« Haur besoetakoa | Lurraren kondaira »
Isturitzetik Tolosan barru / J.A. Arze "Hartzabal" / Egilea editore, 1969
Isturitzetik Tolosan barru Juan Mari Lekuona / Zeruko Argia, 1970-11-22
Orain amabost egun, gutxi gora beera, aozko poesia ta uain berriko olerkariak aipatzean, J.A. Artzeren lana aztertu genduan, Aresti ta Leterenarekin batera. Eta aipamen orretan “Isturitzetik Tolosan barru” liburuak aozko poesiarekin duan zer-ikusia agertzen zan.
Alde onek, nere iritziz, poesi-bilduma orrek eskeintzen digun doairik bikaiñena azaltzen badigu ere, ba ditu delako liburuak alderdi batzuk, aspaldidanik aipatu nai nituzkeanak, aurkezmen gisara. Liburu aberatsa da, lan askoren milla pallaku artua. Berezko bereiztasun ederrak dituan bilduma interesgarria.
Lanaren balioak mailla batean emango ditut. Nere iritzirako onentsuenak jotzen ditudanak leenbizi; gero, saillean jeisten goazen bezala, merituz ere urriago jotzen ditudanak. Izan ere zenbait gauzatan, euskal poesiari begiratuta, Artzeren bildumak iñoiz egin ez diran saioak ditu. Ta beste batzuetan, berriz, pentsamenari ta biotz-zartadari bagagozkio, ez dabil gaillurrenean (bere eldutasuna ba du ere). Ta zenbaitetan errikoi ta konkretuki mintzatzeak berekin ditu bere mugaketak.
1.— Aozko literaturaren kimu-berritze bat: Au da leen maillan aitortzen genion meritua. Ikus, orain amabost egun esaten genduana, “Z.A.”, 400 (1970), 3. An arkituko dezu gat oni buruz iritzia.
2.— Konkretu izeneko poesi-lan ederra: Ikusmenaren legezko estetika bideak, bide berriak, arkitu ta artista ta inpretalari treben bidez gauza zoragarria lortu digu. Ezin uka arlo onetan Artzek eskeintzen diguna gauza berria dela, gauza bikaina.
Argazki, marrazki, grabaketa, moldaketa soiñua dizkan… Eta poesien izen-buruak euskal jeografiako jeinu-adar eta histori-oiartzun errikoiei lotuak; historia ta jeiografia ta etnologia batean errotuak. Eta au guztiak plastikaren bidez aditzera emanaz.
Talde trebe baten lana dugu. Koloren esan-naia, tridimensional kantoidunaren txuri beltza, letra apainduen espiral zailla, lerro austeak edo korritzeak, itzen plastika ta plastikarren itza. Moldiztegiko tajuketa gaur-gaurkoak, barrunbeko konposizio jatorrean, gure zentzun guzien funtsean, plastika bide dalarik, mintzo zaigula.
3.— Pikareska moduko filosofi errikoia: Au da irugarrenean aitortu nai diodana Artzeren liburuari. Denek gogoan idukiko dute ango zati ura: “Portugaldar batek/honela hitzegin zidan behin…”. Eta erri-eskarmentu bizia du orri onetan bertan, beste aldean dionak.
Eztenkadak akullukatze orretan ba du antza bertsolariekin. “Pobriak altxatzeko/a zer kuadrilla”, dio Udarregik, protestalari ta ironidun, Artzek bereak egiten dituan itzekin. Zirikada benetakoak ditu nun-nai liburuak, eta etorri aundikoak. Ikus, adibidez, “Itxuraldatze”, “Markina” orrialdean, edo Markoxen protesta bakarra. Edo ta aipa ditzagun atsotitzak, zein baiño zein zorrotzakoak.
Talde onetan sartuko nituzke bere itz joku erneak. Aur-jolasketak bezain argi ta xalo. Erri jakinduria baten zaar-oin aundikoak. Bertsolariaren eztenkada berekin dutela. Atal onetan aipatuko nituzke, diodanaren ejenplu, “Aiala” orrialdea, “Errenderi” izeneko orrialdean dakarren espiral jeinutsua, “Ezaren korrika saioa”, “Arantzazun, 68-10”, “Zer dala ta zer dala”. Zorrotzak eta argiak benetan.
4.— Errotutako gizona, pentsamen gurpil agirikoa: Bizi-taupada ieskor au nolabait mugatu bear ta, ar ditzadan egillearen itzak: “ama/ amagandik sortu danak/ maite du ama/ ama/ lurra/ herria/ lurrik gabeko/ herririk gabeko/ amarik gabeko/ seme-alabak”. Naiko argi dago zati onetan esan nai nukeana. J.A. Artze giro batean sustraitua azaltzen da: amaren erraietan, teluriaren altzoan, erriaren zaiñetan. Ta bere oldozmenak iru atal auetara dijoaz nabarmen, nere iduriko: askatasuna, euskalduntasuna, emakumea.
Askatasuna da, agian, bere gairik aipatuena ta biozkadarik ozenena. Askatasuna, gorputzarena bezala gogoaren zilbor-estea ere autsiaz. Askatasuna, zibilizazio batek dakarkigun morrontza salatuaz. Askatasuna: odola, beldurra, gogorkeria, nausikeria ta iñungo kate ta kaiolak eten eta uxatu nai dituana.
Euskalduntasuna ere jator eta minberati datorkio. Atzerrian (Londresen), piztutako argia du, amaren sabelean erroturikoa; erri onetako erabat izateko aukera egindakoa, ekintza baten burrukan saiatu-gogo-duna; erri bat, jakite bat, kondaira bat; erro oietan sakontzeko gogoz; euskaldungoa serio batek eskatzen duanez, konprometituta bizi nai duana. “Kultura/tankera/euskera… nere amak eman ez bazidan/esango nuen nere ama emagaldurik galduena zela…”.
Emakumea. Era askotako ezpalak ateratzen dizkio egilleak gaia-gerri oni. Leenik, ama. Ziñetako aitormena arkitzen diot liburu onetan amaren itzalari. Ama, gorputzeko bizitzaren sortzaille, euskal kulturaren asikin, lanaren amoreagatik illa: “nere ama hil zait/lanak itota… zertarako dan bizitza/jakitera iritxi gabe…”. Ta batez ere emakumea aipatzen du maitale-lagun bezala. Gai onetan, agian, norbaitek izan dezake, moraltasun baten aldetik edo, zerbait esateko tentazioa. Nere iritzi apalerako, poesiaz mintzo naizenez, ba dute Artzeren maitale-gaiak beren estetika espresioa, batez ere bizi-bearraren eta askatasunaren deadarra dasatenean. Bizi biziak dira. Ori bai: gai oni beste saiets batetik begiratu bear banio, jantziagoko pentsamen baten aldetik eta abar, zorrotzagoa bearko zuan izan nere iritziak.
5.— Mugaketak eta arrixkuak: Liburu au, ainbeste ta ainbeste landua izana dan ezkero, naiago dut bere akatsak salatzen asi baiño mugaketak ta arrixkuak aipatzea. Obe deritzat. Bidezkoagoa ta leialagoa.
Bere itz ikasketak eta ots ikasketak, sorgin izkuntza baten lilluratasuna badariote ere, kontu aundia izan bear du egilleak geiegizko batean eror ez dedin. Teknika asmatu duanez, ies egin beza tentaldi onetatik: leengoaren azal utsa ematetik; muin berririk gabe, ots utsa ematetik.
Errikoia izateak ba ditu, baita, bere arrixkuak. Errikoia izatea zabalkundea duan poesia lortzea da; baiña gal dezake sakontasunean. Edo ta gerta leike zenbait gai sakon, axaletik eman bearra izatea. Adibidez aipa ditzadan Eliza ta euskal-historia arteko zenbait pintzelkada bizi Artzek bere liburuan ematen dituanak. Erria aukeratu du, esan-miña aundi baten ao-bizi. Baiña or dago, baita ere, gai auek sakonago ikusi ditutenen salla azterketalaria. Ta ezin ukatu auen iritzietatik aldentzea arrixkuduna dela; ta erriak, muga jakiñetan ibiltzera beartzen duala, gauzen zenbait funtsetatik at. Eta gauza aundia da pentsamen elduaren loramena dan poesia. Agian aundi bezala, bera bakarra.
* * *
Ona emen bide berriak ireki dituan liburu estimagarria. Aozko literaturaren teknika, itzen dizdira aberatsa, plastikaren teknika poesiduna, bertsolari tenperamentua (ez ainbeste auen teknika esaundetan): auek dira J.A. Artzek darabilzkian lan-tresnarik onurazkoenak. Gero bere sentipen fiñak eta bere bizitasunak egiten dute gaiñerakoa. Mugak muga dirala, “Isturitzetik Tolosan barru” liburuak bulko bat eman dio gure poesiari. Ta egille bezala olerkarien eskualdean, izenik sonatuenetakoa dagokio uain berriko poeten artean, usurbildarrari.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro