« Santa Kruz apaiza | Sei idazle plazara »
Bigarren poema liburua / Xabier Lete / Gero, 1974
“Bigarren poema liburua”ri nere irakurkera Juan Mari Lekuona / Zeruko Argia, 1974-12-15
  Haundia  izan  zen  liburu  honek  eman  zidan  astiñaldia.  Eta  pozik  jaso  ere  nuen  espero  nuenaren  neurri  betea.  Eta  azkar  jabetu  nintzen,  ikuspegi  zabal  batetan,  Xabierren  liburu  berriak  zekarren  emaitzaz:  oraiñaren  pulsazio  dardaratia,  gaurko  egoera  zaillaren  araberako  espresio-moldea,  liburu  osoaren  egitura  estetiku  siñalagarria,  hizkuntza  errebero  eta  eginberria,  eta  konplejorik  gabeko  euskera  librea  eta  abar.  Baiña  zehaztu  beharra  zegoen  liburuak  nigan  ari  zuen  eragite  orokor  eta  zabal  hau.
Zehazketa  hau,  oreka,  ez  dut  egin  nahi  izandu  kritikakuntza  baten  legera.  Nahiago  izan  dut  irakurkera  bat  eskaintzea,  sujetibotasun  baten  aginduetan.  Denen  artean  argitu  beharrezko  gauza  da,  noski,  gure  literatura  ttikian  azpitik  dijoan  izpirituzko  joera,  hazi-miñez  dagoen  munduaren  konzepzioa,  eta  adierazkien  azpitik  dabillen  euskal  kulturaren  indar  berezia.  Eta  euskaldun  izatearen  mundu  hontan,  benetan  adierazgarri  Xabierrek  dagien  kulturazko  lekukotasuna,  bere  poemagintza.  Horregatik  natorkizue  gaur,  askoren  arteko  abotsa  bezala,  benetan  jakingarri  den  liburu  baten  ikusmolde  bat  aurkeztera,  Xabierrek  egindako  “Bigarren  poema  liburua”ren  irakurkera  bat  eskaintzera.
I.—  Hiru  poemen  barne  lokera  estetikoa
Hain  berezkoa  den  Xabierren  sentipen  aberatsa  eta  urteetako  bizikizuna,  —sei  urte  bai  bait  dira  lehenagoko  liburua  azaldu  zuenetik—,  hiru  zatitan  eman  digu  egilleak.  Hirukoiztasun  honen  estetika  alderdia  esan  dezadan,  haserako.  Hiruok  mundu  beraren  alderdiak  daitezke:  lehen  partean,  abstraktoago  den  maila  batetako  bizikizuna,  goragoko  kategoria  batzuetan  dabillen  poesi-etorria;  bigarrenean,  poetaren  beraren  autokritika,  egunerokotasunetik;  eta,  hirugarrenean  giza-legezko  geroaren,  edota  haruntzagoaren  sinbologia  apal  eta  fiña,  adierazpen  mehe  eta  unkigarrietan.
“Zuhaitz  bakarraren  itzala”  eta  “Poeta  bat  hilargian”,  kontrapunto  bezala  datoz  elkarrekin.  Lehen  poema,  aurrea  bezala  daiteke,  dominuaren  “anverso”  bezala;  eta  bigarrena,  berriz,  atzea  eta  gibela,  “reverso”  bezala.  Lehen  zatian  mundu  idealago  bat  dabil;  eta  bigarrenean,  gogoeta  kritiko  bat  bezelatsu,  lehen  partearen  zalantza  poematiku  eta  hantuste  tentaldiak  xehetzen  dira,  oreka  eskergarri  bat  poetak  lortzen  duela.  Ene  iduriko,  bi  zatien  arteko  kontrastea,  jarrerazko  eta  estetikazko  atzea  ezberdin  hortan  dagoke  liburuak  sortu  didan  ukiturik  ederrenetako  bat.
Leteren  bi  alderdi  nabarmenetarikoak  ibil  daitezke  gurpil  hortan:  bere  poeta-dimensio  azkar  eta  arnasa  haundikoa;  eta,  bestetik,  bere  begi  zorrotz  eta  bihotz  zabal-adoretsua,  berak  egiñei  buruz  ari  denean.  Nabari  da  han  eta  hemen,  bigarren  partean,  bere  errepika  ezaguna,  “Eta  poeta,  eta  poeta…”.  Ondradu  dabil  Xabier  eta  artista,  bi  alderdi  horien  kontrapuntoan,  haundiaren  eta  ttikiaren  harilketan,  gaurko  egoera  zaillaren  kinka  errespetatuz,  berak  esandakoen  ahalezko  artifizialkeria  erlatibizatuz.
II.—  Lehen  partearen  mezua
Xabierrek,  gaur  artista  askok  senti  ohi  dutena  sentitzen  du.  Haserre  eta  minbera  daude  munduarekin,  munduak  iruzur  egin  dielako  beren  esperantzetan.  Eta  areago  oraindik:  etsipen  beltzaren  asun-errea  eta  hozka  gaiztoa  dabiltz  askoren  golkotan.  Mundua  xeheturik  dago,  mundua  eziñaren  erresuma  oinperatu  bat  besterik  ez  da.
Hala  ere,  Lete  ausartzen  da  zerbait  esatera,  poesia  egitura,  arima  billustera  zerbait  sortu  eta  mamitu  nahian.  Ur  putzu  eta  pantano  irenskor  izango  diren  lurretan  hazia  ereiten  ausartzen  da,  dena  urpera  beharraren  mehatxu  pean.  Poetaren  erdi  beharra  dabilke  hor.  “Lehioa  ireki  dut!”,  dio.  Eta  beharrik,  itoko  ez  bazen.
Egilleari  gogozko  zaion  ideia  erabilliz,  gauzen  izendatze  bat  egin  digu;  eta  hortaz  eskaintzen  digun  izen  berrien  hizkuntza.  Bere  gairik  maitatuenak  agertzen  dizkigu:  denbora,  kosmosa,  oroitzapena,  egunerokotasuna,  kredoa,  oharmenaren  katarsis  sakona,  atzilotuen  kantua,  gauza  guziekin  bat-egite  bihozkoa  eta  aukeratua.  Irudi  sarkorrez  emaniko  munduaren  sentipen  luzea.  Hor  datza  Leteren  tematika  nagusia,  narraxkeriei  gudaketa  zorrotza  aurkezten  diela.
Eta  tematikaren  zolan,  Letek  duen  poesia  alderdirik  indartsuena,  bizikizunaren  dardara  dramatikoa.  Gutxik  bezala  ematen  dizkigu  Xabierrek  esentziaren  sentipen  ikaratia,  izatearen  susmo  poetikoa  eta  ezdeus  bete  baten  melankolia,  eta  biratzen  gaituen  lurraren  dardara.  Hain  du  sarkorra  izatearen  bizikizun  bero  eta  lanbrotsua!
Hizkuntzari  gagozkiolarik,  berriz,  hor  datoz  biribildurik  espresiobide  jator  eta  oiartzun  ez-entzunak.  Hitz  asko  askatzen  ditu  beren  egiteko  jakiñetik,  beste  eginkizun  berri  bat  hartzen  dutela.  Askotan,  hitzak  biraka  eta  espiralean  dakarzki,  joera  armoniku  batetan,  hitzekin  esaundazko  organu  berriak  tajutzen  dituela.  Intentzioz  billatutako  birresate  katiatua,  arku  lobulatu  baten  antzera,  efektibitate  ez-ohituak  sortzen  dituela.  Eta,  jakiña,  herri  poesiaren  hizkuntzaz  baliaturik,  —ez  bada  ere  bigarren  zatian  hainbat—,  surrealista  giroko  hizketa  bizi,  saltatia,  azpilduraduna.
III.—  Bigarren  partearen  kontrapuntoa
Lehen  partean  aurki  zitezkeen  maskarak  hautsi  beharrak  zeuden.  Erlatibizatu  beharra  zegoen  urruma  engolatuen  poesi  anpatua.  Eta,  ederkera  ondo  landuan,  eguneroko  gauza  ttikien  poesia  dakar,  “egunerokotasun  gris  baten  kontatzaille”  egiten  dela.  Orduen  gurpillean  dijoa  dena,  katiaketa  gogor  batetan.  Eta  espazioak,  antzesleku  antzo,  nahas-mahas  baten  izendatze  surrealista  dakar;  neo-kapitalismoaren  zepoan  bizi  denaren  poema  adierazkor  eta  bortitza.
Eta  Xabierrek  bere  baitan  daraman  nahikunde  eta  desira  sakon  bati  gorputz  ematen  dio.  Era  guzietako  presiokuntzaren  pean  dagoen  giza-gogoari  hizkuntza  sutsu  baten  espresiobide  eman  nahi  dio,  —kritikazko  umorez,  giro  egiatiez  eman  ere—,  kutsaduraz  erreta  dagoen  izpirituari  egunerokotasunaren  kolorea  eta  argia  ezartzen  diola.
Zenbaitetan,  gaiñera,  esan  dezakegu  onirikotasun  eta  amets-giro  moduko  bat  lortzera  iristen  zaigula  Leteren  poesia.  Herri  poesiaren  haritik  datorkio  hau,  kopla  zaharren  aztikeriazko  mentalitatetik,  gure  erromantzeen  irudi-saltaketa  zorabiozko  horietatik,  eta  guzi  hau  berezkotasun  paregabez,  ez  bait  du  Letek  bezala  iñork  erabiltzen  herri  senaren  eragiña  literatura  idatziaren  poesigintzan.  Herri  jeinuaren  ezpala  dago,  bere  bertsolari-etorriaren  abailla  eta  trantze-moduzko  ariera,  ondo  baiño  obeto  erabilliaz,  hizkuntza  berdingabean.
IV.—  Poetaren  urruneratze  barnekoia
Hirugarren  poema  hau  laburra  da.  Liburuak  dion  “gero  arte!”  poetiko  bat  bezala.  Adierazkoia  benetan.  Itsasoaren  goraintzi  minberatia  dakar,  urak  eta  zeruak  elkar  jotzen  duten  isladuraz  haruntzko  deia.  Ene  iduriko,  oihu  misteriotsu  bat  daiteke  itsaso  hori,  bihotz  bizi  baten  mitologia  apala,  irudi  unkigarrietan  emana.  “Bizitza  bera/  oinaze  bera/  bere  gorputzaren  inguruan/  ur  itxuri/  oparo  baten  gisan  zabalduz…”.  Sendatzerik  ez  dagoenaren  inpresio  pean;  hitzaren  sorkariz  ernetako  mundu  berri  baten  ospakizunetan;  begi  sakonen  susmo  izkutu,  urrunekotan.
Bere  laburrean  zati  hau  da,  neretzat  unkigarriena.  Ez  dionagatik  bakarrik.  Batez  ere  poema  berrien  esperantza  dakarkidalako.  “Begirada/  haundi  sarkorrak”  ikusi  du  “oinazea  tantoka/  kristaletan  lanbroa  bezala”,  eta  olerkariak  sentitu  du  “aragiaren  dardara  kunplieziñetan”.  Eta  “eziñak/  oparotasunean  jarraituko  du”.  Eta  nahimenetan  doakio  bihotza:  “Lur  erre  hau  baino  haratago/  aurkitu  nahi  zintuzket…”.  Harrigarria  benetan  Xabierren  hizkuntza  poetikoak,  zer  gaiñak  hartu  dituen  hitz  hutsez  egin  behartako  eder-langintzan.
*  *  *
Aurtengo hau ez da txantxetako urtea izan euskal olerkiarentzat. Iazko siñaduraz bada ere, urteberrietan irakurri ahal izan nuen Joxe Anton Artzerena; eta, urtearen buruan, Bitoriano Gandiagarena eta Xabier Leterena, besteak beste. Hazkuntza batetan doa, noski, gerrondoko poeten belaunaldia. Hoberenak aurrera doaz beren bizkar hartu zuten zeregin neketsuan. Neretzat sinbolu pozgarria da Xabierrek aurrera egiña. Oraingoetan, agian, berak bakarrak hertsi bait dezake gerrondoko zikloaren joera berria, bere gaurko heldutasunak eta trebaketak susmoz ikusarazten digun esperantzetan.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres
Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro