kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Kaniko eta Beltxitina / Jakes Oihenart / Lur, 1971

Kaniko eta Beltxitina Hormaetxe / Anaitasuna, 1971-11-30

Argia ikusi berri du liburu berri batek. Liburu berria; mamia, zaharra. LUR editorialak irakurleei liburu on bat eskaini nahi zan die. Baina gauza bat da nahi izatea, eta beste bat, benetan lortzea.

Nire eritziz, liburu on bat izan zitekeen Jakes Oihenarte-ren “Kaniko eta Beltxitina”. Ba dirudi, euskaldunok geure aintzinako literatura ezagutzeko gose garela. Jende gazteak batez ere, gure literatura ezagutzeko irrika sentitzen du. Literatura hori urria eta zenbait kasutan oso mugatua izan arren, jendeak, herriak, geure geure dugun literatura hori zer eta zelakoa zen jakin nahi du.

Bestalde, herritar gehienontzat aski misterioso gertatzen da literatura horren zenbait alderdi. Hauxe da Zuberoko pastoralekin gertatzen dena. Euskaldun gehienok ez dugu behar bezala ezagutzen sail hori. Gure ezagutza ezaren errua, beharbada, euskaldun jakintsu batzuek izango dute. Hitzaurre egileak, esaterako, Urkixoren betebeharra ez du leku onean uzten. Guretzat ulergarri da zenbait alditako euskaldunen erizpidea, batez ere morala eta literaturari buruz beren epaia eman behar izan zutenean. Beren garaiko seme baitziren. Baina ulergarri izateak ez du esan nahi, inola ere, erizpide zuzena zenik. Ez du esan nahi, justifika daitekeenik besterik gabe.

Gaur giroa aldatu bide da, bestelakotu. Zenbait gaitara ohituago gaude. Horregatik, ez dut uste, jendea hainbeste eskandalizatuko denik, “Kaniko eta Belxitinaren” “berde kutsuaren” aurrean. Ez eta kalonje teokratarik ere. Oraindik gehiago esango nuke: nor ez dela harrituko liburu horren gordinkeriaz. Zergatik? Ia inork ez duelako irakurriko. Beharbada, filologoren batek, gauza bitxitzat harturik, bere gozamenerako gai polita izango du. Baina herritar gehienak irakurri gabe utziko dute. Eta, irakurtzen badute ere, ez dute ezer askorik ulertuko.

Hitzaurreak dioenez, “pastoral honen argitarazioarekin LUR editorialeak beste zerbitzu bat errendatu nahi ukan die Euskal Herri xehearen kultura propioari, ea nolabait kultura mezpretxatu horrek, euskal edo pseudo-euskal oligarkiak eta burjesiak hain zapaldu horrek, bere gauzatze eta bururatze osoari bide bat aurkitzen dión” (azentu guztiak Aresti jaunak jarriak dira; ez dakit, hori nondik aterea duen, baina).

Hemen ere, tokitan gelditu zaiku editorialaren nahia! Herri xeheak lehen bezain zapaldu eta kulturgabe jarraituko du; “Kaniko eta Belxitina” liburuaren argitaratzeak ez baitio ezer ematen oligarkiak eta burjesiak hain zapaldua den herri horri. Herriak bere nortasuna aurrera eraman eta atera nahi du: baina gutti lagun diezakeo ulertzen ez duen liburu batek.

Zen izan da, beraz, liburuaren argitaratzearen helburua? Ez zuten, nonbait, sinbolo soil bat eskaintzea nahi izango. Ondo daude sinboloak; baina sinbolo hutsekin ez goaz inora. Gainera, merezi ote du, liburuaren erosleak (LUR-en harpidedunak, kasu honetan) gastatu duena gastatzea, sinbolo batek besterik gabe argia ikus dezan, horrela Aresti jaunaren edo beste edonoren kontzentziari pisu astun bat gainetik kenduz? Nik neuk ez diot beste ezer ikusten liburu horri, Herri xeheak —eta hain xehea ez den Herriak— jasaten duen opresioak berdin jarraituko baitu. Baina hor geldituko da liburutegiko bazter batetan, gero eta hauts gehiago duela gainean. Hor egongo da lotan Herri zapalduaren errebeldiaren sinboloa.

Baina irakurle xeheak, bere eguneko hogeitalau orduetan tartetxo bat nekez aurkitzen duenak, gure literaturaren sail berezi eta interesgarri bat zertxobait ezagutzeko asmoz, aipatzen ari garen liburu horretara joko balu, ez luke asko aterako. Burua nekatu, bai. Ulertu, gutti. Eta Zuberoko pastorala ezagutu, are guttiago. Irakurleari besterik gabe ematen bazaio textua, irents dezan, irentsi ezezik, ito ere egingo da. Adibidez, begira honako textu honi:

Jaouna, ezkutuzu
jiten espiunatzera,
bena bai zerbait karitate
badukegunez jakitera.
(34)

Beharbada, estrofarik errazenetakoa aukeratu dut. Irakurleari ez baldin bazaio zenbait hitz eta aditz formen esannahia adierazten, alferrik da irakurketan hastea.

Beraz, zer esan liburu honen argitaratzearen aurrean? Hau bakarrik: Gauza, egin den bezala egitez gero, hobe ez egitea. Ezer ez ateratzez gero garestiegia da liburu horretan xahutzen den dirua eta astia. Sarrera gisa, pastoral jeneroari buruzko datu batzuk eman izan balira, eta textua ohartxo batzuen bidez argitu izan balitz, orduan oso liburu interesgarria litzateke. Nik ez dut esaten, Jon Etxaidek bere “Etxahunen bertsoak gipuzkeraz” deritzan liburua prestatzen hartu zuen lan ikaragarri eta baliotsua inork egin dezan. Hobe, egingo balitz. Baina gauze bera gertatu zen Aresti jaunak berak “prestatu” zeukun “Euskal protestantismoa zer zen” liburuarekin. Dirudienez, liburuaren prestatzaileak ez du nahi izan lan serio bat egiterik. Eta, bere ideia pertsonalak hitzaurrean bota ondoren, horrekin konformatu da.

Liburu horren zain zegoenak guttien nahi zuena, seguru asko, sermoe bat zen. Baina hitzaurre horrek sermoe kutsua ere ba du, Euskal Herriko kalonje teokrata guztiak aipatzen dituelarik. Irakurleak ez du sermoerik nahi, eta, beharbada, zenbait eratako sermoerik oraindik guttiago.

Lehen ere aski ditugu entzunak. Liburu bategatik herriak dirua ordaintzen duenean, zerbait aurkitu nahi izaten du, eta zerbait hori guttitan izaten da sermoea. Gainera, elizetan ematen direnak dohan ematen zaizkio entzuleari.

Hitz guttitan esanda, “Kaniko eta Belxitina”, liburuak, LUR editorialak atera duen bezala, ezer guttirako balio du, gehienentzat behintzat.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak