kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Zoperna jenerala / Luis Berrizbeitia / Pamiela, 1987

Literatur-zoperna, sorpresa jenerala Jon Kortazar / Eguna, 1988-01-14

Antonio Machadok esan omen zuen: “Artistak bizitza maite, eta artea gorrotatu behar du”. Literatur-topikoei hain loturik zeuden, bere jokera sinbolistei egiten omen zien uko esaldiaren bidez.

Gure gaurkotasunari buruz daukagun ikusmira zabaltzen zaigunean, azalduko dugu, beharbada, gaurko poetek, gaurko gure literaturak Bizitza eta Artearen artean egiten duten banaketa zeri dagokion, zergatik gertatzen den. Banaketa berdina jarraituz, Luis Berrizbeitiak ere, bere “Zoperna Jenerala” liburuaren poema batetan, banaketa honi buruz gogoetan agertzen zaigu: “espresio perfeta gauzak berak dira” aitortzeko, eta bizitzaren alde agertzeko.

Baina, bide nabar, bere liburua literaturaz blaitua den poema bilduma da. Titulutik beretik hasita. Hartzen du batek liburua eskuen artean, eta burura etortzen zaion lehendabizikoa, “zoperna” zer ote den galdetzea da. Eskerrak idazleak azaldu egiten duen pasarteren batean, eta M. Duhalderengandik hartua dela, eta “Uholde unibertsala” bezala ulertzen dela argitzen duen. Liburua, beraz, literatura uholdea da.

Liburua benetan, harrigarria da, Esperimentalismoaren bide aurrerakoiak utzi, eta tradizio zahar eta zuberotarren bide-txidorrak aukeratu dituelako, eta tresna horretaz baliatuz, edertasun arraroa erakusten duelako. Guzti honengatik da liburua sorpresa.

Era bitako poemak aurkituko ditu irakurleak bertan. Batzuk, musikaren baten inguruan sortuak, eta aho tradizioari lotuak, eta besteak kontzeptu-gai, edo narrazio baten inguruan moldatuak.

Baina gehienetan meta-literaturaren usaina darie poemoi, beste idazleren baten agerpen eta interpretazio lana. Poesia beraren izaerari buruzkoak dira, agian, borobilenak, edo irakurle honi gehien atsegin zaizkionak.

Berrizbeitiarengan jokera barroko edo manierista bat nagusitzen da, formaren eta hiztegi klasikoaren ezaguera galantari esker. Baina bere esamoldea ez da filologia hutsean geratzen, hitz eta espresamolde zaharrok berpiztuak bezala agertzen dira, bertsoaren musika esaldian ongi moldatua. Ia ahazturik genituen idazle klasikoen esplorazioa egin ostean, poesiarako jantzi berriez aurkeztu ditu hitzok Berrizbeitiak, errekuperazio lan izugarria eginez. Guzti honek ematen dio manierismoaren kutsua liburuari.

Eta ongi egingo du irakurleak hiztegi bat ondoan duela, irakurtzen badu liburu hau. Hiztegiaren zailtasuna igaro ezkero, liburuak ez du oztopo berezirik agertzen sinbologia mailan.

Halaz ere, galdera bat geratzen zait ezpain artean dindilizka, zenbat iraungo ote duen poesia honek gure artean, zenbat idazle honen espresamolde munduan, Berrizbeitiak berak gogoratzen duenez, oraindik bizitzeko asko duenean, oraindik bizi egin behar denean.

Zoriondu beharko diogu, tradizioaren esplorazioa. Dirudienez, euskal literatura gaztea lema-bira ematen ari da gure liburugintzaren untzian, eta tradizioa geroago eta hobe ezagutzen saiatzen da. Norbaitek kontserbadurismo berriaren aztarnatzat izango du, beste askok espresamoldeen aberastasunaren seinaletzat eta literatura osoago, hizkuntzaz zainduago baten agerpentzat.

Berrizbeitiaren hurrengo liburua nola izango den jakinminez geratzen gara. Geroak esango al du!

Eguna, 88-01-14



www.susa-literatura.eus



Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak