« Kaniko eta Beltxitina | Bai mundu berria »
Linguistika orain arte / Xabier Kintana / Lur, 1971
Xabier Kintanaren azken liburuaz Larresoro / Anaitasuna, 1971-12-15
Idazle gazteen artean Xabier Kintana gailen agertzen dela idatziz, ez dut euskaltzalerik harrituko; gauza ezaguna baita. Euskaldun berri izanagatik ere, Kintanak zeharo menderatua du gure hizkuntza. Horrez gainera, langile porrokatua da; eta, belaun berrian batez ere, inor gutik presenta dezake gaur, euskal letrei buruz, Kintanak baino merezimendu goragarriagorik. Kintana ez da esperantza bat soilik; Kintana ba da gaurdanik idazle bat.
“Linguistika orain arte” gaia irakurtzekotan hartu dut liburua: baina, batez beste, eta orrialde gehienetan eta mamitsuenetan, Kintanaren beraren eritzi mordo bat aurkitu dut euskarari buruz. Ba dago liburuan, hau bai, hizkuntza jakintzen Kondaira labur bat 40 orrialdetan; eta beste zenbait puntu orokor. Baina, liburuan barrena, euskararen arazo batzuk dira aztergai nagusia: eta ez zaio inori damutuko, nik uste, Kintanak problema hauk egiazki bizi baititu.
Izenpuruek, beharbada, beldurtu egingo du irakurle asko; eta tamalgarria litzateke. Euskal Literatura ongi ezagutzen du egileak: eta, kanpoko erdaren ezagugarri batzuk gidari, txit gauza interesgarriak aipatu dauzkigu.
Eritzi berriak
Puntu askotan eritzi berriak dakazki. Eta ez dakit, denak aski funtsatuak ote diren, Kintanak oso agergarri eta frogabide guti dakarrelako. “F” letraren teoria hori (59), esate baterako, (alegia Gaztelatik etorri dela Euskal Herrira “F” galtzeko joera, eta ez alderantziz ), argibide ugariago behar lukeela iruditzen zait: eta Landetan eta Biarnon zer gertatu den oso kontutan hartu.
Beste puntu batzutan errazkiago onar bide daitezke Kintanaren eritziak.
“Dual”ari buruz dioena (66) bidezko izan daiteke, esate baterako. Lapurdiko bereko toponimian (ez Bizkaian bakarrik, beraz: Bidebieta, eta abar) etxe bikunei buruzko leku izen ezagunak, bi hauk dira: Etxebiaga eta Etxepare. Iparraldean ere paretasunari (hau da: bikuntasunari, bi aletako banakoari) atzizki bat bide dagokio ( –bi, -pare), gaur bizkaiaraz bezala (etxe bi, etxe bitan, eta abar). Bizkaiko deklinabidea, Kintanak dioen bezala, “dual” horren aztarna izan liteke.
Aurrerago (81) italiar kolektiboa aipatzen du; eta bide horretatixek Maurice Molho hizkuntzalariak italiar “dual”ari buruz argitara duen azterketa mamitsua gomendatuko nioke.
Harrigariena, beharbada, euskarazko “maskulino femeninoari” buruz dioena da. Azterketa harrobi oso bat aurkitu bide du hor idazleak; eta, egokiro dioen bezala, J. M. Barandiaranen izkribuen laguntzaz baliaturik aurreratu beharko da sail horretan.
Sintasiaz mintzo delarik, laburkiegi egin du. De Rijk aipatu du pitin batez; eta Martinet zehazkixeago. Baina ez aski xeheki, ene ustez. Eta, oker ez banago, “Linguistique Synchronique” liburuan euskal sintasiaz eman berri duen azterketaz baliatu gabe (ezin dut segurtatu hau, buruz ari bainaiz, liburua eskuen artean ez izaki). Sintasiaren kapitulu hau, hitz batez, laburtto atxeman dot.
“Irakurri” —dio Kintanak— “lehen artaburuak zuritu edo garautu besterik ez zen” (93). Ez lehen bakarrik, ordea: Gipuzkoa-Nafarroako mugako euskaldunek horrelaxe erabiltzen dute (ikus “Euskera”). Eta “morroi, lehen mutila besterik ez zen” (96); baina gaurko bizkaitarrek, mutil gazte bat esateko, “morroe bat” diote eskuarki.
Zenbait azenturen legea ez da garbi agertzen. Zergatik batzutan formá (28, 38): eta bestetan forma azenturik gabe (32)? Zergatik hitz bakar batzutan bakarrik azentu hori?
Teoria harrigarria
Puntu bati buruz Kintanarekin ados ez nagoela esan behar dut: eta harritu ere egin nauela haren eritziak. Iloba hitzari buruz hau dio: “Askotan ikusi dugu nola erdal sobrino eta nieto euskaraz hitz bakar batez esaten diren (neska zein mutila izan): loba. Eta hau zergatik? Oso klarki dago: Euskaraz loba senide hurbil baten semea delako (norbere anaiaren edo semearen semea). Erdaraz pentsatzen hain ohituta ez bageunde, ez genuke sekula galdetuko argitasun gehiago, osaba eta izeba entzutean, aitaren ala amaren aldetikoa den hain berehalaxe galdetzen ez dugun bezalaxe”. (48).
Euskarak, hain zuzen, zehaztasun haundia izan du ahaidetasun gorabeheretan. Gogora ditzagun, esate baterako, anaia/neba arreba/ahizpa, haurride hitz mordoska: eta Asteasuko J B. Agirrek berak orain dela bi mende erabiltzen zituen herengusuak eta larengusuak. Dudarik gabe, besterik da kakoa. Eta Azkuek berak markatzen du bidea Hiztegian, loba hitza azaltzean (Dicc., I. 550) Problema hau garbi dago Benveniste-ren eta Levi Strauss-en azterketa argitsuen ondotik. Eta, gaia interesgarria delakoan, xehetasunez emango dut azalpena
Eman dezagun bi senar-emazte. Andoni A-k eta Maddi B-k osatzen dute lehenengo bikotea: eta Joanes B-k eta Marta D-k bigarrena. (Maddi B eta Joanes B neba-arrebak dira beraz).
Eman dezagun orain, bi senar-emazte hoiek seme-alaba batzuk izan dituztela. Andoni A-k eta Maddi B-k izan dituzten alabetako bati Itziar AB deritza; eta Joanes B-k eta Marta D-k izan dituzten semeetako bati, Kepa BD. Bi hauk, beraz, lehengusuak dira.
Eman dezagun orain, Itziar AB eta Kepa BD hoik, lehengusu izaki, elkarrekin ezkontzen direla; eta seme bat izan dutela: Markos BA. Zer da Joanes B, Markos BA honi huruz? Eta zer, itzulitara, Markos BA hau, Joanes B-ri buruz? Kontuz orain! On luke irakurleak eskematto bat egitea.
Alde batetik, Joanes B Maddi B-ren neba da; Maddi B. berebat, Itziar AB-ren ama; eta Itziar AB, Markos BA-ren ama. Joanes B, beraz, alde honetatik, Markos BA-ren osaba-aitona da (tío abuelo materno, oncle maternel). Eta, alderantziz, Joanes B-ri buruz, Markos BA iloba da (alegia, sobrino-nieto, petit-neveu).
Baina, beste aldetik, Kepa BD Markos BA-ren aita da: eta Joanes B, Kepa BD-ren aita. Joanes B, horretaz, Markos BA-ren aitona da adar honetatik (abuelo, grand-pere). Eta, alderantziz, Markos BA Joanes B-ren iloba da (alegia, nieto, petit-fils).
BATERA gertatzen dira pertsona beretan ahaidetasun biok, beraz, famili mota horretan, pertsona BERBERA (Markos BA) nieto/petit-fils eta sobrino-nieto/petit neveu da Joanes B-ri buruz.
Hots, antropologiak irakatsi duenez (eta hauxe aipatzen du Azkuek) presentatu dugun famili mota horixe zen normala herri arkaiko askotan: “mariage entre cousins croises” deritzana, hain zuzen: mutil batek, aitaren arrebaren alabarekin ezkondu behar zuen. Herri hoietan, beraz, NORMALA ZEN BI AHAIDETASUN MOTA HOIK EZ BEREZTEA. Hauxe izan da, hain zuzen, Benveniste-k indo-europatar herriei buruz argiro frogatu duena.
Iloba hitzaren fenomenoa, horretara. Euskal Herriaren ezkontza lege ezin zaharrago baten lekuko da 1971.ean; eta hizkuntza azterpide honen bidez (hutsune baten bidez, itxuraz) Euskal Herriaren aintzinate ilunean barrena abia gaitezke, geure arbasoen soziologi moldakeretan beretan sartuz. Zeren eta, Azkuek berak dioenez (ikus Dicc., I, 409), zenbait tokitan iloba hitzak batera adierazten baititu erdarazko nieto eta sobrino (gauza bera bizkaierazko loba). Baina hori ez da dena. Baxenabarra eta Zubero aldean ilobaso hitzak ilobaren ordezkoa nieto/petit-fils eta sobrino-nieto /petit-neveu adierazten baititu batera, hain zuzen. Arras, beraz, antropologiaren hipotesiak behar zuenaren arabera! Eta, jakina (eta hau Kintanak ere gogorazten du liburuan), hauxe da euskara zaharraren egoera; arkaismoak bizkaieran eta ekialdeko euskalkietan gorde baitira, gisa denez.
Aurrera, Xabier!
Kintanaren liburu mamitsuak urrutira eraman gaitu. Eta pentsaraztea ez da arrakasta tipia idazlearentzat. Horregatik esan diezakeot beste euskaltzale askorekin batera: “Aurrera, Xabier! Hakio euskal azterketa horri! Eta ez gal, otoi, gure hizkuntzarekiko jaiera suhar hori!”
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez