kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan / Joxe Azurmendi / Susa, 1989

Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan Emilio Lopez Adan / Hegats, 1994-03

Liburu hau irakurri nuen nazionalismoaren bilakabide orokorraz burua galderaz bete nenbilenean. Gutaz pentsatzeko parada eman zidan eta, beharbada, idatziko dudana ez da hainbeste irakurketaren kronika edo kritika, baizik eta ene arazo eta fantasmen esposaketa interes gabekoa. Bainan idazleak eta liburuak, gisa guztiz, lekua merezi dute azken urtetako kronika literarioan. Gizona, hasteko. Joxe Azurmendi entsegu idazle oparo eta zorrotza da; gainera, beti euskaraz idazten du. Bistan da zein tokia aukeratu duen. Erudizioa eta luma zorrotza biltzen ditu. Gure memoria historikoaren gordailua da; zanpatzen gaituztenen ahulezia kontzeptual eta intelektualak ironiaz beteriko herraz seinalatzen ditu. Holan, gehien hunkitu gaituzten arazoak eta pertsonak ikertu ditu. Hots, lehen eskuko materialak bildu eta arakatu ditu, ez soilki gure produkzioan baizik eta pentsamendu unibertsalean (eta bereziki Europa Erdikoan) ere, eta material horien analisia gurean bizienak diren oraingo arazo politiko-sozialen ezagutzera aplikatu ditu, entsegurako bizia eta aberatsa den hizkuntzaz. Hori guzti hori, eta asko da, zor diogu.

Entsegu politiko-sozialen idazleak eskuak sartzen ditu eguneroko grinaz eta borrokaz oratzen den pastan. Ideien bidez zerbait egin nahi du. Eta alor honetan euskal idazlearen egoera oso gogorra da. Hizkuntzak berak mugatzen dio zabalkundea; entsegu liburuetan idazten dena zabaltzeko eguneroko prentsak arras gutxi egiten du; hitzaldi eta mahai-inguruen maiztasuna eta publikoa arrunt murriztu dira azken urteotan… Ez dira gauza berriak. Azurmendik 1977an horrelako zerbait seinalatzen zuen: “Lana da euskal literaturgintza. Lan gogorra. Esker gutikoa. Zaila. Gaizki ordaindua. Lanabes egokirik gabe egiten duguna. Nekez eta oker ikasten dena. Burutu ere nekez eta oker burutzen dena.” Agian gauzak argitu dira eskola liburuen idazleentzat, eta, diotenez, hedadura unibertsaleko lehen narraziogileak ditugu. Entsegu idazlearentzat,… zaharrak berri, besterik gabe; aldakuntza bakarra, gero eta gutxiago direla.

Honek dakar isolamenduaren arriskua, emaiten baitu guretzat eta lagunentzat soilki idazten dugula. Gainera, zerbaiten trukez, isolamendu honen erremedioa oso erraza da: aski du idazleak hautatzea politika instituzionalaren zerbitzua eta demokraziaren hizkuntza, kasteilanoa: berehala lortuko ditu ezagutza eta hedadura, nagusi espanolei oroz gainetik laket baitzaie abertzaleak zein astoak diren ongi esplikatzen duen intelektual euskalduna…

Azurmendik ez du inoiz holakorik egingo. Euskara eta euskaldun zapalduen eremua hautatu ditu, era militante eta afektiboaz, dena batera: “Literaturgintza eskuz-esku doa politikoaren lanarekin eta pasioarekin”, dio. Pasioa aipatzen du, sendimenduen alorra astintzen duen eremu irrazionala: gero itzuliko naiz hortaz. Bainan lana zer den badaki eta zorroztasun intelektuala atxiki du. Horregaitik, denbora berean sumintzen da eta irri egiten du Mediterraneoa deskubritu duten “Kriseilu buruko” sasi-intelektualei buruz…: “… historilari txit argiak argitu zaizkigu munduan, “euskal historiako mito” horiek ausarki jorratzen, abertzale mitozaleen kontra (…), enteratu gabe, nonbait, gerraosteko belaunaldi batek, dexente lehenago eta ofizioz historilari argi izan beharrik batere gabe, abandonatuak zituela bere kaxa ikuspide horiek.” Memoria historikoa dauka, eta erreferentzia unibertsalaz aberatsa da. Arerio krudel edo gazetilero tontolapikoari emaiten then astinduak pozten gaitu.

Azurmendi 1941an sortua da. Bere aukera esistentzialean gerra osteko belaunaldiaren egoera ikusten da; harek ere aitortzen du. Bere idazkietan usu aipatzen ditu gerraren ondorioak: literatura eta Literaturgintza, apez idazleen ugaltasuna, olerkiaren edukin etsitua, dira hunkitu dituen gaiak eta denak herri osoaren bizitzarekin lotzen ditu. Bentzutua, humiliatua, ukatua zegoen herri euskaldunaren beldurra ezagutu zuen; Salbatore Miltxelenak bezala ikusi zuen “betiko gaua, gau lazgarria”, bainan Azurmendik ez zuen etsi eta, hiltzekotan zegoen herri mutuaren baitan, erreboltarako bilakabidea ere antxeman zuen. Harekin identifikatu zen.

Nere ustez, zapalkuntza, humiliazioa eta beldurra ez dira izan espanolekin izan dugun harreman modu bakarra, bainan bai modu esankor eta sarkorra. Behar bada, izan ditugun harreman desberdinen funtsa hobekien izpilatzen duena: historian zehar, eta Azurmendiren hitzetan, gurea da “herri atzerantz doana, alde guztietatik hauzoek herstuturik, lurra galduaz inguru guztian eta bizia galduaz bizi guztian”. Demokrazia denboretan ere, inoiz ahaztu behar ez ditugun gertaerak dira horiek.

Alta, beste posibilitateak ere badira. Irekiak direla sinestu nahi nuke (eta ez nahiz bakarra). Askatasun nazional eta iraultza soziala elkarrekin eraman nahi zituen nere belaunaldian, internazionalismoak leku zentrala zeukan; auzoekiko internazionalismoa, hain zuzen. Espainolak eta euskaldunak aipatzerakoan, Sanchez Albornoz ez nuke ahaztu nahi, bainan Pi i Margall gogoratu nahi nuke. Beharbada sobera inotzente naiz.

Aipatu behar dudan liburuan, hain zuzen, Jon Mirande dugu protagonista. Harentzat, internazionalismoaz eta humanismo unibertsalaz oratzen diren jarrerak endekatzearen ondorioak dira eta herriaren bizitza galtzorian ezartzen dute. Biolentziaren legea bururaino aplikatu behar da, eta herri azkar eta noble batek auzoak zanpatu behar ditu: hona biziaren legea.

Ez dakit noraino Azurmendiren aukera afektibo guztiz barnatua, herri mututu eta beldurtuaren haur argia izateak, ez duen kutsatzen Miranderi buruzko egiten duen erreflexioa. Ez dakit noraino etsai bera astintzeko gutiziak aukera erazten dion esposaketa sistema. Ahal bezain ongi esplikatuko naiz.

Azurmendik seinalatzen duenez, gurean moral unibertsalaren monopolioa arrunt zapaltzaile eta kontserbadore ziren jauntxoek eta Elizak monopolizatu dute. Beren azpian euskal populu “zintzoa”, mutua eta beldurtuta, galzorian gertatu da. Orain, demokrazia guztiz garbiaren monopolioa Estatu odoltsuak eta bere zerbitzari intelektual merkeek daukate. Jendilaje horiek guztiak Mirandek gogor astintzen ditu, eta nola.

Etsaiaren kontzientzia ona durduzan ikustea gustatzen zaigu. Bainan kritika guztiak ez dira berdinak. Demokrazia errepresentatiboa faszistek eta anarkistek kritikatzen dute; zergatik eta zertarako kritikatzen duten ikusirik, bien arteko inkonpatibilitatea eta etsaigoa nabariak dira. Jelkideen memelokeria eta Estatu zanpatzaileen ankerkeria kritikatzeko, abiapundu eta helburu desberdinak ere izan daitezke.

Neretzat argi da. Abiapundu desberdinetatik abiatzen dira ikertzailea eta ikertua: Miranderen abertzaletasunaren oinarrian eskuin muturreko jarrera eta ideologiak dira, ziur asko abertzaletasuna baino lehenagokoak. Hau Iparraldeko abertzale zahar nahikotxori gertatu zitzaien: eskuin-mutur frantseraren baitan aurkitu zuten errepublika zentralista eta ezkertiarraren aurkako gorrotoa; eta jatorriak betirako markatuak egon dira. Azurmendirengan, abertzaletasuna da sustraia, eta inoiz ez da lerratu eskuin muturraren ideologia politikoa onartzera. Bainan, iduritzen zait, Mirandek beti eta Azurmendik liburu honetan behintzat, biolentziaren edukin etiko unibertsala bizitzeko beharren azpian ezartzen dute. Azurmendirengan, duen kontzientzia agonikoarengatik; Mirandek, berriz, nagusia izateko behar den biolentzia naturalaren apologia egiten du… Liburua kezkaz hartu nuela aitortzen dut.

Egia esan, Azurmendirengan nahikoa konstanteak dira razionalismoa eta mendebaldeko demokraziari buruzko mesfidantzak. “Arrazoizkotasun moderno europarraren historia, teoria geroz eta perfektoagoen historia izan da, Luis XIV.etik Auschwitz eta Goulagera”… Razionalismoarekin lotzen diren progresoa eta estatu legitimazio guztizduna batera salatzen ditu; honekin batera argi erakusten digu nola arrazionalitatea borroka tresna bezala erabiltzen den, hain zuzen sistemaren arrazionalitatea eta justifikazioa onartzen ez dituztenen aurka jotzeko: “Gizakia bere arrazoimenarekin definitzen bada, arrazionalitatea guretzat monopolizatu nahia, etsaiari pertsona izatea bera ukatzea da eta pertsona bakartzat geure buruak aitortu nahi izatea (…) Irrazionalak ez dira pertsonak. Horiek ez dira gizonak, piztiak dira. Eta desgizonarekin (“ETA-ratas”, etab.) badakizue Estatuek eta Inperioek zilegi zer izan duten egitea, arrazoizko jende prestuaren hiriak arratoi zikinetatik desinfektatzeko”.

Miranderi buruzko liburuan razionala ez den ezagutzaz sakon eta luze idazten du. Dudarik gabe, intuizioaz, mitotaz eta sendimenduaz oratzen den ezagutza mota honek historia luzea du. Razionalismoaren gehiegikeria da abstrazio hutsa, pertsona eta herrien berezitasunak izaki unibertsalaren abstrazioaren aldarean ukatzen dituena. Gainera, eta hortan Frantzia da nagusi, ziudadanoaren abstrazio handia gihartzen da herri maioritarioaren nazionalismo arruntenean, inguruko kolonizatuen kaltetan. Ezagutza ez-razionala ere gure prozedura mentalen partea dela gogoratzeari ongi deritzot. Bainan Mirande eta bere maisuengan ezagutza eta nortasunarekin morala lotzen da: moral unibertsalak norberaren nortasuna ukatzen eta zikirotzen omen du, saldoan esklaboaren moral apala sortzen duelako. Arima nobleak bere barne ahotsari bakarrik obeditu behar omen dio… Pena da, diñot nik, azken finean arima noble aristokraten esistentzia besteen zapalkuntzaren gainean finkatu behar delako. Bizitzaren legea da, erantzuten didate…

Berriz, nik uste dut pertsonatasuna edozein jenderi aitortu behar zaion bezelaxe, badela gure partikulartasun pertsonal eta herritar guzien haraindian dagoen batasun funtsezkoa, denen arteko batasuna eta komunikazioa sustraitu dezakeen portaera unibertsala, humanismo orokorraz egina, arrazionaltasun amankomun batetan finkatua.

Bainan filosofiaz ez naiz oso trebe. Politikaz zerbait gehiago ikusi eta ikertu dut. Eta hortaz bada Miranderi buruzko entseguan beste pundu gordin bat, gordinago beharbada oraingo egoera ikusirik. Azurmendik gogoratzen duen bezala, Miranderen arrazismoa eta biolentziaren apologia ez dira debaldeko poseak, baizik eta sistema koherente baten ondorioak. Mirande euskal populuaren esistentzia eta etorkizunaz grinatzen da. Haren ustez, Mendebaldeko doktrina kristau-demokratiko-sozialistek endekatua (edo endekatuz gero doktrina horiek onartu dituelako, berdin zait), desager zorian dago; doktrina horiek esklaboarenak dira, saldoarenak. Harek dioenez, Azurmendik laburtzen duen bezala “gizarte bizitza, eta bereziki herrien arteko eta elkarrekiko existentzia, borrokazkoa dela, izan. Errealitate horri begiratzen genion artean gu ere baginen zerbait, “enda sendo, azkar ororen antzora hauzo ahulagoaren bizkarretik hedatzera eta aberastera ekarriak ginelarik”. (…) Jatorrizko gizon naturala gogo-basa dela, borrokaria eta nagusi-nahia. Bere natura jator eta bortitzaren arabera jokatzen duen herriak ere gudua egiten du.”

Azken finean, arazo filosofikoa (razionaltasuna versus irrazionalismoa, hau hartuta Azurmendik ematen dion zentzuan, eta ez batere era merke peioratiboaz) eta arazo politikoa (naziotasunaren oinarrian dagoen auzoak menperatzeko beharra) lotzen dira gehien kezkatzen nauen arazo batekin. Eta horrek esplikatzen du zergaitik hautatu dudan liburu honen komentarioa.

Nazionalismoaren bilakaeraz ari naiz, askatasun nazionalaren aldeko borrokak askatasun unibertsalezko borrokaren parte bezala konsideratzeko garaia bukatu denean. Gure belaunaldian, ETAren belaunaldian, munduko herri zapaldu eta langile zapaldu guztiak elkarrekin ginen, bakoitza bere lekuan eta danok balore amankomun komunistek baturik. Orain, etsaiak auzoak dira, eta bizitzeko auzoa zanpatu behar… Mirande aktualitatean dagola uste dut, eta ez onerako. Lagun batzuek esan didate bide oker batean lerratu eta tematu naizela, euskal nazionalismoa herri menperatu batena dela eta, beraz, faszismoaren aurka txertatua. Agian arrazoina dute eta nere kezka guztiak lan alferra dira; Azurmendik dionez “problema faltsuen soluzio ia bakarra ez planteatzea da”: bainan ez naiz hain ziur problema faltsua dela.

Aitortu behar dut nazionalismo eta faszismoaren arteko harremanek faszinatzen nautela. Euskal Herrian eta Alemanian. Miranderen kasua eta besteak. Alta, Auswitchz gertatu eta, oso tolerantzia gutxi diet faszismoaren baloreak bereganatzen dituztenei. Abertzaleak zirelako eta ustez hori zela gure aberriaren aldeko hoberena? Berdin zait: kondena gorriena.

Eta, hain zuzen, hori dago eskas, nere ustez, Azurmendiren liburuan; eruditoak nabardura anitz aurkitzen du Miranderengan, eta nabardura horien izenean esaten digu Mirande faszistatzat hartzea sinplekeria dela; jelkideen lelokeriaz, espanolisten erasotaz eta demokrateen harrokeriaz asper eginda dagoen euskaldunak arrazoin funtsezkoak aurkitzen ditu Miranderen sarkasmoetan eta haren biolentziarako deietan… Bainan nabardurek ezin dezakete funtsa izkutatu: Mirande, adibidez, ez sabinianoak bezain zakarra euskal arraza eta espainol arraza kontrajartzeko, bainan beltz eta, bereziki, juduen kontra, arrunt arrazista zen, bortitza eta higuingarria; “Lizarrako progromaz borkariotu behar genduke(ela)” dioen aipamena Azurmendik berak ekartzen du.

Beraz, nabarduren ikerketan diren egiak ahaztu gabe edo, hobe, haien konpainian, Miranderen egiazko faszismo arrazistaren kondena gogorra ere irakurri nahi nuen liburuan. Ez irakurtzeak durduzatu ninduen. Arazo hauek oso larriak dira, eta Azurmendiren esposaketak ongi eta sakonki zehazten ditu pentsakera irrazional eta elitistaren joan etorri guztiak, pentsakera honen kritika egin gaberik. Ados dela pentsatu behar dugu? Edo soilki esposaketa prozedura egokia dela?

Kezka kezka eginda heldu nintzen bururaino, eta han Lukacsek irrazionalismoari egiten dion kritika filosofiko-politikoari buruz zera irakurri nuen: “erreparo dexente egin beharra legoke”. Ados. Bainan Lukacsi emandako egurra esposaketa baino haratago doa: zergatik ez besteei? Eta Azurmendiren historian eta ibilbide intelektualean arrazoinak bilatzen saiatu naiz. Gure arteko askorentzat lagun eta maisua delako. Egoera oso gogorren gaudela pentsatzen dut, desorientazio politiko eta etikoaren arrisku gorrian: dugun kontzientzia agonikoak, etxekoekin dugun solidaritateak ez digute lausotu behar. Piztiaren sabela oraindik dago ernai.

Azurmendik seinalatzen duen bezala, Miranderen eragina handia da Euskal Herriko pentsamendu modernoan: “(harek) ireki zuen Pandoraren kutxatik barreiatu dira haizeak…” Haize arre batzuen aurka hesiak altxatu behar.

Bukatzeko, gauza askotan bezala beste pundu batetan ere emanen diot Azurmendiri arrazoina. Idazle konprometitua dela ezaguna da; gaurregun idazle konprometitua izatea ez da gure modernoen gustokoa. Batzuek bere izkribuak gogorrak aurkituko dituzte, eta bere engaiamendua intolerantea. Hain zuzen, orain demokraziak eskatzen duen tolerantzia biguin hori, harek kondenatzen du: “…Estatuak berak (tolerantziaren aldeko) propaganda egiten du, ideia denak diskutigarriak eta erlatiboak diren bitartean Boterea seguru bait dago”. Hitz honen oihartzuna berrikitan entzun dut Parisen, etxegabekoak ohiltzeko poliziak bere biolentzia “legitimoa” erabiliz gero, Sinéren ahoan: “Spectacle révoltant et insupportable s’il en est! Ces tronches simiesques ricanent sous les casques et visières en exécutant leur basses besognes. (…) Allez là-bas faire votre plein de haine et de dégoût: c’est salutaire pour ne pas mourir idiot et tolérant“.

Biba zu, Joxe, eta gaizki esanak barkatu.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak