kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Mintzoaren mintzak / Joxe Austin Arrieta / Elkar, 1989

Tradizioan murgildutako hizkuntz jolasak Edorta Jimenez / Argia, 1989-09-24

Literaturako arlo gehientsuetan iharduteko joera ageri duen Joxe Austin Arrietak “Mintzoaren Mintzak” bere azken olerki-liburua eskaini digu irailarekin batera, sasoi honetan hasi ohi den kurtso berriari lehen emaitzak ekarririk.

Gipuzkoarraren aurreragoko lanik irakurri duenak ondo daki, ziur baietz, zein maite dituen hark, hizkuntza gurea ezezik, bertan murgilgero era daitezkeen jolas eta jokoak ere. Tituloak berak iragartzen digu oraingoan ere dialektika horren barruan eraiki duena Arrietak bere diskurtso poetikoa. Joku eta jolasak ez dira mamirik gabekoak, ordea.

Lau zatitan banatu du liburua Arrietak, “Aintzin-solasa”, “Mintz(o) zaharrak”, “Mintzo(a) berriak” eta “Gibel-solasa”, alegia. Bestalde, bindikapena, deihadarra, salaketa eta omenaldia ere baden liburu honen gida-ikurra Lizardi dugu, ezbairik gabe, hasierako poeman eta azkenean ekarri bait ditu, tarteko hainbat olerkitan bezalatsu, Agirre Gurea Bigarrenaren izena eta izpiritua ere, hala edo nola. Ez du ehortzirik ikusi gura, nonbait, Gipuzkoako Buru Batzarrean altxorzain ihardun izan zuena, eta halaxe galdetuko dio paperaz bestalde dagokeen interlokutoreari, “Noren baimenez / ehortzi hinduten / muxika-hezurrean / Lizardi?” (Diodan bide batez, denok ote dugu Lizardirekiko zorra kitatu beharra ala?).

Zorrak zor, euskal tradizioan murgilduta ikusten dut Arrieta nik neuk liburu honetan. Aintzinako Mikoleta, Axular, Garibay, Oihenarte eta beste hainbat zaharragoen artean, Lauaxeta, Lizardi bera, Aresti berriagoen artean eta, azkenik, berri berrien oihartzuna eta aipuak ere hor direlarik, garden dago denengandik hartu duena ezer Arrietak, eskuartean dudan arkitektu-lana osatu ahal izateko. Honetan, zer esanik ez, “Manu militari” hartan erakutsi zigun zein trebea den inorenak bereganatu eta literaturaz egindako literatura egiten. Hala, sarritan, liburuan aurrera egin ahala, Arestiren “Maldan behera” gurenaren eragina antzeman uste izan dut nabarmen baino nabarmenago. Halako beste batetan, aldiz, Gandiagaren “Hiru gizon bakarka” haren oinordeko ikusi dut liburu hau. Pentsatu ere, Arrietak halako elkarrizketa dramatikoa osatu duela pentsatu dut. Honetan, hala bada, hasierako neure hitzak ekarri behar gogora, zuzen galdetzeko Joxe Austini noiz ausartuko den, arren, teatrorako moldatzen hemen erakutsi duen sena.

Hor nonbait lagaturik utzi dudan hariari eutsiz berriro —bada, ba, halakoak idaztea neuk ere—, mendekua ere bada liburu hau. Jon Juaristik behiola idatzi zuen harako hari erantzun dio Arrietak —beste inori ere erantzun diolakoan nago— “Coraje (ibitua, hala ere)” izenekoan erantzun ere. “…aunque usted hermano se crea / de Gabriel y albacea, / no es más que un español / vestido de hotentote”, diotso Bilbokoari erdera garbian. Argi dago, nork ere ukatu arren, arma gura izaten dugu gehienok noiz edo noiz, etorkizunik gabeko presenteari darion amorruaz kargatua bada ere. “Kiskalerria” zaio izena Arrietaren Euskal Herriari eta, zer gura duzue bada, “Vinogrado” bazaio gure Botxoari izena, non eta fanatikook mailukatzeko ingudea eta mailua gazteleraz erabiltzen dakizkien beste horrenean?

Kiskalerria honetan, eta esandakoak besterik ematen badu ere, ez du bere “neutasunik” ukatzen Arrietak, ezta inondik ere. Hortxe dagoz, adibidetzat, olerki lirikoagoak ere, oraindik ere maitasunaz idaztea zilegi zaigula sinesturik bizi denak idatziak. Ez da apustu makala. Are gogorragoa egin du apustua, berriz, beste zenbait olerkitan, azaleko joskera eta lotura logikoak hautsiz. Non dabilen trebeago eta non errenago, ez dut horretaz eritzirik azalduko, halakorik zein irakurlek bere baitan erabakitzen duenez gero. Eskaintza argia egiten digu Arrieta bilaketari nekagaitzak. Badakigu zeintzu diren beraren armak. Poesia honi grina ederguratsua dario. Erre ere egiten du eskuetan. Garaiok lar epelak direlakoan bazaude, ez irakur liburu hau.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak