« El poeta condenado y las espadas de la justicia y el verso | “Abuztuaren 15-eko bazkalondoa” »
Hinki-hanka / Manex Erdozaintzi-Etxart / Elkar, 1979
Poema liburu berri bat Andolin Eguzkitza / Anaitasuna, 1979-12
Noiz atera den ez dakidalarik, ihazko azkeneko edo aurtengo lehenengo hilabetetakoa, hortxe nonbait, Manex Erdozainz-Etxart olerkari nafarrak argitaratu duen liburua irakurri berri dugu. Aspalditxo honetan, libururik argitaratzen duten iparraldeko idazle urrien lan gehienak bezala Elkar-ek argitaratua. Izenez: Hinki-hanka. Poemak. Egundaino legez Elkarrek egin duen argitarazioa, ederra, tinko, errakuntzarik gabeko eta gustuz apaindua.
Eta Idazlea? Inoiz halako olerki solteren bat irakurrita genion Erdozainziri, ez deus esateko modukoa, baina; oraingo kasu honetan, ordea, ba dirudi beraren azken hamabost-hogei urteetako obra osoa edo eta beraren hautapen bat eskaini digula, 1958.ean datatzen duen lehen poemaren astean, azkena 1976.eko Abendukoa bezala ematen baitu; edozeinetan ere, liburuaren irakurlearentzat ageriko, hain baitira, batasun formal eta tematiko baten barruan, desberdin hor agertzen diren olerkiak. Ez da esan behar iparraldeko idazle gehienek bezala eta hegoaldeko askok ez bezala oso euskara aberatsa darabilela, oparo eta jarioaz, bat ere mugarik gabeko, eta askok ostera erakusten saiatu arren erdarakadarik gabekoa. Hain zuzen, prosazko testuetan isladatzen dena, hala hitzaurrean, nola “Egunean egunekotik…” poema luzean, honela baitio lehenengoan:
“Jendeak, gauzak, espazioak, garaiak, gertakariak, sendimenduak, sensasioak, hotz-beroak, mugimenduak, burrukak, atsedenaldiak eta beste… ez nahiz ahantzi nabila, gabiltza. Ez dakit baina beharba hola sortzen dateke gugan poesia. Betikotz galdu ditugunak eta urrunduz joaki zaizkigunak ez nahiz ahantzi. Lore baten apaindura miresgarria eta usain gozoa, asterietako sehena eta goizatako ihintza, orgabide batetako ilunpe bildua eta han entzun karrankak, haizearen pereka bustia larrazkenean, supazterreko bilgunea neguan, sasoin bakoitzeko margoak, aro aldiak, hiri baten atzartze nagia goizetan eta holako… Hots, izadian gure begi-beharriek ikusi-entzunak, gure ezpainek hurrupatuak eta ahoan murtxatuak, gure eskuek bazkatuak, hunkituak eta perekatuak, amultsuki eta ikaretan, gure sudur loriosak usnatuak, gure bihotzak maitatuak eta hastiatuak, gure kaskoak bilduak eta aztertuak. Lehengo eta hetiko poesia gauzak eta izakiak berextea eta izendatzea, ez arrunt ahazteko”.
Alde batetik oso barnekoi eta barnekor, eta politiko, bestaldetik, dauzkan poema patriotikoetan. Neurriaren aldetik, agian, pobre, oso aberats, baina, erritmu eta hotsen nahasmenduetan, agortezin diruditen hitzjokuetan. Nire gustuko akats bi aipatuko banitu, eta gustua diot, nik maite dudan poesia moeta dudalako buruan, baina ez nahi eta ez denek maite dutena, imajinen errepikadura eta ez berebiziko joritasuna, eta larregizko adizteria eta elementu gramatikalak lirateke, oso gauza zaila ekiditeko euskaraz, bestalde, hain morfologia aberatseko hizkuntza izanez gure hau. Lehengoa, berriz, hain denbora luzetik zeharreko poemen bilduma izatetik datorkio, nik uste, liburu bat osatzeko asmoz idatzi ez diren olerkien batzetik hain zuzen ere.
Ene aburuz, kondalari jartzen denean olerkaria lortzen du liburu honek bere gorengo lekuak, hizkuntzaren maisua den batek, izan ere, beraren maisugo hori erakuts dezakeenean. Esate baterako “emazteki bat ene bizian” lehen poema ederrean, edo eta “gure etxegibeleko haritza” deiturikoan. Gainera natura deskribatzerakoan, nahiko gaitz den zerbait erdiesten du, naturaltasuna, xalotasun indartsua, txotxolokeriarik gabekoa, berba egokia eskuan beti. Ea berriro ere lehen esandakoa, “populu bat xutik” poema abertzaleak gutitan ematen dena ematen du, poema sendo bat, amorriz bezala idatzia, jar eta bertan behera idatzia legez, lanik egin izan ez bailitzan, hain baita gotor eta boteretsua, seguru asko geure buruen jabe izateko nahikundea bera bezain zorrotz eta zuzena, baina, hala ere, artaz idatzia eta erritmu ikaragarri ederraz.
Edozein euskal liburudendetan eros daitekeen liburu polit honen poema labur eta polit batez amai dezadan:
Errespetaz…
Hostoak lehertu ditut
nere zangopetan kraskatu dira
eta ez zaizkit kexatu
hostoak lehertu ditut
metatuak dira urtetik urtera
eihartuak dira urtetik urtera
eihartuak
lur axalean
etzanak zuhaitzen itzalpeetan
errespetuz lehertu ditut
eta mamiraino intzirika kraskatu dira
gainean luze-luzea etzan nintzelarik…
Atzo eta herenegun eta lehengo urteetan
zuhaitzen bular eta edergailu
eta haizearen lagunkinak
gaur lurrera eroriak
barreiatuak, hedatuak, lodi-lodia metatuak
urtetik urtera lurraren ongarri eta bazka bilakatuak
gaztain ondo eta haritzen atzoko mintzo eta edergailuak
errespetuz lehertzen ditut
bihar edo etzi edo geroxeago
bere ohantzean bilduko nauten
hosto ixilduak…
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez