kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ostegunak / Jon Arretxe / Elkar, 1997

Bost ipuin Iban Zaldua / Hegats, 1998-06

Nork zioen euskal literaturan umore eta ironia gutxi erabiltzen zenik? Azken urte hauetan, bederen, uzta ugalduz joan dela esan dezakegu, Xabier Montoiaren Emakume biboteduna bikain eta gazi-gozotik hasita, Kutsidazu bidea, Ixabel arrakastatsuaren “boom”-erarte, nahikoa bide ezberdinetatik abiatzen diren bi bakarrik aipatzearren. Ildo honetan kokatu beharko genuke Ostegunak hau, nahiz eta ez duen lortzen, inondik ere, ez aurretik aipatutakoen maila, ez eta, nire ustez, egileak berak ipuin hauek idazterakoan agian zeukan helburua bera ere.

Liburuaren hasiera bera susmagarria da, eta soberan dagoela esango nuke: bertan agertzen diren kontakizunek mindu dezaketen talde eta pertsonen zerrenda egin ostean (ipuinak aski laidogarriak izan ez eta egileak agian minduko ez direlakoan), azpimarratzen digu ipuinetan azaltzen diren iritziak ez datozela bat idazlearekin. Jakina! Ez digu Arretxek irakatsiko Cervantes Mantxako Quixote bezain ero ez zegoela, ez eta Dashiel Hammet-ek bere detektibeen biolentzia eta hilketarako grinarik ez zuela. Ez dut uste zeregin literarioak halako sarrera-makulu zabarrik behar duenik.

Ostegunak bost ipuinek osatzen dute. Tuna-fish komandoa dugu lehenengoa, akaso liburuko hoberena. Gasteizko Soin-Hezkuntzako ikasleen eta tunoen arteko liskarretan oinarritua, indarrez beteriko hasiera du, ironikoa, irakurtzen jarraitzera bultzatzen duen horietakoa, nahiz eta kontakizunaren garapenak ez duen agintzen zuena guztiz betetzen. Ni bezala Gasteizko gauak EKIkoa izan gabe bizi izan zituen batentzat ikasle haien txandalarekiko grinari garrantzi gutxiegi ematen badio ere, divertimento bezala aski ondo funtzionatzen duela esan daiteke. Ipuinari ematen dion konponbidea bortxatuegia gerta badaiteke ere, liburu honetako beste ipuinek pairatzen duten sinesgarritasun falta nabarmena gainditzen du, umoreari esker hain zuzen ere.

Teletienda: amodiozko istorio labur bat eta Unibertsitateko harakinak oso gai desberdinetako liburu honetako bigarren eta laugarren ipuinak izanda ere, elkarrekin iruzkinduko ditut, besterik gabe, txarrak iruditzen zaizkidalako. Literarioki intraszendenteak, ez diote ezer berririk ekartzen ez ligatu-ezinean-dabilen-euskalikasle-gizagaixoaren gaiari (aipatu lehenengo ipuina), ez eta ekaineko azterketen azpigeneroari ere (bigarrena). Zertxobait lasaituko nintzateke, baina, Arretxek gaztaroan idatziriko ipuinak direla jakingo banu, zaila iruditzen baitzait hogeita hamar bat urteko pertsona batek halakorik idaztea.

Malagueña salerosa hirugarren ipuinak, lehengai hobeagoak izanda ere, ez du liburua salbatzen laguntzen. Narrazioaren koerentzia edo trinkotasunari min egiten dioten xehetasunak alde batera utzita (zein da, adibidez, Ozpin pertsonaiak betetzen duen errola? Soberan dagoela dirudi eta, edozein kasutan, ipuina, luzatzen baino ez du laguntzen), Besteen (hots, euskaldunak ez direnen) topikoekin jolasean ibiltzearen arriskuak aski ondo islatzen ditu; kasu honetan, ligatzeko sasoian dabiltzan andaluziar edo malagar neskeen topikoak. Ipuinak ez du aski interesgarriagoa iruditzen zaidan euskaldun oporzaleen lohikerian sakontzen eta, gainera, kontatzeko erak nolabaiteko misoginia-punttua ere badu. Baina, noski, alde honetatik lasai egon gaitezke, Arretxek liburu-hasieratik abisatu digulako “ipuinetan azaltzen diren iritziak ez datozela bat, derrigorrez, (…) idazlearen iritziekin…”.

Atsoak-k ematen dio liburuari amaiera: lehenengo kontakizunean bezala, sinesgarritasuna da nagusi, umorea bera ere gailenduz kasu honetan. Ez dut esan nahi bertan deskribatzen zaigun ikasle-etxea bezalakorik egon ez denik: agian guztiz errealak diren gertakizunetan oinarritutako ipuina dugu. Baina kontatzeko erak kontrako ondorioa lortzen du: ikasle-bilduma, arketipoz beterikoa, zabalegia da; gertakarien hariak multipleegiak dira; etxeko jabeen senidea den atsoaren etorrera bera sineskaitza da; Txabiren istripua eta aldaketak, ordea, azalpen sakonagorik merezi duela deritzot… Une pozgarriak baditu ere, orohar “Atsoa” hau ere ahalegin raté bat bezala kontsidera daiteke.

Liburuak nahikoa arrakasta izan omen du: nik, bederen, fakultateko ikasle batek gomendatuta (eta gogoz) erosi eta irakurri nuen: bere alde, motza eta arina dela esan beharko nuke. Edozelan ere, halakoak ez dira soilik gure artean gertatzen. Edozein herrialdetako liburu salduenen zerrenda begiratzea aski da konturatzeko horien artean literatura ona salbuespena dela. Gil Berak esaten duen bezala (Ostiela 9, 23.orr.) “edozein literaturan gehiena zaborra da”, baina gure literatur-mundu nimiñoan ez dugu literatura ona, ez hain ona eta kaskarra desberdintzeko ohiturarik, ez horretarako tresna ikonografikorik (bilduma ezberdinak, adibidez). Lagun batek esan zidan, behin, euskal literaturak abenturazko eleberrien eta best-sellerren beharrean zegoela, hots, “bigarren mailako” literatura baten beharrean. Euskal Herrian, ordea, argitaratzen den oro kontsideratu nahi dugu literatura garaia. Eta, halaxe, Jon Arretxeren liburu hau ager daiteke, liburudendako apal txukun batean, bere argitaletxeko bilduma berberak plazaratutako Joseba Sarrionandiaren, Mercé Redoredaren edo John Steinbeck-en lanen artean. Enpin.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak