« “Urte guziko meza-bezperak” | Andre Mari Euskalerriko mendietan »
Kanta-kantari / Nemesio Etxaniz / Ordorika, 1951
Kanta-kantari Ibinagabeitia'tar Andima'k / Euzko Gogoa, 1952-01
Odei beltzenak inguratzen gaituten aldi zakar ontan euskeraren bizi-naia nunnaitik agertzen ari zaigu. Etsipen itzalez alde orotarik esi ta egon arren, udaberrian gandu-matasaz bilduta dagon zugatz billusiak bezela, kimu berriak ler erazi nai lituke, bere barne-muinak zarberritu, inguruetako izkera galgarriei bere millaz urteko mami ezilkorra ta biotz gaztea yarkiz. Ortarako burrukarik gogorrenean sartu zaigu.
Ez duzute ez, irabaz-errexenetarikoa euskerak bizkar gainean artu duen burruka ori. Gazte kirmenaren aitzinean larogei urteko agure aki tuak ezer egin ote lezake? Orra gure ta esitzen gaituten izkuntzen arteko gudu gorriaren irudirik garbalena. Bainan urtetsua izan arren, ez dago gure izkera akitua, eztare igatua. Ba du zozko, ba du indar, ba du ere giar, besteak bezela bere edertasunak egoki agerterazteko.
Orra Etxaniz’tar Nemesi’k bere liburu berri “Kanta-kantari”rekin oñarritu ta sendotu gura izan diguna, eta euskaldunak, betiko itxu maindirez begiak itzali nai ezpaditugu, ikusi ere bear duguna.
“Kanta-kantari” ‘k antxiñako eta gaurko melodi edo doñuz bilduta euskal-bidean egin diran lenengo maite-kanta, izadi-kanta ta aur-yolas berrienak dakarzkigu. Izan du buruauste, baita oztoporik ere, bere lana aurrera eramateko. Elizgizon ta eliztar ez diranek ere, gorri yarki zaizkio apaiz adoretsuari. Euskeraz tangoak, euskeraz rumbak eta sambak? Zer da au? Geure izkera ta oiturak likisten ari zaigu apaiz ori! Utikan, diote Olimpu’ko yainko ergelen ariora, utikan euskeldunen artetik orlako kantak, orlako itzak.
Artean, eliz-gizon ta eliztar ez diranek, lixtu-yario begira ta entzun oi ditute, bai gure gazteen ezpañetatik dariten erdel-abesti ariñak, li zunak ez diranean, baita ere errixka txikienetan, igande arratsaldez oiu gogorrean lizunkeria edatzen duten gramola oien karraxiak, gazte taldeak dantza naasian ari bitartean. Gure gizon ergelok ez dira konturatu ere oraindik, eta okerrena, konturatu nai ez dutela, zer nolako sarraskia, kaltea ereiten duten kanta, zine ta altabotsek gure artean, oitura ta batik bat euskeraren ondamendirako. Ugolde galgarri orri mugak yartzeko apaiz adoretsu bat agertu zaigunerako, orra mando buru-gogorrak ostikoka.
Ez jaunak! Urra ditzagun betiko itsutzen gaituen laño kaltegarriak! Egia ikusi dezagun. Gauzak diran bezela artu bear ditugu, ez, noski nai genitukeañ bezela, dagozkien sendabideak ezarteko. Zoritxarrez, begiak itxi ta lo atsegiñenean zaudeten bitarten, erdera gure gazte-jendeaz are yabeagotzen ari zaigu, ta mendi garaienetako baserri izkutuenak ere, bere sare-galgarrietan menderatzen. Ba ote daukagu eskubiderik eskuak mangartean sartuta ondamendi orri begiratzeko?
Aitortu dezagun bein betiko! Jaunak, euskera ere, gai dugu tango, rumba, samba ta edozein abesti ta dantza bere itz yatorrez apaintzeko. Ez ori bakarrik; munduan diran nobela likitzenak ere bere itz ta mamiz jazteko! Eta ez zaitezte zuen on-antzeko maindire-itxupean ikaratu. Orain arte euskerarik orlako nobela ta olerkietan erabilli ezpadugu, ez da izan oitura onak gordetzeko, alperkeriz, eta okerrago oraindik, gure izkuntza maitagarriaren erdeñuz baizik. Eta oitura onak zaitzeko orrela yardun dugula liokenak, gezurra dio.
Gaur Etxaniz apaizaren lan goragarria ta garbia muziñez, nardaz begiratzen duzutenok, zenbat aldiz atsegin izkutuz erderazko nobela, kanta arin ta likitx-xamarrak irakurri ta entzun ote dituzute? Tendaldiari ukorik egiteko adorerik izan ez zenutelako? Dana dala; ederki dio gure kanta zarrak:
“Ez da teologorik, ez filosoforik
arduari neurria artuko dionik.
Gizon aundiak ere ikusi ditut nik…”
…eta abar.
Beraz, etzaiteztela gaiztatu, eskandalizatu, gizandiok. Zuek eta ni ezur-aragiz oretuak gaituzute, eta gu bezela euskaldun guziak. Eta gaztea, beti gazte gure artean eta Pekin’en ere bai. Ez ditugu, ez noski, “Atoz Pekataria” kantatzen eukiko beti ere. “Atoz pekataria” ez diran beste kantak ere ba’ditugula esango duzute bear ba’da. Bai, baditugu, geienak ordea aren antzekoak, eta gazte-jendeari gogait eraztekoak.
Mende berri, oitura berri! Alegindu gaitezen oitura berriok euskal gogoari urbilenetik yarrai dakizkion. Euskal-itz ta gogoz maite-kanta berrienak ere jantzi ditzagun; gatz pixkatekin, piper-zerbaitekin, geza gertatu ez ditezen. Geza dana, orok arbuiatzen dute, gazteak areago. Garaia dugu euskeraren nagusitasuna alde guzietan erakusteko: komentuetan, praile ta seroren artean, kalean, ikastolan, aberats ta txiroen artean, saleroste ta garatzetan, itz batez, bizi-malla guzietan.
Luma, euskal-garrak eraginda, nere asmotik zerbait saiestu zait. Ikuturik ere ez diot egin Etxaniz’en liburuaren mamiari. Aspaldiko idazlea duzute, euskeraren izkutuak sakonki ezagutzen dituana. Euskera errikoiaren yabe, itzez ta mamiz. Yokera bikaña, irudi-yatorrak. “Kanta-kantari”‘ren orrialdeak ba duzute orainartekoak baino poesi, irudimen, maite-yario geiago. Ala bear ere, gure gaztediaren gogoa asetzeko. Txalo ta arnasarik beroenak egiten dizkiogu idazleari, atzera gabe, ta betiko alperren miztor ta akatsei yaramateke, bere bidean tinko ibilli daiten.
Bidenabar, Euskadi’ko eresgilleei ere, zerbait esango nieke. Gure olerkariak lagun artuta gaurko musika berrietatik zenbait asmatu bear zeni tukete, euskal itzez apainduta. Atsegiñak izatekotan erriak pozik kantatuko ditu, gazteak batez ere, eta euskeraren zabalgoari uste-gabeko on aundia ekarriko diozute. Eta orixe dugu euskaldunok egin dezakegun lanik bikañena.
Tel-Aviv’en kabaret apain batean eserita nago. Zer dantzute nere belarriak? Salmoetako izkuntzan, liburu sainduetako irumilla urte lenagoko izkuntza santuan kanta berrienak, dantza berrienak abesten ari dira oraingo isrraeldarrak orkesta eder baten soñu kilimakorrez inguraturik. Zer ote lioke Dabid’ek esnatuko ba’litza? Ori bai gauza ederra!, esango luke: ara nere izkuntza paregabea berpiztuta! Ta bere arpa artuta orkestarien ondoan yarriko litzake kanta ta dantza berrien lagungarri. Nik beintzat, orixe egingo nuke Dabid’en lekuan. Euskeraz kantatzekotan, yakiña.
Ez dago izkuntza santurik, eztare izkuntza satsurik, izkera aurreratu ta atzeratuak baizik. Atzeratuen artean leozpeturik eduki bear ote dugu geure euskera, gizakume ergel ta txotxolo batzu dirala bide? Ez orixe. Izan dugu yarraibiderik aurretikoen artean are, bear bezela euskal-bidean ibiltzeko: Maisurik aundiena, idazle zarrena: Bernad Etxepare. Arek orain lareun urte urratu bidetik saiatu ba giña, gaur ez nizuen idatzi ditudanak idatzi bearrik izango.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro