kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Laberintoaren oroimena / Jon Kortazar / Baroja, 1989

Irudimenaren laberintoa hutsik daukagu oraindik Patziku Perurena / Hegats, 1989-12

Leitu berria dut Laberintoaren Oroimena liburua, eta egia esateko, lagun batek utzi ez balit ez dakit inoiz leituko nuenik ere; banuen erosteko asmoa, baina, ordua iritsi zenean, poltsan neramazkin sosak kontatzen has¡, eta egun hartako egina nuen presupostuz goitik ematen zidan liburu eder haren balioak. Eskerik, poltsikutik arin samar gabiltzanean lagunen bat edo beste izaten den beti gutaz urrikaltzen dena! Eskerrik bai, Joxemariri, eskerrik asko!

Ez nator beraz, liburuaren balio haundia zalantzan jartzera, baizik eta balio hori bera aitzakitzat hartuz poesiari buruz zirtzilkeria batzuk esatera. Hasteko, ni Jon Kortazarren lekuan izan banintz, Oroimenaren Laberintoa jarriko nion izena liburuari, horrela askoz ere ederrago eta poetikoago gelditzen dela iruditzen bait zait. Baina, nahi izanez gero, oraindik egokiago ere jar zitekeen. Konparazio batera, Irudimenaren Laberintoa Hutsik Daukagu Oraindik, edo horrelako zerbait. Zergatik horrela? Ba, niri gogoak hala ematen didalako lehenbizina, eta beste gauza askorengatik gero.

Euskal poesia, gaineko lekuetako poesia bezalatsu, badirudi sasifilosofoen lorategi bariopintoa bihurtu dela. Pentsamendua, ideiak eta arrazoi erdipurdikoak dituela alegia, bere alor zekeneko golde astun bakarrak. Eta jakina, tarteka ustekabean eskapo egiten diguten poema bakan batzuk kenduz gero, sasifilosofia zakarra besterik lantzen ez badugu, Jon Kortazarrek ere alde horretatik baizik ezin ba gu juzkatu:

“G. Carnerori entzun nion behin, poesta ezaguta bide bezala definazen. Liburu honetan biltzen diren zazpi lanek ere, euskal poesiak zer ezagutau duen, nolako ezagutza bide den, galderei erantzun nahi diete. Liburu honek azken urteotako poesia pentsagai hartu du. Eia pentsakizunaren barrean gure errealitate eta izaerari buruz poesia honek erakutsi diguna atera nahi du plazara (9). ”

Badirudi, soziologo, antropologo edo halako norbaiten aurrean gaudela honelakoak aditzean. Nik ez nekien gaur arte, poesia ezagutza bide, jakintza bide eta pentsagai zenik; eta ez nuke gainera jakin nahi, sekulan hala izanen denik ere. Utikan intelektualismo aristoteliko zikin hau, poesiaren ur garbi eta inozenteetatik! Utikan, utikan!

Poesiak ez du deus ikustekorik jakitatearekin eta pentsamenduarekin. Poesia izan liteke aztergai, entretenimentu edo libertimentu modura, baina, santa sekulan ez ezagupide edo pentsabide modura. Hau badakit ez dela Jon Kortazarren errua, baizik poeta garela uste izan dugun sasifilosofotto guziona. Halere, kritiko baten aurreneko lana gure erruak salatzea izan beharko luke, eta ez gure bide erratuak indartzea. Alde honetatik, Jon Kortazarrek biderik desegokiena hartu duela esanen nuke euskal poesia aztertzeko eta euskal poesiari on egiteko.

Gizonak bere munduko izatea bi eratara har lezake: fundamentu modura edo esperimentu modura. Aurrenekoak, trastzendentzia, arrazoi haundiak, egia biribilak, pentsamendu sakona bilatzen du. Bigarrenak, entretenimentua, fantasia ttikiak, gexur pollitak, irudimen arina bilatzen ditu. Nolabait esateko, aurrenekoa lojika aristotelikoaren sarean galdutako gizona da. Bigarrena berriz, hitz bakar batez esateko, poeta da. Hau esan ondoren, galde egin genezake. Non dabiltza euskal poeta omen direnak? Non Jon Kortazar? Aurreneko taldean edo bigarrenean? Eta erantzuna begi bistakoa da:

“Gero eta poeta penuatuago egiten den unetik (11), irudietan sinisten bada ere, ez da surrealismorik egiten (117), eta poesia autonomo eta modernoa idazten duen olerkariak irudimenaren imajinen indarrean sinisten du (197).

Neure gisara apropos josi ditut esaldi hauek, laber¡ntoaren oroimenetik neke haundiz erauzi ondoren, eta ¡non bilatzekotan, esaldi hauetan bilatu behar da nik azaldu nahiko nukeen auziaren muina. Ez da prezisamentean surrealismoaz, modernoaz edo sinismenaz hitzegin beharrik. Betiko poeta, atzokoa edo gaurkoa, irudiaren indarrak gatibaturik eta liluraturik daukan kreatura huraxe baino ez da. Eta kitto, beste zera guziak alfer alferrikako kontuak dira.

Zorrotzegi ari naizela usteko du norbaitek, behar bada. Baina, gaur gaurkoz, behar beharrezko ikusten dut hala izan beharra: poesia kasik ezagutzen ez dugun laberintoa da oraindik guretzako; nik beh¡nipein ez dut ezagutzen inor gure artean irudimenaren laberintoan buruz aurrera sartu eta ezin ateraz galduta dabilenik. Alderantziz, ezin sartuz galbiltza denak, sartuta galtzeko bildurrez edo. Zuhurregi egin gaitu nonbait arrazoiaren lojika. Intelektualismoak batetik, eta sentimentalismo edo humanismo melenga batek bestetik, erabat bazterturik gauzka irudimenaren kristalezko palaz¡o urdin disdiratsutik.

Aintzinako amoña xahar hauek, halako onomatopeia xarmagarriz, halako erritmo liluragarriz eta halako musilkaltasun xoragarriz kantatzen zituzten haur kanta, lo kanta edo jolas kanta haiez geroztik, apenas egin dugun poesiarik, han hemenkako poematto bakanen batzuk salbu. Ez dut esanen poesiaren ganbara zaharreraino heltzeko sakon eta luze pentsatu behar ez denik. Bai, asko pentsatu behar da. Hainbeste, non pentsamendua bera gainditu egin behar den, atzera haur baten inozentziaraino bihurtzeko. Nola iritsi ordea poesiaren ganbara zaharrera, pentsamendua bera poesiaren oinarritzat hartuz? Nola? Nola poeta intelektual guzi horiek? Nola Jon Kortazar?

Ez, ez eta ez. Badela uste dut garaia, poesia zer den esaten hasteko; poesia zer den erakusten hasteko. Bestela, inoiz poesiarik egin gabe hilen gara, inor baino poeta haundiago izan garelako uste osoan. Euskal poesian, mundu zabalekoan bezalatsu, nekez aurki liteke poesiarik, benetako poesia hutsik eta pururik. Eta hau esatean, ez nuke nahiko haund¡mandikeriarik esaten ari naizela pentsa dezazuen. Ez nabil genio ahalguztidunen bila. Guztiz alderantziz baizik. Kreatura ignoranteak botatzen ditut faltan, hura bezain garbi mintzo diren basagizon fantastikoak.

Euskal poesia iraizean paseaz, Orixe, Lauaxeta eta Lizardik berak, nahiz bakoitzak bere modura, trastzendentzia eta sinismen osoz bizi izan zuten poesia. Arestik esku beteka biltzen zituen egiak. Miranderen poesia, ironiak ironia, arrazoi gogor hutsa da. Bion ondoren sortutako talde intelektualilloa (Sarasola, San Martin, Artze, Lete, Lasa, Urretabizkaia, Saizarbitoria etabar luzea) bete betean harrapatu zuen arrazoiaren ekaitzak, eta erabat itsuturik utzi zituen gainera. Zaitegi, Salba Mitxelena, Gandiaga eta besteak zer esanik ez. Joan Mari Lekuona (osabaren eraginez agian) izan da, behar bada, irudimenaren huts honetaz kezkarik haundiena erakutsi duena; halere, bere lana, orohar, poesia baino areago poesiari buruzko tratutua izan da. Atxagarena, arrazoiz landutako sinbolismoa baino ez da izan. Koldo Izagirrek ere, joera gero eta arrazoituagoa eraman du. Sarrionandia laguna bera, intelektualismoa eta sentimentalismoa gainditu gabeko poeta gaztea dugu oraino. Eta geroztikakook zer esanik ez. Irudimenik ez izateaz gain, euskal hitz antzuz etiketatutako unibertsalismo esotiko eta fantasma batean galdurik bait gabiltza gehientsuenok.

Poeta izan nahi duenak, gutxienez, erabiltzen duen hitz bakoitzaren edertasuna, usaia, lilura eta grazia senditu eta gozatu egin behar du, eta gero hitz amaraun fin horren musikak sortzen duen irudiari bizia eman, ur xirriparen erritmo bixi arin xarmagarria eman. Baina, nork egiten du hori, poeta omen gareneko gazteon artean?

Are gaitzago dena, (hori ez egitea edo ez lortzea aski ez dela) nork bilatzen du ordea hori? Inor gutxik, nik uste. Eta horren bila ez dabilena alfer alferrik dabila poesia egin nahian. Askoz hobe luke saiakerak, artikulu soziologikoak, edo sententzia filosofikoak lantzen aritzea.

Literatur generoak sekulan ez bezala nahaspilatu diren garai moderno hauetan, proposamen bat eginen nuke bukatzeko, atrebentzia haunditxoa ez bada behintzat. Bila dezagun poesiaren leku jakina. Bereskura dezagun poesiaren betiko lurralde zahar zuria. Konkista dezagun irudimenaren erresuma, azalez urdin barrendik urre horitza dena. Gal gaitezen fantasiaren laberinto infmitoan, eginberritako kristalontzi huts disdiratsuan eulia galtzen den bezala, mila irudipenen lilurak ehundutako sare arin argizkoan harrapatuak.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak