« Bide berriaz itz bat orañik | Izparrak »
Euskal poema / Orixe /
Euskel-poema Aguirre'tar Joseba Mirena / El Pueblo Vasco, 1932-03-13
Euskalduna; zabalari darion ots arrigarri oni belarriak erne zaudeten anaiok: gabon Jainkoak.
Beldurrik gabe esan dezakegu oraintxe, euskera ez dela iltzeko jaioa. Aspaldidanik, bidazti bat ez da etorri izan, Euskalerria’n barrena, euskerari il-kanpaia jo ez dionik. Eun urte barru…; berrogeitamar barru…; ogeiren buruan…; euskeraren bizitza mugatzeko, nonai izan degu gauza!
Gaur bertan ere, bada euskaldun aipaturik, jolas orreri bere burua emana. Euskera bai-omen-dijoakigu, nai-ta-nai-ez; gaxo kutun orren alde, euskotarrok ez omen-dezakegu ezer egin, “primerako entierroa” antolatzea ez ba-da.
Bitartean, igarle edo “profeta” aundiki oiek iruzur-egiñik, euskerari buruan sartu zaio ez iltzea: obeto esan, euskotar zenbaiti muñetan sartu zaigu euskerak ez dula il bear. Ta ez da ilko, jaunak, guk maite ba-degu: izkuntzaen zaarkitzea ez-baitakarte urteek, aurren maite-ezak baizik.
Argatik, atso xaar-xaarra zalakoa, orra gaur xuxpertua, neska pertxentaren apaingarriak jazten; orra, baso-basoan gizonaren aurtzaroan jaioa, oin azkarrez gaur, zailu ta txairo, zabalean barrena, munduari biraka.
Zer daki, izan ere, iñork, izkuntzaen zañaz, ta aien izkutu-indarraren berri?… Nor da nor, aiei arnasa neurtzeko, aien egunak mugatzeko?…
Baña, badet nik zuentzat, adiskideok, beste berri onik, euskeraren zuzperkundiari buruz.
Dakizutenez, ia landugabe iraundako izkuntza au, gaur zenbaitek apaintzen ari dute. Baña guziok geunden ederlan bikain, ederlan guren baten zai. “Euskaltzaleak” deritzan bazkun edo elkarteak amets auxe zun: euskel-poema bat sor-araztea.
Artarako gai zitekeen bat auerkeztu-bearra zegoan, euskal-salleko nekazarien artean. Ederlan ura egin zezakeen gizonak, zaña larre-larrekoa bear zun, eta, bidenabar, burua, elerti nagusiez, “literatura klasiko” delakoez, ongi jantzia. Orretaz gañera, bear zun epea, beta; ta bear ere zitun olerkari-ezpala ta sua. Alderdi askotxo alegia, gizon bakar batengan bildurik billatzeko.
Ta, alaz gurariaz ere, ustez beintzat, gizon ori arkitu degu. Baserritar jatorra, Omero’ren gandik iturburu-iturburuan erandakoa: arkitu degu, epe ta ezpal ta sua duanik. Orexa’ko mendian, “munduaren azken-ipurdian”, berak dionez, lanari gogotik ekiña dezute.
Atera zezaken poema-gaia gure kondairatik, izkillu-otsez, ta burrukaz, ta odolez josia (eta gezurrez ere, agian: diot neurekiko). Artu zezakeen, esate baterako, Orreaga (edo “Roncesvalles”)-ko erasoa poemaren aritzat. Baña, gure erria ez da, berez, odol-zalea: gure erria pakeskoa da. Bestalde: zer digu guri leengoaz, oraingoxea ba-degu zaitu-bearra? Ez al-da obe, gure erri eder au, bere oituta ta biziera berariez, gaurdaño iraun duan bezelaxe agertzea: gizadiari “orra gure erria” ots-egiñez; “ez leengoa, alegia: gaur gaurkoa baizik?”.
Bide orretatik jo du, bada, egilleak. Alik ondoen eta osoen, Euskalerria’ren biziera jatorra, berak ezagutu bezela agerti nai luke; Euzkadi’ren batasuna, sei aizpaen senidetasuna, bikainki agertzeko da au, ta euskotar guzietakoak, bai-ta are Ameriketa’ra aldegindako euskaldunek, antxe arki lezateke nork-bere ikutua.
Urte beteko gorabera, ta bi nekazari gazteen maitaketa aintzat artuta, eusko-biziera gaia buruz gañezkako ugaritasunez dariola, zati edo kantu auetxek biribildu nai ditu:
Leeenengoa: Pestaburu, edo erriko jaiak.
Bigarrena: Artazuriketa.
Irugarrena: Gaztañaro.
Laugarrena: Ardazleak.
Boskarrena: Olentzaro.
Seigarrena: Iñauteri.
Zazpigarrena: Seirak bat.
Zortzigarrena: Axurtaro (Arkumeen jaiotzea)
Bederatzigarrena: Letariak (Aralar’en)
Amargarrena: Artayorrak.
Amaikagarrena: Belarra.
Amabigarrena: Eultzia.
Amairugarrena: Ezkontza.
Amalaugarrena: Eztaiondo.
Amaboskarrena: Amonaren illetak.
Asmo aundi ori ez da guretzako, gau-itxaropen utsa. Amabost sail oietarik, leenengo biak bukaturik daude, erdel-itzulpen ta guzti. Bere burua batera indar beartu-gabe, gaiaren eta bere doaien ugariak lagunduta, egaldi luzeari egoki asiera eman dio. Leenengo atsaldia ezkero, urruti dijoakio arnasa; egoak zabaldu orduko, arru-gañean geldiro ta aundiro dabillen arranoa dirudi. Euzkadi’k berak itz-egiten du biziki ta biozki aren izneurtuetan. Erreza du izkera, erritar amobitik joa; bai-ta ere, orratik, mardula, giarra, trinkoa. Euskerak egundo ezagutu ez bezelako ederlana editen ari dezute.
Euskotar irrazalea: berri ori ar zazu pozez. Uri aundietako kaletako gurasoak baztertutako izkuntza ainbeste euskotarrek ikasten diarduten bitartean, ez aaztu, baserritar Omero-zale ura an ari dezula, baso-basoan: mendiko lore guziak miatuz dijoa; ta asetu ondoren, itxaso urdiñean barrena ere luzatuko omen du egoa.
Orretarako, orde, gure gizonak, zituan irabazpide guziak utzi bear ditu bertan-bera. Bidezkoa da bada, euskaltzaleek nolabait eustea.
Zuk, entzule, ala ba-derizkiozu, euskel-poema egiteari laguntza-apur bat eskeñi nai ba-diozu, adirazi zaiguzu, arren, bi itz gure landoletara bializ. Zuzenbidea, badakizu noski: “Secretariado de Euskaltzaleak. Oficinas de Estudios Vascos, Diputación, Donostia”.
Ta berriz, ta berriz ere, etorriko al-natzaizute, apurrez-apur, kantuz-kantu, lan aundi orren berri xeeagoa emanaz, euskeltzale gosetuen milikagai gogotzat.
Gaurkoa bego onenbestean, eta Jainkoak eman bizaizute amets zakarrik gabeko loa. gabon, jaunok eta andreeok.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria