kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Literatura eta Rock & Rolla / Mikel Hernandez Abaitua / Emak Bakia Baita / Pamiela, 1994

Aurrejuzkuak hausteko Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1995-01-22

Ez du arrazoi faltarik Hernandez Abaituak: “Eta orduan berehala jabetzen gara gure aurrejuzku asko haurtzaroan eta gaztaroan ezagututako munduan daudela errotuta, eta mundu horren esklabu garela konturatu ere egin gabe” (5. or.). Nik behintzat neure kasuan halaxe dela aitortzen dut, eta nire kasu horretan haurtzaro eta gaztaroko mundu horrek Hernandez Abaituak artikulu honetan aipatzen duen pop, rock eta rock and rollaren munduko poeta asko mirestera bultzatu nauela: Bob Dylan, Jimi Hendrix, Pete Sinfield, Lou Reed, Jim Morrison, Bruce Springsteen…; eta baita Hernandez Abaituak aipatzen ez dituen arren ezagutu ziur ezagutzen dituen beste hainbat ere: Ian Curtis (Joy Division), Tom Waits, Nick Cave… Ez nago, beraz, neu ere objetibo izateko moduan; haurtzaro eta gaztaroko mundu horren “esklabu” nauzue.

Dena den, ez dut uste inork uka lezakeenik, rock and rollik primitiboenetik after-punkik iluneneraino -I’m sorry, hortik aurrerakoa ez dut batere ezagutzen- Hernandez Abaituak liburu honetako 6. orrian pop izen orokorraz bataiatzen duen musikak —kalitate urriko eta balio eskaseko asko eta askorekin batera, hori bai— interes eta bizitasun handiko kanta-hitz ederrak izan dituela, balio literario handikoak, abiapuntutzat balio horiek ukatzeko gogoa hartzen ez duenarentzat behintzat.

Hernandez Abaituak ongi tajutu du rock and rollak, popak edo dena delakoak literaturarekin izan dituen harreman eder horien historia orokorra, nahiz eta askotan on eta txar denaren arteko bereizketa errazegiekin jokatu ote duen iruditu zaidan.

Interesgarria bada ere, rock munduak euskal literaturan izan dituen agerpenen inbentario laburr(egi)ak —22. or.— hutsune askotxo duela iruditu zait, agian osoa izateko asmoz egina ere ez zegoelako. Besteak beste —itzuriko zait bat edo beste neuri ere—, honako izen hauek falta zaizkio: Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Xabier Mendiguren Elizegi, Aingeru Epaltza eta Lubaki Banda.

Ez dakit rock, rock and roll edo pop musikako kanta-hitzak gutxietsi eta literaturan rock, rock and roll edo poparen presentzia bekatutzat jotzen duten “literaturaren ortodoxoek” gure artean predikamendu handirik ote duten, Mikel Hernandez Abaituak lan honetan salatzen duen bezala. Baina hala bada, gure artean horrelakoak asko badira, ondo etorriko zaie delako ortodoxo horiei nik ere aise eta gustora irakurri dudan lan han irakurtzea.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak