« Samina eta esperantza | Poetika xumea »
Anemometroa / Igor Estankona / Susa, 1998
Bihotzaren azpiko hitzak Garikoitz Bersasaluze / Hegats, 1999-01
“Harearen azpian egon behar du hitzen batek beldurrik ez diona sinpletasunari.” Hitz horiek irakurri dizkiogu Igor Estankonari bere lehen poema-liburuan eta, egia esateko, egileak egin duen hautuaren adierazgarri dira nolabait hitzok. Sinpletasunaren aldeko hautua, alegia. Sinpletasuna, haatik, egileak dioen moduan, ez da hiztegi pobrearen sinonimo gisa ulertu behar. Gauzak zehatz, zuzen, barrokotasunik gabe adieraztearen sinpletasuna eta indarra da liburu honek duena.
Lau atal ditu liburuak, azkenengoa epilogo gisako atal laburra baldin bada ere. Lehenengo atala, Noiz datorren Momo izenekoa da aipatu berri dugun sinpletasun horretatik gehien aldentzen dena. Bitalismoa darion atala da, indnrtsua, baina, halaber, ondoren datorren bizitasunaren eta indnrraren erakusle gisa irakurri ditugu guk. Bertan irakurriko ditugu, ordea, hurrengo ataletan bezala, gure poesian azken urteotan idatzi izan diren amodiozko poema ederrenetarikoak. Tristuratik idatzitako poemak dirudite, baina badute alaitasun puntu bat ere. Ezkortasunak ez du lekurik. Atal honetan, dagoeneko, idazleak irudiak eraikitzeko eta hauekin jolasteko duen trebetasuna agerian geratzen da.
All songs recorded live in Autumn, 1997 izeneko atala ulerterrazagoa da. Eguneroko bizimoduari heltzen dio bertan idazleak eta sentimenduak ere sinpleagoak dira. Metaforak eta irudi surrealistak, hala ere, areagotu egiten dira. Poemak, dena dela, oso narratiboak dira, eta erritmo bizkorra dute erabat. Batzuen hasieran zenbait egileren aipuak agertzen dira, nolabait idazlearen gustukoak direla gogoratuz. Ramon Saizarbitoria eta Jon Miranderekin batera, esaterako, Luis Garcia Montero dakarkigu testura Estankonak. Garcia Monteroren eragina nabaria da liburu guztian barrena baina, hau gaindituz, bere mundua, bere liburua, bere anemometroa eraikitzen jakin du gazte artearrak. Ziur, aurrerantzean, Garcia Montero beharrean erreferentzia zuzenagoa eta ezinbestekoagoa izango dela Igor Estankona hurrengo euskal irakurleen belaunaldientzat.
Hirugarren atalak, Inperio garaia deituak, liluratu gaitu. Mundu klasikora jotzen du idazleak egungo kontuentzat azalpen bila eta irakurketa politikoarentzat ere lekua uzten duten poemak aurki daitezke bertan. Estankonak, ordea, ez du segurtasun inpresiorik ematen, ez maitasunean, ez heridtzaren aurrean, ez politikan eta ez ¡non. Denok garen moduan, kontraesanez betetako pertsona dela argi eta garbi adierazten du poemen bidez. Zintzoa da bere buruarekin eta egia idazteko ahalegina egiten du, kontraesanari ezinbesteko lekua eginez, beraz. Beldurra, bakardadea, heriotza eta maitasuna dira gai nagusiak.
Epilogo gisako Atzeko atea, hasierara itzultzeko bidea da. Liburuari batasuna ematen dio horrela egileak. Nabarmena da bertan duintasunez mantendutako ezkortasuna, liburu guztiaren is pilu, azken esaldia, kasu: “Horregatik usteltzen da ume bat nire barruan”. Atal laburra da, hiru poema bakarrik dituena.
Mendearen amaieran argitaratu den liburu honen bidea egingo badu hurrengo mendean sortuko den euskal poesiak, irakurleok badugu gustura egoteko arrazoirik. Aspaldian ez baikenuen irakurrik honelako poesia eder eta indartsurik. Benetako poemak dira hauek. Egiazkoak bezain gazteak. Bihotzaren azpiko hitzak.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi