kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Sei idazle plazara / Begiarmen / Jakin, 1974

Sei idazle plazara Larresoro / Anaitasuna, 1975-01-15

“Sei Idazle Plazara” liburua irakurria dut; eta, J. M. Torrealdaik eskaturik, hona hemen, oso hitz laburrez, “Begi-Armen” kritikari bikoteak eni buruz egin duen kapituluaren bir-kritika.

Aldez aurretik, noski, neure eskerrik beroenak hel erazi nahi nizkieke Begi-Armen-i lerro hauen bitartez. Oso beharrezkoa dugu kritika-lana euskal idazleok, besterik ez balitz ere geure idaz-lanen hutsak ikusteko eta geure esanen mugatasunaren eta eskasien berri jakiten eta aitortzen ohitutzeko. Are gehiago, Begi-Armen lankideak bezala, kritika-lan hori errespetuz eta itxuraz egiten saiatua delarik.

Egin zaidan kritika horren funtsaz, dena dela, zer esango?

ZABAL aldizkarian (1973-ko Azaroan, 4. z.) esana dut zerbait.

Alde batetik badago, ene ustez, kritikariek berek aitortuta, kritika horren zatitasuna: ene idazle-lan guztiaren kritika oso bat baino, “Hizkuntza eta Pentsakera” ene liburuaren azterketa soil bat egin dute Begi-Armen-ek Jakin-Sortako banako berrian.

Eta bestetik badago, eta hau ez dute egileek sekula aitortu, eztabaidaren kako izkutua: aspaldiko urte hauetan marxistek estrukturalismoaren kontra mila liburu eta aldizkaritan egin dituzten kritiken laburtzapen on bat eskaini digutela Begi-Armen-ek. Irakur, esate baterako, eta Begi-Armen-en lanarekin aldera gero, 1966-ko udazkenean L’Homme et la Société eta 1967-ko Urrian La Pensée frantses marxista aldizkariek atera zituzten banako bereziak; edo, gugandik bertago, españatar marxista ofizialek “Saioak” (2) eta “Arragoa” (6) agerkarietan argitara dituzten lanak.

Begi-Armen-en arrazoinak ez dira batere berriak; eta plazaratu nahi den eztabaida, ez da, izan, Begi-Armen eta Larresoro-ren artekoa, estrukturalisten eta marxisten artekoa baizik.

Hots, Europako eta mundu guztiko intelektualen artean sortu den eztabaida luze eta funtsezko hori lerro gutxiegitara nik biltzea ezinezkoa litzateke, eta kaltegarri ere gerta liteke. Liburuan emandako arrazoinak hor daude beti; eta Begi-Armen-i erantsi behar litzaizkiokeenak beste modu batez emango ditut, agian, zehatz eta mehatz. Puntu bakar bat gogoraziko dut hemen: edonork gaur ongi dakikeenez, marxismoaren ekarria hutsaren hurrena izan dela hizkuntzaren jakintzetan; eta, alderantziz, estrukturalismoak jaso duela hizkuntzalaritza Giza-Zientzien gailurrera.

HIZKUNTZA ETA PENTSAKERA liburuan, gainera, garbiki aitortua dudan bezala, ezer gutxi erantsi dut nik neure kaskoan oraturik. Estrukturalismoaren laburtzapen bat baizik ez nuen egin nahi izan; eta kondairaren edo afasiaren ideiei buruz dagokienez, bereziki, Levi-Strauss-en eta Gelb-en teoriak azaldu baizik ez nituen egin. La Pensée Sauvage liburua irakurria duenak, esate baterako, ongi daki.

“Hizkuntza eta Pentsakera” liburuan, horretara, ez naiz neure buruaz eta neure buruz sobera mintzatu; eta Begi-Armen-en kritika, alde horretatik, ikuspegi abstrakto gertatzen da, nigandik atekoa ia-ia. Eta hotz, hitz batez, Amatiño-k egokiro somatu duen bezala.

“Sei Idazle Plazara” liburuan agertzen den “Larresoro” horrengan, hitz batez, nekez ezagu nezake nik neure burua. Benetan. Baina beharbada oker nago, eta bestek xuxen xuxen ezagu nazake lerro horietan. Nik uste ez badut ere, beharbada Hizkuntza eta Pentsakera da ene ekarririk “nor-tu”ena. Nork uka, eta nik? Nekez!

Bego horretan, beraz, gaurko ene erantzuna.

Eta, berriro ere, mila esker anitz: bai Begi-Armen-i, bai ANAITASUNAri eta honen zuzendari berriari.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak