« Numeroak eta jolasa | Bo bo, ez diagu gauza onik »
Aurora / Eñaut Etxamendi / Maiatz, 1985
Oi malenkonia, emazteki izena duzu Eduardo Gil Bera / Hegats, 1994-01
Azken hogei urte hauetako liburuen artean Auroraz oroitzen naiz bereziki. Irakurri eta zerbait mugitzen zitzaidan gogo sotoan. Hori da.
Nik ez dakit Etxamendik Aurorari paratu dion sinbolotegia. Ez nekike eta ez dut gogo pikorrik ere nobelaren azpizurajearen esplikatzeko. Eta gero, ez da sekula gustatu zaidan zera: zorioneko hezurrik gabeko gaztanbera hartan hasita, jateko gauzetan eta nonnahi sartzen ohi dira eskuak ustezko signifikazione altxatuak atera eta hatzapratu nahian. Niri behinpin, jateko ezezik ezertarako gogoak kentzen dizkit eskusartze horiek.
Hot ere, deusen eskasean ez egoteko, per capita berexia eta buruz beheiti ezarria dugu: euskaldun pixarretik mirakuloski euskalari zurruztaka atera bezala, letraz barreiatu misterio apurren arabera ustezko esplikazione mukuruka pairatzen dugu.
Eta bada, gero, beste zerbait; autoreak uste duke berak duela eginaren giltza, xederatu dituen ezagerien ordain xuxena eta hon eta hura… bai, baina segurantza eta jakintza horiek ez dute jeus ere pintatzen. Mintzatzean bezala da: ez dugu geure ezpainez kanpoan geure ahotsean manatzen, beronek egiten dituen ondorioak eta oihartzunak eskapatzen zaizkigu erabat; halarik ere, bestela balitz bezala jokatzen dugu ezinbestez…
Kritikoa, berriz, autorea eta beronen solaskidearen artean kokatzen da bataren xedeen eta bestearen emozioen berri balu bezala baina juxtuki kritikoa da ezeren xederatzeko ez ezertaz emozionatzeko ez baita gai. Eta nola dena kutsatzen baita edertasuna salbu, onddoak bezala sortzen dira xederatzen ez dakien kritikoak manatu xederabidez baliatuz idazten dutenak eta orrialde gainetik pasako litzatekeen bare batek baino gutiago ikusten duen kritikoak ikusi jenialitateak ikusten —erosten— dituztenak. Eta hona ni Ubedako mendixketan barrena.
Baina, nik banuen zerbait esateko intentzioa… Bai, hau da: Aurora, bada, Euskal Herria edo Esterenzubiko mundu joana, zinezko norbaiten goitizena edo zer den, berdin da eta halako kandelen argiz ibiltzeko izan behar da kaskapututsa, euskal filologian lizentziatua edo antzeko espezimen bat.
Orduan, Auroraren baitan ikusten —ikusten?— ahal da oroimenak suposatzen duen bazterrik gabeko ispilu jokoa. Oroitzeak figuratzen du perpetuum mobile bat: nork bere buruari esaten diolako itxurapean nork berak oroipena moldatzen du eta zortziko bereko itzulinguruan esailea eta adilea aldatuz doaz elkarri segika. Halakoan, irakurleak badu hiru horietarik edozein izateko gomitea.
Malenkonian agertzen da gogo adimenaren sentsualitate bat. Edo, ez sentsualitate bat, baina gogo sentsualitatea bera eta berez. Ez dira oroitarazle izpi horiek, anisaren eta usain gozoz busti mokanesaren usaina eta horiek, berez eta airez aire etorri. Hala iduri eta ere, egiazki guk lantzen dugu gogo oihanpean, borta zerratuko itzalpean, lur gizen beltzean, landare sakratu aluzinante zoragarri haien moduan. Hala bada, gogoak bere burua sariztatzen du oroimenaren eztikeria horrekin: denok baitugu gaurgero joanen ez garen baina joan izan bagina poztasuna emanen zigukeelako pentsamendu gazi-gozoa eragiten digun ezinezko Irati bat. Balizko errota, urruneko giltzaur pila, Aurora.
Bakoitzak beragatik esaten ahal du. Geure buruaren kontenplazioa baita hobekien, bakarrik, menperatzen dugun gaia. Ez zion motiburik gabe lantze hori eman Axularrek Jainkoari: “Zeren badu, eta bazuen lehen ere Iainkoak, munduaren egitea eta gobernatzea baino obra handiagorik: nola baitzen, eta baita, bere buruaren kontenplatzea, onhestea, eta bai bertzerik ere anhitz.”
Oroitzean, geure buruaz ari gara ala beste norbaitez? Egiazki, zer gelditzen zaigu, zer dugu, geure izena eta izana eramanarazten dizkiogun iraganeko mamu horrena? Asko, dudarik gabe, zerbait, menturaz… Uste nahi baino gutiago, menturaz ere… Sugeak bezala larrua botatzen dugu eta bide bazterrean uzten. Hainbestetan egiten dugu bizian zehar ala subelarruak beraiek ditugu asmatuak ere? Seguraski larruazal hutsa garelako…
Beti bizi gara hobealdi baten esperoan, maiz ere, eta harekin batean, iraganaren oroimenean. Anartean, orainaldia, helbururako bidea zaigu. Eta gero, gibelaldera begira jartzen garenean, aurkitzen dugu bizi osoa bide nabar horretan eman dugula; bide nabar, oharkabean eta esperoan eman duguna, bide nabar, hori berori eta ez besterik zen, bada, bizia.
Ez zela, bada, hura Aurora ikusi genuenekoa, baina Aurora ikusi genuenekoaren oroipenaren etengabeko eraikitze, maiztatze, bestelakatze, perekatze…
Nik ez dut Goethe batere gogoko, baina behin idatzi zuen nire iduriko guztiz fundamentuzko gauza bat. Bere Wertheri buruz ari zen idatzi zuenetik urte zurruzta iragan ondoren eta hauxe zioen: “Galdegiten didate ea hori bezalako zerbait idazten ote dudan eta nik diot: “Jainkoak begira nazala Werther baten idazteko edo idatzi ahal izateko trantzean egotetik!” Hura sortu zen egoera patologikoaren berriz pairatzeko beldur naiz. Bizirik iraun diot. Irakurtzearekin, aspaldian gogo zolan ahantzia nuen kantua adiarazten da berriz; orduan batek ez du konprenitzen ahal nola oraino iraun ahal izan duen jada bere lehen gaztaroan osoki zentzugabea iduritzen zitzaion mundu batean. Hara, ez legoke gogo handitasunik baldin eta bakarrik gauza handiek goratzen eta gutaz kanpora eramaten ahal bagintuzte: gu gara xumeei balioa ematen diegunak.”
Hainbat Aurorari eta hainbat gauzari bizirik iraun diegu… menturaz, dudarik gabe, hiltzen gara irauten diegun bezainbatez. Izan genuen poeta franko despreziable hark bere neurtitz on bakarrean —ez baita guti, baitira hainbesterik egin ez duten famatuagoak— idatzi bezala: “Hemen maiz hiltzen naiz”. Baina Goethek uste zuen, eta horregatik ez zen berak uste bezain talentuko gizona, talentuak salbatzen gaituela halakoetarik. Salbatu? Talentuak? Alde hortik… Ezetz, ez talentuak ez ezerk ez duela inor ezertik salbatzen.
Nobelaren akitzeko modua —hobe baita ez ikusiarena egin hondarreko, eta erdiko, kantu, poema edo zernahi ere diren horiekin—, esaldi hori, sekula irakurri dudan hoberenetarik da. Idazle txar edo faltsu batek —ez baitira beti bat eta bera izaten— gehituko izan zukeen zerbait.
Eta hasieran berean bada nik ezagutu metafora ederrenetarik bat, zinez meditatzea merezi duena: “Nolako tinduz tindatuko nituen hitzak alhapide goretarat igor aintzin…?”
Denok baitugu zeren.
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Nagore Fernandez
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Joxe Aldasoro
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Mikel Asurmendi
Rifqa
Mohammed el-Kurd
Irati Majuelo
Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta
Aiora Sampedro
Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban
Mikel Asurmendi
Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka
Asier Urkiza
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia
Nagore Fernandez
Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate
Jon Jimenez
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Hasier Rekondo
Detaile xume bat
Adania Shibli
Irati Majuelo
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Ainhoa Aldazabal Gallastegui