kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Atoiuntzia / Edorta Jimenez / Susa, 1990

Gezal zapore Xabier Mendiguren / Argia, 1990-12-02

Iritsi da aspaldidanik itxaroten genuen “Atoiuntzia” (“erremolkadorea”, ni bezalako lehorreko kalekumeentzat). Patroia: Edorta Jimenez, orain arteko poesi lanetan Omar Nabarro sinatzen zuena, harako poeta pertsiar haren omenetan edo. Merkantzia berriz, hamar ipuin, luze eta labur, denetarikoak.

Urteko sorpresa izan liteke “Atoiuntzia” —aurtengoa ez da oraingoz ustegabeetan aberatsegi izan, egia esan—, baina badu oharkabean geratzeko arriskua ere, kai abandonatu batean. Bien gakoa —ustekabe nahiz ahazturarena— bat bera da: hizkuntza. Mundakako idazle hau beti egon da lehengaia duen lengoaiaz biziki arduratua —hala behar lukete idazle guztiek, ezta?—, eta oso kezkatuta komunikabideetan eta nagusituz doan —nagusierazten ari garen— euskara ereduarekin.

Gaurko estandarra batez ere gizpuzkoarrok moldatzen dugula eta, derrigor bihurtzen zaigu batua gipuzkeraren oso antzeko; eta birkaitar ugari —edo nafar, lapurtar…— kexu ageri dira. Horren aurrean, bada bizkaieraz idazten duen egile sail bat eta badira bizkaiera ia ahantzi egin dutenak. Edortaren bidea —ia ihesbide ez erdibide, ezpada aurrerabide, nere ustez—, batuaz ehundutako zakua Bizkaiko euskaraz betetzea izan da. Bizkaierazko berba, morfologia, sintaxi eta esamoldeak dira euskara honen hezur eta giharre, azal eta mami. Ez bizkaiera gezarena, kresal usaineko marinel herrietakoa baino. Ideia ona da —patentea Mikel Zarateri zor zaio, bere “Haurgintza minetan” dela eta, geroztik jarraitzaile askorik izan ez badugu ere—, eta Edorta Jimenezen sena, intuizioa miresgarria —poeta honekin txolartean aritu izan garen gehienok dakigun legez—; aurkikuntza zoragarri horien gauzatzea ostera, errealizazioa alegia, zalantzakorra da, gorabeheratsua, batzuetan zabar samarra ere bai. Nolanahi ere zerbait berria, eta Inazio Mujikaren ipuin liburua goretsi genuenok —besteak beste unibertso txiki bat bere hizkera eta guzti ematen zuelako— ezin utzi genezake honako hau alde batera berbaroa hain samurra egiten ez zaigulako aitzakiarekin.

Orria aurrera, tokia agortzen eta ezer gutxi esan dut ipuinei buruz. Labur-labur beraz: hamar dira, aldez eta moldez itsasoarekin lotuak —ez ordea arrantzaleen gorabeherak, kostako herrietako panorama luze-zabalekoak baino—; badira motx-motxak eta luzexeagoak —nik hauek nahiago—, bada nobela baten hasiera dirudien bat; gaietan ere denetik, hala nola amodio kontuak, gure nola-halako gerrari dagozkionak —Edortak here larruan pairatuak—… Laburtzearren, kostunbrismoa baino askoz haruntzago doan gizarte haren erretratu modukoa, izadi eta giza-paisaiaren kontenplazioaz bat (“Itsas-txorien bindikazioa”n bezalatsu).

Naufragio baten ostean uhinek plai ertzera dakartzaten hondarren artean legez, nork bere gustoko pitxiak aurkituko ditu hemen ere, baina nik nere guztizkoa aukeratu behar banu —aholkutzat har dezakek, Edorta—, errealismoarekin nahasian surrealistak dei genitzakeen ikutuak dituztenak aipatuko nituzke —“Geu gagoz testigu”—, hor kausitu bait ditut beti gogozko izan dudan Omar Nabarroren ezpalik onenak, hondar azpiko altxor ezkutuentzako mapak, iradokizunik harrigarrienak.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak