kritiken hemeroteka

8.121 kritika

Azken kritikak

« | »

Unamuno ta Abendats / Salbatore Mitxelena, "Iñurritza" / Darracq, 1958

Unamuno ta Abendats E'tar N. / Euzko Gogoa, 1959-01

Ona emen liburu bikaiña euskeraz. Ez nolanaiko oietakoa; liburu aparta, baizik. Egilleak bere izena, Iñurritza izen-ordez, estaltzen digu; baña bere euskara ezagutzen degunok, urrutitik artzen diogu usaia.

Unamuno arek makiña bat tripa-min eman zigun euskaltzaleoi. Euskera zokoratu genezala, eskatzen zigun. Ohorez zokoratu, bai, primerako entierroz, nai bagenu; baña lenbailen zokora genezala. Ori zan aren zantzoa.

Ta orratx liburu berri onek garbi erakusten diguna: euskera baztartzeko aolkua eman zigun Unamuno ura, ez omen euskal-gorrotokoa, euskaltzale baño. Azalez eta itxuraz euskera iltzeko orruka ari izan zan Unamuno ura, biotzez euskaltzale dezula, alajainkia.

Ta etzazula parrerik egin; ez naiz txantxetan ari. Iñurritza’k zeatz eta meatz erakusten digu bere egia ori. Liburu ausarta, bai gaiz eta bai darabillen euskeraz.

Ta nor degu Abendats ori? Euskal-gogoa, euskal-arnasa, euskal-espiritua, enetxo. Idazleak ederki jartzen ditu aurrez-aurre Unamuno ta Euskal-anima ori. Ta egoki adierazten dio Unamunori, bere kontragite ta barruko ekaitz aiek, bai euskeraren aurka, ta bai erlijioari buruz, euskal-gogoak sortzen zizkiola. Ukatu eziñekoa duala Unamuno’k bere euskaltasuna.

Egia esan, bilbotar atsaundi arek oso berea zuen, zuria ta beltza, baietza ta ezetza alkarrekin josita ematea. Orregatik alde bietako esanak oso errez arki ditzakegu aren orrietan. Baña Iñurritza’k eztu orren erreza artu duen bidea. Ala ere, bere gai ori ederki baño obeto burutzen du.

Gaia ernagarria ba-du liburu onek, euskera belarri-ezti du. Orririk orri, euskera erri-kutsuz ondua ta nolanai erabillia eskeintzen digu idazle jator onek. Ezker-eskuiz, besagañez, ankapetik, nolanai darabil gure izkera zarra. Unamuno’ren pilosopokeriak, berriz, nola argiratu? Mutilla degu Iñurritza euskal-sallean, ta nerekiko itz lauz parekorik ez duena gure artean. Ez uste, ala ere, errikoi dalako, bere egakarik ez duenik. Aditza, esate baterako, erabiltzen ausarta degu aldiz. Errian erabiltzen ez diran jokabideak ere sartzen dizkigu or-emen. Ala esango dizu: Daipa, aipatzen du, esateko. Ba-dira gure artean, erriak erabiltzen eztituen jokabide oiek ontzat ematen ez dituztenak; baña Lafon’i entzun nai ba-diogu, onek onelako jokabide berri oiek ontzat eta jatortzat saltzen dizkigu.

Erderatiko itzak erabiltzen ere, ezdu Iñurritza’k bildurrik, ez muxiñik. Noiz nai or botako dizkitzu erdal-itz biribillak tartean. Baña bere esaera jatorrez inguratuak bai-datoz, ez diote liburuari kalterik egiten.

Asieratik bukaeraraño idaztia bizi-bizi ta buru-joko arrigarriz jantzia azaltzen zaigu. Ba-du eskua, ba-du argia, onoko luma-jorratzalle onek. Azpijorra ederra egiten dio bilbotar idazleari. Euskera eztala gauza aurrerapiderako? Gauza-eza degula gure izkera?… Bai, zurea, Unamuno- erantzuten dio Iñurritza’k. Zure euskera ori ezta basarritar batentzako lain ere, Unamuno. Ikasi nai ta eziñean gelditu ziñan izkera ori, ordea, ezta zuk ikasi dezun arlote ta moldakaitza. Izkera orrek ba-ditu zuk ezagutzen ez dituzun zoko ta zirkilluak. Eta euskera sakon ezagutzen duanak, ordago egingo dio izlari bikañenari.

Ta Iñurritza ezta esan utsetan gelditzen. Unamuno’ri, ondo baño obeto erantzuten dio, bere esan-malla ta adimen-biurrikerietan nekatzeke jarraitzen diola.

Norbaitek usai txarra ar lezaioke idazti berri oni. Unamuno aundiestea, goraipatzea, katoliko jatorrarentzat bide ona ote? Alde ontatik ere, bidea garbi digu Iñurritza’k. Asiera-asieran, ematen digu Unamuno’ri Elizak jarri dion akatsa. Ez goaz alde ortatik Elizari ezer erakustera. Elizaren erabakia, fede-aldetik, zintzo artzen degu, ta artzen du liburu onen Egilleak ere,

Unamuno, mundu-zear aundi da, bere gizatasunez eta nortasun garratz aldetik. Ba-du Unamuno’k bere illunpe ta guzti, alako aunditasun bat. Euskaldunok, ostera, eztegu gizon geiegi munduaren aurrerako.

Gañera, munduan ezagun egin diran idazle zenbait (Unamuno ta Baroja, adibidez), gure aurka ditugula dirudi. Iñurritza’k uste ori lurrera bota nai du. Idazle ots aundiko oiek, itxuraz, euskera baztartze-aldekoak ditugu. Ezpaizuten egosi izan gure izkera. Beti erdibidean geldituak ziranez, gure izkera baldartzat jotzen zuten. Gañera, euskeraz idazteak eztu zabalera aundiko izenik ematen. Erderaz idatziaz, askoz ezagunago egin dezakegu izena.

Unamuno’k au zizun oso biotzean sartua: bere izenaren iraupena ta ezilkortasuna. Orretarako erdalzale egin zan, eta bere idatziak mundu zabalean euskeraz izango etzuten ezaguera ta izena eman diote.

Bere okerrean ere, Unamuno’k ba-du zerbait ona. Erlijio-gaiean illak bizi diranei, turuta jotzen die. Beren ajolakabea akuiluz esnatzen die, ta len zabar bizi ziranak, bere liburuetan ezten zorrotza arkitzen dute, Jainko ta anima-arazoetan kezkatzeko. Irakur ezazu sortu zaigun euskal-liburu suspergarri au. Bizitasunez, gaiz, euskeraz eta idaztankeraz oso janari gozoa dukezu.

Iñurritzari gure zorionik beroenak bialtzen dizkiogu. Onelako idazti asko sor ditzala. Iñosokerietan euskera txepeltzea baño, askoz obe degu orrelako erakutsi ta gai sarkorrak gure izkeran erabiltzea. Zabal bedi mundu guzian, euskaldunen artean, lan jator au.

Azken kritikak

Alaska
Castillo Suarez

Irati Majuelo

Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da
Karmele Igartua

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pantailen garaipena
Iñigo Martinez Peña

Jon Martin-Etxebeste

Axularren gerizapean
Kepa Altonaga

Asier Urkiza

Emakume bat
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Atsoa
Victor Catala

Joxe Aldasoro

Arrain hezur bat eztarrian
Olatz Mitxelena

Jon Martin-Etxebeste

Lur gainean, itzal azpian
Leire Milikua Larramendi

Irati Majuelo

Gu gabe ere
Itziar Ugarte Irizar

Mikel Asurmendi

Alaska
Castillo Suarez

Jon Martin-Etxebeste

Alaska
Castillo Suarez

Maddi Galdos Areta

Puskak
Irene Pujadas

Asier Urkiza

Norberak maite duena
Miren Billelabeitia

Nagore Fernandez

Beirazko kanpaia
Sylvia Plath

Hasier Rekondo

Artxiboa

2023(e)ko martxoa

2023(e)ko otsaila

2023(e)ko urtarrila

2022(e)ko abendua

2022(e)ko azaroa

2022(e)ko urria

2022(e)ko iraila

2022(e)ko uztaila

2022(e)ko ekaina

2022(e)ko maiatza

2022(e)ko apirila

2022(e)ko martxoa

Hedabideak