honetan Gabon dut anuntzio (1986) bere azken liburutik honunzko olerki banakaren batzuk baino ikusiko. Izan be, 1963-1989 epeko olerkiz atonduriko bilduma modukotsu bat dogu Gandiagaren azken liburua —karpeta deituko leuskio idazleak—, olerkietariko gehienak argitara bakoak izanik.

Ikusten danez, bilduma honek Gandiagaren ibilbide poetiko ia osoa hartzen dau, eta, egia esan, lekukotasun egokia da haren poetikaren zuta-zeharrak ikusi ahal izateko. Bilduma sortaka antolatuta dago eta atal bakotxaren hasieran idazleak, ohar batzueen bitartez, olerkien inguruko zertzeladak damoskuz mamiaz hobeto jabetu gaitezan.

Liburuak bost atal ditu: a) “Argi oneko poema” 1963. urteko Olerti saria irabazi ebana, hamar olerkik osotua: b) “Olertiko beste batzuk” (1967-1968), urte biotan Zornotza-Larreako aldizkarian argitara emonikoak; c) “Seminario al descubierto” (1970-1975), Arantzazun ikasle-irakasleek egiten eben aldizkari elebidunean agertutako olerkiak; d) “Eupadak” (1985-1988); eta e) “Aza eta nahaste” (1985-1989). Azken atal biotako poemak lehenengoz argitaratu dira.

Gandiagak apaltasunez dinoskunez (Egunkaria, 1997/12/04), Dionisio Arruti anaia frantziskotarrari zor jako, neurri haundi baten, liburuaren argitalpena. Izan be, anaia honek kinatuta gorpuztu zan liburuaren zati haundi bat: “Hi, idatzi dok txirimiarik?, itauntzen eutsan orain Zarautzeko komentuan dagoan anaiak, eta Gandiagak zeozer idatzita euki ezkero, garbira pasatu eta karpeta baten gorde eroan zintzo-zintzo.

Liburuko lehenengo atal bietan irakurleek Elorri-ko Gandiaga ikusten dogu. Nahiz eta bere lehenengo liburua idatzi ostean gehiago ez idazteko asmoa hartuta egoan, Aita Onaindiak bultzatuta ekin eutsan barriro idazteari. Olerti aldizkarian ikusi eben argia, bada, liburuaren lehenengo atal biak osotzen dituen olerkiek. Begitu zer inoskun Gandiagak berak Elorriz, Hiru gizon bakarka liburuaren bigarren argitalpenaren epilogoan: “Guzti horregatik Elorri frakasu bat izan zen. Momentu txarrean jaio zen. Desgaraian. Esan zidaten, ordurako poestaren beste kontzeptu bat zegoela erabat. Arm bestelako poesia bat sorturik zela ja. Gizonari begira eta gizarte-arazoari begira”. Pena haundia da moda batek artista bere berezko jaiduratik aldentzea: izan be, argiro erakusten deusku poetak Elorriren estiloko poesiarako dauen jokera: “Niri gustatu, poesia lirikoa gustatzen zait. Liburu honen (Aholku beharrik gabe) hasieran doana, alegia. Gehiago gustatzen zait gauzak bilatu eta haien alderik onena, ederrena, adierazkorrena, erakargarriena indartzea. Nahiago du alde horretatik saiatu eta arimari dagokiona bildu poeman, irakurleari atsegin ematearren” (Argia, 1997/11/30). Horra hor poetaren berezko jaidura, poesiaren maitaleak bene-benetan apreziatzen dauena. Halanda guzti be, Gandiagaren poesiaren aldaketak gerora fruitu bikainak emon deutsoz euskal olerkigintzari: Hiru gizon bakarka (1974) eta Uda batez Madrilen (1977), Elorri-ren osteko biak soilik aitatzearren.

Badago, beraz, planteamendu poetiko jakin bat liburuko lehenengo zati bietan zelanbait esan. Elorriren mundu ikuskera. Zenbait gai be errepikatu egiten dira atal bietan: izadia, umezaroko gomutak… Bigarren atalean baina, gai-zerrenda zabalagoa dogu: bizitzaren argi-ilunak, heriotza, zerurako nahia… Hizkuntzari jagokonez, Elorrin legetxe, bizkaiera jator-jatorra aurkituko dau irakurleak atal honeetako olerkietan. Hemendik aurrerako olerkiak batuaz atonduko ditu Gandiagak. Aitatzekoa da bigarren atalaren urtemuga 1968. urtea dala eta urteon egin ebala Euskaltzaindiak, Arantzazun bertan egin be, batuaren ganeko batzar historikoa. Oraintsu (Hegats, 17/18, 1997), Bitoriano Gandiagak bizkaiera hizkuntza literariotzat alde batera ixtearen pena aitortzen euskun: “Bizkaiera baztertu izanaren penarik badut. Euskera batze honetan bizkaiera gutxietsia izan ote den nago. Euskara idatziari begiratu zaio bakarrik, ez mintzatuarieta. Bizkaiko euskara galtzen atera da, jendea aspertu ere egin dugulako batua mintzatura ere eramatean. Ni batuarekin bat nator. Baina!

Esandako lehen poesigintza horren erakusgarri, bakar bat aitatzearren, hona hemen poetak Arantzazuko edertasunari (“Zenbat egun eder Arantzazun eta zenbat une atsegin eta zorabio zoragarri”, 12. orr) eginiko olerkia:

BARRI EGUNA ta argi.
Garbi gauzak oro:
zerua aundi t’ozkarbi,
lurra zabal t’orlegi
ta aizea maitero.

Ta sentikizun bare
ta unkiak edonun,
ta aroen maitasarre
ta jainkoaren barre
t’oiñatzen oiartzun.

Ementxe ta oraintxe
nai nuke zoratu ta,
kirkillaren pare,
ego ta goratzarre,
intza lez agortu.

(24. orr)

Liburuko hirugarren atalak zubi-lana egiten dau Elorri eta hurrengo poesigintzaren artean. Guztira hamaika olerki dira eta, gehien baten, ardatz biren inguruan bilbatzen dira: alde batetik, Pazko garaia (Garizuma, Pizkundea), eta bestetik —seminarioko aldizkaria izanik—, hain irrikatuak izaten diran oporraldiak. Naturak (” Urtarrila oraindik”) eta euskerak (“Bizitza itxaropen delako”) be, badabe euren lekutxua; bigarren horek hurrengo atalaren olerkikera iragartzen deuskula:

(…)
Bai, jauna. Bizitza
itxaropen delako
landatzen ditut
haritzak eta
irakasten dut euskara
desesperantzaren morroi
direnen arrazoi
desesperantzazko
pinudi guztiak gorabehera.

(71. orr.)

“Eupadak” izeneko sortan (24 poema), poeta engaiatua dagerkigu, euskeraz, euskal kulturaz eta euskaldungoaren orainaz eta geroaz osoro kezkatuta bizi dana:

(…)
Ez da ezergatik,
baina euskara hil egiten da
berriketetan euskaraz
hitz egiten ez bada.

Ez da ezergatik, baina
isiltzen duzun euskara
hiltzen duzun euskara da.

(96. orr)

Izan be, Gandiagak egoki deritzo idazlearen engaiamenduari: “Gure herri honetan inplikatu beharra daukagu, ezin ditugu ebitatu gizartearen ikutu horiek, zure sentipena, zure ikuspegia ukitu edo zirikatzen dutenak” (Egunkaria, 1977/12/04). Beraz, sorta honeri Hiru gizon bakarka eta Denbora galdu alde liburuen kutsua dario: sumina eta zoritxarreko patu baten sunda. Gandiagarentzat Euskalerrian badago gitxiengo bat, euskaldungoa, kopuruz murritza dalako-edo, oinarrizko zenbait eskubide ukatuta dituana. Giza multzo horren duintasuna eta eskubideak etengabe aldarrikatuko ditu Gandiagak:

EUSKAL HERRI zaharra
Bascongadak baino
askoz zabalagoa da.

Euskal Herri zaharrean
izena justifikatzen
duen euskal hiztuna
gutxiengo urri bat da.
(…)

(107. orr)

Edozelan be, olerki engaiatuetatik aparte, hau da, kutsu sozio-politikoa dabenetatik aparte —zatirik mardulena osotzen dabenak—, badagoz sorta honetan gizakiaren sentimenduen inguruan (poza, maitasuna…), idatzitakoak: “NORA bota dugu poza? / Serio dabil jendea. / Zein gaitzek ote du harjo / bizi-indarraren lorea? (114. orr.). Sailtxu honetan baina, kaio baten eginiko amodiozko olerki bizi, sugerikor eta ñabarduraz beterikoa dogu, gure uste apalean, azpimarragarriena:

KAIXO, ZURI, kaioa:
nork zintuzkeen memento batez, nork
eskuetan!
Zure hego azpitako luma gozo tartean
hatzak ezkutatuz,
zure haragiaren beroa gozatzeko,
neure ezinik ederrenaren parte bat
zeure lumaotan ezartzeko musu
batez,
nekatzen nauen irrikaren zati bat
eraman diezadazun airera
ta dena
ezina, irrika ta musua
zeure laranja koloreko mokoa
ta zeure hanka gorriztak bezala
airez erabili ta erabili
ditzazun itsaso antsiatsuaren
arnasa kresalazkoaren zerutan!
Nik, aldiz, zure lumen gozoa
eta zure haragiaren beroa gorde
eta eramango nituzke nire
hatzen memorian.

(117. orr.)

Azkenik, “Aza eta nahaste” (1985-1989). Ataleko 25 olerkiak hiru ardatz nagusiren inguruan bilbatzen dirala elan geinke: bateko, erlijio-gaiak (Pazko eta Gabonak, batez be); besteko, bizitza (denboraren joana, sua eta urarekiko konparaketak, existentzialismoa…); eta hirugarrenik, idazletza. Badagoz, egon be, olerkiren bat edo beste sortari nahaste itxura emon leikioenak. Idazlea, behinik behin, eritzi horretakoa da sonaren berbaurretxuan esaten deuskunez: “Zati hau saski-naski hutsa da”.

“Eupadak” eta “Aza eta nahaste” izeneko atalak sasoi beretsukoak badira be, ezbardinak ditugu tonueraz, bigarren honetan ikutu politiko-soziala aienatu egiten da-eta: gai sozialak erlijiozkoek ordezkatzen dilue eta euskeraren ingumkoen ordez, idazletzari buruzko gogoetak Uda batez Madrilen dakarskue gogora hemengo zenbait hausnaketak eta gizabanakoak ekinean jardutearen garrantziaren ganekoak ikusiko ditugu: “BETI ere ekin, / zenxo zerbait egin / aurrera begira. // (Egin eta ekin, / ezina desegin / dagiten itogin / eraginkor dira.) ‘ (139. on.).

Bitoriano Gandiagaren olerkigintzaren barri izan gura dauenak aukera polita dau argitalpen honegaz: begien bidea aukeratzen badau, liburuko harrikoxkorrek markatuko deutsoe bidea; entzumenarena aukeram ezkero, CD-aren bitartez, poetaren ahozko soinuak —aldean momentuan desagertuko dan arren poesiazalearen gogo—bihotzetan luzaro iraungo dauan edertasunezko ibilbidea marraztuko dau, liburuetan murgiltzera animatuaz: “Etorri ta joan doa / sortu-ala soiñua, / aldeaz bat ixilduz. /”I’entzumena ba-dago, / adi eta zur, geldi, / izan dan a et’oraiñ / yoran bat baizik ez dan / izan a irrikatuz” (41. orr). Irrika hori, elorri xumea bizitzaren sinbolo bihurtu eban poeta apalaren poesigintzan murgiltzeak ase leike.

Azken kritikak

Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria
Silvia Federici

Irati Majuelo

Txipiroiak bere beltzean
Rafa Egiguren

Hasier Rekondo

Zendabalitz
Erika Elizari

Javier Rojo

Etxera bidean
Xamar

Mikel Asurmendi

Miñan
Amets Arzallus Antia

Mikel Asurmendi

Zendabalitz
Erika Elizari

Aiora Sampedro

Isiltasun urte luzeak
Francisco Castro

Joannes Jauregi

Bertsoaren harria
Koldo Izagirre

Mikel Asurmendi

Karanbola hirukoitza
Eneritz Artetxe

Amaia Alvarez Uria

Bilduma bat
Sandro Penna

Irati Majuelo

Bilduma bat
Sandro Penna

Igor Estankona

Etxeak eta hilobiak
Bernardo Atxaga

Javier Rojo

Aitaren etxea
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Izurria
Albert Camus

Txema Arinas

Artxiboa

Martxoa 2020

Otsaila 2020

Urtarrila 2020

Abendua 2019

Azaroa 2019

Urria 2019

Iraila 2019

Abuztua 2019

Uztaila 2019

Ekaina 2019

Maiatza 2019

Apirila 2019

Hedabideak