« Auzi-mauziak | “Urte guziko meza-bezperak” »
Garoa / Txomin Agirre / Riev aldizkaria, 1912
“Garoa” eleberria Uarrain / Euzko Gogoa, 1951-09
1948’ko azaroaren 9’an Donosti’ko bazkun batean Uarrain’ek egin-itzaldia
Gure nagikeria.. Gure Erria, ludiko zarrenetakoa izanik, nagia ta ajolakabea izan da bere izkuntza lantzen. Beste erri asko, inguratzen dizkigutenak oien artean, gure aldean jaio-berriak izanarren, elerti gaietan oso aurreratu zaizkigu. Artean gu, ankak luzatu ta loak gorrituta egon gaituzu.
Auzo erriak, beren izkuntzaren edermiñak ez-ezik, erri baten bizi ta osasunarentzat mintzairak duen garrantziak astinduta lanari ekin zioten. Gu, ez giñun eragin ez batak, ez besteak. Lotsagarri aundiagorik!… Izan ere, gure asabai leporatu dizaiekegun utsegiterik aundienetako bat auxe izan da: beren izkuntzarekiko zabarkeria. Zabarkeria ta itxukeria, erriaren askatasuna izkuntza baztarretsirik nai izan baitzuten gorde eta etzioten igarri erri baten bereiztasunik sendoena galdurik nor izate ta askatasun gogoa ere berarekin suntsitzen dirala. Gure aurrekoak euskal-gogoari su ematen saiatu ba’lira beste kuku batek jo liguke soñua gaurko euskaldunei!
Alaxe ba, gure auzo-erriak beren elertiaren gallurraldia orain eunka urte batzuk ikusi ondoren, berantza dijoaz elertiaren goitasunari dagokionez, baño gero indartsuago, gero ta zaintsuago sustraiak noranaiko alderditara zabalduz. Orain, gure izkuntza auzoko mintzoen indarrez esiturik eta erdi itorik degun garaian, gure izkuntzaren berpizteaz gogoratu gaituzu. Ez al-da berandu izango!
Bertsozaletasuna.- Euskaldunok, lumaganako gorrotoz sortuak izan ba’gera ere, gerez ekarri degu bertsomin bizia. Euskera luma bidez lantzen asi aurretik, gure bertsolariak izan ziran, nolabait ere, gure mintzaira landu zutenak itz-neurtuen bidez.
Gure aurrekoak euskeraren lantzea bertsoen bitartez bakarrik zekusten eta alaxe, lumari zioten gorrotoa noizpait urratuz 1945’gn urtean lenengo euskal-liburua bertsotan agertu zitzaigun. Egilleak, izena latiñez ipiñi zion, “Linguae Vasconun Primitiae”, baño asieratik ondarreraño euskeraz jantzita dago. Benaparra zun egillea: Etxepare’tar Bernardun Eiheralarre’ko erretorea.
Nere pozik aundiena litzake Etxepare ta bere liburuaz jardunalditxo bat egitea zuekin, bañan, bildur naiz aspertuko ez ote ziñaten, itzaldiaren zati bat Etxepare’k darabillen euskera mamitsua aztertzea bailitzake izan ere eta gure gaztetxuentzat aztunxamarrak izan oi-dira izkuntz jakintza gaiak. Bestetik, egillea apaiza izanarren, bere bigarren zatiko bertsoak, -maite kantak alegia-, lizunkeririk gordiñenaz jantzirik dagoz eta ez deritzat au bezelako lagunarte baten aipatzeko egokia litzakenik.
Eleberria.- Euskeraz idazteko nagi ta alperrak izan ba’gera, zer diokegu eleberriaz, nobelaz?
Eleberri bat idazten saiatu diran euskaldunak bakan-bakan batzuk besterik eztira eta idatzi diranetan are gutxiago izen onen lain egin diranak. Lenengoa, ene ustez, Mogel, Markiña’ko semeak, idatzitako “Peru Abarka” izan zan. Geroxeago etorri zitzaigun Domingo Agirre jauna, bizkaitarra au ere, Ondarru’ko semea. Onek, iru eleberri utzi zizkigun idatziak eta laugarrena egiten ari zala Jaungoikoa’k beregana deitu zun.
Agirre jaunak bi lenengoak bizkaieraz idatzi zitun, “Auñamendi’ko Lorea” ta “Kresala”. Irugarrena, “Garoa” gipuzkeraz, Agirre jaunak bere bizirik geiena edo elduaroa beñepein Zumaia’n egin baitzun karmeldar lekaimien kapellau.
Gai guzietan irizpide bereiziak ba’dira ta batzuk diotenez “Kresala” eleberri bezela “Garoa” baño obea omen. Aitzea ere ba’dut “Kitolis” deritzan atala edonungo literatura azalpenik gorenetakoa dala eta au diona eztegu nolanaiko gizona elerti gaietan.
Geienak ordea “Garoa” obeagotzat jotzen dute eta nere iritzean alderik eztago bi eleberrien artean, “Garoa”, osoki jota, nun-naiko literaturetan agertu dan eleberririk bikañenakin berdindu litekela bai-derizkiot.
Laugarrena, amaitu eziñik utzi zuna “Ni ta ni” zeritzan eta oñaztar eta ganbotarren gudaldiak artu zitun oñarritzat. Eleberri onen mamia norañoko ederrez jantziko ote zigun ezin dizaiokegu igarri, illarteraño bustitako paperak ere ikusterik ezpaitegu izan, baño liburu izenaren pare izan ezkero beronen zaiña, irakurri gabetanik ederretsiko nuke. Izan ere, ba’ote euskeraz gizon makur aien norkeria adirazteko “Ni ta ni” baño esaldi ozenagorik?
Ba’dira zorigaitzez gure Euskalerria’n euskera komeni zaielarik bakarrik aintzakotzat artzen dutenak. Oetxek, “Garoa”ren egillea illez geroztik jo ta ke ekin diote Agirre jauna karlista zala esanaz. Ez noski euskeraren alde egin zun lan bikaña gorestearren, euskaldunen botuak irabazi naian baizik. Arrigarria gero, jende kasta au auteskunde garaian bakarrik gure izkuntzaz gogoratzea!
Nik eztut karlistakin eztabaidan aritu gogorik ez gai oni eta ez besteri buruz, ikusi baitugu aspalditxo ontan eztirala auzitan arrazoitara jozale. Arrazoitara gizon bigunak jotzen dute; berak sastakaia naiago auzigarbitzalle. Utzi dezaiogun Agirre jaunari berari izketan eta ortik igarri dezaiokegu Agirre jauna benaz karlista ta españazale zanentz. Bere aitorra entzunda gero oraindik ere karlistatzat etsitzen ba’dezute, gerok gaituzu, abertzaleok, lenengo karlistak. Onatx, “Kresala”n diona.
“Euskera, antxiñetako izkera-guraso (1) eder, mamitsu ta sakona da, atzerritar yakitun askok dakien legez, zuek jakin ezarren. Da, gañera zeñek esan deutsu zuri, nai ta nai ez ikasi biar dogula guk Gaztela’ko izkuntzea. Eztiñot, gura dabienak ikasi eztaiela, ikasia beti dator ondo-ta; eztiñot, gaztelar agintariakaz Euskalerri’ko gauzen gañian zerbait erabagi bear daben euskaldun nagusiak eztabiela ikasi bearko; baño, euskaldun guziok? Zeñek dauka Españia’n gu orretara ipinteko eskubidea? Ezkara gu izan geurekorrak, askatuak, geure gurariz da geuk ipiñiriko zertzelada batzukaz, Españia’ren laguntzat, ez mendekotzat, yarri giñan artean? Nok dauka gu makurtuteko eskubidia, diñot ostera be? Indarrak? Indarra dozue eskubidien iturburua? Bada, orduan ondo egieban Napoleon’ek Españia menderatutera etorri zanean”.
Jaunak, betozkigu olako karlista ugari aberiarren osasunerako!
Garoa.- Zer da “Garoa”? Gure baserritarren nortasuna ta bizilegea agertzen digun liburua. Bertan edesten digu zoragarriro, gure erriaren argazki bailitzan, gure mendigizonen ayurria, oiturak eta lerak, griña on eta txarrak, zaletasun eta zalekeriak, gaitasun ederrenaren alboan ondamendiragarri zaizkioten joera gaiztoak, kristautasun bikañenaren ondoan gurutzeaganako gorroto bizia, gaztien arteko maitasun zintzo ta maitakeriak, euskalduntasunik zintzoenaren alboan beren erriaz aztuta bizi diranen eskergabekeria. Eta guziau, sendi batetik edo beñepein bere odolkoetatik erten gabe, jator, sendo, kemetsu eta leunki bidenabar. Zein bizigarri, zein lilluragarri egiten duten goi-be auek Agirre jaunaren eleberria!
Eztut uste, Orixe izan ezik, iñor jabetu zaigunik Agirre bezain ongi gure baserritarren psikolojiaz. Eta ez jabetu bakarrik, berak ausnartutakoa paperean ain biziki irauli gañera. “Garoa”ren orrialdeak irakurtzean ba’dirudi gure buruak mendi-mendiko baserri batean gertatu dirala eta ango notiñak begiz ikusten eta euren mintzoa belarriz entzuten ari gerala. Zein iaioki margozten digun, alkarrizketetan batez-ere, baserritarrari ain bereizgarri zaion izakera eta gure menditako euskerak darion garo usai mardula!
Esango nuke, gure baserritarren arteko alkarrizketak sortzeko Agirre añako gizonik eztegula izan. Entzun ezazute ondorengo auxe eta esaidazute une oietan Donosti’n ala Ordizia’n Ernani’n, Tolosa’n edo alakoxeko erri batean derizkiozuten zuen buruak peri egun batez gure baserritarren arteko autu au entzunaz.
“Biantxa baten ondoan:
– Biantxa polita dezu, adiskidea.
– Bai, ama ere eztu onek edonolakoa.
– Zenbat erralde bezela izango da?
– Ogeitamaseitik berrogeira.
– Orrenbeste? Noiz jaio zan?
– Biar izango ditu amairu illabete.
Alderdi guztiak begiratuz:
– Itxurazkoa da. Eztu aitzekirik…
Egon-egon eginda:
– Saltzeko al-dezu?
– Uste orretan ekarri det. Etxean beste zazpi ba’dauzkagu-ta…
– Zenbatean?
– Garestitxo. Jatorri onekoa nola baitan… Oraintxere onen amak sei pitxarro esne emango ditu, umea egin zuala bi illabete ba’da baña.
– Zenbat eskatzen dezu txalagatik?
– Iru ontza o ta erdi eskatu bearko.
– Gizona! Zillarrezkoa ba’litz ere…
– Ezta zillarrezkoa, baño bai aragiz ondo betea. Aragiak berak ere, erraldeko ogetamarrean ia orrenbeste jotzen du. Begiratu zaiozu nolako atzealdeak dauzkan.
– Ez, ezta neretzako egiten dana; merkexeago bear det. Billatuko al-degu, aukera ba’dago-ta!
– Gaitz izango dezu ona ta merkea billatzen!”
Joanes artzaia.- Joanes, Urbi’ko artzai zarra, Zabaleta baserriko nagusi ta aitalena, degu Garoa’ko notin burua. Iduritan mintzatuz bera da ortzean eguzkia bezelaxe eta eguzkiari izarbel edo planetak inguruko zaizkionez alaxe Joanes artzaiari ere inguruko zaizkio Garoa’ko bizilagun guziak.
Joanes, onbide, zintzotasun eta langilletasunaren eredu zaigu. Erlijio gaietan bera da etxeko pralle. Gurutzeaganako maitasun zindoa izekiten zaio biotzean eta berari darion Yainko sukarra bere ondorengoai eraxten alegintzen da. Tamalez ordea, bere semeak gaiztoak ez izanarren, Zabaleta’ko Jainkozaletasuna beraka dijoala dakus eta onek biotza erdibitzen artzai zarrari. Deabruak, Joanes’en semietan zirritu bat ideki zun eta bere billoba batzuz osoro jabetu.
Joanes da “Garoa” eleberrian Domingo Agirre jaunak bere gogai ta elburuak aditzera-emateko mamitu digun gizona. Alabaña, Agirre apaiz zanez eta erlijioaren maitasunak eraginda, gure menditar gizonaren xalotasuna jakituriz geiegi jantzi zun ene ustez. Ezta Euskalerri guzian alako jardun egokiko baserritarrik. Bestalde, ezur ta aragiz jantzitako gizakume guziok geronen alderdi txarrak izan oi ditugu eta Agirre apaiz jaunak gizon zuriegia, zintzoegia mamitu digu. Alegia, eztizkiola akatsak, bere alderdi txarrak ateratzen, Ana-Joxepa bere emazteari ain egoki eta ain xarmanki ateratzen dizkionez.
Agirre jaunak onbide ta zintzotasuna ederrez jaztearren Urbi’ko artzaiak bear luken biotz xaloa baserritar jakingabe batek ez ditun doaiaz jazten du. Eleberriari dagokionez akats esan al-ba’lezaio iñor geiegixko zuritze onexi, benetan barkagarri derizkiot berak erabilli dun asmoa gogoan euki ezkero. Ana-Joxepa’rekin eztauka orrelako trabarik eta onetxegatik bere irudia askoz egitsuago da. Au da nere iritzean Garoa’ko notiñetan ongien mugarritutako bizilaguna.
Ana-Joxepa.- Auxen da eusko-basetxetako etxekoandrearen irudi bizi! Eleberriko notiñai beren nortasuna erasten iaio izan ba’zitzaigun Agirre jauna, Ana-Joxepa ezin obetu liteken tankeran margoztu zigun. Ez dezagun ondatu guk Zabaleta’ko etxekoandrearen azalpena gure itz kankalluz. Agirre jaunak lau itzez, bañon oiek egoki esanda, iaioki ta biziki azalduko digu Joanes’en emaztearen nortasuna. Manueltxo billobatxoari praka batzuk erosteko diru eskean joaten zaioteneko izketaldia berriz eztitan irakurtzen dut Garoa’ren ikustaldi bakoitzean. Ona, azalkizun biok alkarren ondoren:
“Irurogeitasei urte ba’zeuzkan eta etzuten soroetara eramaten, baña ba’zuen zeri ekin etxe barruan. Berak egiten zituan oiak, berak txukundu etxea, berak beiak jetxi, berak gosaria gertatu. Ana-Joxepa’ren ustez, arrek bezelako baratzuri-zuku gozorik egiteko emakumerik etzan oraindik sortu. Ezta sortuko ere. Ta orea berak bezela nork egin? Taloak zeñek erre? Esnetarako artoa me-me zeñek ebaki? Ezin zuan arrek, zion, onelako edo alakoren etxean ezertxore jan: estopaua tipulaz betea, urdaiazpikoa erriegia, arrautzopilla koipe geiegirekin, nazkatzeko bezela, billatu oi zuan. Etzekiten da! Jaio egin bear orretarako ere!
Baña, biotz ederraren jabea zan gure etxekoandre zarra, garbia, beartsuentzat oso emakorra, etxekoentzat eutsia, batzuetan eutsiegia. Ala zioten beintzat Zabaleta’ko aita-semeak eta aiek ba’zekiten.
– Jolas andiak izaten dira gurean, -esan oi zuan Jose-Ramon’ek— zerbait erosi bear degunean. Amak gordetzen du katularrua ta ezin izaten zaio askatu erazi.
Beti aigera:
– Ama, dirua bear degu ba orain ere.
– Dirua? Beti dirua? Zertako?
– Manueltxo’ri praka batzuk eta abarketak erosteko.
– Ama Katalin’ek egingo dizka prakak eure batzukin.
– Jai egunetarako ere bai?
– Baita. Ondo ederrak dauzkak jantzi naiezta ganbarako aga zarrean.
– Ederrak, ama? Atze ta aurre arabakiz beteak daude-ta?
– Ezta ajola.
– Ta abarketak?
– Eztauzka oraindik ain zarrak.
– Zarrak eztauzkala? Ator, Manuel, begiratu beio, ama, ara biatzak nola ageri dituan.
– Josiko dizkat biarko.
– Biatzak?
– Ara beste…. argi-iturri.
– Txapela ere bear du.
– Zer, txapela? Aita ta semea…! Noiz erosi nion nik azkenengoa?
– Orain bi urte.
– Orain bi urte ta ostera txapel berria?
Ondatuko zenduteke zuek Drotxil’en aberastasunare!
– Ez beorren eskuetan ba’lego.
Azkenerako Manueltxo’k berak esaten zion, negar-muxinga.
– Erosi bizait, amona. Zazpikiñeko mutillak berri-berria dauka ta nik zarra. Erosiko al-dit?
– Ez, eztiat erosiko: alperrik abil!
Baña, erosten zion, bai. Ez erosi bear, alajaña, bere illoba bakarrari!”.
Moxolo’k, Oñati’ko pelotari aberatsak, atso sorgiña esan zion noizpait, Malentxo bere billoba emaztetzat eman nai etziolako ta etzegon bera sorgin txarra bere semeak ezkontzeko arloan. Iñazio-Mari, bere semetan bigarrena urtetan aurrera zijoan eta andregaia billatzeko ganorarik ez euki mutillak, edo-ta orretarako betarik ez artzen beñepein. Nola idoro, lanez kanporako orduak jokuak eta zurrutak eramaten ba’zizkion? Ez, gure mutilla etzijoan bide zuzenez eta nola edo ala andregaia billatu bear zitzaion eta bai arkitu ere arranoak ezpaituk! Zabaleta’ko Ana-Joxepa’k eta Azkarraga’ko Mari-Batista’k izandako jardunak euren seme-alabak uztarpetzeko, norbaitek “txerri-tratua” deitutakoaren usaia ba’du. Bañan, zenbat oetako ez ote dira egin Euskalerria’n eta Euskalerri’tik ate? Agirre jaunak, semeak guraso bidez ezkontzeko euskal-oitura zarra azaldu nai digu ta bai egoki azaldu ere. Entzun ezazute, entzun apurtxo bat:
“Jai egun baten, Zabeleta’ko etxekoandrea eta Azkarraga’ko Mari-Batista jaztetxean bat eginda, onela izketatu ziran andre biak:
– Zure alabarekin etorri naiz bidean…
Ondo neska ederra dago bera.
– Gure Mikalla? Bai orixe! Aren garaian gu ere ba’giñan zerbait baña…
– Zenbat urte dauzka?
– Datorren ilbeltzean ogeitairu.
– Ona dirudi.
Oso da ona, etxekoia ta maratza. Ez neurea dalako, baño eztago bera bezelako beste bat Uribarri’n.
– Zer ezkontsari emango zenioke?
– Ja jai! Orixe da galdera polita, Ana-Joxepa.
– Ia ba, nik ere ezkongaiak dauzkat-eta…
– Bai, bai, guraso geran aldetik gure umien onari begiratu bear diegu ta…
Baña gurean eztago zuenean beste diru. Mutil on baten biarra bai: aurten ere ler egin degu garia jotzen eta iñaurkiñak ekartzen. Bai ba, zartu egin gera-ta. Gure Anton’ek ere, onezkero, irurogetabosten bat urte izango ditu; senar-emazteak eta alabatxo bi bakarrik gaude ta lanak dira emen.
– Orduan, elitzake gaizki etorriko zuentzat gure Inazio-Mari?
– Ez orixe, Ana-Joxepa, ta biok konponduko ba’giña…
– Konpon gaitezen. Tira, zenbat emango diozute zuen alabari?
– Baña, gure etxerako.
– Bai ba, zuenerako. Zenbat?
– Eztakit ba nik. Bosteun dukat edo.
– Zer diozu emakumea? Bosteun dukat Azkarraga’ko alaba zarrenari? Ikatzaga’koak ere ba’du orrenbeste, maizterrak dirala gero.
– Ia ba, besteak ere ezkontzen danean, zerbait izan bearko du-ta. Zeuek zenbat emango diozute mutillari?
– Guk zortzireun dukat eta bi etxe bizitza (arrio).
– Ezkabiltz ondo, Ana-Joxepa, Zabaleta’ko mutillak nai lituke gutxienaz milla dukat eta berak ikazkintzan irabazitakoak, bi etxe-bizitza, bi bei, ogei bat ardi, gurdi bat…
– Ezin ulertu gintezke, Mari-Batista.
– Ez al-dezu nai?
– Nai izatearekin zer daukagu? Milla dukat eta eztakit zenbat ondasun gañera eman bear guk eta zuek bosteuntxo? Izango du Iñazio-Mari’k milla dukatekoa, berak zortzireun eramandare.
– Ezta ba zuentzat gauza andia milla dukat… Ara, zuek milla ta guk zazpireun.
Gero ere, zuen mutil ori Azkarraga’ra ba’dator, etxean geldituko dira gure “puxkak” (Il ondorengoak, alegia). Eztago geiago zer esanik.
– Zer esanik ez ostera? Bai, Mari-Batista, bai. Au ezta asiera baño besterik. Eskribauak gure paperak egin orduko zer esan andiak emango dizkigu gaur asi degun autuak. Gañera, gure Joanes’ek ondo jakin, ondo ikusi ta ondo neurtu nai izaten ditu seme-alaben gora-berako gauzak. Ni naiz Zabaleta’ko etxekoandre, baño nere senarra beti etxeko-jaun ta berari dagokio Zabaleta’ko gauza guziak erabakitzea.
– Ba, Joanes’ek, zentzunezko gizona data, milla dukat emango dizka semeari.
– Berriz ere? Gogoan artu dezu zure eskabidea; baña, alperrik zabiltz nerea aztutzen ba’zaizu.
– Guk, al-degun aña, al-degun guzia emango diogu, orra.
– Eztago gaizki esana. Zer meza entzungo dezu datorren igandean?
– Zortziretakoa nik.
– Emen izango naiz ba, ni ere, Jaungoikoak nai ba’du, ta agur iganderarte.
– Agur.”
Anima salbo, txerri-tratu jator-jatorra, esango luke gure Altzaga’k.
Zabaleta’ko semeak.- Joanes eta Ana-Joxepa’k iru seme izan zituzten: Joxe-Ramon zarrena, Iñazio Mari bigarrena eta Juan Andres gaztiena. Ta ona, Agirre jaunak iru seme oekin Euskalerri’ko iru giza-nortasun berexi iaioki mugarritu. Izan ere, nortasunak islatzen Agirre jauna baño gizon trebeagorik sortu ote zaigu Euskadi’n? Joxe-Ramon, baserriaren jarraitzalle eta guraso zintzoaren eredu zaigu, Joanes’en ondorengoa, geroeneko belaunaldiak Zabaleta’ri emaniko nagusi berria. Joanes’ek añako nortasun berexirik ez eukiarren, onen ideko da gogai, bizikera ta oituretan.
Iñazio-Mari gure Gipuzkoa jokalariaren erakusgarri zaigu. Orainaldian Gipuzkoa’n iñoiz ez bezelako griña ta berotasuna dago, (gaztaroari, naiz zartzaroari gogairik garbienak itotzen dizkioten garaian, jokurako eta edanerako griña gaiztoak, bazter guztiak ondatuz datorren ujoldearen gixa, arropuzturik agertzen baitira. Gaurko Euskalerri zorikabea gaitz auek menderaturik daukagu. Amabi urte auetan añako edanerako ta jokorako joerik ezta sekula ezagutu gure Euskalerria’n), batez ere aizkora jokorako. Egunik ezta, gure belarrietara, Arriya, Korta, Kortaberri, Gartziarena, Yurrebaso, Luxia eta beste aizkolari ospatsuen izenak belarriratzen etzaizkigunik. Gaur Azpeiti’n, biar Tolosa’n, etzi Donosti’n, urrengo Eibar’en… Orrelako jokoak iñoiz ikusi etzituzten Iruña’n eta Gazteiz’en sartu zaizkigu oraintxe. Euskal-oitura zarrak gorde ta gogortzea ondo derizkiot. Ez ordea, Aralar’ko artzaiak bezelaxe uda guztiko artzaingoan bildutako xoxak egun bateko jokoan iraultzea.
Gaur aizkolari oien izenak bezela, alaxe zabaldu zan ere noizpait Zabaleta’ko Iñazio-Mari’rena Gipuzkoa’ko eta Bizkai’ko errietan barrena. Eztitasunez beterik irakurtzen dut Garoa’ko orrialdietan Zabaleta’koak Abadiño’ko Joxe-Domingo’rekin izan zun aizkora apostua Oñati’ko plazan. Irabazi zun gure mutillak, baño bai larri irabazi ere! Aizkoraren bi ukaldiz soilki eta bizkaitarrak ziotenez Joxe-Domingo’k adarbegia idoro zulako.
Arrezkeroz garaipen gutxi ezagutu zitun Iñazio-Mari’k. Urtetan aurrera zijoan, indarrak aultzen, jokorako eta zurruterako bizio txarrak geiagotzen, atxurrean eta laiean aritzeko gogoak aienatzen… eta bein bitartean Azkarraga basetxea pikotara zijoan.
Iñazio-Mari Azkarraga’ra ezkondu zanean, emengoak pozez beterik artu zuten, baserria berak jasoko zulakoan eta jaso ez-eze, Iñazio-Mari’k, jokoaren griñak ziaro menderatuta, Azkarraga’ra mixeria, gosea ta ondamendia besterik etzun ekarri.
Orain ere makiñatxo bat izen ospatsu irakurtzen ditugu eguneroko eta aldirokotan, baño nere buruari galde auxe egiten diot: beren izenak aizkoraren altzairuak baño geiago diztiratzen dutelarik, beren baserriak ez ote daude Azkarraga’koaren tankera errukarrian? Jokua ezta errenta, obia ollua erreta, ikasi degu euskaldun zarretatik eta esan zarrak gezurrik ez.
Juan-Andres, iruretan gaztiena, dirua beste Jaungoiko’rik ez duten euskaldun kaxkarren eredu degu. Bere iritzean gizonak mundu onetan dirua egin beste eginbearrik ez du. Dirua! Dirua! Dirua! Orra or Juan Andres’en bizi guziko ametsa, bere biotzeko lei bakarra! Nun-naiko eta iñungo esan oi-diet nik alakoai, dirua beste aberririk ezpaidute.
Juan Andres doi-doi oroitzen da Jaungoikoa’rentzaz eta elitzake deus oroituko Joanes’ek umetan eta gaztetan uste au ain barrena sartu izan ezpa’lio. Eztio arrotzen euskaldun izanak; nun-naiko izanda ere berdin-berdin litzaioke. Euskera eztu maite eta ez dio begirunerik, dirua egiteko ezpaitu balio!
Beñola, atzerrira joateko ustea agertu dio bere aitari. Euskalerria’k etzion nunbait naiko irabazpide ematen eta bere gogoa diruan dago. Etzun lo aundirik egin gau artan Joanes gizajoak. Buruan gogorakizun latz au besterik etzerabilkin: “Mutillaren burubidea! Nora ta Burgos aldera!”
Juan Andres eta bere ondorengoak bizitasun lilluragarria damaiote Garoa’ri. Diru ametsez beterik Gaztelerri’ra dijoa eta an, denboraren buruan galizitar emakume koipatsu, zikin eta tximajario batekin ezkondu zaigu. Seme bat ba’dute Juanito izenez; izena bezela burutik oñetarañoko belarrimotza eta Jaungoikoa’ren legeari par-irri egiten diona. Joanes’ek tamalki zionez Juan Andres’ek urratu zun Zabaleta’ko aria.
Juan-Andres’en semea etzan Joanes zarraren odolekoa!
Nere iritzean, Karraskedo-Olarra’tar Yakinda’k Garoa antzerkira iraultzean izan zun utsunerik aundiena, Juan-Andres bere Garo-Usaia’tik baztertzera izan zan eta onen ordez Patxi izenekiko Joanes’en beste seme bat sortzen digu, motel, margul eta nortasunik gabea. Ba’dirudi antzerkiragilleak Ana-Joxepa’k eta Mikalla’k beren seme-alabak ezkontzeko izan-zuten izketaldi zoragarria (Iñazio-Mari ezkonduta eta bi semeren aita agertzen baizaigu antzerkian) jaso nai izan zula eta orretarako Joanes eta Ana-Joxepa’ren seme berri bat sortu. Nik, olakorik egin gabe, Manuel, Joxe-Ramon’en semea Isabel’ekin ezkontzeko erabilliko nuke jardunaldi au.
Billobak.- Onatx, aditzalle maiteak, Garoa’ren barne-muñetaraño eldu. Orain artean Garoa Euskalerri’ko biziera, oiturak, griñak eta gañerako zertzeladak jasotzen joan zaigu. Orain, Garoa bere gaiaren mamiari, ipuiaren ariari atxikitzen zaio eta irakurlearen biotza malkoak ixurtzeraño ukitzen dun nortasun on eta biozpera, baño baita sutsu ta minbera ere sortzen digu: Iturralde’ko Joxe, Malentxo’ren maitatzalle sutsua, Euskalerri’ko Romeo maitabera. Ezta ordea iñolaz ere Shakespeare ingeles olerkari bikañaren maitatzalle sinisgabea, egonarriz, etsipenez eta Jainko-maitasunez jantzitako maitari garbia baizik. Julieta ere ba’degu, baño ez ordea Joxe’ren ametsetako neska, onek, maitasun aundiago baten indarrak eraginda iges egiten baitio. Paula, bere lengusiña, Iñazio Mari’ren alaba degu bene-benetako Julieta.
Iturralde’ko Joxe umezurtz zan eta Joanes’ek txiki-txikitatik jaso zun Zabaleta’ra Mañuel eta Malentxo’ren anaitzakoz.
Joxe gazte-sasoitu zanean, Malentxo’ganako maitemiñez izeki zan, baño ba’zirudin Malentxo’k etzula bere naitasuna aintzakotzat artzen, zedozer igarri zion ezkeroz itzul egiten baitzion neskak.
Joxe’ren gurutzea, bere burua gutxietsitzeak (erderazko “complejo de inferioridad” alegia) biziagotzen zun. Umezurtz izaki eta bere ustez Zabaleta’n morroitzat zeukakioten.
Gogoeta au zun bere oñazerik mingotsena.
Entzun dezaiogun apurtxo bat bere buruarekin izketan. Gogoeta samin au bere barneko pakea ta zoriona urraka ari zitzaion mutil gizajoari, biotza oñazearen-oñazez erdibitzeraño. Olakoxea baita eziñezko maitasunaren ezten garratza!
“Eskergabea! -zion Joxe’k berekiko-. Orrela ordaintzen dezu emen jandako ogia?
Soñean dauzkatzun prakak iñorenak dituzu eta Uribarri’ko gazterik ondasuntsuena nai zenduke? Morroi sartu ziñan, semetzat azi zaituzte eta etxeko alaba bakarrarekin ames egiten ausartu zera? Noiztik ona senartzen dira jauregiko morroiak erregiñarekin, ipuietan ezpa’da? Dollorra zu! Eskergabea zu galanta!”.
Onegatik, Joxe’k bere barruko arra aitonari azaltzen dionean eta onek Manuel’i beste ezkontsari agintzen dionean, biotza zabal-zabal egiten zaio eztitasunezko itzak darizkiola:
“– Jaungoiko maitea! Au atsegiña ematen dit! Au aztuntasuna kentzen zait! Neuk bakarrik dakit barruan nerabillen arantza samiña!”
Malen’ek iges egiten ziola-ta, Joxe gizajoa beti espetan zegon, Malentxo’k bere gogoa Martin, Iñazio-Mari’ren semearentzat ote zunentz, Ana Joxepa’k nai bezela edo Moxolo Oñati’ko pelotari aberatsarentzat. Ana Joxepa berez Martin’en aldeko izanarren etzion gutxi-gutxi zirikatzen Moxolo’ren dirutzak. Entzun Moxolo eta Ana-Joxepa’ren arteko izketaldi zoragarri au:
“Egunon, Andre Joxepa.
– Egunon, eiztari. (Eizerako aitzekian eskopeta ta guzi atera baitzan).
– Itz bat esan nai nizuke.
– Zer dek Moxolo?
– Zure illobak itxuturik nauka.
– Zeñek?
– Malen’ek.
– Itxuturik? Eztek orduan ezer ikusten.
– Gauza aundirik ez, baño zoriona non dagoan ba’dakit eta bere billa nabil.
– Berandutxo abillela uste diat.
– Nola?
– Zoriona beste batentzat dalako.
– Martiñ’entzat?
– Bai.
– Etzaitzu aztuko Martiñ’ek dirudik eztula?
– Ik eztakik ori.
– Ba’dauka ere, nik ana ez beñepein.
– Zer daukaken guk etzekiagu, baño ontzurre ori erakusten dek beintzat txilbor gañean.
– Bat erakutsi eta asko gorde, asko; ontzurreak eta librak, Ana-Joxepa.
– Urretan?
– Urretan.
– Joosus! libraka urrea! Orratik ori ikustekoa izango da.
– Ara bat emen.
– Ori al-dek libra bat?
– Bai, libra esterlina.
– Eskerliña, eskerliña… Ori, mutil, eun errealekoa dek. Oñati’n.
– Baña libra esaten zaio.
– Ai enetxoa! Esatetik izatera bide andia ziok. Orrelako asko bear dira libra bat egiteko.
– Baño au ezta bakarra. Etxean ere ba’ditut eta Bankoan eta korrituan…
– Danetara zenbat izango dira ba ire diruok?
– Danetara, lareunbat milla ogerleko bai nereak eta gero aitarenak.
– Geiago eukala uste nian, ainbeste arrokeri jotzeko.
– Gutxi al-da ba?
– Ez, gutxi ez; nekazari baten alabarentzat…”
Zalantza ederrak ibilli zitun gure Ana-Joxepa’k Moxolo’ren dirutzak zirala eta etzirala, baño Malentxo’k Motxolo zapuzten zula igarri zionean alegiko axariarena egin zun: mats mordoari irrikitzen begiratu, baño goietsi zuelarik bere buruari iruxur goxoa egin.- Ots! Eztituk yangarri mats-mordo eldukabeok! Onelaxe Ana-Joxepa berriz ere Martiñ’en alde jarri zan buru-belarri. Berak zionez obea baitzan belaunekoai lagundu…
Urkiola’ri Itxaromendi esaten dio zentzuz Domingo Agirre jaunak, Joxe’ri etorkizuna itxaropenez ase’ez ba’zion ere, barrengo arrak, kezkak eta espak erabat uxatu baitzizkion. Joanes’ek, Andoni Deun egunez Urkiola’ko erromerira eraman zitun Malentxo ta Joxe billoba gazteak. Malentxo etxetik iñoiz ertetzen etzalako eta Joxe bere naigabeak nolabait eztitu zezaizkion. Emen, ipuiaren aria jarraitu al izateko gazte biak bakarrik arkitu ziranean izan zuten jardunaldia ezarriko degu, baño, au bezin ederra edo ederragoa oraindik, beste tankera batean, noski, eta au bezin erdiragarria Joanes’ek Elgeta’ko Austin bere lagun zarrarekin izandakoa. Au ordea, luzea eta ariaren etenaldi bat danez baztertu bearrean gera. Entzun ezazute orain biotz maitemindu baten zauriak lertu bearrez darion oñaze bizia:
“– Jesus! -dio neskatxak- Gauza lotsagarriagorik!
– Zer da?
– Osaba Iñazio Mari dantzaurrea egiten.
– Peru Odolki atzezko!
– Sokan dauden guziak dira oñatiarrak. Moxolo Potolo-ta.
– Jas! Ez lotsatzea osaba orrelako gizonakin bere burua bat eginda! Aldendu gaitezen, geu iñork ikusi baño lenago.
– Arritzen naiz.
– Zergatik baña?
– Moxolo emen eukita iges egiten dezulako.
– Nik eztaukat Moxolo’ren bearrik.
– Benetan?
– Ez naiz gezur-zalea. Goazen aitonagana.
– Ez apur batean, Malentxo; ez Jaungoikoa’ren izenean. Izketan asi geran ezkero gauzatxo bat esan nai nizuke.
– Zeuk?
– Bai. Aspaldin daukat nik zuri agertzeko uste bat, ames bat…
– Zaude ixilik.
– Ixilik, beti ixilik! Ito egin bear det beraz, nere gogoa?
– Ba’dakit zer esan nai zendukean… Ba’dakit maite nauzuna, baño ez itxaron nigandik ezer.
– A! Zure itzala izateko ez naiz duin!
– Ezta orregatik!
– Bai, biotzak adierazten zidan: utsa naiz, oinpean darabiltzun autsa bezela naiz. Zabaleta’ko morroia!
– Ezta ori. Zabaleta’n morroirik eztago. Zu ta ni anai-arrebak gera… Jakin zazu bein zure barruko arra kentzeko. Iñorekin izatekotan zurekin izango naiz; baño ez itxaron Jose, ez alperrik itxaron. Billatu zazu beste bat, zure idekoa. Neskatxa on bat opa dizut, ni baño obea opa dizut.
Eta orrela itz egitean, txit bigun begiratzen dio mutillari; errukizko begiak erakusten dizka.
– O, Malentxo!
– Ixo. Naikua esan dezu, geiegi erantzun det. Guazen azkar.”
Martin, Iñazio Mari’ren semea, Azkarraga jasotzen lanik etzala-ta, Somorrostro’ra joan zan ango burni meatzetan lanean aritzera. Ango gorri jendien erakutsiak burua ziaro nastu zioten eta Eguberritan etxeruntz etorri zanean piperra baño gorriagotuta eldu zan, “El Rasero”, “El Motin”, “Rojo y Verde” eta tankera oietako paperetan aberatsai lepoa mozteko ta pralleak larrutzeko arte guziak ikasita. Eta Eibar’en mitiñan itz egin zunean “ilustraziño” aundikoa zala zioten bertako kaiku batzuk.
Bere ilustraziño sakonaren berri jakin dezazuten, Eibar’en sosialista jendeak eratutako mitiñan gure Martiñ’ek egin itzalditik esalditxo berexi batzuk aukeratuko ditugu. Ortik igarri nola astokoskortu zitzaigun Martin Somorrostro’ko “unibersidadea“n.
“Langilliak: Euskalerrixa’n jaixo naiz, baño euskaldun izatiak ez nau batere arrotzen. Euskaldun izatia baño lurbiratarra izatia gurago dot. Euskalerri guztia, Eibar izan ezik, abadien mendian dago ta nik eztot iñon mendian egon gura. Gizonak eztau lokarririk bear. Danok gara bardiñak.
Gizona lotzeko eskubiderik iñok eztauka.
Goialdeak utzik dagoz. Gure gañean eztago iñor, ez erregerik, ez Jaungoiko’rik. Geuk egin bear ditugu geure legiak gura dogun modura. Lurrean ezta batere gudarik biar; guda-gizonak alper-gizonak dira. Diru-etxeak lapur-etxeak dira. Agintarixakana goazen eta esan deixogun geu gerala geixen, geu gerala indartsuen. Ezergaitik ez bildurtu; gogor egin bear da; gogor andiki, agintari, legegille ta abadien aurrian. Geure indarrez, geure kemenez, gauza guztiak goikoaz bera jarri bear ditugu: legiak ausi, agintarixak azpiratu, aberatsak ebaki, pralleak larrutu, elizak erre… Orrela ekarriko degu aginpidia pobrien eskuetara, orrela izango degu dirua ugari”.
“Orrela izango degu adarra jotzia” dio bate-batek azpitik Martiñ’en “egiak” biribilduz. Etorri ere, etzetorkion gaizki Martiñ’i egun batzuk lenago Joxe’k eta Manuel’ek esandakoa “El Rasero” irakurtzen burubelarri ikusi zutenean:
– A Salomon, Salomon kaiku! Obeto egingo uke paper ori irakurtzen baño etxeko soro-bazterrak garbitzen saiatuko baintz!
Joanes zarrak bere biziaren azkena somatu zuen, elurpean ia izozturik gelditu zan ezkeroz auleriak eta ajeak ziaro jota gelditu baitzan. Irudi zitzaion urte artako Eguberriak izango zirala beretzat azkenak eta Malentxo’ri esan zion Gaztela’koai idazteko, bere azken-eguberritan ondoan nai zitula-ta. Onela Zabaleta’ratu ziran Juan-Andres, bere emazte ta semea.
Eguberri egunez bildu ziran mai inguruan Joanes’en ondorengo guziak, baño bai zoritxarrez bildu ere! Eguberri ark Joanes’en bizitza luzatu ez-eze laburtu egin zun.
Bere zartzaroan eritasun eta ajeak beste munduratzear zeukaten garaian, bere billoba okerrak arantzarik mingarriena sartu zien. Gertaera onen ondorenak illobiratu zun Joanes Urbi’ko artzai zarra.
“Joanes maia bedeinkatzen asi zan… ta baita ere parrez Juanito eta Martin.
– Zeri egiten diozute parre? -galdetu zioten.
– Otoitzari.
– Otoitzari parre? Zergatik?
– Txorakeria dalako.
– Noiztik ona da txorakeria?
– Aspalditxotik. Orain ezta iñun otoitz egiten.
– Ainbat gaiztoago. Orregatik daude gizadiak dauden bezelakoak… Bada, jakin zazute, umetxoak: nere baserrian beti egin izan da otoitz, beti egingo da, ni bizi naizen artean beñapein… ta gero ere bai… uste det.
– Bai jauna; bai jauna! Ezkenduke besterik bear! (Malentxok, Manuel’ek eta Joxe’k batera).
– Aita ta semea! Judioak baño okerragoak zerate zuek, ikusten danez. (Amonak Martin’i eta Juanito’ri).”
Agirre’n eleberria azkenetara dijoa. Martin’ek eta Joxe’k alkarren artean itz gogorrak dituzte Malentxo dala-ta. Martiñ’ek, asma litezken makurkeri ta irañak egiten dizkio Iturralde’ko umezurtzari. Onek, sukarturik, ukabillez jo du Martin eta lurrean luze-luze utzi odol-jario. Ana-Joxepa’k, berotasunean, Martin bere illoba kutunaren alde egiten du eta Joxe’ri esanalak esaten dizkio: nun-naiko dala, Zabaleta’ra goseak ekarritako umea eta abar.
Joxe’k ulertu du. Zabaleta’n eztauka geiago babesik; arrotza dala esan diote, besteren ogitik jaten ari dan arlotea. Pardel txiki bat egin eta ba’dijoa, igesi orron, noranai ogibilla. Paula bere maitatzalle sutsua bakar-bakarrik izan zitzaion erruki eta bide ertzera atereaz bere samiña agertu zion. Joxe’ren arantz eta oñazeak baitziran bereak ere!
Baña, Joxe’rena jakin zunean, Joanes, Urbi’ko artzaien aitalena, izan zan biotzan zaztadarik aundiena artu zuna. Une batzuk lentxeago, Martin eta Joxe’ren arteko auzi aurretixe, Malentxo’k, bere Maitea nor zun aitonari agertu zion. Jesus, ludiko Salbatzaballea maite zun eta ari mirabe izateko lekaimetarako naia zerabilkin. Joanes’n aginduz, Manuel, Joxe’ren billa dijoa eta ezta etorriko ura gabe.
Joxe’k, Zabaleta’tik erten zanean, noraezean, Bergara aldera jo zun eta arrobi batean lanean asi zan. Mutil zorikabea etzan ordea adur onez jaioa ta garrautsa eskuetan lertuta, Bergara’ko eritegira ilzorian eraman zuten. An idoro du Manuel’ek bere anaitzakoa. Poliki, poliki, Iturralde’ko umezurtza sendatzen da, baño, begiak etzaizkio idekitzen. Ume zorikabea!
Bitartean eriotza inguratzen zaio Joanes zarrari. Joxe, begiak benda lodi batez lotuta eta Manuel’i esku batetik elduta Uribarri’ko kaltzadan gora dijoa. Larri dijoaz gazte biak, ezpaitakite bizirik atzemango dutenentz aitona:
“– Noiz artu ditu Elizakoak?
– Zortziretan.
– Gaizki al-da?
– Oso gaizki; ez omen du gaba ekarriko.
– Garaiz elduko al-gera!
– Nai nuke.
– Non goaz?
– Ia Goienetxe’n.
– Amaika bider egin det azkar emendik etxerakoa, baña…”
Garoa’ren atal oni Agirre jaunak “Bi arpegiak” deitzen dio iaioki eta benetan biotz-erdiragarria da bi arpegiok azkenekoz alkar ikusten duteneko alkarrizketa. Eleberri osoa irakurri ondoren liburuaren azkeneko azalpen au ezin irakurri liteke negarrari eman gabe. Alakoxea da bere aunditasuna ta oñazea! Baño, Zabaleta’ko trajeri izugarri au itxaropen ezti batez igurtzia dijoa sinistedunarentzat eta zorigaitzaren odei beltz artetik zorionaren lenengo argi printza ageri da…
– “Bai al-dator? -galdetzen du aitonak yoranez.
– Bai, aurki onezkero, urrean bear luke… Ba’dantzugu, emen da.
– Joxe!
– Aitona!
– Atoz, zai nengoan.
Bata oiaren ertzean belauniko, ta bestea mutillaren buru ta arpegia ikutzen, Isaak eta Jakob dirudite; baño emen Isaak baño itsuago da Jakob, Joanes baño itsuago Joxe.
– Ez nauk ikusten?
– Ez jauna.
Ta gaztearen malkoak esku gañean somaturik:
– Ikusteko begirik ez eta negar egiteko bai! -dio aitonak- Asko nai dik gure Jesus’ek orrela zamatze auenean… Ez ikaratu: oñaze oiek eztituk betiko. Gabaren ondoren eguzki garbia ziok, nekearen ondaren zoriona. Elduko zaik iri ere, bai alegia. Bitartean nere ordezko izan bear dek: sukaldeko zizalluan jariko aiz, nere aginpidien jabe ipintze aut, ni ba’nintz bezela begiratuko ditek…
– To, -jarraitzen du Joanes’ek- to, Joxe; artzak Malentxo’ren gurutzea, muin egiok.
Iretzako dek geroxeago; orain pitin baten neretzat… Zeruko giltza dala uste diat…
Artzai zarrak, gurutzea, umezurtzaren ezpañetatik bere ezpañetara darama. Jesus, Joanes’en aboan besoak zabalik dago, aspaldiko adiskidea Beragan artzeko zai bezela ta Joanes’en animak laztan batean ertetzen dio; laztan bero, gozo, luzearen bitartez ematen dio Joanes’ek Egille Altsuari anima, euskaldun animarik ederrenetakoa..”
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres