kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Mintzoen mintzak / Joxe Austin Arrieta / Elkar, 1989

Poesiaz mintzo da batez ere Felipe Juaristi / 1989-09-27

Poesia gure artean gorantza doan jeneroa da, sobietizatzen ari garelako seinale, izan ere proportzioan Sobiet Batasuna da poesia-egile eta irakurle gehien dituenak. Lortua dugu gutxienez egile adina irakurle eukitzea. Pausu bat da. Orain dela urte purrust bat, poesiaz poetak mintzatzen ziren bakarrik, beraien emazte, amante edo andregaiak ondoan ez zituztenean, eta gutxitan jendaurrean, hori gusto txarrekoa bait zen. Orain berriz poesiaz folk-abeslariak, iragana progresista izan dutela frogatu nahi duten politikariak, eta irratietako gau-esatariak mintzatzen dira, azken hauek konbentziturik poesia ilargipeko orenetan dastatu behar den janaria dela. Erromantizismoaren eragina, Lord Byronek bere “copyright” eskubideak eska litzake, berak asmatu bait zuen oraindik jende sotilaren irudian bizirik dagoen poeta-irudia: pertsona maitakorra, ilunabar-zalea, aurpegi tristekoa, mundu guztiaren maitalea eta (teoriaz) zainak mozteko gauza dena.

Ez naiz ordea poesiaz mintzatuko, hori alferrekoa bait da eta honek ez du esan nahi poesiari alferrekoa izana aitor ezin dakiokeenik, azken finean horixe da poesiaren xarma: alferreko izatea. Poesia-liburu bati buruz arituko naiz, hori probetxugarriagoa bait da. J.A. Arrietaren “Mintzoen Mintzak”, horri buruz.

Seguruaski idazleak berak idatzi duen poesia-liburu andanaren barruan osoena da, edo, orain esaten den moduan, borobilena. Eta poesiaz mintzo da batez ere (eta beste anitz gauzei buruz), hari bat duen liburuan. Bi zati bereiztuko nituzke, eta pentsatzen dut bi aro ezberdinetan idatzirik daudela. Bati “Mintz(o) zaharrak” deitu dio J.A. Arrietak. Besteari “Mintz(a) berriak” eta ez dut astakeriarik esango bietan intentzionalidadea arras ezberdina dela baieztatzen badut. Lehenengoan somatzen da barne-bilaketa prozesua, lirikotasuna, intimismoa eta hitz hau ahoskatu ahala gogoratu dut Audenen esaldi famatu hura: “Poesiaren aro modernoaren ezaugarria tonu intimista da. Bere ahotsa altxatzen duen poetarena faltsua da”. Dena den intimismoa zer den finkatzeak luze joko liguke. Esan dezagun denok ulertzeko moduan erraietatik sortzen dena dela, beste zarata eta zenbait usain legez. Lizardirekiko erreferentziak ideia hori laguntzera datoz.

Bigarrenean ordea tonua aldatu da, ez da tonu altua, euskaldunok ez bait dugu gure hizkuntza masimalismoetarako. (Ortega y Gassetek uste zuen ez zegoela ezta minimalismoetatarako ere, baina hori beste arazo bat da).

Euskaldunak ezaugarriren bat baldin badu barrea (edo irribarrea) eragiteko joera da. Aipa daitezke alde horretatik Txirrita, Urruzuno, Unamuno edo Pio Baroja. Gutxi dira, bertsolari zein idazle, horien adinako humorerik erakusten dutenak. Eta laurak ziren espresioz , kontzeptistak, hau da, hitz gutxikoak baina beren erdi-mututasunean zorrotzak. Horrelakoxeak dira J.A. Arrietaren poemak, ironiaz, hitz jokoez beteak, gairik serioenak (literaturan, ez bizitzan, gai seriorik baldin badago) tratatzerakoan ere. Euskara, aberria eta abar ez oso luze bati buruz tratatzerakoan. Kanpora begira gehiago barnerako baino bigarren zati honetan, hizkuntza txukun eta elaboratu batez. Bere ahots propiala bilatu nahi duen idazle baten poesia-liburu honetan. Baina beharbada horrek ez du poesiarekin zerikusirik.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak