« Betiereko zoriona | Aurrejuzkuak hausteko »
Manhattan / Edorta Jimenez / Elkar, 1994
Walk on the wild side Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1995-01-15
Gure gizartearen alderdirik basatienetara oso bisita gutxi egina da euskal literatura. Edorta Jimenez dugu gabezia horren aurka gogorren, zorrotzen eta zintzoen —gaizto izan edo gaizto agertzeko beldurrik gabe— jokatu izan duen idazleetako bat, eta “Manhattan” hauxe beharbada ahalegin horretan egindako saiorik sakon eta lotsagabeena.
Elementurik ilun, ezkutu eta zakarrenak sublimatu eta eder bihurtzen dituen literatura dugu, oro har, liburu honetakoa. Honelaxe hasten da, adibidez, triste eta sentikor, eder eta dotore, “Botila barruan gorderiko mezua” izeneko ipuina: “Gurea gomaz eta txokolatez ondo hornituriko maitasuna izan zen. Hustu genituen goma- kutxatxoen kartoiak kanuto filtroak egiteko erabili genituen, eta zuriz bete genituen. Gomek, aldiz, laranja azalez eta garagardo botilez beti gainezka izaten zen sastarrontzia koroieztatu ohi zuten”. (69. orrialdean hain zuzen, arranopola!).
Hizkeraren aldetik, euskarak orain artean behintzat oso berezkoak izan ez dituen giro ilun eta gordinenetara egokitzeko saio orekatua egin du Edorta Jimenezek, nola araztasun garbiegitik hala zabarkeria lotsagabetik ihesi.
Kontatutako istorioei dagokienez ere izan du Jimenezek zerbait berria egiteko asmorik, Raymond Carverren soiltasun argumentalaren bidetik jorik batzuetan, formula esperimentalak erabiliz beste batzuetan —nire gusturako astunegi geratu zaion “Zerrenda” ipuin-hitzaldian esate baterako—. Literaturtasunaren aldetik, iaz argitaratu zuen —eta gaztelaniara itzulirik ere argitaratu dioten— “Azken fusila” nahiago nik “Manhattan” hau baino, baina hori ez da asko esatea, “Azken fusila” azken urteotako euskal eleberririk onenetakoa iruditzen baitzait, behar baino ahaztu eta zokoratuago geratu bada ere.
Xabier Montoiaren “Emakume biboteduna” ekarri dit gogora “Manhattan” honek, eta, estutzen banauzue, Pablo Sastreren “Kristalezko bularrak” ere zaku berean sartu eta hara trilogia bikaina. Hemengo eta, batez ere, gaur-gaurko gizakiaren alderdirik ilun eta zakarrenak agertzen dira galtzailez betetako hiru liburuotan. Ustez itsusia denaren sublimazio ederra. Prosaren poetizazioa. Hiru liburu paradigmatiko hauei eta beste zenbait aportazio fragmentariagoei esker —Pako Aristi edo Xabier Mendiguren Elizegirenak kasu—, gure ipuingintza gure inguruko alderdi basatienak ezagutu gabe geratu izanaren lotsatik libre dagoela esateko moduan gaude. (Nahiz eta batzuentzat ezagutza horixe izango den, noski, lotsarik handiena).
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez