kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Kartak (idazkiak) nola idatzi euskeraz? / Nemesio Etxaniz / Itxaropena, 1950

Kartak (idazkiak) nola idatzi euskeraz? Ibinagabeitia'tar Andima'k / Euzko Gogoa, 1951-02

Euskeldunak, egia esan, ez ditu iñoiz ere idazteko irrikak erre, eta euskeraz idazteko berriz, gutxiago. Iñoiz idaztekotan, erderaz egiten dute geienetan. Gertatzen da, baita ere, kartaren bat idatzi nai duanak erderarik ez jakitea. Eta alaere, erderaz idatzi bear. Zer egiten du ortarako? Erriko sasi-letrauen bati ots-egin, eta onek erderaz idazten dio gure gizonak, edo emaztekiak, euskeraz diotsona; parragarrizko erderaz, alajaña, onako: “querido amigo: malagraria cal resibo dela presente talles ben” eta kirtenkeri aundiagoak oraindik paperian jarririk. Beste batzuk erderaz badakite, bainan ez euskeraz bezin ondo. Oiek ere, erderaz idazten ditute beren kartak, euskeraz idazteari gutxiesten dielako. Ezagutu nun neskame bat telefonotik beti erderaz erantzuten zuena, eta nolako erderaz, naiz euskeraz mintzatu arian beste alderdikoa. Euskerarik telefonoko arietatik ezin ibili zitekeala uste zuen nunbait. Beste ainbeste gertatzen da idazki edo kartaz ere. Euskeldun askok, euzkerarik ezin ibili ditekela korrio-zear uste dute, eta erderaz idazten ditute karta guziak. Parregarriak benetan, negargarri ezpalira.

Oitura lotsagarri orri ataka sendo bat ipintzeko, Etxaniz’tar Nemesiok “Kartak (idazkiak) nola idatzi euskeraz” deritzaion liburutxo polit bar argitaratu digu Zarautz’en. Polita eta bearbearrezkoa. Euskera garbiz eta erabat argiz.

Lau sailean berezi digu arloa: Lenbizikoan, Idazki-asierak ematen dizkigu: lagun artekoak. Maiteminduen artekoak.. Begirapenezko jaun-andre artekoak. Senar-emazte artekoak. Eliz gizon artekoak. Aita Santuari. Kardenal Jaunei Obispo edo Gotzai Jaunei. Kanonigo Jaunei. Erri-agitariei. Urrengo, Karta bukaerak, asierak bezela berezirik. Ondoren, Karta bilduma bat: Sal-eroste idazkiak, Maizter-nagusi artekoak. Samin-agur idazkiak. Zorion idazkiak. Lagunarteko kartak. Alabak gurasoei. Emakume ezagunari. Maiteminduen idazkiak. Eliz gizoei. Gero “Oroigarri ta deiak” nola egin azaltzen du. Azkenez, Idazle zar eta gazte batzuen idazkiak ere jarraibidetzat jartzen dizkigu.

Zer asmo izan du, ordea, liburu onen egilleak? Berak baino obekiago ez digu iñortxok ere esango. Ara zer dion liburu-sarreran:

Liburutxo onen asmoa, begien aurrean dezu: euskaldunei, alegia, auxe jakinaraztea: beren kartak (idazkiak, eskutitzak, itz garbia naiago ba’dezu), euskeraz eskribitzeko naikoa ta geigi dakitela.

Gure aurretik euskaldun zarrak, akats aundia zuten ontan. Euskera, beren ustez, etzan eskribitzeko gauza. Uste oker au, ondorengo euskaldunei buruan ondo sartua utzi digute. Uste okerragorik.

Izketa guziak, izan ere, erriak erabiltzen ba’ditu, bai eskribitzeko ta bai itzegiteko gauza egin ditezke. Itzegiten eta idazten ezpadira ostera, aztu ta auldu egin oi dira. Euskeraz itzegin eta eskribi dezagun beaz: eta euskera mutildu ta aberastuko da.

Gure asmoak nolabait adierazi bearrak, berekin ekarriko ditu esaera eta itz berriak.

Orretarako, gure erriari bi uste oker burutik atera bear dizkiogu.

1) Lenbizi auxe: kartak euskeraz eskribitzeko edo idazteko, eztagola, euskera jakintsuak ainean ikasi bearrik. Erdeldunak ere, ez dute beñere uste izan, beren eskutitz edo kartak, Cervantes’ek bezin ongi egiñak izan bear dutenik. Ezta guk ere beaz.Ontan, lagunartean egiten dezun euskera ber-bera, zure kartetan ere, egizu Asieran naikoa dezu ori.

2) Bigarren esatekoa auxe dizut: zure kartetan erderatiko itzak nas ditzakezula, orregatik lotsatu bearrik izateke. Neuk ere, nere liburutxo ontan, amaika erderatiko itz apropos botatzen ditut, zuri orretarako lotza joan dakizun.

Izketa guztiak alkarri itz asko arrapatzen dizkiote. Erdeldunei ez aldiezu beste izkuntzetako itzik asko entzun? Or dituzu “alhondiga, Alcaide, Almirante” ta abar, moruei arrapatutako itzak. Or dituzu “Hotel, Bar, Chofer” ta amaika beste itz, or-emengo izkuntzei artutakoak. Ez dezagun ba guk, ontan geronen bururik geiegi estutu.”

Ain zuzen ere, Argentina’ko euskeltzaleak euskerazko karta geien artzen dutenen arteko nor-geiagoka bat sortu dute, eta urte onen buruan geien artu ditutenei, sari eder bana emango die. Bainan kartak artzeko, norberak ere eskutitzak idatzi bear ditu, bestela nola artu? Bete-betean datorkigu beraz, Etxaniz euskel-idazle azkarraren liburutxoa. Gaurgero ez deila iñor ere gelditu euskeraz eskribitzen ez dakiala-ta idatzi gabe. Azteko beintzat or dezute Etxaniz’en liburutxua. Andik ikasiko duzute, nola kartak asi ta bukatu, baita ere, nola barnekoa idatzi. Pixkanaka-pixkanaka, oiturarekin ez dezute ejemplo bearrik izango. Ontan beti ere, biotzak dioguna azaltzea izaten da goxoena eta baitare egokiena. Aurrenekoan, arik eta oitura artu arte, ez buruak geiegi biurritu, itz eta esakera egokienak topatzeko: Utzi lumari bere kontura, aisa ta eroso ibili dedin, itzak ezpañetatik ateratzen zaizkigun bezela papereratzen. Ez lotsatu, ez gorritu. Euskeraz idazten, ere, beste izkuntzetan bezela, erabiliz eta ekiñez ikasten baita.

Urruti xamar bizi ezpanintz, irra-saio au entzuten dauden euskeldun guziei kartatxo bana neri eskribitzeko esango nieke, Idiazabal’go Muxika’k Argentina’ko karta-saria irabazi ez dezan. Nik pozik jasoko ditut, eta atsegiñez beterik erantzungo dizutet, bakoitzari kartatxo bat bialduz, al dedan xamur eta politena.

Saiatu bada euskaldunak euskel-kartak idazten. Aurten inguru guziak astindu bear genituke euskerazko eskutitzez. Idatzi ezauzte guziok euskeraz, guraso eta seme alabak, beaien artean: senar-emaztegaiak ere bai: oi zenbat gauza polit elkarri esan zenezaioketen euskeraz, erderaz baino askoz ere polit eta eztiagoak. Adiskide artean ere saiatu zaitezte euskeraz idazten. Laister euskeraz iabetuko zerate eta ikusiko dezute zein ederki azaldu ditzakegun geure izkuntzaz, gure biotzak sortzen ditun asmo ta pentzamentuak, iñoren parregarri izateke.

Eta Etxaniz’tar Nemesi’k ar bitza euskeldunen eskerrik beroenak egin digun lan ederraren onez.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak