« Etorkinen ametsen urperatzeaz | Istorio garratzak »
Aingurak erreketan / Jon Benito / Susa, 2001
Ez dira batere arinak gazteen kezkak Joxemari Carrere / Gara, 2001-11-10
Bere lehenengo poema-liburuaren aurkezpenean Jon Benito idazle zarauztarrak zioen poeta errealitatearen imitatzailea dela. Ez dakit zein idazleri entzun nion idazleak gizartea kanpotik begiratu behar duela eta ikusten duenaz gogoeta egin, ezin dela errealitatearen imitatzailea izan. Aitzitik, errealitate hori irudimenaren galbahetik iragaziz, gauzak omen diren bezala ez onartzera eramango gaitu eta, horrela, bizitzaz gogoeta egitera. Edo antzeko zerbait ulertu nahi izan nion nik. Bertold Brecht bera “urrunketa” efektoaz mintzatzen zitzaigun errealitatearen gainean hausnartzeko tresna gisa. Gizartean idazleak duen paperaz asko eztabaidatu izan da eta eztabaidatuko da, zalantzarik ez; izan ere, idazleak geure garunetara zuzenduko ditu bere lanak, geure barruan. zerbait asaldatu nahian edo geure irudimena, mugiarazteko gogoz. Han gertatuko da idazlanik xumeenean ere, gertatuko da lanik arinenean edo ustelenean. Hitz egin daiteke idazle komertzialez edo konpromiso soziala hartzen duten idazleez. Batzuk arbuiatzen ditugu zuzentasun literarioaren izenean eta besteak goraipatu justu kontrako arrazoiengatik, baina ezin dugu ukatu literatur lan bat pertsona baten buruan mamitzen dela beste norbaiten burura heltzeko asmoz, eta joan komunikazio horretan zerbait gertatuko dela.
Aingurak erreketan olerki-liburuan Benito bere buruarekin mintzo da, parean hizketa laguna izango balu bezala. Bere buruari mintzo zaio, besteen buruei mintzatuz, eta elkarrizketa horretan bizitzaren kezka nagusiak azaleratzen ditu, kezka ia mitikoak. Maitasuna, harremanak, munduan kokalekua. Irakurleak kezka horien guztien konplizitatea bilatzen du; batzuetan zeharka, beste batzuetan zuzenean. Idazleak berak azaltzen zuen aurkezpenean poemarioaren atalek eboluzio bati erantzuten diotela. Ikusiko dugu atal bakoitzean bizitzaren gaineko gogoetek tratamendu ezberdina dutela, idazleak beraren kezkek olerkiekin batera eboluzionatuko balute bezala. Poemak, askotan, sentsazio abstraktuak transmitituko dizkigu. Beste batzuetan, berriz, zuzen-zuzenean ariko zaigu nortasunaren bilaketa horretan irakurlea partaide bilakatu asmoz.
Nik gustura asko hartu ditut poema narratiboenak, non gertaera batetik abiatuz hausnarketarako bidea hartzen duen edo ezagutza grina erakutsi. Harrigarria egiten zait, halaber, sentimendu gordinetatik, barru elkar hizketa soiletik, nortasun aldarrikapen garbira pasatze hori. Aldaketa hauek askotan bata bestearen ondoan gertatzen dira eta honek deslekutze bat eragin dezake. Anabasa itxura hartzen zaio hasiera batean, baina agian hori kezken mundura joanda uler genezake, izan ere, kezkak ez datoz antolatuta. Bere bide propioa dute eta askotan. batak bestea ekarriko du. Tankera honetako egitura baten aurrean gaudela hartzen diot itxura.
Dena dela, eskolako irakasle batek esaten zigun hartaz gogoratzen naiz poema liburu bat esku artean dudanean, alegia, poema bakoitza mundu bat dela eta ez duela balio poema liburu bat nobela bat bezala irakurtzea, hots, hasieratik bukaerara arte; aitzitik, saltoka edo irakurketa lineala jarraitu gabe, poemek gugan sortarazten dituzten sentimenduei jarraituz irakurri behar omen direla zioen gure irakasle hark, eta arrazoi zuen.
Jon Benitoren lehenengo poema-liburu honetara hurbiltzen direnek egungo euskal poeta gazteen kezkak arinak ez direla eta, gainera, horiek azaltzeko modua batere sinplea ez dela ikusiko dute. Hizkuntza ezagutzen du Benitok, eta frogatzen du, baina batez ere, zera frogatzen du: poemak idaztea ez da ariketa arina. Edo behintzat hori sentitu dut nik.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez