« Irudimenaren laberintoa hutsik daukagu oraindik | Besteren mintz(o)ak »
O Tempora! O Mores! / Eduardo Gil Bera / Pamiela, 1989
Segurtasun osoa bilatzen duen normaltasunari aitzi Josu Landa / Argia, 1989-12-24
Izugarri nabarmentzea lortu du nafar literaturak azken lauzpabost urteotan. Oker haundirik esateko beldur ezean, Iruñea bidez egin ditugu azken aldiko deskubrimendurik harrigarrienak, berritasun aldetik behintzat. “Pamiela”n izan dute obra kaleratzeko plataforma, eta “Nafarroa Gaur” gehigarrian hizkuntz eredurako eragingarri.
Eduardo Gil Bera leherketa horretako etxafero deigarrienetakoa dugu, duela urte pare bat “Ate bere erroetan bezala” saiakera argitaratu zuenetik. Gerora poesi liburua, umeentzako ipuin parea eta beste argitaratu du, argitaratzear duen beste saiakera bat kontutan hartu gabe. Oraingoan beste saiakera bat eskurarazi digu, “kontzientzia eta moralari buruzko gogoeta zenbait”, “O tempora! O mores!” izenburu jenerikoaren bidez.
Gil Beraren erreflexioak ez dira arrazoizaleak, areago tradizio arrazoizale modernoari eraso egin eta deuseztera jotzen duela esango genuke. Ez litzateke berezkoa, bada, bere diskurtsoa ondorio jarraikitu eta sistematizatu batzuren gainean eraikitzea. Halatan, irakurlearen interesa biztea nola lortzen duen deskubritu nahi izateak beste nonbait arakatu beharra dakar. Seguru aski, jipoiak ezker-eskuin luzatzeko duen elegantzia lotsagabea, aipamenak eta erreferentziak indiskriminatuki baina erudizio faltsuko itzalik gabe egiteko modua, irakurlearen usteak eta portaerak kuestionatzeko manera ez-inkisidorea… zenbaitetan egilearen pitzadurak maitatzeraino daramaten ñabardura pilatuak.
Gizarteko portaera kolektiboak zerbait patologiko bezala azaltzen dizkigu Gil Berak, edo alderdi horretatik heltzen die berak, eta artaldetasuna adierazten diguten eritasun nagusien artetik, kontzientzia eta morala azpimarratzen ditu tuteratarrak. Kontzientziak esan beharra eta esateko prest egotea dakar muinean, besteen aurrean justifikatu beharra (Axularren aipuak ederki adierazi bezala: “Kontzientzia da behin ere loak hartzen ez duen zerbitzaria”). Moralaren okerra adierazteko herri-jakintzara jotzen du, “balizkolako burdintza” bezala aurkeztuz; morala leiendan oinarritzen da eta hortik datorkio gezur izaera. “Izate”tik “behar izate”ra dagoen pausua ohargabean egiteak ematen ditu artaldetasunaren nondik norakoak (“Niri behar zait obeditu”), guzti horrek normaltasunerako irrika eragiten digula.
Zibilizazio eta gizartearen oinarriei emandako zaplasteko ugarien artetik, gaitza gertatzen da Eduardoren pentsamendu “positiboa” zein den zehaztea, eta beharbada horretarako parrafo adierazgarriena hauxe izango litzateke: “Bizia, jakina, ez da baldintzez aldatuko, ez da normalduko; bere berean iraunen du: hartzimendu mugikor eta irakiturik bat; etengabeko lehian aritzea da izan dezakeen segurtasun bakarra. Ustekabeak uste bilakatu nahi dituen joera biziaren aitzi ari da; hori da zera hobestea: zutik baino hobe jarririk, jarririk baino hobe etzanik eta, azken zerean, lotan baino, hobe hilik”. Izan ere, heriotzari buruzko gogoetek luze jotzen dute liburuan, eta esanguratsua gertatzen da batik bat buruhiltzeaz eta bizitzaz harakoaz hain zabal ihardutea.
Filosofo eta historia klasikoarekiko nolabaiteko lilura antzematen da liburuko erreflexioetan zehar (edo lilura ez bada, erreibindikazioa behintzat bai). Egia esan, beraien ideiak baino filosofatzeko modua da liburuan gaurkotu nahi dena, nolabait ondoko arrazoizaletasunari kontrajarria. Badirudi Nietzscheren gailur irrazional modernoraino parentesi luzea egiten dela, eta funtsean zaila da hori egitea, helburua kontzepzioa baino horretara iristeko bidea kolokan jartzea ez bada. Alde horretatik, Miranderen itzala ere oso haundia da liburu honetan, nahiz eta aipamen txikiena ere ez egon.
Saiakera berriz modara datorrela diote. Eta ez da harritzekoa. Batez ere, Gil Berak duen freskotasun eta prejuizio ezaz eginez gero.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro