kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Mintzoen mintzak / Joxe Austin Arrieta / Elkar, 1989

Besteren mintz(o)ak Gerardo Markuleta / El Diario Vasco, 1989-12-27

Azaleko erreseinaz haruntzago jo nahiean, hiru aukera ikusten nituen Joxe Austin Arrietaren azken poema bildumaren aurrean (Mintzoen mintzak, Elkar, 89). Alde batetik, kanpotikako begiralearen tonu akademizista hartuz, honelako zerbait idatz nezake: “Kontutan izanik idazlearen ideologia eta beronek defendatzen duen proiektu politikoa —eta bitartekoak—; kontutan izanik idazleak duen literaturaren konzepzioa: konpromezu-literatura, nonbait; eta, beraz, haren eta honen arteko lotura estua, ez da batere zaila azaltzea nola aurkeztu daitezkeen testu hauek “literatura”, eta are gehiago, “olerkiak” izenburupean. Ezin uka dakioke, hala ere, literatura eragile politikotzat hartzearen arkaikotasuna eta injenuitatea alde batera utzita, nolabaiteko orijinaltasuna: poesia politikoa izan nahi duten testua mila irakurlek —asko jota— ulertuko duten hizkera metaliterario eta korapilatsu batez idaztea orijinala da, ezin uka. Arrieta ere konsziente bide da honetaz: “ulertuko du ulertzekoa / lankide batek edo bik” (91). Baina hurbilegitik ikutzen nau liburuak honelako tonu objetiboa erabiltzeko.

Elorrondoko txolarrea

Bigarren aukera “elorrondoko txolarrearena” izango litzateke (ikus 12-13 orr). Haserreak eraginiko erantzun injenuo eta itsua: aipatu poemak mehatxu-kutsua duelako; parodiak askotan irainaren muga ikutzen duelako: “gomazko zapatadun leopardo girnalda-zaleak”, “putaetxeetako limonada-zerbitzariak” (93 orr.); su artifizialez (hitz joku etengabe hutsala, jakituria filologikoaren erabilpen exhibizionista, etab) salatzen duelako besteren piroteknia, poesia lore-jokoekin gaitzesten besteren girnalda-zaletasuna. Baina agian neure irakurketa ez da behar bezain patxadatsua eta objetiboa; agian honelako erantzuna espero du, eta zer egingo duk hik, gixajo, tête à tête batetara gonbidatzen bahau.

Gogoeta solteak

Honela, bada, hirugarren bidetik abiatuko naiz: larregiko objetibotasuna eta larregiko subjetibotasuna alboratuz, eta geroko utzirik liburuaren azterketa sakonagoa, gogoeta solte batzu egitea. Eta herri honetan literaturaz (zein hizkuntzaz, kulturaz, kirolez, lanaz…) aritzea politikaz —auzotikaz— hitz egitea denez, literatur kritikaren mugak gainditzen ausartuko naiz, lehenengoz eta behin.

Ukaezina euskal testu zahar eta klasikoen ezagutza; ukaezina,; halaber, hizkuntzarekin jolasteko trebetasuna: hitz joku etengabean aritzeko hiztegi abaroa, Lizardi ikertzean hainbestetan aipatu izan den euskararen sintesi-ahalmena, besteren estiloa parodiatzeko gaitasuna (Jon Juaristi: 88 orr., B. Atxaga: 9 orr.). Baina.

Hitz jokuak, parodia, metaliteratura, hizkuntzaren aberastasun guzti horren atzekaldean honakoa dugu soil soilik: Euskal Herriarentzako proiektu politiko zehatz baten eta beronen defentsan eginiko poesiaren gorazarrea —eta beste bide guztien saldukeria, ahulkeria eta beste zenbait keriaren salaketa—.

Ez naiz neu inor hori poesia egiteko nahikoa denentz esateko. Baina piroteknia guzti horien erabilpenari uzten dionean emaitzek adoleszentekeriara jotzen dute: ikus, adibidez, “Horituz doa” testua, 98 orr.

Ez naiz neu inor. Baina nahiko lotsa pasatuak gara “BUPeko ikasle sofrituei” (70) euskal poesiaren historia atzerapenaren eta isolamenduaren historia izan dela azaltzean: Brecht eta Pessoa —“edo antzeko zerbait” (49)— dira aipatzen diren E.H.tik kanpoko poeta bakarrak.

Ez naiz neu inor. Baina duda, zalantza, ezbaia parodiatzen duenak, “urteen erasanak” eta “bizitzaren hurakanak” (74) bost axola zaionak, mundu honetan guzti-guztia hain garbi duenak nekez idatziko du nere gustoko poesia.

“Nazio-gai zahar honek / inoiz ez ote du jaio behar” (99) galde egiten du Arrietak poema batean. Eta zinez, ez dakit erantzuten. Baina ziur nago honelako poesiak ez duela horretan batere lagunduko. Horretarako daude, nik uste, panfletoa, kazetaritza, saioa eta —behar bada— antzerkia.

Bukatzeko: ez dakit zenbatek irakurriko duen hau; ez dakit zaratarik sortuko ote duen (polemika merke dabil Kiskalerri honetan). Baina, balizko zarata horiek liburuaren salmentaren alde joko dutela jakinda ere, uste dut denbora luzeegia daramagula isilaren isilaz pasatzen uzten honelakoak, eta nik neuk ere (Arrietaren baimenez) “dintasunez bizitzea AUKERATU” (74) dut.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak