« Sustrai bila | Isturitzetik Tolosan barru »
Haur besoetakoa / Jon Mirande / Lur, 1970
Haur besoetakoa Arestiar / Anaitasuna, 1970-09-15
Gaurko hau literatur-kritika bat izateko da. Beraz, literaturarekin eta liburuarekin berarekin zer-ikusirik ez duen gauzarik, ez dut hemen ukituko. Alde batera utziko ditut, beraz, idazlearen pertsona bera eta beraren pentsa-moldea; haren gainean harrotutako esamesak, hitz-erdiak eta uste ustelak. Bakarrik kritikaren hasieran, zenbait berri emanen dut Mirandez, irakurlea, liburuaren gainean juzgu bat emate-orduan, sufizienteki informatuta egon dadin.
Guatemalan “Euzko-Gogoa” euskal aldizkaria argitaratzen hasi zenean, harren orrialdeetan zenbait eskritore berrik parte hartu zuten; eta horregatik ederki esan liteke, errebista horrekin batera, euskal belaunaldi bat sortu zela: Guatemalako belaunaldia. Izen batzuk aipatuko ditut: Alvarez, San Martin, Aurre, Etxaide, Krutwig, lerro hauk firmatzen ditudana, Peilen, Mirande… Orduko denboran ez zen hau azkena izan, puntarengoa baizik. Eta ia guztiak eskola diferentetakoak izanarren (batzuek eskola kreatu zuten gero, besteek ez), denak elkarrekin lotzen zituen lokarri eta juntagailu bat ba zegoen, haien deskonformidadea, aurretikako moldeak apurtu nahia, bide berriak bilatu nahi izatea…
Guatemalakook ez dugu inoiz Guatemalako lurrik zapaldu; gure oinok itsasoaren honandikoan ongi finkaturik eduki ditugu. Mirande Parisen jaio zen, eta orduandanik han bizi izan da; hala eta guztiz ere, Mirande ez da euskaldun berria, euskeraz xipitandanik jakin du, haren gurasoak Zuberoko euskaldunak izan baitziren, eta Parisko kale luze eta arrotzaren erdian bere euskalduntasunari eutsi eta ekin ziotelako.
Hemen aipatzeko nituen nolako kontra-karrak eta atakeak pairatu behar ukan zituen Mirandek zenbait euskaldun eta sasi-euskaldun pentsa-molde mehar eta laburrekoren intentzio gaiztotik. Hobe isiltzen ditut. Baina ostrazismo eta debekatze tirano hartatik, haren zenbait liburu eta idazlan geratu ziren argitaratu gabe, haien artean orain LUR editorialak euskal jentartera ateratzen duen gaurko nobela labur hau, edo Mirandek berak dioen bezala, ipuin-berri hau.
Nobela honek, zenbait puntutan, gogora ekartzen dauku denbore bateko Lolita famatu hura. Honekin esanda dadukagu nobelaren gaia zein den; eta erraz konprenitzen da, euskaldun moralista zaharrek, hain eskandalo haundia harturik, bere beztimendak urratu eta bilo-bizarrak hautseztatu zituztela. Segurantzan gaude, gaur egunean ere, neska mini-gonadunekin eta apaiz frakadunekin eskandalizatzen ez bagara ere, ez direla ez lau eta ez sei izanen, liburu honekin eskandalizatuko direnak. Hala ere, LUR editorialekoek ohar egoki bat (hala ere edo horregatik) jarri dute liburuaren atarian bertan, liburua haur listoen eta gizon tontoen eskuetatik urruti gordetzeko. Ez dadin honekin bete Ebanjelioko profezia eta kondena hura: “Haur eta moralista hauk eskandalizatuko dituenak, hobe luke baldin eta errotarri bat lepoari loturik bere burua errekara botako balu”.
Zeren liburu honen gaia izutzekoa da. Guri ere, irakurri dugunean (eta ez gara errazki izutzekoak, bizitzeak, gure zentzagarri krudel honek, asko irakatsi baitauku), buruko biloak luzatu eta belaunak larritu egin baitzitzaizkigun. Gizon adineko eta nagusi baten eta hamar-hamaika urteko neskatxa baten arteko amorioen historia baita.
Askotan entzunda dadukagu, eta gehienetan elizgizonen ezpainetatik, euskerak, sakristiaren barreneko hizkuntza bat izaten jarraiki dadin bitartean, haren liburuek meza-liburuak izaten iraun dezaten bitartean, ez duela saibaziorik edukiko, sakristian eta mezatan kristauak salbatzen diren arren, hizkuntzak kalean salbatzen direla. Hizkuntzek ez bakarrik letaniak eta otoitzak behar dituztela; bai eta gordinkeriak eta solas zakarrak behar dituztela bizi izateko. Inork inoiz honela pentsatu baldin badu, ez dezala orain eskandalorik har, ez dadila fariseoa izan. Hau pentsatu behar dut: Liburu honegatik gaizki esan behar baldin bada, irakur dadila lehenbizi; eta nekez eta desgogara irakurtzen baldin bada, orduan esan bedi gaizki. Baina irakurtzen ez duena, isil dadila, ez dezala juzgu ausartik egin; eta gustora eta atseginez irakurriko duenak ongi beza esan.
Nobela hau bere lehenbiziko redakzioan gipuzkera osatuan zegoen idatzirik; baina autorearen baimenarekin, eta egungo tendentziei jarraikitzeagatik, editoreek euskera batu eta orokorrera itzuli dute, Batasunaren Kutxan agertzen diren erregelak errespetaturik. Hortik aparte, Miranderen euskera ez da guretzat erraza; alde batetik haren zuberotartasuna, nahiz eta bere hemengo molde eta itxuretara ahalegintzen bada ere, edonondik agiri da; haitzari ura bezala dario Miranderi bere piriniotasuna. Beste alde batetik, eta beharbada Parisen bizi izateagatik herri normalarekin sobera har-emanik ez duelako edo, Mirande puristegia da, eta maiz hitz bat erderatik datorrelako, baztertu egiten du, eta haren ordez beste garbiago baina gaitzago bat erabiltzen du. Honek astuntasuna eta zurruntasuna ematen dio haren euskerari eta zenbait irakurle xehek gaiztasun hori gaindituko ez duela bildur gara.
Hala ere, ongi idatzirik dago. Nobela osoak, hasiera geldi eta baketsutik bukaera zurrunbilotsu eta ekaiztsura, ritmo arin eta bixkor bat darama, beti gorantza igaten dena, bere memento egokietan atseden hartzen duena, dena Beethovenen sinfonia batean bezala ongi konposaturik eta konpasaturik, prezezki neurturik, jakituriaz erregelaturik. Nobela bezala, eredutzat hartzeko da.
Gaiari buruz, berriz ere, euskaldun prestu, ongi-pentsatzalle eta kristauari hain izugarri irudituko bazaio ere, begirik miopeenak ikusi beharko du amorio hoek ez direla lizunak, haragiaren grina desordenatu eta desonestak ez duela bertan lekurik hartzen, libidoaren indarra ausente dagoela bertatik, gure erromantiko denbora zaharretan mendi-mendian Mirentxu eta Maitena baten amorioak ez zirela garbiagoak izan; azkenean amorio horrek gorputzez bere burua eta amaiera hartzen baldin badu, funtsean sinbolo bat dela, errebeldiazko azken garraisia zoro bat, gizarte intolerante baten kontrako aldarri desesperatu bat.
Eta Miranderen liburutik har dezakegun irakaskintzarik harrigarriena, hau da: Obra hau, libertadeari eskaindutako kantu bat dela; gezurra badirudi ere. Munduko hippiek inposiblearen bazterretan libertade amesgarri horri dedikatutako abesti eder, gaitz eta ezin bat.
Hitz bitan esan beharko bagenu HAUR BESOETAKOA zer iruditu zaigun, honela esanen genuke dela: Ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposible bat.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro