kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Batita Haundia / Daniel Landart / Kutxa Fundazioa, 1994

Betiereko zoriona Itxaro Borda / Argia, 1995-01-08

Daniel Landart Dohoztiriko idazlearen azken liburuaren irakurtzean, burutik pasatzen da ur asko iragan dela Iparraldeko zubipeetan. Idazlearen aurkezteak ez du balio, aski ezaguna baita, eta eskualde honetako aspaldiko kultur-langilea. Aihen Ahula deitu oroitzapen liburuaz geroztik, halako ixilune batean egon da Daniel Landart, ez hargatik alferrik. 1993.ko Irun Saria eskuratu zuen, Batita Haundia nobelarekin.

Batita Haundia orain agertzen da, Andolin Eguzkitzaren hitzaurrrearekin. Iparraldeko errealitate rural gordina isladatzen da orrialdeetan zehar, azken urteotan egiten den bezala, hain zuzen Etxamendiren Gilentegiko Gilen eta Legorbururen Xoxoaren Kantua adibide. Hiltzera dean mundu eta jendarte baten hil-hurraneko hatsaren lekuko datozkigu obra hauek, izenik gabeko kulpabilitate sendimendu batetan oinarriturik.

Batita Haundia adin ederreko gizon osagarrikoa, bat-batean eritzen da, eta eri damazkien egunetan, bere bizi moldea aztertzen hasten da: ohorez eta agerian plantan eraman dituen urteetako itzaluneak ateratzen zaizkio. Batitaren kulpabilitate irudipen dorpea elizako seigarren manamenduaren haustearen inguruan borobilkatzen da: fedea errespetatu beharrak eta sexu desir bortitzak irauli eremu debekatuan egiaren erraiteko. Kulpabilitatea areagotzen dio, semeak apezgoa uztearen zinezko arrazoina azaltzeko manerak.

Liburua, dotrina kristianoaren gohainduraz izkribatua da. Elizak bekatu gisa konsideratzen dituenak oro biltzen ditu: emazteren tronpatzea, lizunkeria/tasuna, homosexualitea, eta haur-munstroaren erditzea Jainkoaren gaztigu. Iragan astunak ongi-hiltzea debekatzen dio Batita Handiari. Baina bada oraino beste kulpabilitate ardatz bat, hau Martin Ibarek garraiotzen duena: abertzaletasunarena. Gizon zaharra, bizitza osoan herriaren alde sutsuki arizanik, eritasunak jotzen duelarik etsiturik dabil. Nahigabe euskaldunaren —Batita— eta nahitara euskaldunaren —Matin Ibar— minak klinikako gelan juntatzen dira.

Daniel Landarten hizkera eta kontakera, biak iparraldeko tradizioaren hildoan kokatzen direla nabari da: aberats, leun, errealitate gogorraren aipatzeko hizkera lasaia. Baina beti harritzen gaitu iparraldeko idazleek eskaini liburuen ondar hostoetan hiztegitxo horren kausitzeak. Hain arrotzak girea elkar?

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak