« Guardasola ahantzia: poema bat | Poema liburu berri bat »
Bertsoaren ezpata / Iñaki Zabaleta / Elkar, 1979
El poeta condenado y las espadas de la justicia y el verso Joxe Azurmendi / Anaitasuna, 1979-11-01
I. Zabaletaren “Bertsoaren ezpata” poema-drama.
Biolentziaren kontzeptu kaskarra da gurea, norbaiti bi tiro eman diotenean, bonba baten zartadak esnatu gaituenean goizaldera, Donostian, gogoratzen badugu biolentzia. Hitzak bere zentzua kastatu egin du. Inaki Zabaletak, Iruñea zaharretik, moderatuen biolentzia aipatu digu. Justiziaren biolentzia. Ohitura urbanizatu txukunetan akumulatu eta transformatu den biolentzia. Ilusioak, utopiak bihotzean ito dituen biolentzia. Grinak moral zahar baten hautsez estali dituen biolentzia. Aintzira usteleko ur geldietan ihi zorrotzek duten biolentzia. Basamortu hutsaren eta zeru urdinaren espazioetako biolentzia. Uraren biolentzia. Suarena. Herriak kiskali zituen suak, hotzak dagoena berotzen duen suak. Etxea eraman zituen urak, gab soroak ernaltzen dituen urak. Bizitza den biolentzia gogoratzen digu Zabaletak. Hemen eta nonahi, ez Euskadin bakarrik. Txikizioa bezain biolentzia da kreazioa, hiltzea adina bizitzea. Biolentzian bizi gara, sentsibilitate apur bateko edozeinek sentitzen duenez, edonoiz edozertan sofritu behar izaten dugunez, biolentzia onartu eta ikustea ahaztu arte.
Zabaletaren poemarentzat biolentzia ez da bera bizi den esistentziaren markoa besterik. Marko soziala, kosmikoa.
Biolentziaren poema-drama
Iñaki Zabaletaren lehenengo poesi liburu hau, “Bertsoaren ezpata”, ELKAR-ek oraintsu argitaratua, Patxi Zabaleta izenkide eta lagunaren sarreraz, poeta baten hauziaren poema-drama da. Agintariak akusatu du poeta. Esan dezagun, berdintsu bailitzateke: ohiturak, ordenu tradizionalak, egunoro bizi dugun bizitza honen sentidoak, presentatu dute akusazioa. Balantza eta ezpatazko justiziak juzkatzen du poeta.
Akusazioa, hitz egin izana da. Poetak hitz egin du. Hau da, poetak, aide guztietatik ezpataz jositako mundu honetan, hitzaren ezpata gora jaso du. Poetak, akusazioak dioenez, biolentziaren alde hitz egin omen du. “Apologia del terrorismo” edo antzeko zerbait beraz. Hori da poemaren lehen mailako sentidoa, hots, poemaren aitzakia. Situazio fiktizio baina korrientea, esplikazioa biolentzia unibertsalaren markoen barruan aurkitzen duena.
Zein da poeta hori, biolentziaren defentsa egiteagatik akusatua, baina mozkorrari bidean eror ez dadin oinpean lauxak ipintzen dizkiona, aingeru goardako baten modura; ihiaren azalean lazdurarik ezin ikusi duena, tristatu gabe; ametsen lautadan harri koskorrik ezin jasan duena, herri pobrearen poeta? Zein da, gorbata bila dabilen bankuko jaun, Night Clubeko neska, apez eta filosofo zalantzati, jendez betetako autobus artean hitz egitera ausartu den poeta?
Egiazko desarroiloa, bigarren sentido batetara iristean, lortzen du, Zabaletaren poemak. Hots, biolentziaren arazoak, esanahi superfizialetatik barnagora ausartzen garenean. Poema honetako biolentzia ez da periodikoetako biolentzia. Izan ere, beti biolentziaz mintzo gara. Eta zenbat gehiago biolentziaz mintzatu, sentido gutxiago dauka biolentzia hitzak. Ekintza modu konkretu eta bereziki drastiko, ezohitu batzuetarako esklusiban uzten dugu. Poetaren drama, aldiz, bizitzan dagoen biolentziaren erdian ibiltzea da, ezpata artean bezala. Poetak, begiak ireki, ikusi kalean etxetzar horiek, eta biolentzia somatzen du. Ez biolentzia ekozida bakarrik: harginaren mailu hotsak entzuten ditu. Harkaitzari ebaki dioten harriaren haragi urratuaren dardara sentitzen du. Mitraileten eta porrazoen biolentzia fisikoa ez baita biolentzia bakarra, agian ezta okerrena eta mingarriena ere, desegileena eta umilgarriena behintzat, baina bestea, poetak, biluzik eta bakarrik, ezpata bat soil eskuetan, liburuaren azalak erakusten duen bezala, jasaten duen biolentzia unibertsala, kosmikoa, gizakumea antzutzen duena. Esistentzian sartzea, biolentziazko kosmo baten erdian desarmaturik erortzen da, hitza beste ezpata gabe. Eta gizonak, beste ezpata haik hauts daitezen artean, bere ezpata zorroztu beste erremediorik ez dauka, biziko bada.
Ezpata. Hitz klabea. Ezpata Nafarroan, Erresuma zaharrean. Poeta hau, leize zulo beltzetik eraso dion erensugeari burn egiten dion San Migel Aralarkoa da, baina ezpataz. Gerra Saindura irten diren Armadako apez, jeneral eta mila inozoen ezpatak eta gurutzeak. Justizia irudikatzen duen amandre marmorezkoaren ezpata. Poetaren ezpata, Hitza, “espadas como labios”, hots, “labios como espadas”.
Poemak ez du Euskadi gehiago kantatzen, mundu honetako edozein zoko bazter baino gehiago, Euskal Heman eta bertoko egoeran mila modutako erreferentziak egin arren poema guztian. Gure patua ez da batere orijinala. Mundura sortu zen poeta sentsible baten kondena kantatzen du, edezertan biolentzia ikusi eta gero, biolentzia, kondenatu adina, kantatu egin zuelako, bizitza eta libertatea ezpataz aritzea baita, sua eta ura, esku beraren txikizioa eta kreazioa, noizpait, nonbait, maitasunez eta “justiziaren jainkosarik ez den legean” bizitzea oraindik amets egiten dutenentzat. Justiziaren, urbanitatearen, guruztari sainduen, ezpata guztien kontra, poetak bertsoaren ezpata altxatzen du.
Drama estatiko bat bost ekitalditan
“Bertsoaren ezpata” poemak host ekitaldi bai, baina ekintzarik ez du: desarroilorik, desenlazerik. Kondenarekin bukatzen da, baina hasi ere kondenarekin hasi dugu hauzia: poeta hori tribunaletan aurkitzea baino kondenazio egoera gehiagorik ez baita kabitzen.
Pertsonaiak ere, lehen planokoak, estatikoak dira, erretorikoak, ez dute bizirik (poesia guztia deklamatorioa da, tragedia greko batetara itzularazten bait gaitu poema-dramako giro guztiak). Epailea, hauzitegiko idazkaria, korua eta koruko bakarlaria, mesfidatia, basamortuko oihartzuna (izpiritua, eskarmentu historikoa, edo holako zerbait) eta agintaria dituzu pertsonaia horiek. Maskara batzuk. Egiazko pertsonaiak bigarren planoan mogitzen dira: ezpata, balantza, justiziaren ezpata/ /bertsoaren ezpata, ezpata hautsia/bertso hautsia, isiltasuna eta bertsoa, etab. Eta horien mogimendua da poemaren mogimendua, ekintza guztia, adjetibo gutxi batzuen mogimendu minimoa, edo errepika komun batzuena: zilarrezko balantza, azkenerako urrezkoa bilakatu dena, etab.
Pertsonaien artean erlaziorik, zentzu hertsian, ez dago. Bakoitza bere paperean geratzen da, irten ezinda, bestearengana ailegatu ezinda. Eskenategi kafkaesko bat imajinatzen dugu, hutsa, inolako dekoraziorik gabekoa, bakoitzak bere roiloa deklamatzen du eta haren pantomima paralizatu egiten da hurrengo txandara arte, fantasma batzuen kabinet batetan bageunde bezala. Nafarroako edozein elizatan ikus daitekeen erretaula horietako bat landu digu Zabaletak, egurrean hair zuzen: jesto geratuen inmobilitate bizi, larri, kasik ridikulo absurdua.
Ezerekin bada, Zulaikaren Adanekin erlazionatzen dela, iruditu zait, gaurko euskal poesiaren barruan, Iñaki Zabaletaren poeta: haren poeman ez bezala, Zabaletarenean, isuria, tentsioa, dardara, larria, drama, espresioan alegia, irudien desfilea, basikoak izan arren.
Biolentziatik bizitzaren sentido batetara
Biolentzia gure arnasa, egunoroko ogia, Aita Gurea eta goizoroko periodikoa bihurtu zaigu Euskadin. Bizitza, Euskadin, biolentzia arteko lorea da. Euskadin bakarrik? Agian bidezkoa zen, behintzat, inon baino errazago Euskadin iristea bizitzaren konprentsio horretara.
Absurdua da, noski. Eta hemengoa biolentzia absurduena. Poetak maitasunezko eta batasunezko erreinu batetan bizi nahi luke. Inaki Zabaletaren poema, arrazoizkotasun bilaketa bat da, hemengo egoera absurdua sistema batetan, osotasun batetan, konprenitzeko lehen entseiu poetiko bat. Biolentzia ez da Euskadiko esklusibarik, ez eta kanpoan geratzen zaigun gauzarik ere, arimaraino sartu gabe.
Biolentzia ez da purgatorio bat, gero parabisura iristeko. Izatearen dohain bat da. Poetak beti goiztiriz hitzegiten dio gizonari. Poetak —hots, profetak— egunsenti bat eman nahi lioke gizonari. Baina poeta honek nahitaez kondenaturik bukatu beharko du. Bere mezua kaioari kantatu beharko dio: “Poetak, azkenik, ez du gizonik”.
Oraingo poetak orain egin nahi lukeena, atzoko poetek egin nahi izan zuten atzo: basamortuko oihartzuna bilakatu dira, mundu kiskali batetan geratu den memoria.
Abenduko gau hilargi gabetan
oinaze lasterkariaren errezelaz
estaltzen du desertua
bertan bizirik
diraun hegalari bakarrak:
oihartzunak.
Historia betetzen duten esperantzen, edertasunen, utopien, hondar zahar artera erortzea, izango da poetaren bidea. Baina basamortuko oihartzuna eta hitzaren ezpata utziko dizkio gizonari, bere betiko kalbarioan lagungarri. “Nor da nekaturik doan gizona?… Berbera ikusi dut mendetan zehar, berbera espero dut ikustea etzidamu”.
Fusilaren puritan krabelin bat, komeria hutsa da, karnabalito llabur, krabelinek bakea gutxienez fusilek heriotza bezain efektiboki disparatzen ez dakiten artean. Eta holako komeriaz, teatroz eta ideologiaz, aski da. Onar dezagun, biolentzia, ez positibo eta ez negatibo dela: esistentziaren oinarri-oinarrizko forma da eta kito. Azken gabe, mendeen muga lanbrotsuetaraino, justiziaren ezpata sorren kontra, hira dardaratsuzko bertsoaren ezpata biziz borrokan jarraitzea, geratzen zaio poetari, etsi-etsian, guztiz etsi eta amore eman gabe. Esperantza ilun bat.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres