kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Altzeta / Karlos Linazasoro / Alberdania, 1996

Altzeta Jerardo Elortza / Hegats, 1997-12

Gaztea izan arren, ez da Karlos Linazasoro Izagirre (Tolosa, 1962) idazle ezezaguna euskal letren munduan. Liburu honen aurretik beste lau argitaratuak zituen jadanik: Besterik gabe, Albina (1991), Ipuin arriskutsuak (1994) Zer gerta ere (1994) eta Euriaren eskuak (1995); narrazio-liburuak ditugu lehenengo hirurak eta poema-bilduma laugarrena. Bosgarren honekin kontaketa-alorrera bueltatzen zaigu autorea, baina oraingoan bere lehen eleberria eskaintzen digularik. Euskararekiko zaletasuna eta idazteko grina familiatik datozkio nonbait: bere aitona, Linazasoro’tar Karla, Altzeta, gerra aurrean euskarazko hizlaririk osp etsu eta sutsuena genuen, eta aita, Iñaki Linazasoro, kazetari oparoa eta hogeitakada libururen egile dugu. Nobela honetan, gainera, aitonak Euskal Herri osoan zehar hainbeste zabaldu zuen goitizena liburuaren izenburu bihurtu zaigu: Altzeta. Altzeta Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga aldean Linazasorok asmatu digun herri imajinarioa da. Dena den, kokapen oso zehatza daukala dirudi: Berastegi eta Leitze bitartean, Plazaola eta Urto inguruan esango nuke, garai bateko Andoain/Iruñea trenbidearen ertzean. Leitzaran haranean gora igotzen zen Plazaolako tren ttikia da, hain zuzen, liburuaren ardatzetariko bat; eta eleberriaren aldi historikoak ere trenarenak adina irauten du: XX. mendearen hasieratik 1953.erarte.

Altzeta, bestalde, trena egitera etorri zirenek sortu zuten. Lanak amaitu zirenean, hantxe bertan geratzea erabaki zuen Miel Anjel Zubeldia andoaindarrak, eta berarekin batera beste talde batek, azkenera orduko 114 biztanleko herritxoa osatuz. Sortzailaren semea —Miel hau ere— izango da, nolabaiteko kronista lanetan, atzeraaurrera askorekin herriaren historia bitxia kontatuko diguna. Bitxia diot, magikoa ez esatearren, autoreak horrelako kutsua eman nahi izan baitio nobela honi, baserri giroko paraje arrunt batean elementu harrigarri samarrak txertatuz. Bitxikerietako bat, historia xelebre baten ondorioz, Aljeriatik Altzetara heltzen den Mohammed “beltza” dugu. Herri osoaren bizimodua aztoratu eta aldaraziko du pertsonaia honek bere pentsamolde, jokaera eta, batez ere, trebezien bitartez. Baina gauzarik harrigarriena, agian, zera da: Mohammed-ek Afrikatik ekarritako basapiztiak eta abere hauekin alzetatarrek Gipuzkoak Nafarroarekin dituen muga malkartsu horietan gauzatzen duten zoo ikusgarria. Ez da bitxikeria txikiagoa horrelako toki baztertu batean Goiko-Benta bezalako señorita-etxe dotorea antolatu ahal izatea. Burdel arraro horretan gertatzen diren istorioak ez dira erraz sinestekoak, batez ere gerraosteko urte latz, goibel eta errepresibo haietakoak direla kontuan izanik.

Karlos Linazasorok, nire ustez, Bernardo Atxagak edota Inazio Mujikak urratutako bideari jarraituz, baserri giroko herri txiki baten gorabeherak (apustu, dema eta guzti), islatu nahi izan ditu. Lekua, egia esan, erakargarria da; nekazaritza ezezik, meatzeak ere egoteak idazeremua hedatu egiten dio; trenaren historia bera ere interesgarria da. Alabaina, paisaia errealista horretan gorago aipatutako elementu magikoak kokatu gura direnean datoz zailtasunak eta ezinak. Izan ere, oraindik historia aski hurbila baita, Tolosa eta inguruetako pertsona eta tokien aipemanak oso zehatzak ditugu, eta garaiko gertakari asko ezagunegiak egiten zaizkigu era horretako “nabarmenkeriekin” besterik gabe uztartu ahal izateko. Liburu honek, bada, sinesgarritasun aldetik izango luke bere alderdirik ahulena.

Badu, haatik, alderdi positiborik ere. Garaiko ohiturak, gertakariak,pertsonaiak, kirolak eta kultur-giroa xehetasun handiz azaltzen zaizkigu: adibidez, eskiak gure artean eman zituen hasierako urratsak, edota Tolosan gerra aurretik Emeterio Arrese, Ixaka Lopez Mendizabal, “Lizardi”, Antonio Mª Labaien, Jon Andoni Irazusta, Pepe Eizagirre, “Aitzol”, Pio Montoya eta abarrek osatzen zuten talde euskaltzale eta ilustratua. Hizkera joria izanik, ulerterreza da gehienetan; adjetibazioa, aldiz, aberatsa eta egoki samar erabilia. Pertsonaia batzuk aski ongi taxututa daude: aipaturiko Mohammed edo Don Justino maisu hunkigarria, esaterako. Beraz, liburu biribila izateke, atseginez irakurtzen diren horietakoa dugu.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak