kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Euzkal Elerti-69 / Askoren artean / Lur, 1969

“Euzkal Elerti-69” Xabier Gereño / Anaitasuna, 1970-02-28

Liburuaren asieran, Juan San Martinen saiaera edo entsaio bat dator, gaia euskerea dala. “Euskaldun zertarako?” itaunarekin asten da; eta Unamuno ta beste euskerearen kontrakoei erantzuna emon nahian, San Martinek sakon eta garbi jokatzen dau euskerearen alde.

Arrazoia dauka San Martinek, 30 gn. orrialdean zera esaten dauanean: “Oraindik zenbatian egin beharra dogun ardi larruz jantzitako otsoen kontra”.

Orain ilabete batzuek dirala, eztabaida bat sortu zan ZERUKO ARGIA-n euskereari buruz. Batzuek esaten eben, euskerea galduta bere, gure erriak Euskalerri izaten jarraituko ebala. Beste batzuek, ezetz. Eta San Martin, azken honen alde agertzen jaku. Horretarako, arrazoi on bat emoten dau, nire ustez: “Hizkuntza ez da elkar adierazle bat bakarrik, baizik pentsatzeko tresna ere bai” (57 gn. orrialdean). Eta, jakina, euskerea galtzen badogu, eta euskerea pentsatzeko tresna ba bada, ezin pentsatu izango geunke euskaldun legez, eta euskal pentsakerea galdu egingo geunke.

Euskera batuaren alde, ta euskerea eskoletan sartzearen alde dator San Martin. “Lastima gure estudianteeri beren asignaturetan ez erakustea. Ezagutu gabe, zelan maitatu? Ikasi gabe, zelan jakin?” (70 gn. orrialdean).

Saiaera eder hau, Arestiren itz batzuekin amaitzen da “Bakeak euskerari kalte egiten bait dio”, eta Azurmendiren poematik artutako itz honeekin:

“Ba zijoan egun batez nire herria
bizitzaren bidetik… Eta gizonak,
elkar begiratuaz, esan zuten

Ba dugu bake: jarri.
Inork ez zuen erantzun:
hilda zegoen herria.”

Saiaera honen jarraian, Xabier Kintanaren nobela bat dator, “Beste Izakia” tituluarekin.

Orain, zuentzat lan hau idazten nagoanean, gaueko amaikak dira. Telefonoa artuta, Kintanarekin itz egin dot, eta hara zegaitik.

“Beste Izakia” nobela honek, irudimenezko zientzia eta misterioa erabilten ditu, biak batera. Nire ustez, nobela ona da; baina Kintanak humilki esan deust, ez dagoala beragaz osorik konforme, eta beste lau obeagoak daukazala.

Nobelearen asieran, gizon bat ilten da, eriotzerik bildurgarrienarekin. Nobelearen amaieran, beste eriotze bat. Iltzailea nor?

Ni ez noa hemen, nobeleari buruz gehiago esatera. Irakurriko dozuenei kalte egingo neuskizue, misterioa aurretiaz argituaz.

Baina, nobelea amaituta, itaun bat geratzen jaku erantzunik barik: Urlia (ez dot izena aipatu nahi) ilda gero, zer jazo zan super-erlauntzarekin?

Orain, gaueko amaiketan, horixe galdetu deutsat telefonoz Kintanari.

Kintanak, barreka:

— Liburuan, hori ilun geratzen da. Ez da horreri buruz ezer esaten.

— Bai, ba dakit, erantzun deutsat. Baina, nik legez, askok egingo date itaun berbera; eta zuk, nobela horren idazlea zarean ezkero, berorren planteamentu osoa eukiko dozu urrean. Erantzun eidazu, ba.

Bere erantzuna, hauxe izan da

— Nobela honetan erleekin jazoten dana, gure artean jazo leiteken gauzea da. Eta nobela honetan, Urlia ilda gero, erleak munduaren jabe izatera eldu ziran, edo izateko bidera behintzat.

Kintanaren nobelearekin liburuaren 254 gn. orrialdean eltzen gara, eta oraindino beste horrenbeste daukagu aurrean.

Salbador Garmendiaren “Historia Triste Bat” antzerki famadua dator urrengo. Drama hau zer dan ez noa esatera, zuetariko askok, antzerkian ikusita daukazue ta. Baina esan daigun, euskal teatroko Lehenengo Sari bat irabazi ebala, eta orain, astiro, zeuen etxeetan, irakurteko aukerea izango dozuela.

Gero, “Makina” tituludun iru egile gazteren teatro lantxu bat, atseginez irakurten dana; ta jarraian, Gabriel Arestiren “Beste mundukoak eta zoro bat”. Arestiren lan honetan, San Nereo, deabruak eta neba-arreba batzuek agertzen dira. Euren artean zelango nahasteak sortzen diran jakiteko, irakurri egin behar dozue lan hau, eta zeuok erabagi benetako zoroa nor dan : ala zorotzat eukitakoa ala besteak.

Aurrerago, Bilboko Ekonomiazko Fakultadean joan dan urtean egindako sariketan lehenengo geratu zan Kintanaren ipuina, ta beste idazlan on batzuek.

Sariketa honeri buruz esan daigun, sari bi eskaini zirala: bat euskerazko lanentzat, ta beste bat gazteleraz egin dakoentzat. Mahaiburukoak, Gabriel Aresti, Angel Zelaieta (ANAITASUNA-ren zuzendari orain dana) eta neu ginan. Ogetalau lan geunkazan esku artean; eta euretariko dozena bat inguru, bata bestea baino obeagoak ziran. Azkenean, erabagi bat artu behar; eta Kintanarena iruditu jakun onena, izkuntzearen aldetik eta gaiaren originaltasunagitik balio andikoa zalako.

“Euskal Elerti 69” liburu andi ta eder hau artu nahi badozue, eskatu zuzenbide honetara: Editorial Lur-Villa Zutik-Paseo Arbola-San Sebastian. Bere prezioa, suskritoreentzat 100 peseta, ta besteentzat 200.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak