« Revasquización del pensamiento literario | Alos Torrea »
Goldaketan (Atzerri, Euskalerri) / Jokin Zaitegi / Pizkunde, 1946
Zaitegi’ren idaztiei buruz Andima / Euzko Gogoa, 1950-02
Euskera, berriz ere, ezteietan daukagu. Aspaldi ontan euskel-libururik iñundik ere ez zitzaigun sortzen. Euskel-literatura, laño-estalki batez inguraturik, euskeltzale ta euskalariekiko sor-gor ta antzu zegoan. Sorkaldetik igotzerakoan, eguzkiak odei-beltza urtu ta ayenatzen dun bezela, urrutitik, ain zuzen ere, euskel-erraiñu bizia etorri zaigu nolaerebait gure elertiaren iluntasun ori ayenatu ta ezabatu bearrez. Ez gero edonolako erraiñua, yator ta zindoa baizik. Iru idazti bikain, bata baino bestea mardul eta yoriago. Zaitegi Yaunak argitara “Goldaketan”, “Ebangeline” ta Sopokel’en antzerkiak liburuei buruz ari nauzu, irakurle.
Euskaldunak, zoritxarrez, ez dakite oraindik argitara diranik ere. Ez bakarrik euskaldun arruntek, ezta yakitunek ere. Eta ori ez dago ondo…
“Gernika” aldizkingi ederrean (I zenbakian) Lafitte Apaizak, euskalari bikain ta yakitunak, azken urte auetan euskal-barrutian erne diran liburuen berri zeatzmeatz ematen digu. Ondikoz, ordea, Zaitegi Yaunaren lanik aipatu ere ez du egiten.
Euskal-soroan erne bezin laister edozein landare maitasunez eskuetan yasotzeko gertu gaudenoi, ixilaldi ori mingarri izan zaigu, neri batikbat.
Pozik ikusi genun orratio, Montzon’ek “Goldaketan” olerki-liburuaz idatzi zun lan polita, bainan beste idaztietaz oraindik ez dugu itz bat ere irakurri.
Beraz, Zaitegi’ren lan bakoitzaz nere iritzi laburra azaldu nai nizueke.
Goldaketan
Olerki idaztia duzu. Euntsu olerki bere orrialde argietan gordeta dauzka. Geienak egileak bere kabuz sortuak, zenbait beste izkuntzetan garaienetariko izan diran olerkarietatik aldatuak.
Ez nijoakizue Zaitegi, euskal-lorategian, poeta-nabarienetarik bat dugula esatera. Zarautz’en aren aipua sendotua izan zan betiko “Tori nire edontzia” bere olerki txukuna saritu ziotenean. Orduantxe gure olerkarien taldean sartu zitzaigun ospatsuki.
Arrezkero urterik asko igaro dira, euskerari zoritxarrik asko leporatu zaizkio bañan orduko olerkari gaztea, gaur gizon egiña, poesi-baso itzaltsuan geroago ta barneragotu zaigu. Urteak urte, mallak gora, aspertzeke, ekin dio eta benetako poesiren muña bere esku argi ta antzetsuz atzeman du.
Zaitegi’ren bertsorik geienak Euskadi’tik kanpora sortuak dituzu, erri ezein ta aldenduetan mugatuak. Loyola’n (bat), Oña’n, Merida, Caracas, Panamá, Marneffe, San Salvador eta Guatemala’n. Nik bezala olerkaria ezagutuko ba’zenu, irakurle, aren poesi-egadak erriz erri yarraitu al izango zeniztuzke, baita adiñean gora dijoan neurrian poesian ere gorago dijoala neurtu al izango zenukete.
“Loyola-Oña”‘ko olerkiak txori asi-berriaren txintak bezela belarriratzen zaizkigu. Alaxe “Negua”. Olerkitxo polita, bañan mamiz ez ain betea. Aurtxoak begira ditzaken begi xaloz begiratzen ditu landako elurra eta sukaldeko egurra. Alaz ere bertan oartu daiteke geroko olerkariaren arnasa. Euskera ez du oraindik eskurakoi, geruago izango duan neurrian.
Merida’n olerki ederrik ondu digu. Alaz ere, neurtitz batzuetan, zenbait atzerriko olerkarien eragin ta ziria nabaritxoegi ageri dira. “Atzerri-zear” ek Heine’ren ikutua du, “Esne-beia”k, berriz, Carducci’ren ixuria.
Marneffe’n gure olerkariak beste olerkarien ariak urratzenagotzen ditu, ta bertso bikain-aipagarriak egiten: “Tori nire edontzia”, “Udaberrian negu”, “Zuri entzun nairik” sakon ta mistiku igurtziz osotua, “Galburua”, “Artzaiarena” poematxo polit eta aberatsa, kantagaia, Euskalerriko txiki ta larriei irakur ta kantaerazteko egokia.
Sail ontako olerkietan Zaitegi bide berriak urratzen asten zaigu: euskeraz iñoiz edo bakan erabilitako gaiak bere neurtitzetan darabilzki arako Lizardi zanak esanari yarraiki: “Euskera noranai ta zernaitarako zaitugu”. Era berri onetako olerkietan lena “Sphinx”. Euzkadiko mendiak utzita, etze-legor kixkalduetara garamatzi; zeinen egoki ta zeinen biziki! Euskera geroago ta gaiago, zailuago ageri zaigu idazlearen eskuetan.
Maite-olerkietan garbi eta bipil agertzen zaigu olerkaria, irudi bizi ta atsegiñez inguraturik istarriz yositako erestuna antzo. Orratx “Zorion Betea” deritzan olerkian iraizean yasotako irudi txanbeliña:
“Besoak gora zitun
lotzeko mototsa;
pozaren-pozez daukat
gainezka biotza;
iduri zun neskatxak
urontzi arrotza;
ene amets-kabian
dut zorion-otsa.”
Olerkirik goxoenak, bearba, umotuenak, San Salvador-Guatemala’n ondutakoak noski: “Goiko Ereilea”, “Kilkerraren otsetara”, “Anbotoko Sorgiña”, “Neskatillari esana”, “Neskak esana”, “Maiteak etsia”, “Bakar-bakarrik”, “Sorgin-orratzarena” eta abar.
Neurtitz auetan oartu dezake irakurleak gure olerkariak izkuntza, saski-gilleak zumea, okiñak orea bezin trebe ta egoki darabillala. Ain maite izan dun euskerak olerkariaren burutapen garai eta biotz-ixuririk sakonenari ere ez die ukorik egiten. Goldaketa gogorra, lur apatza zear euriaren lan biguña biurtu dala esan genezake.
Norbaitek, gure olerkariak geiegitxo irakurri eta iñoren amets-egaz apainduegi agertzen zaigula dio. Egia esan, Zaitegi Yaunak iñun diran olerkariak irakurri ditu, gureak eta gure ez diranak. Ortik, ordea, olerkariari makurrik ez zayo sortu, are gutxiago euskerari. Aitzitik ere, euskerarentzat amets-bide ez-ezagunak eta bearrezkoak egokitu ditu.
Literatura oro aurretikoen lanei nolarebait zordun da. Latiñak gerkeratik bere elertiaren aberastasun guzia yetsi zun eta arrezkero lurbiran izan diran olerkariak literatura bi oyen arnasa ta odolak ernerazi ta bizi-azi ditu. Idazle aipatuenen barrutian, aintzinateko olerkarien eragite ta ziria laister aski oartu genezazke. Irakurle ta ikusle zuurrak izaki, nunbait! Bakoitzak, ordea, bere gogo, izakera ta izkuntza zear iragazi ondoren, eder-lan berezietan mamituta eman dizkigu.
Orra gure olerkariak egin diguna ere. Euskeraz, gure basoetako lore apalen atxonez gantzututa zenbait atzerri-ederzaleen iduri ta esakerak eman dizkigu. Lan goragarria benetan,eta ez dut uste iñork errutzat egite txalogarri ori ezarri lezayokenik.
“Goldaketan” idazti bipillaren azkenaldean atzerriko olerkarien poesi ugari euskeratuta ematen dizkigu: Longfellow, Verdaguer, Maragall, Musset, Sully-Prudhomme, Gautier, Baudelaire, Coppée eta abar. Amaitzeko, berriz, Orati’ren zenbait oda. Esku-trebez itzuliak guziak.
Neretzako atsegiñen Longfellow’en itzulpenak: “Auzoko errementaria”, “Gezia ta Abestia”, “Egun euritsua”. Euskeraz amestu ta ondutakoak esan ditezke.
Orati ez duzu eskurakoi, alaz ere olerkari orren muña ta giarra garaiki ixuri ditu Zaitegi maiteak euskal ontzietan.
Irakurle: Olerki idazti onek nere buruan erneazi dituan esan-naiak oro idatzi bear ba’nitu, ez nuke lan auxe iñoiz ere bukatuko. Zoaz, zerori, iturri bizi artara eta egitan diotzut, etzaizula damutuko. Ederzalea baldin ba’zera, ederrik asko arkituko dozu. Euskeltzalea, ba’zera, aren izkuntz apain, ongi tajutu ta aberatsak, euskerarentzat eziñezkorik ez dagoala egiztatuko dizu, eta “atzerri, Euskalerri”, zoragarri biurtuko.
“Ebangeline”
Saiatu ote zera, irakurle, erderatik idazle ospetsuren baten lanik euskerara aldatzen? Maiz, bear bada, euskeltzale zintzoari dagokionez, ortara yarri zera, adorez ta kemenez beterik, itzul-lanaren oztopo gogorrak yarki zaizkizunerako, ordea, bertanbera, garai egokiagoaren zai, ain gartsuki asitako lana utzi duzu. Garai ori, gaur ere, etortzekoa izango zaizu nunbait!
Ez uste arritzen naizenik.
Itzul-lana, edozein izkuntzaz, lan gogorra, lan zaila duzu. Euskeraz, berriz, benetan malkartsu ta arantzez yosia. Ez, noski, euskera edozein izkuntza bezin gai ez dalako, euskaldunak bear bezin gaiturik ez gaudelako baizik.
Alaz ere, lan ederrik argitaratu da euskeraz, erdel-izkuntzetatik biurtuta. Erlisione gaietaz, batez ere, amaseigarren gizaldia ezgero, Itun Zarra ere, zatika ta osorik itzulia izan da. Bañan lanik ederrena sail onetan, Olabide’k egin diguna, Itun Zar-Berrietan Yaunaren itza euskeraz zintzoki ta goxoki gatzaturik emanaz.
Beste aunitz eliz-liburu ere, euskeltzale goragarri askori zor, itzuliak izan dira. Ala bear ere! Yainkoaren itza azkurri bidezko ta bearrezkoena bai zaigu.
Bainan bestelako idazleen lanetan iñor gutxi murgildu da ayen asmakizunak euskel soinekoz apaintzeko. Lan bearrezkoa izan ordea, orixe, iñoiz euskerak burua yasoko ba’du.
Ontara yo dugun ezkero, ezin itzulpen batzu aipatubage utzi: “Mireio” eta “Tormes’ko Itsumutilla” (Orixe’k), “Heine’ren Olerkiak” (Arregi’tar Yoseba’k) “Irizpidea” (Balmes-Zinkunegi’k),
“Wilhelm Tell” (Goenaga’tar Iñaki adiskide maiteak), “Bertolda eta Bertoldin” (Garro’tar Bernarta’k), “Oskar Wilde’n Ipuñak” (Altuna’k), “Grim’en Ipuñak (Larrakoetxea Ipolita’k) eta abar. Barkatuko al didate izendatzen ez ditudan euskeratzaleak, buruz ari bai naiz, luma ta papera, beste lanabasik gabe, nere liburu maiteak, nere oar ta lantxoak frankozaleen eskuetan utzi bear izan bai nitun oraindik luzaro ez dala!
Aipatu euskeltzaleak ederki yabetu dira, euskerarik ezin ditekela idazle ospetsuekiko sor ta gor. Ludian izan diran literatura-zale aipatuenen burutapen, iduri biotzondo xamur, amets-goxoak gure izkuntzaz yantzi bear ditugu. Lan neketsua noski, bainan noraezekoa.
Gure elerti-baratza ugari, idazle yatorrez aberats agertu ba’ledi, ez litzaiguke lan ori ain bearrezkoa izango, ain urri, ain exkas dagerkigun ezkero, burubelarri ekin bear diogu eder-lan guziek euskeratzen. Orrela gure mintzoa gaituko dugu eta, bidenabar, euskaldunei euskeraz beren adimen-argia ta gogoa asetzeko bidea gertuko diegu.
Menperatu-izkuntza geyenak itzulpenetan izan dute geroko loraldiaren oñarria. Mintzairarik asko begitan yarriko nizkizueke, bainan aski duzute Tauer’tar Norberta, euskeltzale azkarrak, “Euzko Deya” ‘n (276 grn. zenbakian ) txekoeratzaz idatzi dunari begi-ukaldi bat ematea.
Ortarako, ordea, idazleak, bere erri-izkuntza eta erdel-izkuntza zain-zainetik ezagutu bear ditu. Lenen, euskeraz yabetu bear du! Gure artean argitara diran idazlan guziak sakonki ta maiteki irakurri, erri-esakera ta gogoa aspertugabe aztertu. Ez bakarrik nork bere izkelgiri muxiñik egin! Ori bizkaieraz zegok, utikan! Alper zurien apuko geldok dituzu oriek, beñola, Larramendik erruki gabe astindu zitun ayen lankideenak. Batasuna iristen ez dugun bitartean, ezin dezakegu euskeltzaleak euskerazko lanik arbuyatu.
Orra Zaitegi Yaunak argi ta garbi erakusten diguna gaur iriz-gai dudan liburu lilluragarrian.
“Ebangeline”. Longfellow Ipar-Ameriketako olerkari aundiak amestu ta idatzi zizun poema eder ori. Gaur egunean amerikanoek aberri-poematzat artuta daukate. Olerki ederrak ere ondu zitun egilleak, baita beste poema bat ere, Amerika’ko lurraldeak goraipatzeko: “Hiawta’ren kantua”. Bainan “Ebangeline”, urteak zear, aren lanik aipagarri ta nagusientzat tinko ta lerden gelditu zaigu.
Ara poemaxoaren muña: Baserri zoragarri baten bizi dira, pakez ta atsegiñez beterik, Ebangeline ta Gabirel gazte maiteminduak. England’eko erregeak eman agindua bide dala, ango biztanle guziek txoko ura ustu bear. Irtera negargarri artan gure gazteak elkarrengandik banatu eta aldentzen dira. “Ebangeline”‘k, gerora, bere maitale kutuna arkitu nai dizu. Bideak eta ibaiak igarotzen dizkitzu Gabriel billakatu naiez. Alperrik, ordea. Gazte lerdena, maitasun-garra ito bearrez, baso-itzaltsuak barna alderrai dabilkizu. Ebangeline’k ordea, ezin etsi. Elkar-bear gorri ontan urteak didiyoazkie. Atzenean, neskak, bere maitalea, erietxe batean il-urren arkitzen dizu.
Bizigarriro ta zoragarriro Longfellow’ek edesti samin ori yalkitzen du. Maitari bien dardara, izadiaren dardaraz naasita, barrenki biotz-biotzean sarerazten digu, maitasun alda-eziñaren zirrada ere bai. Margolari trebea izaki, iñun izan dan margolari antzetsuenak baino egokiago, kolore-antuxiñak poema illezkorra zear uxtutzen ditu.
Euskeratzalleak ezin zezakean bere arloa obekiago burutu. Ez dugu Zaitegi zearmearka, oztopoak garaitu eziñik, dabiltzanetarikoa. Gure idazleak bekoz-beko begiratu eta garaitzen ditu. Iztegi aberatsaren yabe duzu. Beraz, noiz nai idorotzen dizkitzu egillearen bulkoak euskeratzeko itz eta esakera egokiak. Ez duzu, euskelbarrutian, orren idazle aberatsik errezki arkituko.
Ikus lantxoa zear yaso ditudan esamaña batzu.
Tximinietako kea: “Eun biotzetik goruntz doazan kedats-lañoak iduri” (8 gr. orr.) Aitona: “Elur-matasaz estalitako aritza zirudin” (9 Orr.). Gazteak: “Gazte ausarta zan TO. NO dagoneko emakumea zan” (11-Orr.). Arratsa: “Mara-mara etorri zan arratsa. Sarkaldetik bere urrezko zotza ikuspegiaren gain zabaltzen zun eguzkiak aztia iduri”. (47-Orr.). Eta orrelako milla liburutxoa barna arkitu ditezke.
Lan osoa, goxoki itzulia. Euskal usaia alderdi guzietatik dario. Euskaldunok alderrai eta deslai munduan sakabanatuta gabiltzan garai ontan, beti arrotz, beti errimiñez, gure atsekabea nolarebait arindu eta xuspertu al izan dugu Ebangeline’ren zoritxarrak irakurriz ta auznartuz.
Ikus, liburutxoak dakarren oparia:
“Guda-ekaitzak yota, Yainkoaren esku-begidunaren mendean, bazterretan an-or-emenka barreiatutako euskeldun maiteei, biotzez”.
Eskerrik asko, Iokin, egin diguzun adiguri eder orregatik, eta Euzkadik bear bezela ordainduko al dizu lan goragarri ori.
Sopokel’en Antzerkiak
Sopokel Atenai’ko loraldi betean agertu zitzaigun Elade’ko lurraldean.
Erri koxkorra zenun Elade, bañan yakintza, elerti eta erti-mota guzietan, bestek yo ez duten erpiña ukitu zizun. Arritzekoa, irakurle, orren aberri txikia lur-mugaz, gogo-mugaz ain zabal eta aberats gertatzea.
Antzerkigille garai au guraso eukitsuetatik Atenai inguruko errixka zoragarri baten sortu zitzaigun, Kolono, bere zartzaro aintzetsu ta argitsu artan, betiko illezkortasunez inguratuko zun erritxoan.
Etzioten gurasoek adimen ta yakintza bidean lagungari izango zitzaion ezertxo ere ukatu. Atenai’ko irakasle ospetsuenak izan zitun gidari. Pilosopi, Elerti, musika, baita gimnasia ere, garai artako gazte kiroltzaleai zegokienez, ikasi zizkitzun. Beraz, soin ta gogo, bere izatea egoki ezi zuala esan genezake.
Berez zitun doai bereziei ikasbide guziok gaineraturik, olerkari aundi ta entzutetsuen maillara iritxi zitzaigun gure gazte azkarra.
Etzenuten Sopokel, ez gartsuegi, ez epelegi; elendarren neurri ta armoni xotillaren yabe baizik, bere lan mardulak ozen aski aldarrikatzen digutenez.
Aldi artan ba’zan antzerkigille andi bat Grezia’n: Aiskilo. Eladeraz Sopokel’en berri damaigun edestitxoak dionez, “Aiskilo izan zizun tragedi-bidean irakasle”.
Sopokel, ordea, ordurarteko tragedi-bideetaz etzan naikotu. Antzerki-mota ori zabalagotu zun, yokabide berriak geitu ta ernegarriagotuz. Laister, irakaslearen ospea antzerkigille berriarenak lausotu ere bai. Ogei bider saritua izan zenuten antzerki-egunetan, Aiskilo bost aldiz saritua izan zan bitartean. Izugarria omen Sopokel’en idazlanak erriarengan zeukaten eragikortasun eta indarra.
Yakiña, giza-gogoaren altxabe ta leize sakonak iñork ez bezela barrendu ta aztertu zitun, bere lanetan biziki mugatuta yalkitzeko. Urteak orraitio, etzioten asmamenik, ez arestian aipatu armoni ta neurririk urritu, areagotu baizik. Zearo aguretuta, il-aurrean idatzi zun “Oidipu Kolono’n” antzerki bikañak argi ta garbi egiztatzen digu orixc.
Antxiñako larrutxak diotenez, eun eta amar antzerki, gutxienez, idatzi zitun. Bañan, zoritxarrez, zazpi besterik etzaizkigu gureganatu. Besteak, or nunbait, galduak edo irolduak izan dira.
Orra Zaitegi yauna nun datorkigun bere bide-saskia Eladeko oyanean bildutako urre-sagarrez zamatuta. Sopokel’en zazpi antzerkiak euskeratu ditu, oraingoz, ordea, lau ederrenak damazkigu: “Eletere”, “Oidipu Bakaldun”, “Antigone” ta “Oidipu Kolono’n”, liburu eder zoragarri batean, mamiz ta azalez begi-betegarri. Lau antzerkiok berreun orrialde mardul betetzen ditute.
Beraz, euskaldun maite, ez duzute nola naiko lana, gizon langille, kementsu, biotz andikoak bete lezakena baizik. Benetako euskeltzaleak, izkera arrotzik ugari ezagutuarren, euskera bakarrik erabilliz burutu dezakena. Erderaz idazten duten euskeltzale arroak, ez dute olakorik iñoiz ere burutuko. ¿Zergatik? ¡Kemenik, adorerik ez dutelako, ezta euskerarenganako maitasunik ere, naiz besterik aitortu!
Olabide Aitak euskeraz idatzitako Pisia irakurtzean poz-malkoak omen zitun Eleizalde euskaltzale yakintsuak. Egitan diotzut irakurle, Sopokel’en antzerkiak irakurtzean usu neri ere, begi-xokoetaratu zaizkit. ¿Eta nori ez, euskera izkuntza yakitunen einera yaso ta ayen arrandiz inguratuta ikusi ezkero?
Antzerkiok, gerkerazkoak aldamenka ditudala, irakurri ditut. Sopokel esakera sakon ta yakintsuz ugaria duzute. Zaitegi’k ordea, euskera eder, argi eta ulerterrezean irauli ditu. Sopokel itzez aberats, Zaitegi berriz, bestea bezin yori. Euzkeratzalleak gerkeraren biurgune ta korapillo guztiak barneraño aztertu ondoren, bere izkuntzara ezin egokiago itzuli ditu. Arlo ori ordea, gerkera ta euskeraren zaina ta muinaz yabetu ondoren burutu du. Zaitegi’k eladera barrenki ezagutzen dizu, Guatemala’ko Ikastola Nagusian izkuntza ori irakasten diardu, euskera berriz, iñork ez bezela. Eta orra, yakintsuaren lan ederra Sopokel’en Antzerkietan mamituta.
Oraindik luzaro ez dala, adiskide batekin gai onetaz niardun. Sopokel antziñakotzat esten zun adiskideak, eta orrelako lanik ez litzakela euskeratu bear. Ene ustez etzegoan izpidean. Elerti lan batzu, elerti osoaren oñarri gertatu dira. Urtez zaarrak, mamiz beti gazteak, alajaña. Gure izkuntza ere, bestekin zer ikusirik izan ezarren, literatura gaietan ezin diteke izkutu ta bakar izan. Gaiok, beti ere berriak dirala oartzeko, aski dugu gaur eguneko teatroa zear ibillaldi bat egitea.
Ain zuzen ere, egun auetan, Paris’en, ni orain bizi naizen erri ontan, “Theatre des Champs-Elysées” deritzan antzokian, “Oidipu Bakaldun” atertu gabe ematen ari dira etxebete ikusleren aurrean. Lenxeago antzerki ori Bruselas’ko Antzoki Nagusian antzeztu dute. Illabete ez da oraindik, “Antigone” ere eman digutela. Eta iñun berrizalerik ba’da, Paris’en noski.
Antzerkigilleak iturri bizi ortan eten gabe edan dute orain arte, eta aurrerantzean izango diranak ere, edan bearko dute. Beraz euskeldunak ezin gentzakean gaurdaño geure izkuntzaz egarri ori ase, gaurgero, ordea, bete-betean berdindu al izango dugu Zaitegi yaunaren lan arrigarriari esker. Eletere’ren apen-gogoa, Antigone’ren arrandi ta makurtu nai-eza, Oidipu erregearen zoritxar ta naigabeak euskeraz daztatu ta gozartzeko zoriona izango dute euskel antzerkigilleak. Bai, benetako oturuntza ugaria gertu dizue Zaitegi’k.
Omen zuri, adiskide maite, orren lan garayak burutzeko zeure gaztetasuna, zeure yakintza ugaria ama euskeraren oñetan yarri dituzulako. Ederki zion Montzon yaunak: “Euskadi bere buruaren yabe egiten danean, ango Ikastola nagusian nai zaitugu”. Bai, euskel-Ikastola Nagusian, erdel-ikastolarik aski bai’dugu.
Utzi ditzagun eztabaida ta erostak alderdi batera, eta Zaitegi’k erakutsi bidea barna oldartu gaitezen euskaldun oro. Batez ere, zuek yakintsuek, erderaz ipin-apain ari zeratenok, noiztanka euskerari, erderaz, lekayo jotzen. Benetako euskeltzaleak euskeraren baranoan txalo-yoka edo erostaka erderaz diardutenakin nazkatuta gaude. Ez dugu nai txalorik, ezta erostarik ere. Egiñak, egiñak nai ditugu.
(Paris’ko Euzko-Deya’tik yetxita)
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Nagore Fernandez
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Joxe Aldasoro
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Mikel Asurmendi
Rifqa
Mohammed el-Kurd
Irati Majuelo
Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta
Aiora Sampedro
Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban
Mikel Asurmendi
Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka
Asier Urkiza
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia
Nagore Fernandez
Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate
Jon Jimenez
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Hasier Rekondo
Detaile xume bat
Adania Shibli
Irati Majuelo
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Ainhoa Aldazabal Gallastegui