kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Gure zinemaren historia petrala / Koldo Izagirre / Susa, 1996

Gure zinemaren historia petrala Roberto Mielgo Merino / Hegats, 1997-12

Urte honen lehendabiziko urratsekin batera etorri zitzaigun nortasun bereziko gipuzkoar honen dastagai berria. Dastagai diot, bai, niri zapatari baten seme historiko haren irudia gogora ekarriagatik, sortzaile pluridiziplinar honek baduelako oroitzapenak halako ikuspegi xamur, erromantiko eta hunkigarriaz erakartzeko ahalmena, baina inolaz ere inozoa, hori ere esan beharra dago.

Ez dugu Koldo Izagirre erraz koka edo defini daitezkeen sortzaile horietakoa, ez dut nik hala uste behintzat. Badirudi gure txokotxo honetan —besteetan bezalatsu, esan behar da, zoritxarrez— ez dugula erraz bere poesia autoargitaratuko lukeen outsider tankerako olerkaria eta kritika akademikora hurbiltzen den ikerlariaren lana lotzerik; Bertan Filmeak eta horrelako istorioak ez aipatzearren, noski. Baina historiaz ari garela, badira, gure mesederako —nahiz eta inoiz eskertu ere ez diegun egiten—, euskal kulturaren ibilbidean halako sortzaile hiperaktibo eta mugikor zenbait, eta nik esango nuke, beldurrik gabe, gure biboteduna horietako bat dugula.

Oraingoan ezuste zoragarria eskaini digu Izagirrek, Iñigo Aranbarrirekin batera eginiko lan mardularen ondoren. Ezustea diot, ez baita Unsainek aspaldi argitaratutako historia ederraren gisako gauza objektibo eta akademikoa izan. Nolanahi ere, sorpresa ez da hainbesterakoa izan, horretarako izenburuan gorriz idatzitako “PETRALA” ikaragarriak hatz argia ematen baitigu.

Kronika kutsua izanik ere, ez da, berez, kronika bat, ohizko dugun kontzeptuan. Eta, esana dugunez, irizpide akademikoetatik datozkigun historia horien erakoa ere ez. Zer da, orduan, Gure zinemaren historia petrala abentura berri hau? Bada, Izagirreren esperientziatik eta honek besteen esperientzietatik bildutako anekdotario subjektiboa dugu, ni lako bati horrelakoak hain kategorikoki esatea zilegi bazaio. Eta horretan du liburu honek bere zerik erakargarri eta indartsuena, Izagirreren gatz eta piperrak ematen baitio begirada nostalgiko eta, aldi berean, ironiko horri bere bizitasuna.

Baina, kasketaldi hutsarekin konformatu gabe —Koldo Izagirrez ari gara!— behin eta berriro atxikitzen zaio euskara eta euskal kulturaren egoerari, euskal zinearen eza eta gehiegikeriak abiapuntu, haiei buruzko topiko eta argitu bagako erronka ugari plazaratu beharraz eta ezin ahaztuaz irakurlea ohartu nahian. Haurkeria itxurako joko krudelak itsu-mandoka dabilen herri batentzat, alegia, gure bibotedunaren familiako batek aspaldi esana zuenez.

Gauza bat eskertu behar diogu Izagirreri bereziki: gure historia munduan ere badagoela erakutsiaz batera, soilik gurea den zerbait ere baduela gogorarazten oraindik ahalegina egiten duten gutxi horietakoa izatea, inolako apologismotan erori gabe, euskal kultura eta euskaldunon mesede eta pozerako.

Baliteke, Koldo, zutaz amoroski aritze honek mesfidantzaren bat eragin izana. Nire iritziei buruzko zalantzak argitu nahi dituenak irakur dezala opari interesgarri eta —gainera!— entretenigarri hau, eta honela, gutxi barru, ugari izango gara, Izagirre eta beretarrekin batera, Man Ray maiteko dugunok.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak